Arturoren uhartea (italieraz: L'isola di Arturo) Elsa Morante idazle italiarraren eleberri bat da, 1957an argitaratua. Italiako Strega saria irabazi zuen urte hartan bertan.[1]

Arturoren uhartea
Jatorria
Egilea(k)Elsa Morante
Argitaratze-data1957
IzenburuaL'isola di Arturo
Jatorrizko hizkuntzaitaliera
Jatorrizko herrialdeaItalia
ArgitaletxeaGiulio Einaudi editions (en) Itzuli
Ezaugarriak
Genero artistikoaeleberria
Hizkuntzaitaliera
Fikzioa
Kontakizunaren tokiaProcida
Historia
Jasotako sariak
kronologia
House of Liars (en) Itzuli Arturoren uhartea History (en) Itzuli

Moranteren lan hau haren lanik ospetsuena da, 20 hizkuntza baino gehiagotara itzulita dago eta 1962an film bat ere egin zen liburu honetan oinarritua, Damiano Damiani zinegile italiarrak zuzendu eta urte hartantxe Donostiako Zinemaldiko urrezko maskorra irabazi zuena.[2] Bestalde, Norvegiako Liburuaren Klubak garai guztietako 100 liburu onenen zerrendan sartu zuen 2002an.

Argumentua aldatu

Bigarren Mundu Gerra baino lehenagoko urteak dira. Protagonista eta kontalaria Arturo izeneko ume bat da. Napoliko badiako Procida uhartean jaio eta bizi da, jabeak aitari utzitako etxe handi ilun batean, amarik gabe, erditzean hil baitzen. Haren argazki bat besterik ez dauka.

Arturoren aita, Wilhelm, bidaian egon ohi da, eta noizean behin bakarrik itzultzen da uhartera. Arturo bakarrik eta libre hazten da, uharteko beste biztanleren baten laguntza eta babesarekin. Bere mundua ametsez eta jolasez egina dago, bere egunak fantasiaz beteta daude eta bere ordutegiak goseak eta loak bakarrik erregulatzen dituzte. Haur baten irudimenarekin, abentura apartak bizi ditu irudimenezko mundu horretan, bere txakur Immacolatellarekin batera. Mundu eta pertsonaia fantastikoekin ametsetan ematen du denbora, munduko mapak irakurtzen, abentura-bidaiak prestatzen eta aitaren bizitza imajinatzen, historiako heroirik handiena dela uste baitu. Aitak uhartea uzten duenean, munduaren inguruan bidaia apartak egitera doala imajinatzen du Arturok.

Aitak Nunziata izeneko neska napolitarra uhartera ekartzen duen egunean, Arturoren bizitza aldatu egiten da. Arturo lehen aldiz aurkituko da emakumeen munduarekin. Hasieran, Nunziatak ahaleginak egiten ditu Arturorekin atsegin jokatzen, baina Arturok hesi bat altxatzen du haren aurrean.

Nunziata eta Wilhelmen seme bat, Carmine izenekoa, jaio ondoren, haien harremana aldatu egiten da. Ume honen etorrerak oso jeloskor jartzen du Arturo. Emakumearen arreta bereganatzeko, drogak hartuz bere buruaz beste egiten saiatzen da. Hala ere, hartutako pilulek egun batzuetan gaixotu besterik ez dute egiten, eta Nunziatak arreta handia eskaintzen dio. Sendatu ondoren, Arturo Nunziatari musu ematen saiatzen da, maite duela sentitzen baitu. Musu horrek bien arteko harremana hondatzen du, Nunziatak hoztasunez tratatzen baitu. Maitasun falta eta maitasun nahia konpentsatzeko, Arturok Assunta izeneko beste neska batengana jotzen du. Baina harreman berri honek ere zaputzaldi bat ekartzen dio, Assuntak beste norbait ere maite duela ohartzen denean.

Baina Arturoren desilusiorik handiena aitarekiko harremanak eragingo du. Lehenengo etsipena aitak Arturoren hamaseigarren urtebetetzea ahaztea da, seme-alabarekiko erabateko interes falta erakusten baitio. Lehen etsipen horren atzetik beste batzuk datoz, aitaren lagunetako bat ezagutu arte. Lagun horrekin hitz egiten duen bitartean, Arturo harritu egiten da lagun horrek aitari buruz hitz egiten duen mespretxuaz eta ematen dion informazioaz. Une horretan konturatzen da, besteak beste, aitak uhartetik irtetean egiten zituen bidaia mitiko haiek ez zutela Napoli baino haratago eramaten, eta Arturoren erabateko desengainua gertatzen da, aitari lotutako irudi "mitikoa" oso azkar apurtuz. Mundu guztiarekin zapuztuta, Arturok Bigarren Mundu Gerrara boluntario joatea erabakiko du, eta bere lagun Silvestrorekin alde egingo du uhartetik.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu