Arratoi-belarria (Myotis myotis) Euskal Herrian topa daitekeen saguzar espezie bat da. Koloniatik hurbil dagoenean oso kalakaria bihurtzen delako ezagut dezakegu.

Arratoi-belarri
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaChiroptera
FamiliaVespertilionidae
GeneroaMyotis
Espeziea Myotis myotis
Borkhausen, 1797
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera0,383 m
Eguneko zikloagaueko

Saguzar arratoi-belarrien edo Myotis generoko saguzarren artean Europako espezie handiena da Myotis myotis. Arratoi-belarri ertainaren (M. blythii) oso antzekoa da, nahiz eta azken honek, normalean, orban zuria izan ohi duen kopetan. Espezie haitzulotarra da eta baso edota landaredi ugariko inguruneak atsegin ditu. Banaketa Europa eta Afrika erdialdera mugatua du.

Itxura aldatu

  • Pisua: 28g-40g
  • Luzera: 67mm-79mm
  • Hegal-luzera: 350mm-430mm

Myotis generoko Europako espezierik handiena da. Besaurrearen luzera 56,5 – 62,3 mm bitartekoa da, eta emeak arrak baino apur bat handiagoak izaten dira. Pisuari dagokionez 21,0 eta 35,0 gramo bitarteko aleak harrapatu dira. Belarri handiak ditu, 24 - 28,2 mm-ko luzerakoak eta muturra 3 mm-ko tartearekin gainditzen dute. Goiko ertzak atzerantz apur bat eroriak dituzte, eta kanpo-ertzetan 7-8 tolesdura izan ohi dituzte. Tragoa zabala da oinarrian, eta belarriaren erdiraino iristen da. Muturra zabala da, eta bi konkor ageri ohi ditu aurrealdean. Bizkarreko ilajearen kolorea arre-grisaxka da eta sabelaldekoa askoz ere argiagoa, ia zuria. Bizkarreko ileak hiru kolorekoak dira: oinarri iluna, bizkarraren koloreko erdiko gunea eta punta ilunxeagoa. Sabeleko ileek, berriz, oinarria beltzaxka dute eta punta zuria. Patagioa oineko kanpo-hatzaren –tibiaren erdia baino apur bat luzeagoa dena- oinarrian txertaturik dago. Uropatagioaren atzeko ertzaren erdia, gutxi gorabehera ezproiak estaltzen du, eta ez du ilerik izaten[1].

Antzerako tamainako hainbat saguzar ezagutzen diren arren, identifikatzen erraza da, M. blythii generokidearekin salbu. Azken hau saguzar arratoi-belarri handia baino txikiagoa da, baina besaurrearen luzeraren balioak gainezarri egiten dira. M. blythii-k kopetan orban zuria izan ohi du gehienetan, M. myotis-ek ez bezala. Hala ere, orban hau egon ezean, belarria eta tragoaren biometriak hartzea beharrezkoa da identifikazio zuzena egiteko. Saguzar arratoi-belarri handiaren belarria eta tragoaren oinarria, arratoi-belarri ertainarena baino handiagoak dira.

Ekokokapena aldatu

Frekuentzia modulatuko pultsuak emititzen ditu, 100 eta 27 kHz arean, eta energia maximoko frekuentzia 35 kHz inguruan kokatzen da[1]. Luzera 2-3 ms-koa izaten da eta pultsuen arteko tartea 50-90 ms-koa. Ultrasoinuen bitartez ezinezkoa da saguzar arratoi-belarri ertainetik (M. blythii) bereiztea.

Banaketa aldatu

Europa eta Afrika iparraldean hedaturik dagoen espeziea da, Britainia Handia hegoaldetik eta Iberiar Penintsulatik Turkia, Libano eta Israeleraino. Iparraldeko muga Alemania eta Polonian du[1][2].

Iberiar penintsulan banaketa zabala du, eta gauza bera gertatzen da Euskal Herrian ere.

Habitata aldatu

Europan basoko saguzar kontsideratzen den espeziea da, baso itxietan zein zuhaitz bakanak dauden inguruetan agertzen dena, nahiz eta ingurune mediterraneoan zuhaitz-dentsitate baxuko inguruetan ere agertzen den. Kumatzeko-koloniak, normalean altuera baxuko lurraldeetan kokatzen dira, baina ale bakanak 2.000 metroko altueraraino aurkitu izan dira.

Gordelekutzat leizeak, meategiak eta bestelako lur azpiko egiturak erabiltzen ditu. Eraikinetan agertzea ere ez da arraroa, batez ere Europa erdialdean[3].

Elikadura aldatu

Gleaning teknikaren bitartez ehizatzen dituzten artropodo koskorretaz (12–35 mm) elikatzen dira[4][5]. Ehizatzean poliki hegan egiten dute, lurretik altuera gutxira eta harrapakina lokalizatzean abiadura handian amiltzen dira[6]. Sekula ez dira flycatching teknika erabiltzen ikusi. Dietaren zati handiena koleoptero karabidoek osatzen dute, eta maila txikiagoan bestelako koleopteroak, dipteroak, armiarmak, inurriak eta oso kasu gutxitan sitsak agertzen dira. Aukera denean, ahalik eta tamaina handieneko artropodoak hautatzen dituztela behatu da.

Ugalketa eta ontogenia aldatu

Parekatzeak abuztuan gertatzen dira, kumatze-kolonian bertan hasieran, eta beste gordeleku batzuetan beranduago. Garai honetan saguzarrak kobazulo osoan dispertsaturik egon ohi dira, bikoteka normalean, baina hiru emez osaturiko harem txikiak ere ohikoak dira.

Kumatze-koloniak handiak izaten dira, 50 eta 1000 ale bitartekoak. Elkarrengandik oso gertu kokatzen dira, eta zenbaitetan beste espezie batzuetako saguzar haitzulotarrekin partekatzen dute gordelekua, ferra-saguzarrak, arratoi-belarri ertaina eta Schreibers saguzarra, besteak beste.

Kumatze-kolonia martxoa amaiera eta apirila hasiera bitartean sortzen hasten da, eta uda amaitu bitartean irauten du. Lehen emeekin batera ar batzuk iritsi ohi dira, kolonia guztia ezarri aurretik alde egiten dutenak. Erditzeak ekaina amaieran eta uztaila hasieran gertatzen dira, eta normalean kume bakarra izaten dute.

Jaio-berriek 4-6 g inguru pisatzen dute eta 17–23 mm-ko besaurrea izaten dute. Hilabete baten buruan helduen tamainako besaurrea lortzen dute eta 3-4 asteren ostean lehen hegaldiak egiteko moduan izaten dira[7]. Hegan egiten duten lehen egunetan, oraindik ere, edoskian mantentzen dira, baina beren portaera amarenaren oso ezberdina izaten da.

Espeziearen ohiko bizi-luzetasuna 5-6 urtekoa izan ohi den arren, ezagutzen dira 25 urteko animaliak ere[8].

Bizimodua aldatu

Espezie sedentarioa da, urtean zehar erabiltzen dituen gordelekuen arteko distantzia ez baita 50–100 km baino handiagoa izaten, nahiz eta salbuespen gisa 400 km inguruko mugimenduak ere detektatu diren. Ehizarako ere ez dira gordelekutik 15 km baino gehiago urruntzen[9]. Kolonia handitan bildu ohi dira emeak kumatze-garaian, ar gutxi batzuekin batera[10].

Hibernazio-koloniak kumatze-koloniak baino txikiagoak izan ohi dira, eta Iberiar penintsulan kolonia handirik aurkitu ez den arren, Polonian talde heterosexual nahiko handiak aurkitu izan dira. Europa hegoaldean, ordea, ale bakanak edo talde txikiak besterik ez dira aurkitu.

Antzeko espeziea arratoi-belarri ertaina (Myotis blythii) du. Bi espezieen arteko antzekotasun morfologikoa oso handia da, eta ia ezinezkoa da bereizketa begi-bistaz egitea, arratoi-belarri ertainak ez baitu beti izaten kopetako orban zuria. Orban hori nabarmena denean identifikatu ahal izaten da M. blythii, baina gainerakoan biometriak hartzea ezinbestekoa da.

Kontserbazioa aldatu

Nazioartean ez dago arriskupean katalogaturik baina Espainiar Estatuan eta EAEN kaltebera kontsideratzen da, nahiz eta kolonia asko mantentzen diren, azken urteetan hauen tamainen beherakada behatu baita.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Dietz C, von Helversen O, Nill D. (2009). Bats of Britain, Europe & Northwest Africa. Londres: A&C Black.
  2. IUCN. (2011/11/30). IUCN Red List. .
  3. Meschede A, Rudolph BU. (2004). Fledermäuse in Bayern. Ulm: Ulmer Verlag.
  4. Drescher C. (2000). Woodsmen or farmers? The diet of the greater mouse-eared bat (Myotis myotis) in an intensily used agricultural landscape. in: Proceedings of the VIIIth European Bat Research Symposium., 243-251 or..
  5. Güttinger R. (1997). «Jaghabitate des Grossen Maushorns (Myotis myotis) in der modernen Kulturlandschaft» Schriftenreihe Umwelt (288): 1-138..
  6. Arlettaz. (1995). Myotis myotis and Myotis blythii, ecology of the sibling mouse-eared bats. Martigny: Horus Publishers.
  7. de Paz O. (1986). «Age estimation and postnatal growth of the greater mouse-eared bat Myotis myotis in Guadalajara, Spain» Mammalia (50): 143-251..
  8. Steffens R, Zöphel U, Brockmann D. (2005). 40 Jahre Fledermausmarkierungszentrale Dresden - methodische Hinweise und Ergebnisübersicht. in: Materialen zu Naturschutz und Landschaftsplege..
  9. Drescher C. (2004). «Radiotracking of Myotis myotis (Chiroptera, Vespertilionidae) in South Tyrol and implications for its conservation» Mammalia (68): 387-395..
  10. Braun M, Dieterlen F. (2003). Die Säugtiere Baden-Württembergs. Ulm: Ulmer Verlag.

Kanpo estekak aldatu