Arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus) gasterosteidae familiako arraina da, Europan, Asiako iparraldean eta Ipar Amerikan bizi dena. Gehienetan itsas-arraina bada ere, badaude ur gezako eta anadromoak diren aldaerak. Gorputz zapala du, ezkatarik gabea, azalean hezurrezko xaflak eta bizkarrean bi edo hiru arantza zorrotz mugikor.[2]

Arrain hiruarantza
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaPerciformes
FamiliaGasterosteidae
GeneroaGasterosteus
Espeziea Gasterosteus aculeatus
Genomaren kokapenaensembl.org…

Arrain hiruarantza Europa, Asia eta Ameriketako iparraldean zehar banatzen den espeziea da eta mundu mailan bere egoera ona den arren, Euskal Herrian "kaltebera" bezala sailkaturik dago. Denbora luzez asko ikertu da arrain honen gainean, izan ere, aldakortasun morfologiko handia azaltzen du eta ezin hobea da eboluzioa eta populazioen genetika ikertzeko.

Deskribapena aldatu

Talde bereko espezieen arteko handiena dugu arrain hiruarantza. Gehienetan 5 cm inguru neurtzen dituen arren, tamaina bikoitza lor dezake gutxi batzuetan. Bere gorputza lateralki konprimituta dago eta isatsaren oinarria laua da.

Isats-hegatsak izena ematen dioten hiru arantza ditu (ale batzuek bi edo lau arantza dituzte) eta hirugarren arantza (bizkar-hegatsetik hurbilen dagoena) beste biak baino askoz motzagoa da. Arantza bakoitza oinarritik dago gorputzera lotuta, mintz fin baten bidez. Uzki-hegatsak 8-10 erradio ditu eta honen atzean ere arantza motz bat agertzen da. Aldiz, hegats pelbikoek arantza eta erradio bakarra dute. Azkenik, bular-hegatsak handiak dira eta 10 erradio dituzte.

Arrain hiruarantza ezkata guztiak tentetzeko gai da eta beraz, harrapariek harrapatu arren, gutxitan irentsiko dute.

Arrain hiruarantzak ez du ezkatarik gorputzean baina bizkarraldean, alboetan eta sabelaldean xafla oseoak ditu, gune hauek babestuz. Xafla kopurua aldakorra da eta esate baterako, populazio itsastarren xafla kopurua altuagoa da (ur gezako populazio batzuek ez dute plakarik ere aurkezten).

Arrain hiruarantzaren kolorazioa aldakorra den arren, berde oliba eta zilar kolorekoak izaten dira eta orban marroiak aurkezten dituzte gehienetan. Alboak eta sabelaldea zilar kolorekoa dute. Ugal sasoian zehar arren begiak urdindu egiten dira eta buruaren behealdea, eztarrialdea eta sabelaldea gorritu. Emeen kasuan, kolorazioa ernaldian zehar aldatzen da eta gorputzeko atal horiek arrosa koloreak hartzen dituzte. Populazio gutxi batzuetan, hala ere, arrak belztu edo erabat zuritu daitezke ugal sasoian zehar.

Azpiespezieak aldatu

Hiru azpiespezie dira ezagunak:

Banaketa aldatu

Arrain hiruarantza soilik ipar hemisferioan bizi da, Europan, Asian eta baita Ipar Amerikan ere. Europan Eskandinaviatik Iberiar Penintsularaino zabaltzen da, Erresuma Batuan eta Herri Baltikoetan barne, eta baita Mediterraneo itsasoan eta Itsaso Beltzean ere.

Iberiar Penintsulan, kantauriar isurialdean, Galizia, Portugal, Andaluziako atlantiar isurialdeko ubideetan eta baita Levante aldeko eta Kataluniako ubide jakin batzuetan agertzen da. Eskualde mediterranearrean, hala ere, espezieak oso egoera larria bizi du arrain exotiko eta lehiakorren erasoa bizi duelako, bereziki ganbusiarena.

Euskal Herrian arrain honen bi populazio soilik daudela uste da, bata Bizkaian eta bestea Gipuzkoan. Bizkaiko populazioa Ibaizabal arroaren beheko aldean dago kokatuta eta horren barruan bi azpigune daude: ezkerreko ertzean Galindo ibaiaren beheko aldean eta eskuineko ertzean Gobela, Udondo eta Asuan. Dena dela, azken prospekzioetan ez da arrain hiruarantzarik aurkitu bertan. Aldiz, Gipuzkoako populazioa Bidasoa ibaiaren beheko aldean dago (Jaizubia, Txingudi eta Plaiaundi inguruan). Igararen azpiarroan (Donostiako udal mugartean) populazio bat deskribatuta dagoen arren, uste da egun iraungita dagoela.

Habitata aldatu

Kostaldeko arraina dugu hiruarantza eta populazio gehienak anadromoak dira (itsas uretan bizi dira baina ur gezatan ugaltzen dira). Hori dela eta, gazitasunarekiko oso toleranteak dira. Korronte gutxiko urak nahiago ditu, goraka ari den landaredia duten eremuak. Beraz, urmael, laku, ibai motel, babestutako badia eta paduratan aurki genezake.

Habitat bereko espezie gehiago

Elikadura aldatu

Zooplanktona, krustazeo txikiak, intsektu urtarrak eta zizareak jaten ditu. Besterik ezean joera kanibalak dituzte, arrautzak edo arrain txikiak janez.

Ugalketa eta ontogenia aldatu

 
Arrain hiruarantzaren ugalketari buruzko infografia.

Apirilean hasi eta ekainera arte, arrain hiruantzak sakontasun gutxiko uretara abiatzen dira. Bertan, ar bakoitzak eremu bat babestuko du eta aukeratutako lekuan habia eraiki.

Habia eraikitzeko arrek zulo txiki bat egiten dute eta jatorri begetaleko materialez eta hondarrez betetzen hasten dira. Giltzurrunetan isurkin likatsu bat ekoizten dute eta itsasgarri moduan erabili, habian material horiek itsasteko. Orduan tunel moduko bat eratzen dute, indarrez igeri eginez habiaren inguruan. Habiaren eraikuntzak 5-6 ordu iraun ohi ditu baina zenbait egunetan zehar luzatu daiteke.

Behin habia eraikita, arrek emeak gorteiatzen dituzte sigi-sagan mugituz egiten duten dantza baten bitartez. Pixkanaka emearengana hurbiltzen doaz, ezker-eskuin mugimendu txikiak eginez eta gero habiarantz abiatzen dira, mugimendu berdinak errepikatuz. Emeak jarraitzen badituzte, habian dauden arrek burua aterako dute eta berriro tunelean zehar murgiltzen dira, emeak jarrai ditzan.

Tunel barruan emea sartzen denean arrautzak askatuko ditu (30-400) eta orduan, arrak ernaldu egingo ditu. Arrautzak garatu bitartean arrek habiak zaintzen dituzte eta beste arrak eta ugal sasoian ez dauden emeak usatu egingo dituzte. Baina eme ugalkorrak hurbiltzen badira, arrek berriro ere hauekin ugaldu daitezke eta beraz, habia bakarrean eme desberdinen arrautzak pilatu daitezke.

Arrek habia zaintzeaz gain tuneleko ura oxigenatu egiten dute, hegatsen bidez korronte txikiak sortuz, gauez eta egunez. Arrautzak eklosionatu baino zertxobait aurretik, gainera, arrek zuloak egiten dituzte tuneleko hormetan, oxigenazioa areagotzeko.

Arrautzen eklosioa 7-8 egunetan gertatzen da ura 18-20 °C-ra dagoenean. Behin arraintxoak kanpoan daudenean arrek ahaleginak egiten dituzte denak elkarrekin mantentzeko eta baten batek ihes egiten duenean, aitak ahoan sartu eta habiara itzuli egingo du, besteekin batera. Zainketa sasoia bukatuta ar gehienak hil egingo dira.

Arraintxoek bi urte behar izaten dituzte erabat garatzeko eta 3 urterekin lortzen dute heldutasun sexuala. Hala ere, ur gezetako zenbait populazioetan heldutasun sexuala aurreratu egiten da eta urte bakarrarekin ugal daitezke.

Arrek ugal-sasoian eztarrialde gorritua aurkezten dute eta gorritasun mailaren arabera aukeratzen dituzte emeek. Zenbat eta gorriagoak, orduan eta "kalitate" hobeko arrak. Izan ere, kolore gorria irentsitako karotenoide kopuruari zor diote eta beraz, arrik gorrienek janaria aurkitzeko gaitasun gehiago izango dute.

Bizimodua aldatu

Sardak eratzen dituen arrain aktiboa da hiruarantza. Populazio itsastarrak migratzaileak dira baina ur gezetako populazioek eskualde berdinean egiten dute bizitza osoa.

Euskal Herrian espezie honen habitat berdinak ustiatzen ditu Gambusia affinis arrain inbasoreak eta beraz, bi espezie hauen arteko lehia dago. Lehia honen ondorioz daude, besteak beste, Euskal Herriko arrain hiruarantza populazioak arriskupean.

Kontserbazioa aldatu

Arrain hiruarantza "Kaltebera" bezala sailkaturik dago EAEko espezie mehatxatuen zerrenda gorrian. Galindo ibaian egin diren laginetan agertu diren dentsitateak 77 eta 706 alekoak dira/100 m2-ko, Gobela ibaiaren kasuan 2 eta 465 ale/ 100 m2-koak dira eta Asua ibaiaren kasuan aurkitu diren dentsitateak 1 eta 6 ale/100 m2-koak dira.

Galindo ibaiari dagokionez ematen du populazioak egonkor mantendu direla azken 8 urte hauetan baina Gobela ibaiari dagokionez joera beherantzkoa dela dirudi. Plaiaundiko populazioak egoera onean daudela uste da.

Banaketa aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Froese, Rainer & Pauly, Daniel ed. (2006), «Gasterosteus aculeatus», FishBase webgunean. Bertsioaren data: 2006(e)ko apirila.
  2. Lur entziklopedietatik hartua.