Armalite and ballot box strategy

Armalite and ballot box strategy (euskaraz Armalitea eta hautetsontziaren estrategia) 1980ko hamarkada eta 1990eko hamarkadaren hasieran Irlandan mugimendu errepublikarrak jarraitu zuen estrategia deitzeko erabili zen lelo edo izendapena da. Estrategia honen arabera, Sinn Fein alderdia Ipar Irlanda eta Irlandako Errepublikako hauteskundeetan aurkezten zen bitartean, IRAk Britainiar Armada, Ulstergo Errege Polizia eta Ulstergo talde paramilitar loialistaren aurkako borroka armatuari jarraituko zion.

ArmaLite armagintza enpresaren AR-18 modeloko eraso-fusila, 1970eko hamarkada eta 1980ko hamarkadan IRAren ekintzaileen artean arma gogokoenetakoa izan zena, ezizenez Alargungilea.

Armalitearen aipamena 1970eko hamarkadan IRAk kopuru handietan bereganatu eta maiz erabili zituen ArmaLite AR-15 (AEBtako Armadaren M-16 fusilaren zibilentzako bertsio eskuragarria) eta ArmaLite AR-18 eraso-fusil modeloen aipamena da, biak ere ArmaLite estatubatuar armagintza enpresak ekoiztuak.

Estrategia honen sorrera 1981eko Irlandako gose grebaren ondoren jazo zen, eta formula gisa lehenbizikoz aipatu zuena 1981eko Sinn Fein alderdiaren Ardfheis, urteko biltzar nagusian, Danny Morrison izan zen, Sinn Fein alderdiko politikaria eta errepublikar ekintzailea:

« Who here really believes we can win the war through the ballot box? But will anyone here object if, with a ballot paper in this hand and an Armalite in the other, we take power in Ireland?
Nork pentsa lezake hemen zinez gerra hautetsontzien bidez irabazi genezakela? Baina norbait honen aurka balegoke, hautetsontzi bat esku honetan eta Armalitea bestean dudala, Irlandan boterea geureganatuko al dugu?
»
Danny Morrison

Parekotasun bat egitearren, Euskal Herrian ETA erakunde armatuak erabili zuen Bietan jarrai lelo edo estrategiaren antzekotasuna du, hots, borroka politiko nahiz armatuan jarraitzea.

Kanpo estekak aldatu