Armada Berdea edo Armada Berdeak (errusieraz: Зелёная Армияtranslit.: Zelionaia armija, singularrean, eta Зеленые армии, Zelienie armii, pluralean; ukraineraz: Зелена арміяtranslit.: Zelena armija, singularrean, eta Зелені армії, Zeleni armiji, pluralean) edo Berdeak (errusieraz: Зелёные edo Зеленоармейцы, Zelionie edo Zelienoarmeitsi; ukraineraz: зелені edo зеленоармійці, Zeleni edo Zelenoarmiitsi) Errusiako Gerra Zibilean borrokan ibili ziren armada-sorta bat izan zen, Errusian eta Ukrainan ugaritu ziren tokiko matxinadetan altxatutako baserritar matxinoez osatua. Bai boltxebikeen Armada Gorriaren, bai Armada Zuriaren, bai Nestor Makhnok zuzendutako anarkisten Armada Beltzaren, bai nazionalitate txikien Estatu berriki independenteen —Ukrainako Errepublika Nazionalaren, batez ere— Armaden kontra borrokatu ziren. Kontuan izan behar dugu armada bat baino areago armada-sorta bat izan zela, batasun organikorik gabea, nekazarien mugimendu edo fenomeno baten isla.

Armada Berdea
Datuak
MotaMilizia
HerrialdeaUkraina
Kokapen politikoaUkrainar nazionalismo

Genesia aldatu

Izena aldatu

Armada bateratu bat baino, armada-sorta ugari bat izan zenez, berezko izen bakar bat ez zutela esan beharrekoa da (eurek ere ez zuten halakorik bilatzen). Hala ere, bai garaiko prentsak zein historiografiak "berde" koloroarekin identifikatu ditu armada hauek; izen kolektibo bezala -goian aipatu bezala- "Armada Berdea", "Armada Berdeak" edo "Berdeak" zirelarik. Bestelako izenak "Matxino berdeak" -errusieraz зелёные повста́нцы edo zelionie povstantsi, ukraineraz Зелені повстанці edo zeleni povstantsi-, "Mugimendu berdea" -errusieraz Зелёное движение edo Zelionoie dvizhenie, ukraineraz зелений рух edo zelenii rukh-, "partisano berdeak" -errusieraz зелёные партизаны edo zelionie partizani, ukraineraz зелені партизани edo zeleni partizani- edo are "hirugarren indarra" -errusieraz Третья сила edo tretia sila, ukraineraz Третя сила edo tretia sila- ziren.

Kontuan izan behar da "berde" hori exonimo bat dela, ez berdeek euren buruari jarritako edo euren buruarentzat hartutako izena. Horrek zaildu egiten du izen amankomun bat jarri izana. Kolore horrekin identifikatzeko bi zergati eman izan dira: alde batetik hauek basoetan ezkutatzeko ohitura zutelako, eta bestetik, halako mugimendu matxinoetako hasierako buruetako baten, Danilo Terpilo "Ataman Berdearen", ezizenez antzeko mugimendu guztiak izendatu izan zirela da[1].

Sailkapena aldatu

Mugimendu honen dispertsioa (bai geografikoa eta bai kronologikoa -matxinada guztiak ez ziren aldi berean eman-) zela eta, sailkapen bakar batean sartzea eta sailkapen amankomun horren mugak ezartzea oso zaila da. Normalean, nekazal munduko mugimendu matxinoetatik elikatzen ziren Armadak, beste aldeekin zerikusirik ez zutenak eta tokiko -herriaren, eskualdearen- autogobernuaren alde zein "baserritar bizitzaren" alde borrokatzen ziren armada irregularrak hartzen ziren "Armada Berde" gisa. Gehienetan mugimendu espontaneo (ideologiko baino) ezberdinen espresio ziren. Xtirbul historiagileak, berdeak "Errusia-osoko mailako matxinada orokortu baina zatitu" baten aderazpen bezala definitzen ditu[2].

Egon da bai Makhnoren Armada Beltza zein Kronstadteko matxinada "berde" moduan sailkatu izan duenik. Hala ere, kasu hauetan problematikoagoa da, izan ere, lehen kasuan ideologia "integral" hautemangarri eta "hedagarri" bat zutelako -anarkismoa- eta baita ere euren buruek -batzuk behintzat- mugimendua hedatzeaz hitz egiten zutelako. Bigarrenaren kasuan, nahiz eta matxinoen guraso nekazarien eragina izan eta beren programan nekazarien eskaera asko sartu, matxinada hiri-kontestu batean eman zen, eta euren helburua sistema boltxebikea aldatzea edo uzkaltzea zen, ez soilik "tokiko" egituren defentsa. Arrazoiketa-ildo honi jarraituz 1918ko uztaileko ezkerreko eseristen Estatu-kolpe saiakera are gutxiago har daiteke "berdetzat", hain zuzen ere helburu gisa Estatu-boterea hartzea zuela (ez "tokiko boterea errespetatu araztea") eta hiri-kontestu batean gertatu zelako. 1918an Izhevsk eta Votkinsk hirietan, eta Jaroslavl, Murom eta Ribinsk hirietan eman ziren matxinadak ez dira “berde” bezala sailkatu ohi (gainera matxinada hauek Gobernu zuri ezberdinekiko elkartasuna erakutsi zuten, eskuineko eseristak antolatuta zeuden)[2].

Ideologia aldatu

Berdeen ideologia definitzea, batez ere egungo ideologi estrukturatuen etiketak erabiliz ez da lan erraza. Berdeek dokumentu propio gutxi produzitu izanak ere ez du lana asko laguntzen. Baina bai esan daitekeela Armada Berdeak elikatu zituzten mugimendu ezberdinek, nahiz eta batasun organikorik ez eduki (eta are planteatu ere ez izan), toki ezberdinetan oso "ideologia" antzekoa izan zutela. Oinarrizko puntu batzuk ia beti errepikatzen ziren[2].

Anton Posadski historiagilearen arabera, Guda Zibilaren hasieran, hainbat soldadu desmobilizatzeak, eta gerora Armada handiak –Gorria eta Zuria- modu inprobisatuan sortzeak, tokiko komunitateak euren interesen defentsan aritzea ikasi beharreko egoeran jartzea ekarri zuen (honek ez zuen soilik berdeen alde egin, beste eskualde batzuetan gerrillari gorriak agertzea ere erraztu zuen). Honetan paper handia zuen euren “tokikotasunak”; askotan, halako armada askorengan soilik euren eskualdean aritzea eta handik at zeuden arazoekiko axolagabekeria nabaritzen zen. Hau izan zen, nolabait Armada Berdeen lehen ezaugarria: eskualde edo “tokiko” sentimendua eta antizentralismoa. Hala ere, koordinazio falta horrek ez zekarren Armada Berde ezberdinen “programak” elkarrengandik oso ezberdinak izatea; talde berde ezberdinen arteko antzekotasun ideologikoak handiak baitziren[2].

Bestetik, noski, euren baserritar izaera dugu. Baserritar izaera hau bi ezaugarritan nabari zen: alde batetik, “baserritar” denak klase sozial bakar bezala tratatzean, eta bestetik “hiriarekiko”, hau da, tokiko instituzioen gainetik zegoen edozein boterekiko aurkakotasunean; beraz, boltxebikeen politikarekiko ukoaren “ikurrak”, alde batetik boltxebikeek 1918an sortu zituzten “Baserritar Txiroen Komiteak” (kombed), eta bestetik Hornikuntza Batzordeak izan ziren. Kombedei zegokienez, berdeek oso gaizki ikusi zuten boltxebikeek klase-borroka nekazalgora zabaltzea, eta nekazariak aberatsen (kulaki) eta txiroen (bedniaki) artean banatzea, eta azken hauek babestea; berdeentzat nekazalgoa bat zen, eta beren instituzioak ere bakarrak izan behar ziren (antzinako mir komunitatearen antzera). “Instituzio boltxebikeei” zegokienez, berdeek, herriko edo asko jota eskualdetik kanpoko politikak eta interesak ukatzean zegoen; adibidez, 1918an gosea latza zenean hiriak edo Armada elikatzeko egiten ziren errekisen kontrakoak ziren; eta baita lurren kolektibizazioaren kontrakoak (birbanatzea eta jabetza pribatua defendatzen zuten). Hemen, ia programa berde guztietan agertzen den puntu batekin egiten dugu topo “nekazarien merkatal-askatasunarekin”. Berdeek merkatu askea abolitzearen aurka egiten zuten, finean nekazal jabetza pribatua defendatuz (nekazari askok ez zuten kapitalismoa eurek ekoitzitako produktuekin edo produkzio indibidualarekin identifikatzen). Azkenik, lurren jabetzari dagokionez, lurraren birbanaketa (lurjabeen kontra) defendatzen zuten, baina ez honen nazionalizazioa; kolkhoz baserri kooperatibo eta sovkhoz baserri kolektiboen kontrakoak ziren[2].

Historialari batzuek “Indar demokratikoekin” identifikatu izan dituzte, “Errusia demokratiko (liberal)” baten itxaropenarekin. Interpretazio hau okerra da, halako baserritarrentzat “parlamentua” edo “Asanblada Konstituziogilea” bezalako kontzeptuak oso urrun geratzen ziren, eta batez ere Sobieten asanbladarismoa gogokoago zuten (historiagile gehienek diote nekazariak eseristekiko hurbilekoagoak baziren eta 1917ko azaroko hauteskundeetan hauen alde bozkatu bazuten, eseristak “Nekazal alderdia” zirelako zela, ez Asanblada Konstituziogilea eskatzen zuten programengatik. Hau Orlando Figes bezalako historiagile liberal batek ere onartzen du). 1918an “Asanblada Konstituziogilearen” bandera “zuri demokratikoaren” pean bildu ziren eseristek eta liberalek ez zuten paperik izan matxinada hauen ugaritzean[2].

Beste batzuek, anarkismoarekin identifikatu ohi dituzte, baina gure ustez hau ere ez da guztiz zorrotza: halako armada gehienek ez zuten Estatuaren abolizioa bezalako kontzeptu labainkorrak defendatzen, baizik eta Estatua euren tokiko ekintzak “zilegiztatzeko paperera” muga zedin, “esku-sartze papera” izan ordez. Honi jarraituz, "hiriko instituzio" bezala identifikatzen zituzten heinean, “alderdiekiko” nolabaiteko ukoa zegoen, askotan ikusten zen “Alderdirik gabeko Sobietak!” edo “Sobiet askeak!” bezalako leloak (Asanblada Konstituziogilearen aldeko leloak, izan baziren, oso marjinalak ziren berdeen artean). Berdeekin bat egin zuten baserritar gehienentzat, egoera ideiala 1917ko azken eta 1918ko lehen hilabeteetakoa da: hau da, Urriko Iraultzaren ostekoa eta Guda Zibilaren hasieraren (eta honekin bat etorri ziren neurriak hartzearen) aurrekoa, “Estatua” urrun zegoenekoa eta tokiko birbanatzeak edo erabakiak “baieztatzera” (politika bateratu eta aktibo bat egiteko indarrik ez zuela) mugatzen zenean. Posadskiren arabera, “hiriarekiko” eta “boterearekiko” zuten axolagabekeriaren adibide bat da zenbait matxinada berdek probintzia batetan hiri bat ingura zezaketela berau hartzen saiatu gabe. Orlando Figes bezalako historiagile batek, paradoxa batekin laburtzen du hauen ideologia: “Askotan “Gora boltxebikeak eta behera komunistak!” bezalako lelo nahasgarriak zerabiltzaten. Hau, Alderdiak bere izena ofizialki 1918an aldatzearekin azaltzen da. Hori dela eta, Iraultza osteko lehen politikak; lurren birbanatzea, Sobietak eta Bakearen Dekretua “boltxebikeekin” lotzen zituzten. 1918ko politikak ordea; errekisak eta Guda berria (Zibila) eta honek zekarren derrigorrezko errekrutatzea, finean, kaltegarritzat jotzen zutena, “komunistekin” identifikatzen zuten”[2].

Azkenik, Aleksandr Solzhenitsin idazle antikomunistak Armada Berdeak “botere zapaltzaile ateoaren aurkako nekazal eta herrikoi erreakzio tradizionalista eta natural” batekin identifikatu zituen, Frantziar Iraultzako Vendée kontrairaultzarekin parekatuz. Irakurketa hau ere ez zaigu zuzena iruditzen: egia bada ere errusiar nekazari ia denak ortodoxoak zirela, motibazio erlijiosoak, izan baziren, oso bigarren mailakoak ziren berdeen matxinadetan, ekonomikoak ohi ziren motibazio nagusiak. Bestalde, matxinada berdeek ez zuten inolaz ere klerutzaren boteretzea bilatzen, eta are gutxiago aristokraziaren edo monarkiaren itzulera (matxinada berde batzuek zuriekin kolaboratzea aurreikusten zuten, baina aliantza horien izaera taktikoagoa zen ideologikoa baino gehiago, eta gainera zurien artean ere heterogneitatea handia zen)[2].

Laburbilduz, ideologia zehatz batek baino, klase edo sektore sozial baten (nekazalgoaren, Errusian oso handia zen klase baten) interesek gidatzen zuten, “nekazarientzat ona zenak”; zerbaitekin identifika ahal baditugu, eserismoarekin edo zehatzago, ezkerreko eserismoarekin identifikatu ahal ditugu, matxinada berdeen buru asko (adibidez, 1921ko Tambovekoa) azken korronte honetako militanteak ziren (betiere, identifikazio hau “nekazal-klase sentimendu batekin” identifikatzen dugun artean, ez alderdi-dotrina konplexuekin). Hala ere, horrek ez du esan nahi mugimendu hau eseristek alderdi antolatu moduan kapitalizatu ahal izan zutenik, Andrei Ganinek adierazten duenez. Anton Posadskiren arabera, 1920an eta 1921an eman ziren matxinada berdeak identifikagarriagoak ziren programa eseristarekin 1919an eman zirenak baino[2].

Esan beharra dago askotan mugimendu hau komunistek kontrako edo boltxebikeen "estatalizazioaren" kontrako bezala definitu izan dela; baina gogoan hartu behar dugu lehen matxinada beredeak 1918an izan zirela, ukrainar nazionalisten aurka (bai 1918ko apirila arteko Ukrainar Errepublika Nazionalaren aurka, zein geroagoko alemaniarren menpeko Pavlo Skoropadski diktadorearen Ukrainar Estatuaren aurka)[2].

Auzi nazionalarekiko, hetereogeneitate bat bai atzematen zen, Armada Berde batzuk antisemitak ziren eta pogromak burutu zituzten (judutar=boltxebikea edo “marxista”=hiritar iraultzailea ekuazioa, tsarismo garaian herri-klaseetako sektore batean, batez ere nekazal guneetan, txertatutakoa agertzen ohi zen), beste batzuetan ordea, halako aurreiritziak ez zeuden. Gainera, kontutan izan behar dugu, batez ere Ukrainan agertu ziren komandante berde askok (Grigoriev, Tiutiunnik, Terpilo eta abarrek), aurretik ukrainar formazioetan zerbitzatu zutela eta eurengan nolabaiteko ukrainar nazionalismoa ere bazegoela[2].

Babes soziala eta zergatiak aldatu

Armada Berdeak askotan boltxebikeekiko eta euren politikekiko “nekazal aurkakotasunarekin” identifikatu ohi izan dira, batez ere Mendebaldeko historiagileen artean. Halako ikuspegia bi ikuspuntutatik indartua izan da: alde batetik, historiografia antikomunista tradizionalaren aldetik (ikuspuntu hauek, matxinada berdeak soilik gorrien lurraldean paratuz, nekazal- eta are herri- erreakzioa antikomunista zela frogatu nahi dute, boltxebikeen boterea zilegitasun gabekoa zela aurresuposatuz). Bestetik ezker libertarioko ikuspuntutik ere halako irakurketa egin ohi da, “komunisten deribazio autoritarioaren aurkako hirugarren iraultza” gisa. Hala ere, kontutan izan behar dugu ez zutela soilik boltxebikeen aurka ekin; baizik eta Errusiako Guda Zibilean aritu ziren Armada edo “estrukturatutako botere” guztien aurka, zurien aurka baita, adibidez, Koltxaken aurka 1919an Siberian, Koltxaken erregimena bideraezin eginez[2].

Historiagile errusiar askok bestelako ildo bat dute eta berdeen etsai nagusiak, gorriak baino gehiago zuriak izan zirela diote: Pavel Zhukov historiagilearen arabera, berdeek intentsitate beraz borrokatu zuten gorrien zein zurien aurka, eta Xtirbulen arabera, berdeentzat “normalean, zuriak gorriak baino onartezinagoak ziren”. M. Dobroven arabera “mugimendu berdea batez ere zurien aurkakoa izan zen”. Halako iritziak, batez ere zuriek lurjabe handien interesak defendatzen zituztelako gertatzen zen, gorriak, finean Iraultzaren aldekoak, paktatzea posible zen indar bezala ikusten zituzten nekazari askok[2].

Finean gorrien eta berdeen arteko borroka, hiria vs nekazalgunea baino, langileak vs baserritarrak klase-borroka bezala ere identifika daiteke. Gehienbat, Iraultzak, nazioarteko blokeoak eta Guda Zibilak (kontuen izanik 1914tik Errusia gudan zegoela) sortutako premiek eta premia-erantzun zikloak eta baita ere Estatua ezerezetik eraikitzeko neurriek eragin zuten halako matxinadak ugaritzea. Guda Zibilaren, kanpoko potentzien blokeoa eta honek sortutako produkzio baxua eta gosea zela eta (eta baita ere Guako premiek: derrigorrezko errekrutamenduak), komunisten erantzuna Estatu neurriak gogortzea eta klas-borroka nekazalgunera eramatea izan zen. Hemen "Proletalgoaren interes orokorren" eta "tokian tokiko baserritarren" interes kontrajarriak ikus ditzazkegu, batez ere 1918koa bezalako muturreko egoera batean -batez ere elikagaia lehen mailako beharrizan bihurtu zenean-. Leninen esaldi batek ondo identifikatzen du joera hau: “gure herrialdean arriskua jada ez da kapital handia, hori desjabetu egin baitugu; uneoro, eskala txikian, masiboki ugaltzen den kapitalismo txiki eta espontaneoa baino”. Honekin jarraituz, Guda Zibila (batez ere guda inperialistarengandik irten berri) ere ukatzen zuten, baserritarrek ez zuten borrokatu nahi behin “jada lurra lortu dugula eta gozatu ahal dugunean”, honek azaltzen du berdeen borrokalari asko Armada Gorriko desertoreak izatea (Andrei Ganin historiagileak esan zuen baita 1918an lehen errekrutatze masiboak ekarri zituela Errusian eman ziren lehen matxinada berdeak, eta soldadu berde gehienak Armadako desertoreak izan zirela dio, 200.000 bat. E. Landisek ere errekrutatzea-desertzioa lotzen ditu Armada Berdeen ageerpenarekin)[2].

Armada Berde asko, batez ere txikienak, askotan bandolerismoaren mugan aritzen ziren, batez ere ia programarik eta helburuak lortzeko perspektibarik gabe geratzen zirenean. Izan ere, askotan, halako taldeak atsekabetasunak jotzen zituen, eta errekurtsoak Estatuarengandik lapurtuz, nekazarien artean banatu baino, talde matxinoko kideen artean banatzen zituzten (M. Dobrov, berdeak ikertu dituen historiagileak ere badio berdeen atean “matxinatu zintzoak” zein “kriminalak” aurkitzen zirela). Alta, halako kasuak, eman ziren arren, esan beharra dago ez direla errusiar nekazal matxinaden ezaugarri, Eric Hobsbawmek berak azaltzen du halako “matxinada primitiboetan” (kausa ideologiko zehatzik gabeko matxinada sozialetan) matxino ideologikoaren eta bandoleroaren arteko muga askotan labainkorra zela. Dokumentu ofizial batzuetan hala agertzen ziren izendatuta. Bestetik, kontutan hartu beharra dago, askotan berdeak Estatuaren biolentziaren (soberakin konfiskatzea, zergak, errekrutamenduak, Armada Gorriaren berdeen kontrako biolentzia) kontrako altxamendu bezala agertzen badira ere, berdeek maiz euren kontrako (boltxebikeen aldeko) baserritarren eta beren familien kontrako bortizkeria handia erabili zutela. Izan ere, berdeek euren borroka “eskualdearen defentsan, kanpoko etsaiaren (hiriaren, Estatuaren, burokraziaren) kontra” bezala aurkezten zuten arren, egia esan, matxinatutako eskualde barruan ere gerra zibil txikiak piztu ziren, baserritar guztiak ez baitziren berdeen alde. Berdeek, baserritarren komunitate tradizionalaren (mir) defentsa egiten zutelarik (orain mir delakoa Sobietetan jarraikortasuna zuelarik), normalean, mirrean ahots gehien izaten zituzten baserritarrak ziren berdeen aldekoak: baserritar egonkorrenak, txiroenak askotan gorrien alde paratzen zirelarik. Orlando Figesek bestelako interpretazio bat ematen digu, Figesen arabera, berdeen alde baserritarrik zaharrenak (mirrean ahots gehiago izaten ohi zutenak) jartzen ziren, eta gorrien alde gazteenak, “nekazal guneetako bizitza aspergarriarekin puskatu nahi zutenak”. Figesen arabera, gazteek Sobietar Estatuak zekarren modernitatea eta hiritartzea aukera bezala ikusi zuten, eta hurrengo hamarkadetan Estatu Sobietarraren zerbitzuak, instituzioak eta eraldaketak baserritar guneetan hedatzeko eroalea izan ziren[2].

Armada Berdeak eta matxinada berde ezberdinek sektore sozial baten kezkak, nahiak eta eraldaketa sozial ezberdinen aurreko jarrera erakusten zuten, eta baita ere Errusia Sobietarraren lehen fasean eman zen klase-borrokaren aspektu bat ulertzeko. Historiagile askoren arabera, berdeen agerpenak, Gobernu Sobietarrak 20. hamarkadan NEP Politika Ekonomiko Berrian indarrean jartzea ekarri zuen[2].

Antolaketa aldatu

Berdeen armada ezberdinak oso heterogeneak ziren bai antolaketa mailarekiko eta baita ere kopuruarekiko. Oro har, mugimendu honen espontaneotasunagatik, ez da erraza mugimenduak zenbat borrokalari izan zituen jakitea, armada ezberdinek kopuru heterogeneoa zuten eta (bazeuden hamarnaka milaka gizon batzen zuten armada berdeak eta baita ere 15 bat pertsona biltzen zituzten taldeak, eta dokumentu ofizialetan denominazio berdinez agertu zitezkeen halako talde ezberdinak). Izan ziren oso antolaketa maila baxua zuten armadak eta oso sofistikatuak, adibidez 1921ean Aleksandr Antonovek zuzendu zuen Tamboveko matxinadako armada, zeinak osasun- eta inteligentzia- zerbitzuak ere izan zituen. Posadskiren arabera, Lehen Mundu Gudaren azken hilabeteetan, jende askok frontetik desertatzeak edo desmobiliatzeak, eskualde eta herrixka guztietan gizon armatu asko egotea zekarren, honek, gerora (batez ere Guda Zibilera joan nahi ez zutenen artean), matxinada berdeak ematen ziren tokietan Armda Berdearen hazkundea erraztu zuelarik. Setinov demografo sobietarrak dio, guztira, sobietar gizonezko populazioaren %2 eta %5 artean aritu zirela noizbait talde berderen batean[2].

Normalean beren kontrakoek (gorriek, zuriek, zein beltzek) baino armamentu okerragoa zuten. Hala ere, halako matxinada askoren indarra lurraldearen ezagutza izanik, ezagutza hori indargune handia zen. Oso gutxitan hedatzen ziren eskualdeetatik at (eta matxinatzeko arrazoia “herrixkaren” edo “eskualdearen interesen defentsa” izateak ere, ez zituen soldadu berdeak euren eskualdeetatik at borrokatzen laguntzen)[2].

Aliantzen inguruan ez zuten politika bateratu bat. Egin beharreko aliantzen inguruan nolabaiteko hetereogeneitatea zegoen: batzuek ondo ikusten zuten etsairik handienaren kontra gorriekin, zuriekin edo beltzekin elkartzea, besteek ordea bakarrik ekin zuten (historiografiak, bai gorrien aldekoak zein zurien aldekoak, armada berde batzuen eta zurien arteko aliantzak handizkatu izan ditu bata eta besteak identifikatzeko asmoz). Adibidez, 1919an eskualde kosakoetan gertatutako nekazal matxinadak, askotan, gorrien hurbilekoak izaten ohi ziren; baina bazeuden “eskualdearen defentsan” alde baten zein bestearen alde leialtasunak aldatzen zituzten baserritar armatuen taldeak; adibidez, 1918an Ufa probintzian, maiatzean, txekoslovakiarren matxinadarekin batera zurien alde jarri ziren baserritarrak, udazkenean, zuriak nagusitzerakoan, gorrien aldera pasa ziren; betiere euren autonomia mantentzeko saiakeretan. Bestetik, berde batzuek, Grigorievek adibidez, beltzen aurka ere borrokatu zuten.[2].

Borrokaldi edo matxinada nagusiak aldatu

Mugimendu hau 1918ean sortu zen, eta praktikan mugimendu indartsu moduan 1921a arte iraun zuen. Lehen matxinadak Ukrainan gertatu ziren hango Estatu nazionalista proalemaniarren aurka, bai Ukrainar Errepublika Nazionalaren aurka, zein Skoropadskiren Ukrainar Estatuaren aurka, hauek Alemaniak eskatutako gari-bilketak egiten hasi zirenean (eta komandante berde batzuk gorriekin itunak egin zituzten). Matxinada berderik garrantzitsuenak, 1918an Ukrainan emandakoak (Grigorievena eta Terpilorena), Errusian 1918ko Udan Livni probintziakoa gorrien aurka (Ivan Kliopov buru), 1918 eta 1919an Siberian Koltxak zuriaren kontrako hainbat matxinada, 1919ko udaberrian Samaran eta Simbirsken eman zen “txapan matxinada” (Aleksei Dolinin buru), 1920ko otsail-martxoan Ufa eta Kazan probintzietan eman zen “sardeen matxinada” (Aleksei Milovanov buru), 1921ko “Tamboveko matxinada”, agian denetan handiena zena (Aleksandr Antonov buru) eta 1921 eta 1922 artean Mendebaldeko Siberian (Vasili Zheltovski buru). Oro har 1919-20 urteak izan ziren armada berdeak gehien ugaldu ziren garaia (Anton Posadski historiagilearen arabera, batez ere 1919ko maiatza eta abuztua artean eta 1920ko udazkena eta 1921ko uda artean izan zen), bai gorrien zein zurien atzealdean. Matxinada berde gehien izan zituzten zonaldeak Ukraina, Siberia (batez ere Mendebaldeko aldea, Uraletatik gertukoa), eta Errusia europarrean, Hegoaldeko probintziak izan ziren. Matxinadarik handienek hiruzpalau hilabete irauten zuten (agian, salbuespena Makhnorena da, baina esan bezala, oso eztabaidagarria da hau “berdeen” artean sailkatzea)[2].

Armada Berdeek, nahiz eta jende nahikotxo mugitu, ez zuten bataila garrantzitsurik irabazi, betiere Makhno sailkapen honetan sartzen ez badugu (matxinadak, Armada gutxiago zegoen tokietan –frontetik urrutikoetan- edo botere argirik gabeko tokietan –Ukrainan, adibidez- gertatu ziren, eta hori zela zuten arrakasta hasiera batean). Egia esan, Evan Mawdsleyren arabera, “barne-frontean” edo honen eraginez gorriek ez zuten borrokaldirik galdu; kuriosoa da Mendebaldeko historiagileek batez ere mugimendu hau gorrien aurkako mugimendu bezala aurkeztu izana, baina arrakastarik handiena 1919an Koltxaken kontra lortu izana. Mawdsleyren arabera, “barne frontea” ez zen izan gudarren frotena bezain garrantzitsua gorrientzat, eta izango balitz bezala aurkeztea, zenbait historiagileek boltxebikeak “herriaren aurkako” bezala aurkezteko zuten gogoei deritze[2].

Mugimenduaren desagertzea aldatu

Azken matxinada berdeak 1922rako itzaliak zeuden. Boltxebikeek hainbat taktika erabili zituzten, 1920-22 arteko matxinadak itzaltzeko errepresiotik hasita, propagandarekin segituz, euren instituzioak nekazal guneetan garatzearekin eta hala baserritarrak erakartzearekin jarraituz eta emakidetan (amnistiak, adibidez; edo eskaera politikoen onarpen partzialak) bukatuta; izan ere, euren jarduna, Mendebaldeko historiografian azaltzen zena baino malguagoa zen. Bestalde, Guda Zibila bukatuta, eta indarrezko errekrutatzeak jada ez zirelarik, desertatzeko edo errekrutatzeari uko egiteko arrazoirik ere ez zegoen, beraz, matxinatzeko motibazio bat gutxiago zegoen. Matxinadak itzaltzeko azken faktorea, 1921tik aurrera, berdeak garaitzeko aukera geroz eta gutxiagorekin, matxinatuta jarraitzen zutenengan, programak baino euren bizirauteak garrantzia handiago hartu zuela, eta beraz, bandolerismora eta lapurretara geroz eta gehiago hurbiltzen zirela izan zen, euren oinarri sozialarengandik urrunduz[2].

Erreferentziak aldatu

  1. «Armada Berdea(k)» K17.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-04).
  2. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v «Armada Berdea(k)» K17.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-05).

Kanpo estekak aldatu