Ardipithecus ramidus desagertutako hominido (Homo sapiens, Afrikako txinpante, bonobo eta gorila eta Borneo eta Sumatrako orangutanak, besteak beste) espezie bat da, ziurrenik homininoa (primate bipedoa) eta agian gure leinuko arbasoa. "Ardi"k lurra esan nahi du, "pithecus"ek tximinoa esan nahi du grezieraz eta “ramid”ek sustrai esan nahi du amhareraz, lehen aztarnak aurkitu ziren tokiko (Etiopia) hizkuntzan.

Ardipithecus ramidus
4,5 Ma-4,1 Ma

Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaPrimates
FamiliaHominidae
GeneroaArdipithecus
Espeziea Ardipithecus ramidus
White et al., 1995

Hominido modernoak ez bezala, A. ramidus-ek egokitzapenak zituen bai bi hanketan ibiltzeko (bipedalismoa), bai zuhaitzetan bizitzeko. Hala ere, ez zen izan gizakiok bezain eraginkorra bi hanketan ibiltzen ezta simio edo tximino handiak bezain ona zuhaitzetan ibiltzen. Haren aurkikuntzak txinpanzeen eta gizakien azken arbaso komunari buruzko interpretazio akademikoa aldatu du, egungo txinpanzeen, orangutanen eta gorilen oso antzekoa zelako ideiatik analogorik gabeko izaki bat izatera igaro baita.

A. ramidus arrak gaur egungo txinpanzeak baino lasaiagoak zirela iradokitzen du aurpegiko anatomiak, gurasoen zaintza eta monogamia handiagoarekin erlazionatzen dena primateengan. Era berean, protohizkuntza bat erabili zuen lehen giza arbasoetako bat izan zela iradoki da, seguraski, gizaki jaioberri baten maila berean ahoskatzeko gai zelarik. Hau gizakiaren antzeko garezurreko arkitekturaren, garezurreko oinarriaren angeluaren eta ahots traktuaren dimentsioetan oinarritzen da.[1]

Aurkikuntza eta erregistro fosila aldatu

Espezie hau Tim White eta bere taldeak definitu zuen 1992 eta 1993 artean Afrika Orientalean aurkitu zituzten maxilar batzuetatik. Fosilak 4,4 milioi urtetan datatu dira eta garatu ziren habitata hezea eta zuhaitz askokoa zen. Espezie honek hominido bipedoen (homininoen) adarraren barne egoteak edo ez, beste tximino antropomorfoekin batera sailkatzearen eztabaidak polemika sortu zuen. 2005. urteko urtarrilean, As Duman-en, Etiopiako iparraldean, Sileshi Seaslug-ek zuzendutako Indianako unibertsitateko talde batek Ardipithecus ramidus gisa sailkatutako 9 banako aurkitu zirela jakinarazi zuen, 4,4 eta 4,1 milioi urte artean datatuak. Aztarnategian aurkitutako metatartsiano baten itxurak hominido baten antzera beheko gorputz adarrekin mugitzen den animalia bati zegokiola ondorioztatu zen. Aurkitzaileen arabera, hominidoak duela 4,5 milioi urte bi oinen gainean zutik ibiltzen zirela egiaztatzen du.

 
"Ardi"ren fosilak.

2009ko urrian, Afar bailaran (Etiopia) 1974an Lucy (Australopithecus afarensis) aurkitu zen tokitik 75 km iparraldera Ardhipitecus ramidus-en aztarna fosil berriak aurkitu ziren, eskeleto partzial baten aztarnak, zehazki, guztira gutxienez 36 banakoren 235 aztarna aurkitu ziren, horietatik gehienak 4,4 milioi urteko eme heldu batenak ziren (ARA-VP 6/500), “Ardi” ezizenaz ezagutzen dena eta dagoen espezimen osoena da. Aztarna horiei esker, eskeletoaren zati handi bat berreraiki ahal izan da, izan ere, ordura arte ez zegoen Australopithecus baino zaharragoak ziren homininoen ebidentziarik. Aldi berean, A. ramidus-en giza zuhaitz ebolutiboko kokapen filogenetikoari buruzko ondorio berriak sortu zituen, tximinoen eta gizakion azken ahaide komuna gaur egungo txinpanze, gorila eta orangutanen antzekoa zenaren pentsamendua baztertuz horrela.[2]

Sailkapena aldatu

 
Homininoen sailkapena denboran zehar.

Ardipithecus-en filogenia eztabaidagai izan da azken urteetan. Whitek, 1994an, A. ramidus-ek gizakiekin txinpanzeekin baino erlazio estuagoa zuela esan zuen. 2001ean, Brigitte Senut paleontologo frantsesak txinpanzeekin erlazio estuagoa zuela ondorioztatu zuen, baina, gaur egun, hipotesi hau baztertu egin da. 2009an, Whitek eta bere lankideek Ardipithecus-en posizioa berretsi zuten gizaki modernoekin lotuago dagoela esanez, hortz antzekotasunean, garezur-oinarri labur batean eta bipedismorako egokitzapenetan oinarrituta. 2011n, Esteban Sarmiento primatologoak esan zuen, ez dagoela froga nahikorik Ardipithecus homininien barruan sailkatzeko, baina ondorengo urteetan gizakiekiko dituen afinitate hurbilenak berretsi dira. Whitek eta bere lankideek, A. ramidus Australopithecus anamensis-ekin erlazionatzen dute, bere aintzindaritzat ere hartzen dutelarik. Paleoantropologo batzuek Ardipithecus kadabba Ardipithecus ramidus kadabba gisa sailkatzen dute, A. ramidus-en azpiespezie baten moduan, baina beste batzuentzat A. kadabba-ren hortzapen primitiboagoak A. ramidus-etik bereiztea eragingo luke. Baliteke Ardhipithecus ramidus Orrorin tugenensis-en ondorengoa izatea eta, aldi berean, Australopithecus-en arbasoa izatea, beraz, litekeena da Homo sapiens-en arbasoa izatea.[3]

Anatomia aldatu

Aurkitu diren fosil guztietatik garrantzitsuena “Ardi” izena jarri zioten emakumearena da. “Ardi” aurkitu den banakorik osoena da eta ondorioz, espezie honi buruz hainbat gauza jakin ziren. 50 kilogramo pisatzen zituen eta 1,20 metroko altuerara iristen zen. Fosil horiek analizatu ondoren, Ardipithecus-ak ezaugarri primitibo, arbasoekin partekatzen zituenak, eta ezaugarri eratorriak, geroagoko homininoekin partekatuak, zituela ikusi zen.[4]

“Ardi”ren bi besoak, bi eskuak, bi oinak, eskuineko hanka, pelbisaren zati bat, orno batzuk eta hortzapena dituen ia garezur osoa berreskuratu ziren. Gorpuzki horien azterketak homininoekin konparatuz gero, oso desberdina den espezie bat dela erakutsi du.

 
A. ramidus-en burezurra.

Bere aurpegia txinpanzeena baino bertikalagoa zen, hau da, Homo sapiens-aren antzekoa. Baraila ere txinpanzeekin konparatuz gero, horiena baino barruragoa zen, eta ez zuen ebakortz zorrotzik, hots, gaur egungo tximinoen antzekoak ziren. “Ardi”ren eta bere kideen hortzek ere Ardipithecus ramidus-en gizarteari buruz asko esan dezakete. Izan ere, gaur egungo txinpanzeei dagokienez, arrek emeek baino hortz handiagoak dituzte (beste tximinoetan ere gauza bera nabarmentzen da); hala ere, hori ez da gizakietan eta australopitezinoetan ikusi ezta Ardipithecus-ean ere. Lehen aipatu bezala, Ardipithecus generoko banakoen hortzak ez ziren horren zorrotzak eta sexuen artean ez zen desberdintasun ugari nabaritzen (dimorfismo sexualik ez). Hori kontuan izanik, argi dago beraien gizarte-egitura ez zela gaur egungo tximinoena bezalakoa, baizik eta Homo sapiens-aren zuzeneko arbasoen gizartearen antzekoa.

Horrez gain, beste datu bereizgarri bat burezurraren luzera da, hau da, oso laburra zen. Horri esker, bizkarrezur dortsalaren gainean orekatu zitekeen eta ondorioz, bi hanketan ibiltzen zela pentsa daiteke. Ideia horren baieztapena pelbisak eta oinek ere bermatzen dute.[5]

Hala ere, oin horiek ez ziren % 100 bipedo baten berdinak, alabaina ez baitzuen erpuru kontrajarririk. Antzekotasun gehiago zituzten esku batekin oin batekin baino, eta hori dela eta zuhaitzen adarrak heldu eta Ardipithecus ramidus-a horietan mantendu zitekeen.[4]

Habitata, elikadura eta kultura aldatu

Aurkitutako hortz, bestelako lagin eta lurraren konposizio isotopikoa direla eta, A. ramidus soilgune txikiak zituzten basoetan bizi zela ondorioztatu zen. Erliebean gehienbat errekak zituzten basoak nagusitzen ziren baita oihantzat hartu litezkeen eremu dentsoak ere. Gainera, baso-eremu hori irekiagoak ziren eremuekin nahasten zen, belardiekin hain zuzen ere. Makrougaztun desberdinetan eta hominidoetan egindako isotopoen ikerketek eremu itxi batean bizi izanaren ideia baieztatzen dute, eta A. ramidus-en dietan sabanan aurki daitezkeen elementu gutxi daudela ikusi da.[6]

 
A. ramidus intxaur bat apurtzen harri bat erabiliz.

Dietari dagokionez, seguraski txinpanzeena (fruitu helduetan adituak) baino orojaleagoa zen eta litekeena da zuhaitzetan zein lurrean elikatu izana. Dirudienez, fruituz, hostoz, haziz, sustraiz… elikatzen zen. Hau da, hortzetan txinpanzeen berdina den esmalte geruza mehe bat zutenez, horien dieta produktu begetal bigunetan oinarritzen zela ondorioztatu zen. Beharbada ugaztun txikiak, arrautzak eta intxaurrak ere jaten zituen.[7]

Betortzen eta gainerako hortzen proportzioak konparatuz gero, A. ramidus-aren portaera soziala iradoki daiteke. Txinpantze eta gorilek betortzen tamainu handia erakusten dute beste arrak ikaratu eta erasotzeko, eme bat lortzeko norgehiagokan ari badira. Ikerlari batzuek iradokitzen dute A. ramidus-en betortzak txinpantzeenak baino txikiagoak zirenez, oldarkotasuna ez zela beraien funtsezko ezaugarria. Horrez gain, litekeena da janaria prozesatzeko makila, adar eta harriak erabili izana tresna bezala.[6]

Paleoekologia aldatu

Aramisen A. ramidus-ekin lotutako ugaztun handien espezieen erdiak adardun antilopeak eta kolobino tximinoak dira.[8] Errinozero zuri eta beltz primitiboen ale batzuk daude, eta elefanteak, jirafa eta hipopotamo aleak ez dira hain ugariak. Animalia hauek Aramisen baso zein baso-belardiak zeudela adierazten dute, nahiz eta A. ramidus-ek seguruenik habitat itxiak nahiago zituen, bereziki ibaietako eremuak, ur-iturri horiek estaldura handiagoa izan dezaketelako. Inguruko harrapariak Ikelohyaena abronia eta Crocuta dietrichi, gaur eguneko hienekin ahaidetutako espezie iraungiak, Agriotherium hartza, Dinofelis eta Megantereon katuak, Eucyon txakurra eta krokodiloak izan ziren. Aramisetik Adengo golkora garai hartan, ohikoak zirela dirudi, baia, alkaba eta palmondoak; eta ebidentzia botanikoek klima fresko eta hezea iradokitzen dute.[9]

Erreferentziak aldatu

  1. Clark, G., & Henneberg, M. (2017). “Ardipithecus ramidus and the evolution of language and singing: An early origin for hominin vocal capability.” Homo: Internationale Zeitschrift Für Die Vergleichende Forschung Am Menschen, 68(2), 101–121. https://www.sciencedirect.com/science/article/abs/pii/S0018442X17300124?via%3Dihub
  2. White, T. D., Asfaw, B., Beyene, Y., Haile-Selassie, Y., Lovejoy, C. O., Suwa, G., & WoldeGabriel, G. (2009). Ardipithecus ramidus and the paleobiology of early hominids. Science (New York, N.Y.), 326(5949), 75–86. https://www.science.org/doi/10.1126/science.1175802
  3. Semaw, S., Simpson, S. W., Quade, J., Renne, P. R., Butler, R. F., McIntosh, W. C., Levin, N., Dominguez-Rodrigo, M., & Rogers, M. J. (2005). “Early Pliocene hominids from Gona, Ethiopia”. Nature, 433(7023), 301–305. https://www.nature.com/articles/nature03177
  4. a b La Vanguardia (2009). “Descubren el esqueleto del ancestro humano más antiguo”. https://web.archive.org/web/20091005004311/http://www.lavanguardia.es/ciudadanos/noticias/20091001/53794945420/descubren-el-esqueleto-del-ancestro-humano-mas-antiguo-universidad-california-berkeley-etiopia-afric.html
  5. Editorial La Página S.A.- Diario Página|12 (2009). “Ardipithecus ramidus, un nuevo tipo de ancestro”. https://www.pagina12.com.ar/diario/suplementos/futuro/13-2234-2009-10-17.html
  6. a b Ciudad Universitaria Virtual de San Isidoro (2014). “Ardipithecus ramidus”. https://www.cuvsi.com/2014/02/ardipithecus-ramidus.html
  7. Lifeder (2022). “Ardipithecus ramidus”. https://www.science.org/doi/10.1126/science.1175822
  8. White, T. D.; et al. (2009). "Macrovertebrate Paleontology and the Pliocene Habitat of Ardipithecus ramidus" (PDF). Science. 326 (5949): 67–93. https://www.science.org/doi/10.1126/science.1175822
  9. Lovejoy, C. O. (2009). “Reexamining human origins in light of Ardipithecus ramidus.” Science (New York, N.Y.), 326(5949), 74e1-8. https://www.science.org/doi/10.1126/science.1175834

Kanpo estekak aldatu