Aposizioa (edo adposizioa[1]) kategoria gramatikal bereko bi hitz elkartuz eratzen den joskera da; hor, bigarren hitzak lehenengoa zehazten du.[2] Hitz baten ondoan, hura zehazteko jartzen den beste hitza edo hitz multzoa[3] latinezko appositio hitzetik dator.

Adibidez, hurrengo esaldietan Iratxe eta zure ahizpa aposizioak dira:

  • Zure ahizpa, Iratxe, hona dator (bidean dakusaten ahizpa Iratxe da: ez da Aizu, Iratxe, zure ahizpa hona dator esaldiarekin nahasi behar, hor inork Iratxe izeneko lagunari haren ahizpa heldu dela esaten ari zaiolako).
  • Iratxe, zure ahizpa, hona dator (komek argitzen dute Iratxe hori solaskidearen ahizpa dela; bigarren koma gabe, hots Iratxe, zure ahizpa hona dator beste ideia bat adierazten da: hor, Iratxe bokatiboa da).

Bi motatakoak dira: murrizgarriak eta ez-murrizgarriak. Murrizgarriek ematen duten informazioa beharrezkoa da esaldian eta, euskaraz, komarik gabe idazten dira:

Haren anaia Antton bihar etorriko da (Antton ez da pertsona horren anaia bakarra).

Aldiz, ez-murrizgarriak komen artean idazten dira eta ekartzen duten informazioa ez da ezinbestekoa:

Haren anaia, Antton, bihar etorriko da (pertsona horrek anaia bakarra du, Antton izenekoa: haren izena zehazteak ez dakar informazio handirik).

Genitibozko aposizioak (Piarres Lafitteren Grammaire basque, Navarro-labourdin littéraire liburuan, génitif explétif deituak) ere baditugu euskaraz, leku-izenetan batik bat: Alemaniako Errepublika Federala, Irungo hiria, Gipuzkoako enparantza... Ez dute NONGO kasuaren ohiko esanahia adierazten, hau da, haien esanahia ez da Alemanian dagoen errepublika federala, Irunen dagoen hiria edo Gipuzkoan dagoen enparantza; aitzitik, Alemania errepublika federala dela, Irun hiria dela eta enparantza haren izena Gipuzkoa dela ulertzen da.

Hainbat hizkuntzatan ere antzeko egiturak daude:

  • gaztelaniaz, el mes de diciembre, el idiota de tu hermano (abendu[ko hil]a, hire anaia[ren] ergel hura),
  • frantsesez, le mois de décembre, l'idiot de ton frère,
  • ingelesez, the month of December,
  • japonieraz, 山下先生 (Yamashita no sensei, Yamashita[ren] irakaslea).

Erreferentziak aldatu

  1. Goenaga, Patxi; Fernández, Beatriz. (2022-12-20). Adposizioa eta adposizio sintagma. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua ISBN 978-84-1319-361-8. (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  2. Euskaltzaindia. Hiztegi Batua. .
  3. Lur entziklopedietatik hartua.

Kanpo estekak aldatu


  Artikulu hau hizkuntzalaritzari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.