Antzinako Greziako medikuntza

Antzinako greziarrek medikuntza izendatzeko erabiltzen zuten termino klasikoak, tekhne iatriké (sendatzeko teknika edo artea), “gaixotasunen medikuari” deitzeko ietèr kakôn edo zirujauari deitzeko kheirourgein, ‘esku langilea’, erakusten digute medikuntza zientzia bezala ulertzen zutela. Gizakia naturari gain hartzen hasten da eta bere mitoen bitartez, Jainkoei erronkak jartzen hasten da (Ankises, Peleo, Likaon edo Odiseo). Medikuntza ezagutzak ikus daitezkeen Antzinako Greziako obra zaharrenak poema homerikoak dira: Iliada eta Odisea[1][2].

Asklepio
Hipokrates

Historia aldatu

Lehenengoan ikus daiteke esate baterako, Meriones-ek Fereclo lantzaz zauritzen duela ipurmasailean, “maskuritik gertu eta pubis-hezur azpian”; edo Menelao erregeak jasotzen duen tratamendua Troiako gudan eskumuturrean gezi batek zauritu ondoren: “zirujaua Makaon medikua zen, Asklepioren semea, medikuntza grekoaren jainkoa, Kiron zentauroak medikuntza erakutsi ziona”. Bere izenetik eratorri zen eskulapio, garai batean medikuaren sinonimo zena; eta baita Higia izena ere, bere alabarena zena, hortik baitator gaur egun higiene deituriko medikuntza prebentiboaren adarra[3]. Asklepiori dagokio baita ere Eskulapioren hagaren jatorria, gaur egun medikuntzaren sinbolo unibertsala dena[4].

K.a. VI. mendean Alkmeon Krotonakoak, medikuntzan aritzen zen filosofo pitagorikoa, momentu hartara arte medikuntza grekoa sostengatzen zuten erritual sendatzaileak atzean uzten joan zen osasunaren teoria berri bat garatuz[5]. Atzean utzi zituen eskari eta otoitzak (eukhé), osasunaren jainkoak (Asklepio, Artemisa, Apolo, Atena, Higea…), dantza eta erritu sendatzaileak (Dioniso) eta oinarrizko erremedioen ezagutza enpirikoa. Krotona, Kos edo Knido-n mediku eskola berriak loratzen hasi ziren, Alkmeonen kontzeptuaren jarraitzaileak eta fisiologian eta natur zientzietan oinarritzen zirenak.

Baina greziar kultura klasikoan mediku figura garrantzitsuena Hipokrates izan zen[6]. Bere biografia Sorano Efesokoak idatzi zuen bera hil eta 500 urte geroago, eta berari esker dakigu Hipokrates Kosen jaio zela K.a. 460.urtean, zibilizazio heleniarraren urrezko garaiarekin batera. Mitoaren aurrean Hipokratesek arrazoiaren ikuskera berriz azaleratu zuen, eta Galenok eta geroago Alexandriako eskolak “mediku perfektua” kontsideratu zuten, eta ondorioz Medikuntza Modernoaren aita bezala izendatu izan da klasikoki[7]. Hipokratesen lan garrantzitsuena (Corpus Hippocraticum) 50 trataturen sintesia da, K.a-tik VI-V.mendeetan sortuak gehienak, beraz, obra baino gehiago “eskola hipokratikoa”ri buruz hitz egiten da, juramentu hipokratikoen printzipioetan oinarritua[8]. Lan hauetan ondorengo medikuntzaren adar hauek landu zituen: anatomia, barne medikuntza, higienea, etika medikua eta dietetika. Bere “lau humoreen teorian” Hipokratesek ekialdeko medikuntzatik gertu dagoen kontzeptua azalduko du, osasuna gorputzeko lau humoreen arteko oreka bezala ulertuko duena eta gaixotasuna (nosas), hauetako baten eraldaketa bezala (gehiegi izatea edo falta). Teoria hau oinarri hartuta, fisiopatologiaren teoria bat azalduko du nola gaixotzen den azaltzeko, eta terapeutikarena nola sendatu behar den azalduz, beti ere inguruko giroa, airea eta elikadura (dietetika) kontutan hartuta[9][7].

Hurrengo bi mendeetan (K.a. IV eta III. mendeetan), greziar mugimendu filosofikoa puri-purian egongo da. Aristotelesek medikuntza aitarengandik ikasi zuen, nahiz eta ez den ezaguna bere ohiko jarduna diziplina honetan. Hala ere, bere eskola peripatetikoa garaiko mediku garrantzitsu askoren oinarria izan zen: Diokles Karistokoa, Praxagoras Kosekoa, edo Teofrastorena besteen artean.

K.a. 300. urtean gutxi gorabehera Alejandro Magnok Alejandria sortu zuen, denbora laburrean Mediterraneoko eta Ekialde Hurbileko erreferente bihurtuko zena. Eskola alexandrinoak garaian ezagunak ziren medikuntzaren inguruko ezagutza zabaltzen lagundu zuen (baita beste diziplina askorena ere), mediku garrantzitsu asko sortzen lagunduz[10]. Iturri batzuen arabera, Ptolomeotarrek mediku hauen esku jartzen zituzten heriotza zigorrera kondenatuta zeuden presoak, beraiekin bibisekzioak praktika zitzaten[11]. Eskola alexandrinoak eman zuen mediku esanguratsuenetakoa Erasistrato izan zen, koledokoaren (bilisa heste mehean isurtzen duen konduktua) eta portaren zirkulazioaren (digestio aparatutik datorren odola gibelera eramaten duena) asmatzailea[12].

Herofilo Kaltzedoniakoa izan zen beste mediku aipagarri bat, meningeen, plexu koroideen eta burmuineko laugarren bentrikuluen deskripzio egokia egin baitzuen[13]. Eskola honekin batera, eskola enpirista garatzen da, bere adierazle medikua Glauko Tarentiokoa izanarekin (K.a. I. mendea). Glauko kontsidera dezakegu ebidentzian oinarritutako medikuntzaren bultzatzaile nagusia, beretzat oinarri fidagarri bakarra baitzegoen: norberaren edo beste medikuen esperientziatik jasotako emaitzak (edo analogia logikoan oinarrituta alderatzeko beste daturik ez bazegoen). Egipto lurralde erromaniko bezala onartzearekin batera (K. a. 30), amaitu zen alexandriar garaia eta honela eman zitzaion hasiera Erromako medikuntzaren argitasun garaiari.

Erreferentziak aldatu

  1. Homer.. ([2005?]). La Ilíada. Edimat Libros ISBN 8497644905. PMC 62706579. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  2. 1921-, Kirk, G. S. (Geoffrey Stephen),. (1985-1993). The Iliad : a commentary. Cambridge University Press ISBN 0521237092. PMC 10777992. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  3. «Zuhaizpe, Centro de Salud Vital» www.zuhaizpe.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  4. (Ingelesez) Wilcox, Robert A.; Whitham, Emma M.. (2003-04-15). «The Symbol of Modern Medicine: Why One Snake Is More Than Two*» Annals of Internal Medicine 138 (8): 673.  doi:10.7326/0003-4819-138-8-200304150-00016. ISSN 0003-4819. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  5. (Ingelesez) Collice, Massimo; Franchini, Antonia Francesca; Talamonti, Giuseppe; D'Aliberti, Giuseppe; Sala, Elena; Debernardi, Alberto. (2010-02-01). «Alcmaeon of Croton» Neurosurgery 66 (2): 247–252.  doi:10.1227/01.NEU.0000363193.24806.02. ISSN 0148-396X. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  6. 1870-1935., Garrison, Fielding H. (Fielding Hudson),. (1966). Contributions to the history of medicine. Hafner Pub. Co PMC 1173469. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  7. a b Scoping our practice : the 2004 report of the National Confidential Enquiry into Patient Outcome and Death.. NCEPOD 2004 ISBN 0953924033. PMC 57684107. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  8. Reinventing Hippocrates. Ashgate 2002 ISBN 0754605280. PMC 46732640. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  9. «Hippocrates Collected Works I» daedalus.umkc.edu (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  10. Sallam, H. N.. (2002-1). «[The ancient Alexandria school of medicine»] Gynecologie, Obstetrique & Fertilite 30 (1): 3–10. ISSN 1297-9589. PMID 11875862. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  11. Juan., García Font,. (D.L. 1978). Historia de la ciencia .... Danae ISBN 8470601288. PMC 6197971. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  12. (Ingelesez) Coleman, William. (1969-03-28). «Galen on the Usefulness of the Parts of the Body. (Peri Chreias Morion.)(De Usu Partium.) Translated from the Greek with an introduction and commentary by Margaret Tallmadge May. Cornell University Press, Ithaca, N. Y., 1968. 2 vols., boxed, xiv + 804 pp. $25. Cornell Publications in the History of Science» Science 163 (3874): 1439–1440.  doi:10.1126/science.163.3874.1439. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  13. Dachez, R.. (2006-06). «Livres médicaux ou paramédicaux. Histoire de la médecinede l′Antiquité au XX e siècle» Médecine Palliative : Soins de Support - Accompagnement - Éthique 5 (3): 170.  doi:10.1016/s1636-6522(06)74242-8. ISSN 1636-6522. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).

Kanpo estekak aldatu