Antton Olariaga

komikigile gipuzkoarra

Antton Olariaga Aranburu (Usurbil, Gipuzkoa, 1946) komikigilea da.

Antton Olariaga

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAntton Olariaga Aranburu
JaiotzaUsurbil, 1946 (77/78 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkomikigilea, marrazkilaria eta ilustratzailea
Enplegatzailea(k)Anaitasuna (aldizkaria)
Lan nabarmenak
Jasotako sariak

Inguma: antton-olariaga-aranburu

Arte Ederretako ikasketak egin zituen Valentzian aurrena eta Bilbon gero. Valentzian bertan Las Provincias egunkarian hasi zen kolaboratzen marrazkilari gisa, eta ondoren Cuadernos para el Diálogo aldizkari ospetsuan.

Publizitatean eginiko etapa labur baten ondoren, eta bere euskaltasunak bultzaturik, Zeruko Argia aldizkarira bidali zituen lanak, froga gisa. Lanok onartuak izan ziren, eta orduan hasi zen Olariagaren ekarri oparoa euskalgintzari, gero eta harreman estuagoan. Bilbora etorririk, laster ugaritu zituen kolaborazioak prentsan (Anaitasuna) eta argitaletxeetan (Saioka...). Alderdi biok, egunean eguneko lanak eta liburugintzak, albisteak eta ilustrazioak, garrantzi berezia izango zuten beti bere lanean, egundaino.[1]

Marrazkilari kazetaria aldatu

 
Euskal umoreari buruzko mahai-ingurua (1995)
 
Udako Euskal Unibertsitateko programa 1977an. Antton Olariagak euskarazko hitzaldi bat egin zuen komikigintzaz eta espresio teknikez.[2]

Olariagaren Euskal Herriratzeak (1974) iraultza bat suposatu zuen grafismoan. Ordura arte, gure prentsa urrian azaltzen ziren irudiek gerra aurreko diseinua zeukaten publizitatean, eta pertsonaiarik ez zegoen, tira komikoa delakoa beti zen erdal eredu arrunten (Don Celes, Mortadelo) egokitzapen presazko bat. Artikuluek, berriz, ia inoiz ez zeukaten ilustraziorik. Horiek guztiak aldatzen eta betetzen hasi zen Olariaga, beti izan duen emankortasun etengabean. Ondorioz, euskara eta euskal prentsa prestigiatzeaz gainera, kazetarien testuak duindu zituen irakurlearen begia erakarriz lehenik, eta bere interpretazioa eskainiz hurrena. Hauxe du, izan ere, beste marrazkilariengandik bereizten duen ezaugarrietariko bat: irakurle zorrotza dela, eta bere irudiak, berezko kalitatea ukatu gabe, beti direla ondoan daukan testuari buruzko hausnarketa interesgarri bat, ikuspuntu pertsonal bat. Berak esana du, «Nere txistegintza komentariogintza da gehiago». Marrazki bitarteko kazetaritza dela berea, esaten ahal dugu. Kaleari oso erne, tipologiak atzemateko dohain berezia dauka. Koadroko alkandora eta bizarra, mutilak; bandolera eta galtza kanpanak, neskak; biek ere libururen bat besapean, eta komentario ironikoren bat ezpainetan: 70. hamarkada gatazkatsu eta aberatseko gazteriaren irudia finkatu zuen gure memoria kolektiboan.

 
Zakilixut Eukaldunon Egunkariaren 2000. urteko urtekarian.

Olariagarena bezalako lanei esker, grafiak, komentario ilustratuak, tira komikoak, alor berezi bat irabazi ahal izan du mendebaldeko prentsan. Testuaren osagarri izatetik, irudia atal independentea izatera pasa da, ezinbesteko sekzioa egunkarietan. Gure artistak sorturiko pertsonaiek -Zakilixuten kasuan nabarmenkien- solfa jartzen diote egunekoari, anitz komentario astunek baino sakonagoko intuizioz adierazten digute munduaren hastioa edo maitasunaren ahula edo euskaltzaleen ilusioa edo politikagintzaren arrunkeria... Gaur egun aipatu pertsonaia baldin bada ere ezagunena, aspalditik datorren haria du hau Olariagak, duela hogei urte Anjel Lertxundirekin batera sinaturiko Juana Bixenta Olabe hartatik hasita hainbat pertsonaia moderno sortuz, hala hola Hormasprayko, Marizikin, Mozorrozko...

Literaturaren azala aldatu

Prentsan egin zuen lanaren antzekoa garatu zuen liburugintzan, zer esanik ez, ezaugarri eta baliabide desberdinekin. Hitzik gabeko ilustrazioak, azalak, diseinu osoak teknika bereziak behar dituzte, eta kolorea. Marrak baldin bazeukan garrantzia prentsan, ilustrazioan masak aginduko du. Koloreari muzin egin gabe, Olariagak beltzak, masa beltzak eduki zezakeen baliagarritasuna erakutsi zuen hainbat ilustraziotan, besteak beste, lehen fase batean.

Orduan indarrean zeuden literatur editorialek diseinu bakarrarekin jokatzen zuten, kolorea aldatuz alez ale, Itxaropena editoriala adibide, lan txukun baina monotonoan. Aurrerapen handia izan zen fotografia ekartzea liburuen azalak egiteko, eta estilo bat markatu zuen Gero-k, euskal artisten koadroen erreprodukzioak baliatu zituenean azalerako. Baina zegoena erabiltzen zen, ez zen berariaz ezer egiten libururako, harik eta Olariagak haurrentzako liburuetan egiten hasia zena literaturan gauzatu zuen arte, Erein etxean buruturiko lanaz bereziki. Liburuaren portadagintza berritu eta garatu egin du hogei urteren buruan, gaur egun Alberdania argitaletxeko liburuen azala ezezik diseinu osoa ere zainduz. Oro har, euskal literaturaren hainbat tituluren akordua, Olariagaren erruz, ezin dezakegu bereizi bere portada bortitzetik.

Haurren liburugintza aldatu

Orain artekoak munta handikoak izanagatik, aipamen berezia behar du Antton Olariagak haurren liburugintzan egin duen lanak. Bera hasi zen garai haietan, 70. hamarkadaren bigarren zatian, umeentzako liburugintza sortzen ari zen gurean. Inoren lana gaitzetsi gabe, esan liteke Olariagak landu zuela gure haurren plastika ulertzeko ahalmena. Milaka marrazki zoragarri jarri zituen, pertsonaiak zirela edo objektuak zirela, euskal haurren begipean, beren imaginario kolektiboa aberastuz. Halako kopuruan eta halako kalitatez, non haurrak berak izan baitzituen omentzaile: Antton Olariagari eskatu eta egin zitzaion lehen elkarrizketa, Barandiaran Lizeoko haurrei zor zaie... Eta egin dituen entrebista bakanetan, marrazkiak testugintzan behar duen lekua adierazi izan du beti, berak hain maisuki betetzen duen aholkua emanez, zorrotz bezain apal:

«Ipuia aldiz beste era batera ulertu behar da, testu idatziari atxekirik arituz, testuak baitauka lehentasuna, ilustrazioaren helburua girotze eta apaintzearena delarik. Horrek beste atrebentzia bat ere badauka, ilustrazioak letra idatziak baino indar haundiagoa bereganatzen duenean, orduan testua interpretatu eta ixteko arriskuan eroriz; marrazkiak ez dezala testua destripatu, ez dadila deskriptiboegia izan haren magiaren kontra, beti sujerentetasuna mantenduz.» (Zeruko Argia 1978-07-30).

Beste maila batean, ezin ahantzizkoa da Olariaga izan genuela Ipurbeltz haurrentzako komikiaren sortzaileetarikoa.

Marrazkilari idazlea aldatu

Bertsolariaren moduan jardun izan du marrazkilariak, beraz: gaia emanda, ideia bati gorputz ematen. Bertsolaritza oso hurbil izan du beti gure artistak, bertso ezagunek zeukaten potentziala jakin izan du ustiatzen, halako konplizitate polit bat lortuz irakurlearekin. Batzuetan aipamena izango da, bestetan moldaketa, beti ere tradizioa birsortuz. Bertsoak berez dakar lokuzioa, errefraua, hitz-jokoa: behin baino gehiagotan ezin dugu definitu norena den Olariagaren kazetaritzako obra, bertsolari batena ote den, edo zirikalari batena, edo editorialgile batena, edo herri sentimenduen interprete batena... poeta batena, esango genuke, diziplina desberdinak uztartuz artea sortzen duen mago batena. Behin irakurri omen zuen prentsan lan-eskaintza bat, «Se necesita dibupensante», eta bere senari egoki zetorkion eskaera iritzirik, bere burua eskaini omen zuen agentzian. Hala sartu omen zen publizitatean. Horixe baita Antton Olariaga, gogo-marrak egiten dituen artista. Bere inguruaz arduratzen delako eskua libre uzten ahal duen pentsalaria.

Tiraren espazioak berak aginduta hitz gutxi erabiliz, gauza laburrak, zientifikoak ia, proposatuz, idazleak, artikulugileak eta kazetari tradizionalak ezin eduki dezakeen ausardia batekin jokatzen du, hizkuntzaren bihurriak ederki profitatuz. Hitz-jokoak, esangura anitzak, sexu terminologia zaharberritua, ironia politikoa... hauek lirateke bere idazkeraren teknika batzuk, zenbaitetan herriagandik jaso eta orokortuak, baina gehienetan hark sortu eta herriak bereganatuak bere hizkera arrunterako. Eta beti ere inori mingarria ez zaion benetakotasunean, bere pertsonaiak biziak direlako, eta gain hartzen diotelako egilearen pertsonalismoari, fikzio unibertsalek duten indarrarekin:

«Piskanaka nere ildoak jorratu ditut, pertsonaia batzuk egiten dituzunean hor mantentzen zara, baina beti ere begiak erne dituzula. Zure buruari ustekabeak eman behar dizkiozu.» (Argia, 1990-04-08).

« [Hitzekin jolasten eta hitzak hizkuntzaren barnetik sortzen] maisu handi bat daukagu denok, eta Antton Olariaga marrazkilaria da. Beste asko baino lehenagoko euskaltzain osoa behar luke. Idazle handia da, gure Elkarteko ohorezko bazkide proposatzen dut. Artista plastikoa izateak ematen ote dio erraztasun hori hizkuntza apurtuz edertzeko? »

Koldo Izagirre [3]


Mende beteko bi buruak aldatu

Antton Olariagak gerra aurreko beste marrazkilari handi batekin lotzen du euskal marragintzaren tradizioa, Jon Zabalo Txiki-rekin. Bien artean, XX. mendeko euskal plastika aplikatua betetzen dute. Egun, duela 70 urte Txikiren grafiarekin gertatzen zen bezala, Olariagaren lana hain gurea zaigu eta hain identifikatua dago bere herriarekin, non «euskal estiloa» markatu duen, gure nortasun estetikoa sortuz, hala grafian nola mintzoan. Baina hark ez bezala, Olariagak harreman berezia dauka hitzarekin: bere pertsonaiak mintzatu egiten dira, ez dira aldez aurretik eginiko gidoi baten protagonistak, iritzi propioak dituzte errealitateaz... Alde horretatik, bere buruari inposaturiko diziplina estetiko handiaz gainera, egunerokoan konplexubako murgiltzen dakien artista dugu, hizkera suelto, ausart eta urbano bat proposatzeko.

Erakusketa itinerante bat, eskuz esku dabilen patrimonio bat eskaini digu Olariagak urtez urte. Artea etxekotu digu. Eta horretxegatik, hain zuzen, ez dugu jakin izan behar bezala baloratzen. Gaizki ohitu gaitu, beti zakuko onenak ematen dizkigu eta. Baliteke behar bezalako ez-baloratze honetan egilearen beraren eskuzabaltasunak ere errurik izatea: erresistentziako eta presupostu txikiko urteetan ulergarria baldin bazen erdi musu-truk lan egin beharra, gaur, subentziorik gabe ia ezer egiten ez den honetan, berdin jarraitu izan du Antton Olariagak doan kolaboratzen Sagardogileen Kartelak egitetik hasi eta Eremu Urriko Hizkuntzen Zinemaldirako logoak, afitxak eta sariak diseinatzeraino...

Kasu harrigarria, benetan, artista handia eta bihotz handia pertsona berean egokitzea.

Zenbait pertsonaia aldatu

  • Airko (Xabier Kintanarekin) Anaitasuna
  • Kaleko (Anaitasuna)
  • Hormasprayko (Zeruko Argia, pertsonaia errealista)
  • Mozorrozko (Zeruko Argia, fikzio karga handikoa)
  • Juana Bixenta Olabe (Egin)
  • Marizikin (Pertsonaia femeninoa, gero Zakilixutekin azalduko zena)
  • Zakilixut (Obseso irudi lukeena, frustratu bat funtsean) (11 urte Eginen, gero Egunkarian azalduko zena eta orain Berrian)
  • Alukiss eta Bardokas

Prentsako kolaborazioak aldatu

Sariak aldatu

Erakusketak aldatu

  • 2013 — Ilustratzailearen txokoa: Antton Olariaga., Aiete Kultur Etxea , 2013ko irailaren 17etik abenduaren 15era, Donostia.[4] Ilustratzailearen Txokoa: Antton Olariagari elkarrizketa. Aiete K.E. Donostia. (2013-09-17-2013-12-15).[5]

Erreferentziak aldatu

  1. «Olariagaren trantsizioa. Egin egunkariaren eta Zakilixuten jaiotzak» web-argitalpena.adm.ehu.es (Noiz kontsultatua: 2021-10-26).
  2. «Antton Olariaga Aranburu :: Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-31).
  3. Etxeberria, Hasier. (2002). Bost idazle. Hasier ETxeberriarekin berbetan. Atxaga, Izagirre, Lertxundi, Saizarbitoria, Sarrionandia. Alberdania ISBN 84-95589-41-9. PMC 433302856. (Noiz kontsultatua: 2022-04-15).
  4. «Ilustratzailearen txokoa: Anttxon Olariaga.» (PDF) Aiete Kultur Etxea 2013-09-17 (Noiz kontsultatua: 20019-07-09).
  5. Donostia Kultura. (2017-10-12). Ilustratzailearen Txokoa Antton Olariaga. (Noiz kontsultatua: 2019-07-09).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu