Angkor Wat

templu hinduista

Angkor Wat (khmereraz: អង្គរវត្ត) Kanbodian dagoen XII. mendeko tenplu hinduista eta ondoren budista da, antzinako Angkor hiriburuan eraikia eta munduko monumentu erlijiosorik handientzat jotzen dena (1.626.000 m²)[1]. Tenplua Suryavarman II.a Khmer erregeak eraiki zuen Yasodharapuran (khmereraz: យសោធរបុរៈ, gaur egungo Angkor), Khmer inperioaren hiruburuan, estatuko tenplu garrantzitsuena izateko helburuarekin eta, ondoren, bere mausoleoa. Aurreko agintariak Shivaistak ziren, baina Angkor Waten pertsonaia garrantzitsuena Vishnu da[2]. Angkor gunean dauden tenpluetatik egoera onena duena da, eta horregatik denboran zehar aktibitate erlijioso garrantzitsua izan du, lehenengo hinduentzat eta, ondoren, budismoarentzat. Tenpluak khmer arkitekturaren garairik loriatsuenaren adibide gorena da. Kanbodiako ikur bilakatu da, Kanbodiako banderan agertzeraino, eta herrialdeko atrakzio turistiko nagusia da.

Angkor Wat
អង្គរវត្ត
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Angkor
Angkor
Kokapena
Estatu burujabe Kanbodia
Province of CambodiaSiem Reap Province
Koordenatuak13°24′45″N 103°52′00″E / 13.4125°N 103.8667°E / 13.4125; 103.8667
Map
Altitudea65 m, itsas mailaren gainetik
Historia eta erabilera
IrekieraXII. mendea
Arkitektura
EstiloaKhmer arkitektura
dravidiar arkitektura
Gizateriaren ondarea
Erreferentzia668-001
Eskualdea[I]Asia eta Ozeania
Izen-emateabilkura)
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Angkor Watek khmer arkitekturako bi oinarrizko planoak ditu bere baitan: galeriadun tenplua eta mendi-tenplua, dravidiar arkitekturan oinarritua, Jagati bezalako elementu garrantzitsuekin. Meru mendiaren errepresentazioa litzateke, mitologia hinduan deven etxea: kanpoko babes erreten batez inguratuta lehenengo harresiak ditu, guztira 3,6 kilometroko perimetroarekin. Bere barruan hiru galeria laukizuzen daude, bakoitza bestea baino garaiago. Tenpluaren zentroan dorre-kinkunzio bat dago. Angkorreko beste tenpluak ez bezala, Angkor Wat mendebaldera orientatua dago. Berezitasun honen inguruan eztabaida handia dago gaur egun. Tenpluak duen harmonia arkitektonikoa, behe-erliebe eta hormetan dauden devata kopuru izugarria dela eta, admirazio handia sortzen du.

UNESCOk, Gizateriaren Ondare izendatu zituen 1992an[3], Angkor sailkapenaren barnean.

Izena aldatu

Gaur egungo izenak, Angkor Wat (khmereraz: អង្គរវត្) edo Nokor Wat (នគរវត្), "Tenplu Hiria" edo "Tenpluen Hiria" esan nahi du; Angkor hitzak (អង្គរ) "hiri" edo "hiriburu" esan nahi du, eta nokor hitzaren (នគរ) aldaera lokal bat da. Sanskritoko nagara hitzetik dator[4] (Devanagari: नगर). Wat hitza (វត្) lehenago "tenpluen lurra" esateko erabiltzen zena da, hau ere sanskritotik eratorria, vāṭa (वाट), "itxitura" esanahiarekin[5].

Tenpluaren jatorrizko izena Vrah Viṣṇuloka edo Parama Viṣṇuloka zen (Sanskritoz), (khmereraz: បរមវិស្ណុលោក - Barom Visnulōk), hau da, Vishnuren bizileku sakratua[6].

Historia aldatu

 
Suryavarman II.a erregea prozesioan.

Angkor Wat Siem Reap hiri modernotik 5,5 kilometrora dago iparraldean, eta lehenago hiriburuaren zentroa zen Baphuonetik hego-ekialdera distantzia labur batean. Kanbodiako eskualde honetan antzinako egitura ugari daude, eta hau eraiki zenean konplexu nagusiaren hegoaldean egin zen.

Angkor Wat Khmer Inperioaren arkitekturaren adierazgarri nagusia da, lehenengo tenpluak VI. mendekoak izanik[7]. Tenplu erraldoi honen sustatzailea Suryavarman II.a izan zen, 1113tik 1150ra gobernatu zuena, eta boterea lortu zuena garai hartako Dharanindravarman erregea zena hil ondoren, bere gainean salto eginez erregea bere elefantean paseatzen ari zen bitartean. Horregatik, historialari batzuen ustez, tenplu honen tamaina erraldoiak, hein batean, bere erregealdiaren balizko ez-zilegitasuna baliogabetzeko nahiak eragindakoak dira[8].

Kondairak dioenez, erregeak jainkoen atseginerako toki batean kokatu nahi izan zuen tenplua eta, horretarako, ordokian idi bat askatu zuen eta etzaten zen tokian tenplua eraikitzea erabaki zuen[9]. Egia izan ala ez, Suryavarman II.ak antzinako Yasodharapura hiriaren ondoan[10] (sanskritoz "hiri sakratua" esan nahi duena[11]) ezarri zuen tenplua, egungo Siem Riep hiritik kilometro gutxira, eta bere arbasoek bezala, jauregia konplexuaren esparru harresituaren barnean ezarri zuen. Tenpluko lanak, erregea hil ondoren eten ziren eta ez zituzten jarraitu, eta beraz, gunearen eraikuntzak, soilik 37 urte iraun zuen. Tenplua Vishnuri dedikatua zen, eta erregearen estatu tenplu eta hiriburu gisa eraiki zen. Ez da oraindik aurkitu fundazio estelarik ez eta garaian bertan idatzitako inskripziorik, beraz ez dakigu zein den tenpluaren berezko eta jatorrizko izena. Baliteke Varah Vishnu-lok izena hartzea, hau da, "Vishnuren Egoitza Sakratua" jainko nagusiaren omenez. Ematen duenez lanak berehala amaitu ziren erregearen heriotzarekin, behe-erliebeetako batzuk bukatu gabe utziz[12].

1177an, Suryavarman II.aren heriotzetik 27 urtera, chamdarrek arpilatu zuten, gaur egungo Vietnamgo herri bat[13] eta khemerren etsai tradizionala. Handik urte gutxira, Jayavarman VII.a erregearen etorrerarekin, inbaditzaileak kanporatu eta inperioaren mugak zabaldu ziren. Errege garrantzitsu hau, zeinaren erregealdia 1181etik 1220ra hedatu zen[14], hinduismoa utzi eta Mahāyāna adarraren budismora bihurtu zen[13], hiriburu berria hurbil zegoen Angkor Thomen ezarriz, Bayon tenplu berri bezala hartuz.

XIII. mendearen amaieran, Jayavarman VIII.a erregea hinduismora itzuli zen, Jayavarman VII.aren ondarearen zati bat suntsituz eta tenplu hinduista batzuk hobetuz, Angkor Wat barne. Jayavarman VIII.aren oinordekoa Srindravarman izan zen 1295ean, Sri Lankan monje budista ordenatu berri izan zena, eta berriz aldatu zuen inperioaren erlijioa, baina oraingoan budismoko Theravāda adarraren sinesmenak hartuz[15]. XIV. eta XV. mendeen artean, Khmer Inperioak Sri Lankatik Theravada monje budistak jaso zituen, erlijio berrirako tenpluak eraldatuko zituztenak. Garai horretan birmoldatu zen Angkor Wat tenplua, Theravāda gurtzara egokitzeko.

Ez dakigu ziur zergatik utzi zen Angkor: litekeena da Khmer Inperioaren gainbehera izatea arrazoia, nagusiki mongolen (1283)[13] eta siamesen (1369 eta 1431 artean)[16] erasoaldien ondorioz, hiriburuak inbaditzaileekiko zuen gehiegizko hurbiltasuna agerian utzi zutenak, eta, beraz, gobernariek Tonlé Sap aintziraren hegoalderantz abiatu ziren, Phnom Penh eta Udong alderantz. Gainera, kokagune berri horiek Mekongen deltatik eta Txinako itsasotik hurbil egoteak merkataritzarako eta itsas trukerako egoera estrategiko hobea ematen zien, hain garrantzitsua eurialdian lehorreko garraioa ia erabat eteten zen eskualde batean. Epidemien edo goseteen arrazoia ere argudiatzen da (beharbada Erdi Aroko Izotz Aro Txikiak eragindakoak[17]), monarkia bere tronua hegoalderantz mugitzera behartuko luketenak. Edonola ere, Angkor 1432an utzi zuten, eta Loveken ezarri zuten hiriburu berria, egungo Phnom Penh hiriburutik gertu.

Hala ere, Angkor berriz populatua izan zen XVI. mendearen bigarren erdian: 1550ean, Ang Chan erregea (1516-1566) Angkor Thomera joan zen, hiriburua Loveken mantendu zuen arren, eta urte batzuk geroago, 1576an, Satha erregeak gortea Angkorrera eraman zuen berriro[18]. 1594an siamdarrek Kanbodiako inperio ahula konkistatu zuten, eta Angkor behin betiko abandonatua izan zen[13].

Hiriak gainbehera izan arren, monje budistak Angkor Waten geratu ziren. Adibidez, Preah Poan galerian (gurutze formako galeria bat, zeina tenpluaren hirugarren esparruaren sarrera dena) Budaren zurezko, harrizko eta metalezko estatuak aurkitu ziren. Eskultura hauetako batzuk, XVI. eta XVIII. mendeen artean datatuak daude, eta frogatzen dute Angkor Wat tenplua, inguruko beste batzuk ez bezala, sekula utzia izan ez zela. Gainera, tenpluak Kanbodiako mugetatik kanpo oihartzuna izan zuen, aurkitu diren birmanierazko edo japonierazko idazkunek adierazten duten bezala.

Arkitektura aldatu

Lekua eta planoa aldatu

 
Airetiko ikuspegia
 
Angkor Waten plano orokorra
 
Bakan edo erdiko tenplua.

Angkor Wat "mendi-tenplu" baten eta geroago eraikitako galeria zentrokideen multzo bakun bat da. Angkor Waten eraikuntza planoak erakusten du esanahi zerutiarren bat zegoela tenpluaren hainbat eraikuntzen kokapenean. Tenpluaren ekialde-mendebalde orientazioaz gain, tenpluaren erdialdetik eta terrazetatik dorre espezifikoak eguzkiak solstizioan duen kokapen zehatzarekin lerrokatuta daude[19]. Tenplua Meru mendiaren errepresentazio bat da, jainkoen egoitza: erdiko dorreen boskoteak mendiaren bost puntak irudikatzen ditu, eta paretak eta lubanarroak inguruko mendiak eta ozeanoen errepresentazioak dira[20]. Tenpluaren goiko esparruetako sarrera geroz eta esklusiboagoa zen, eta laikoak bakarrik beheko mailetan sar zitezkeen[21].

Khmer tenplu gehienetan ez bezala, Angkor Wat mendebaldera orientatuta dago, eta ez ekialdera. Maurice Glaize eta George Coedèsen arabera, Suryavarmanen intentzioa hileta-tenplu bat eraikitzea zen[22]. Tenpluaren erliebeek ere ematen dute ikuspegi honen aldeko ebidentzia gehiago, erloju-orratzen kontra baitaude (prasavya Hindu terminologian), ordena ohikoaren aurka. Brahmanismoan ematen diren heriotza-erritualak kontrako ordenan izaten dira. Charles Higham arkeologoak ere aipatzen du dorre zentralean bildu zen balizko hilobi-txarro bat[23]. Egile batzuen arabera, inoiz gorpu bat lurperatzeko egindako energia xahuketarik handiena izango litzateke[24]. Freeman eta Jacquesen arabera, hala ere, badira Angkorren beste hainbat tenplu ez daudenak ekialderantz lerrokatuta, eta euren ustez Angkor Waten orientazioa Vishnuri dedikatua egoteagatik izango litzateke, mendebaldearekin lotutako jainkoa[20].

Eleanor Mannikka ikerlariaren arabera Angkor Waten lerrokatze eta dimentsioak ikusita, eta bertan dauden erliebeen edukia ikusita, Suryavarman II.a Erregeak bake aro berri baten hasiera aldarrikatu nahi izan zuen: "Eguzkiaren eta Ilargiaren denbora zikloak neurtuz eraiki zen Angkor Waten espazio sakratua, eta aginte dibino hau ganbera eta pasalekuetan ezarri zen, erregearen boterea betikotzeko helburuarekin, eta jainkoak baretzeko nahiarekin goiko zeruan"[25]. Mannikkaren proposamenak interesa eta eszeptizismoa jaso du inguru akademikoetan. Graham Hancockek, bestalde, Draco konstelazioaren errepresentazio bat izango litzateke[26].

Estiloa aldatu

Angkor Wat Khmer arkitekturaren adibide klasiko nagusia da, eta arkitektura estilo bati izena ematen dio. XII. mendean Khmer arkitektoek gaitasun handia zuten hareharria erabiltzeko, adreilu eta lateritaren ordez, eraikuntza material nagusi gisa. Ikusten diren egitura gehienak kareharri blokezkoak dira, laterita kanpoko horma eta barneko egiturazko ataletarako gorde zen bitartean. Harriak elkartzeko erabili zen materiala ez dugu ezagutzen, nahiz eta erretxina naturalak proposatu diren[27].

Kanpoko esparrua aldatu

 
Kanpoko esparruaren Mendebaldeko horma.
 
Ipar “liburutegia”.

Kanpoko esparrua, aintzirak inguratua, 1025 x 800 m luze-zabal da eta 82 ha hartzen ditu[2]. Aintziraren perimetroa, 5,5 km luze, harrizko zenbait ilararekin mailakatuta dago[2]. 12 m zabaleko bi pasabidek, Naga itxurako (5 edo 7 buruko suge mitikoa) balaustradaz apainduak, aintzira zeharkatzen dute ekialdean eta mendebaldean, tenplurako sarrera eta irteera ahalbidetuz[28].

Esparrua 5 m garai den lateritazko horma batez itxita dago[29], eta honen gainean 235 m luze den arkupe bat du, zeinaren kanpoaldean korridore kolomadun bat duen. Atarian hiru dorre nabarmentzen dira, sarrera banarekin: nagusia gopura edo sarrerako pabiloi bat da, aurretik arkupe txiki bat duena, alboetan bi sarrera txiki dituena, dirudienez elefanteak eta gurdiak pasatzen uzteko prestatuak[2][30].

Agian erregearentzat hil-tenplu bat izateagatik, edo beharbada Vishnu jainkoari eskainia egoteagatik (unibertsoaren mendebaldeko koadranteari lotua), Angkor Wat, gainontzeko tenpluak ez bezala, mendebalderantz orientatzen da[29]. Horregatik, tenpluko erliebeetan kontatutako istorioen norabidea erloju orratzen kontrako noranzkoan irakurri behar da[2].

Mendebaldeko sarreratik erdiko tenpluko hiru esparru zentrokideetaraino, 10 m zabal eta 352 m luze den bide goratu bat garatzen da[7] , hau ere naga estatuekin alboetan. 50 metrotik behin, balaustrada eten egiten da bi eskailera simetrikorekin, bidea eta zorua bereizten dituen metro eta erdia jaisteko aukera ematen dutenak. Lehen esparru honen lursail zabalean errege jauregia zegoen, eta tenpluaren populazio iraunkorra hartzen zuen, baina, bertan bizi ziren egiturak galkorrak zirenez, gaur egun ia ez da aztarnarik geratzen, "liburutegi" funtzioa zuten harrizko bi eraikinez gain, hauek ere erdiko bidearen simetrikoki kokatuta zeudelarik. Erdiko bide honen amaieran agertzen diren bi aintzira angeluzuzen handiak, 50 m zabal ingurukoak, jatorrizko tenplua baino geroago eraiki ziren. Gaur egun, esparru honetan monje budisten asentamendu txiki bat eta tenpluaren beste aldean dagoen beste herrixka txiki bat ditu, guztiak, askoz berriagoak eta interes arkitektonikorik gabekoak.

Bideak bi maila dituen gurutze-formako terraza batean amaitzen da, eta horrek aldi berean 258 x 332 metroko plataforma handira eramaten du. Plataforma horren gainean dago erdiko tenplua.

Tenplu nagusia aldatu

 
Angkor Wat tenpluko erdiko dorreak Meru mendi sakratua sinbolizatzen du.
Fitxategi:Angot war.jpg
Bakan edo erdiko tenpluaren airetiko ikuspegia. Aurrealdean gurutze-itxurako terraza du.

Tenplu nagusia, Angkor Wat erdigunean kokatua, Bakan deitzen da[2]. Hasieran hindua izanik, eraldaketa handia izan zuen XVI. mendearen amaieran estupa budisten eskakizunetara egokitzeko[2]. Tenplua, plataforma handi baten gainean dago, eta goratzen diren hiru esparrutan banatuta dago, korridore zutabedunez mugatuak eta muturretan pabiloiak dituztenak: hirugarren esparruak, kanpokoak, ez du dorrerik, eta bere erliebeak, tenplua eraiki zuen Suryavarman II.ari eskainiak daude. Bigarren eta hirugarren esparruek dorreak dituzte pabiloien gainean. Bigarren esparruak ez du behe-erlieberik, lehenaren erliebeak Vishnu jainkoari eskainiak dauden bitartean[7].

Esparruak zentrokideak diren arren, ez dira guztiz simetrikoak: ekialdetik sartuz, espazio gehiago dago bigarren eta hirugarren esparruen artean (kanpokoena). Alde horretan hiru sarrera ireki zituzten, gainontzeko orientabideetan egindako sarrera bakarraren ordez. Hiru galeriek hirugarren esparrua bigarrenarekin lotzen dute, ekialdeko hiru sarreretako bakoitza jarraituz. Galeria batek perpendikularki lotzen ditu hiru galeriak euren erdiko puntuarekin, Preah Poan izeneko gurutze formako egitura bat sortuz[2]. Preah Poan galerien artean, lau lubanarro agertzen dira, jatorrian urez beteta zeudenak eta helburu erritualekin erabiltzen zirenak. Hurrengo mendeetan, tenpluaren gune honek garrantzi berezia hartu zuen, Budaren estatua ugarirentzako biltegi bezala balio izan baitzuen, "Mila budaren galeria" izena jasoz[31]. Estatua hauetako gehienak, 1970eko hamarkadaren hasieran arpilatuak edo segurtasun arrazoiengatik erretiratuak izan ziren[32]. Preah Poan galeriaren iparraldean eta hegoaldean, salbuetsitako bi "liburutegi" daude.

Bigarren esparrura iristeko eskailera malkartsu batzuk igo behar dira, hindu ikonografiaren arabera jainkoen mendirako igoera irudikatzen dutenak. Bigarren esparruan, 115 x 100 metrokoa, bi "liburutegi" txikiago ere agertzen dira. Bigarren esparru edo maila hau, jada ez zen irisgarria herri xehearentzat eta[33], horregatik, bere arkitektura desberdina da: kanpoko hormak itsuak dira, eta galeria barnealdera irekitzen da soilik erliebe konplexuko zutabeek zeharkatutako leihoen bidez. Bigarren esparru barruan, esparru nagusiaren plataforma agertzen da, 11 eta 13 metro artean goratua iturri desberdinen arabera, eta bertara iristeko 70º inguruko malda duten eskailera aldapatsuak erabiltzen dira[33], mendebaldean izan ezik, norabide nagusiari jarraituz, non malda 50ºkoa den.

Lehen esparrua, soilik erregetzat eta apaiz nagusiarentzat irisgarria, 60 metroko aldea duen karratu bat da, Meru mendiaren tontorrak irudikatzen dituzten bost Prasat edo piramide-tenplu dituena[34]. Bost tenpluak, euren artean, lau patio sortzen dituzten korridoreen bidez konektatuta daude, Preah Poan delakoaren antzekoak. Erdiko Prasat besteak baino handiagoa da eta bere oinarrian 4,6 m zabaleko nitxo bat dago non Vishnuren estatua bat zegoen[35]. Nitxoak, jatorrian, lau puntu kardinaletan irekidurak zituen, baina gurtza budistarako birmoldaketaren ondoren, estatua lekualdatu eta ateak itsutu ziren, horietan Budaren irudiak zizelkatzeko.

1908an, erdiko prasat delakoan lau sarreretako bat ireki zen eta, 1934an, 25 metroko sakonerako hobi bat aurkitu zen, Vishnuren estatuak atseden hartu behar zuen tokiaren azpian. Hobian bi urre orri eta lau txikiago gordetzen zituen bakarrik, bi zafiro zurirekin batera[34], eta horregatik uste da altxorra lehenagotik arpilatua izan zela[36].

Dekorazioa aldatu

 
Liburutegi bateko Deva zizelkatuak.

Tenpluko horma gehienak tamaina handiko eta oso egikera oneko behe-erliebedun frisoekin apainduta daude.

Kanpoko esparruko behe-erliebeek, perimetroko korridore zutabeduna apaintzen dutenak (edo agian, hobeto esanda, behe-erliebeak ikusteko ezarri zen korridore perimetrala), 2m garai dira, eta guztira 1.000 m² baino gehiago luze-zabal[37]. Kanpo-hormaren ipar-ekialdeko zatia zizelkatu gabe geratu zen Suryavarman II.a hil ondoren, XVI. mendean, eta geroago kalitate artistiko txikiagoko behe-erliebeekin amaitu zen[2]. Hegoaldeko horma izan ezik, erregeari eskainia, erliebeek Ramayana eta Mahabharata liburu epiko hinduen istorioak kontatzen dituzte eta gutxienez XVI. mendetik polikromatuta egon ziren, agian babes bernizarekin[38]. Gaur egun, kolore arrasto partzialak baino ez dira ikusten gune puntualetan. Gutxienez hiru kolore daudela ezagutzen da: gorria, beltza eta urre kolorea[39].

Zizelkatutako motiboen artean, nabarmentzekoa da emakumezkoen ugaritasuna: iturri batzuen arabera devata edo jainkosa femenino hinduak dira, tenplu osoan 1500 inguru guztira[40], eta beste batzuk apsara edo zerutiar dantzariak dira, 2000 guztira[41].

Tenpluaren ia azalera guztia apainduta dago: behe-erlieberik agertzen ez den tokietan konplexutasun handiko forma eta apaingarri arkitektonikoak eta geometrikoak zizelkatzen dira. Munduko beste leku batzuetan gertatu den bezala, harri-zizelkatzeak material tradizionaletatik inportatu du bere errepertorio formalaren zati bat. Adibidez, galerietako estalkiko harria zeramikazko teilak imitatuz dago zizelkatua eta harrizko ate-leihoak bere zurezko baliokideen formak imitatuz. Tenpluaren errepertorio formalean lore motiboak ere agertzen dira, baina izkinak apaintzera mugatuak.

Kanpoko behe-erliebeak aldatu

 
"Esnezko itsasoaren irabiaketa" (Samudra manthan) adierazten duen behe-erliebea.
 
Devatak ohikoak dira Angkor Wat estiloan.

Kanpo-hormako behe-erliebeak zortzi eszena nagusitan (horma bakoitzeko bi eszena) eta izkin-pabiloietan kokatutako eszena txikiagoetan banatzen dira. Sarrera nagusitik eta erloju orratzen aurkako noranzkoan, honako hauek dira eszena nagusiak[42]:

  • Kurukshetrako gudua. 49 metroko friso honek Mahabharata liburuko pasarte bat deskribatzen du, non Kurukshetrako azken gudua kontatzen den Pandava eta Kaurava klan aurkarien artean. Kaurava armada ezkerretik eta Pandava eskuinetik doaz aurrerantz, eta erdian dauden heinean gudua garatzen hasten da.
  • Prozesio historikoa. 94 metroko frisoa, tenplua eraiki zuen Suryavarman II.aren desfile bat erakusten du, bere tropekin batera. Uste denez, erliebe hau, hil eta gutxira zizelkatua izan zen.
  • Zeruak eta infernuak. 64 metrotan, Yama heriotzaren jainko hinduaren epaiketa erakusten du, zerua edo infernua merezi dutenak bereiziz, baita 37 zeruetako eta 32 infernuetako eszenak ere.
  • Esnezko itsasoaren irabiaketa. 49 metroko frisoa, "esnezko itsasoaren irabiaketa" pasarte exotikoa antzezten duena; Bhagavata-Puranako eszena bat da, non jainkoak eta asurak "esnezko itsaso" mitikoa (kshirodadhi) irabiatzeko elkartu ziren, horretarako mendi bat erabiliz, eta Vasuki, Nagaren erregina, birarazteko soka bezala. Erliebeak erakusten du ezen esnezko itsasoa milaka urtez irabiatu ondoren, amrita edo hilezkortasunaren nektarrez betetako kopa bat agertzen denean, jainkoak eta asurak honen alde borrokan hasten diren.
  • Vishnuren garaipena asuren aurka. Frisoak Vishnu erakusten du, erasoko armada baten aurka borrokatzen. Besteak baina erliebe berantiarragoa da eta kalitate artistiko txikiagokoa.
  • Krishnaren garaipena Bana asuraren aurka. 66 metroko eszena eta hau ere kalitate txikiagokoa, erakusten duena Krishnaren eta Bana izeneko mila besodun asuraren arteko gudua, non Krishnak beso guztiak mozten dizkiona, bi izan ezik.
  • Deva eta asuren gudua. 94 metroko frisoa, non panteoi hinduko jainko ia guztiak agertzen diren zehaztu gabeko gudu batean.
  • Lankako gudua. Ramayana liburuaren klimaxa erakusten du, non Rama jainkoak (Vishnuren haragitze bat), tximino armada baten laguntzarekin, Ravana deabrua garaitu eta bere emazte Sita erreskatatzen duen.

Gaur egun aldatu

Turismoa aldatu

Kanbodiaren egoera politikoaren normalizazioa eman ostean, Angkor eta bere tenplu nagusia den Angkor Wat helburu turistiko oso garrantzitsua bilakatu dira. 2004an 561.000 turista jaso zituen, 2005ean 677.000 turista[9] eta 2010eko urtarriletik abuztura 1.048.158 turista iritsi ziren[43].

Turistek eragindako higatzea ekiditeko, hala nola bandalismoa murrizteko, hainbat zonalde delikatu babesten ari dira gaur egun. Hala ere monumentu gutxitan dago Angkorren monumentuak bisitatzeko dagoen askatasuna bezainbeste leku gutxitan dago munduan. Bisitarien presioa txikitzeko egiten ari diren ekimenen artean ibilbide alternatiboak ezartzea dago, edo gauez ere bisitak egin ahal izateko argi artifiziala jartzea.[44]

Turismoak uzten duen diruaren %28a artapen eta berreskuratze lanetarako erabiltzen bada ere, oraindik ere lanetako asko atzerriko ekarpenarekin finantziatzen dira.[45]

Irudiak aldatu

Herri kulturan aldatu

 
Angkor Wat, Kanbodiako banderan.

Angkor Wat tenplua Kanbodiako banderan agertzen da, zerrenda gorriaren erdian, sarrera nagusiaren zurizko irudikapena dago, hiru dorrekin. Beti agertu izan banderan 1868tik, Frantziako protekturatu izan zenetik (japoniar okupazioan izan ezik).

Gainera, hainbat filmetan agertu da:


Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Largest religious structure. Guinness World Records (Noiz kontsultatua: 2016-04-29).
  2. a b c d e f g h i (Ingelesez) Angkor Vat. (Noiz kontsultatua: 2010-01-03).
  3. Ane Irazabal. (2015-12-26). «Zuhaitzen sustraiek jandako hiria» Ortzadar (Noticias de Álava): 6. (Noiz kontsultatua: 2020-01-26).
  4. Chuon Nath Khmer Dictionary (1966, Buddhist Institute, Phnom Penh)
  5. (Ingelesez) RUPP, IT center of. «Samdech Porthinhean Chuon Nath's Khmer Dictionary» www.rupp.edu.kh (Noiz kontsultatua: 2018-09-18).
  6. Angkor Vat APSARA Authority
  7. a b c (Ingelesez) Angkor Wat. (Noiz kontsultatua: 2010-01-01).
  8. Kelly Mcclughan, Sally Aitken, James Wilkes.. (2008). Angkor Wat. AEB: National Geographic (Noiz kontsultatua: 2009-12).
  9. a b (Gaztelaniaz) Toledano, Ruth. (2008). Camboya, templos de esperanza. (Noiz kontsultatua: 2010-01-08).
  10. Albanese, "The treasures of Angkor", 151 or.
  11. Behnke, "Angkor Wat (Unearthing Ancient Worlds)", 20 or.
  12. «Angkor Wat, 1113–1150» The Huntington Archive of Buddhist and Related Art (College of the Arts, The Ohio State University).
  13. a b c d (Ingelesez) Cambodia, Siem Reap The Kingdom Of Angkor. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2011-01-30) (Noiz kontsultatua: 2010-01-09).
  14. Freeman, "Ancient Angkor", p.12
  15. Freeman, "Ancient Angkor", 8-13 or.
  16. Angkor Wat: la octava maravilla. (Noiz kontsultatua: 2010-01-04).
  17. (Ingelesez) Angkor “killed by climate change”. .
  18. (Ingelesez) Cambodian architecture: eighth to thirteenth centuries, Parte 3, Volumen 12. (Noiz kontsultatua: 2010-1-9).
  19. Fleming, Stuart. (1985). «SCIENCE SCOPE: The City of Angkor Wat: A Royal Observatory on Life?» Archaeology 38 (1): 62–72. (Noiz kontsultatua: 2018-09-18).
  20. a b Freeman, Michael. (1999). Ancient Angkor. Weatherhill ISBN 0834804263. PMC 43933678. (Noiz kontsultatua: 2018-09-18).
  21. Glaize, Maurice. (1993). Les monuments du groupe d'Angkor. (4th ed. argitaraldia) J. Maisonneuve ISBN 272001091X. PMC 79899280. (Noiz kontsultatua: 2018-09-18).
  22. George., Cœdès,. The Indianized states of Southeast Asia. ISBN 9780824803681. PMC 961876784. (Noiz kontsultatua: 2018-09-18).
  23. Higham, Charles. (2003, ©2001). The civilization of Angkor. Phoenix ISBN 1842125842. PMC 62762388. (Noiz kontsultatua: 2018-09-18).
  24. The seventy wonders of the ancient world : the great monuments and how they were built. Thames & Hudson 1999 ISBN 0500050961. PMC 42136264. (Noiz kontsultatua: 2018-09-18).
  25. (Ingelesez) Stencel, Robert; Gifford, Fred; Morón, Eleanor. (1976-07-23). «Astronomy and Cosmology at Angkor Wat» Science 193 (4250): 281–287.  doi:10.1126/science.193.4250.281. ISSN 0036-8075. PMID 17745714. (Noiz kontsultatua: 2018-09-18).
  26. (Ingelesez) Transcript for episode 2 - Graham Hancock Official Website. (Noiz kontsultatua: 2018-09-18).
  27. (Alemanez) «Willkommen» www.gacp-angkor.de (Noiz kontsultatua: 2018-09-19).
  28. Freeman, "Ancient Angkor", 235 or.
  29. a b (Ingelesez) Angkor Wat History. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2010-12-09) (Noiz kontsultatua: 2010-01-03).
  30. Albanese, "The treasures of Angkor", 152 or.
  31. Albanese, "The treasures of Angkor", 168 or.
  32. Freeman, "Ancient Angkor", 51 or.
  33. a b Albanese, "The treasures of Angkor", 170 or.
  34. a b Albanese, "The treasures of Angkor", 172 or.
  35. Freeman, "Ancient Angkor", 22 or.
  36. Freeman, "Ancient Angkor", 54 or.
  37. Freeman, "Ancient Angkor", 28 or.
  38. Albanese, "The treasures of Angkor", 156-157 or.
  39. Albanese, "The treasures of Angkor", 157 or.
  40. Albanese, "The treasures of Angkor", 155 or.
  41. Freeman, "Ancient Angkor", 50 or
  42. Freeman, "Ancient Angkor", 54-67 or.
  43. Angkor Wat continues to drive tourist numbers Tourism of Cambodia
  44. (Gaztelaniaz)Angkor y la factura de la luz
  45. (Ingelesez)Preserving Angkor: Interview with Ang Choulean

Kanpo estekak aldatu