Anaerobio fakultatibo


Anaerobio fakultatiboak oxigeno edo oxigenorik gabeko metabolismoa burutu dezaketen mikroorganismoak dira. Hots, mikrobio hauek era aerobioan nahiz anaerobioan hazteko gai dira.

Bakterio aerobioak eta anaerobioak hazkuntza-inguru likido batean toki desberdinetan hazten dira:
1. Aerobio hertsiak
2. Anaerobio hertsiak
3. Anaerobio fakultatiboak
4. Mikroaerofiloak
5. Aerotoleranteak

Anaerobio hertsien aldean, beraz, anaerobio fakultatiboak oxigenoarekin bizi daitezke. Ingurugiroan oxigenoa bada, arnasketa aerobioa burutzen dute, ATP lortuz. Oxigenorik ezean, beste molekula batzuk erabiltzen dituzte elektroien azken hartzaile moduan: molekula inorganiko oxidatuak (NO3-, SO42-, CO2...) -arnasketa anaerobioa burutuz- edo materia organikoa -hartzidurak eginez-.

Bakterio ugari eta hainbat legamia anaerobio fakultatiboak dira. Baita uretan bizi diren ornogabe gutxi batzuk ere.

Fakultatiboak izan arren, mikrobio hauek -aukeran- oxigenoa erabiltzeko joera dute, arnasketa aerobioaren bidez energia gehiago lortzen dutelako (Pasteur efektua) arnasketa anaerobio edo hartziduren bidez baino.

Bakterioen artean, batzuk aipatzearren, Staphylococcus, Streptococcus, Escherichia coli, Listeria, Salmonella eta Vibrio, besteak beste, fakultatiboak dira. Baita Saccharomyces generoko legamia batzuk ere.

Bakterio anaerobio fakultatiboak hazkuntza-inguru likido batean goiko aldean zein saiodiaren hondoan hazi daitezke (ikusi irudia).

Kanpo estekak aldatu