Artikulu honetan, Amerikako Iraultzaren aldeko Hamahiru Kolonia britainiar biztanleei amerikarrak deituko diegu, bai eta batzuetan abertzaleak, matxinoak, iraultzaileak edo whig-ak ere. Iraultzaren aurka eta britainiarren alde egin zuten kolonoei, beste alde batetik, leialak edo tory-ak deituko diegu. Hamahiru kolonien area geografikoari Amerika esango diogu.

John Trumbullen Independentzia Aldarrikapena margolana, bertan, 1776an Ameriketako Estatu Batuetako Independentzia Aldarrikapena zirriborratu zuen bost gizonezkoen komitea agertzen da Philadelphiako Bigarren Kongresu Kontinentalean euren lana aurkezten.

Amerikako Iraultza XVIII. mendean izandako asaldura politikoa izan zen: Ipar Amerikako hamahiru koloniak bat egin zuten Britainiar Inperiotik askatzeko, eta elkarturik Ameriketako Estatu Batuak bilakatu ziren. Lehenik, Britainia Handiko Legebiltzarrari aginpidea ukatu zioten, legebiltzar hartan beren ordezkaririk itsasoz bestaldetik gobernatzen baitzituen. Gero, erregeren funtzionarioak kanporatu zituzten. 1774erako koloniek Kongresu Probintzial bana edo erakunde baliokide bana zeukaten, euren buruak gobernatzeko, baina Inperioaren barnean. Britainiarrek soldaduak bidali zituzten, berriz ere euren aginte zuzena ezartzeko. Bigarren Kongresu Kontinentalaren bitartez, amerikarrek britainiarren aurkako borroka militarra zuzendu zuten; Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerra izenaz ezaguna den borroka, alegia.[1]

Britainiarrek lurreko armada bidali zuten eta euren itsas armada indartsua erabili zuten kostaldea blokeatzeko.Matxinoek George Washington amerikarren komandante nagusi izendatu zuten eta Kongresuarekin batera lan egin zuen leialen eragina indargabetzeko. Era berean, Britainiar Handiko Jorge III.aren agintea zapaltzailea zela adierazi zuten, eta, beraz, legez-kontrakoa.Thomas Jeffersonek idatzi eta estatuek aho batez Estatu Batuetako Independentzia Aldarrikapena onartu zutenean, Kongresuak independentzia aldarrikatu zuen 1776ko uztailean. Guda hasi zen eta britainiarrek Boston galdu zuten 1776an, baina gero New York hiria hartu zuten.

Amerikarrek britainiar armada bat harrapatu zuten Saratogan. Frantsesak gudan sartu zirenean Estatu Batuen alde itsas armaden boterea berdindu ziren, 1778an. Amerikar-frantses indar batek beste britainiar armada bat harrapatu zuen Yorktownen, 1781ean, gerra amaitu zutelarik. 1783ko bake itun batek herrialde berriaren erabateko independentzia berretsi zuen Britainiar Inperiotik eta amerikarrei Mississippi ibaiaren ekialde ia osoaren jabetza eman zien.

Amerikako Iraultza britainiar kolonien hasierako gizartean gertatutako aldaketa sozial, politiko eta pentsamendukoen emaitza izan zen. Aldaketa guzti horiei Ameriketako Ilustrazioa deitu zioten. Amerikarrek garai haietan Europan agintzen zuten aristokratak egotzi zituzten. Sistema horren ordez, errepublikanismoa hobesten zuten, Ilustrazioaren liberalismoaren ikuspuntuan oinarrituta. Iraultzaren emaitza esanguratsuenetako bat demokratikoki hautatutako eta herria ordezkatzen zuen eta ordezkatutakoen nahietara erantzulea zen gobernu bat sortzea izan zen.

Herrialde berriaren gobernuari buruzko auzi garrantzitsu asko 1788ko Estatu Batuetako Konstituzioa onartzearekin batera konpondu ziren. Konstituzio horrek 1781eko gobernu ahul baten saiakera bat ordeztu zuen, Konfederazioaren eta Betiereko Batasunaren Artikuluak hain zuzen ere. Konfederazio indargabe baten aurrean, Konstituzioak gobernu federal indartsua ezarri zuen. Konstituzioaren lehenengo hamar zuzenketak 1791ko Estatu Batuetako Eskubideen Deklarazioan onartu zituzten berehala. Iraultza piztu zuten “berezko eskubide” asko bermatzen zituen. Deklarazio horren bitartez, gobernu zentral indartsu bat askatasun pertsonal sakon batekin uztartzen saiatu ziren.

Jatorria aldatu

 
Iraultzaren aurretik: Hamahiru koloniak kolore larrosaz agertzen dira.

Amerikako Iraultza ideia eta gertaera batzuetan oinarritzen da. Ideia horiek guztiek konbinatuta, koloniak ama herritik sozialki eta politikoki urruntzera eraman zituzten. Horrela, kolonia batzuk izatetik nazio independente bakarra izatera pasatu ziren.

Laburpena aldatu

Amerikako garai iraultzailea 1763an hasi zen. Frantsesen eta Indiarren Gerran, britainiarrek Ipar-Amerikako euren koloniak mehatxatzen zituen frantses eta indiarren botere militarra zapaldu ondoren. Britainiak koloniek zerga gehiago ordaindu behar zuten politika ezarri nahi zuen eta zerga zuzen batzuk onartu zituen (gero “Stamp Act” deituta). Amerikarrak kexatu ziren; esaten baitzuten Londreseko Legebiltzarrak ezin zizkien zergak inposatu, legebiltzar hartan ez baitzegoen amerikar ordezkaririk. Britainiarrek tearen gaineko zerga bat ezarri zutenean, Bostoniarrek itsasontzien kareletik uretara bota zuten. Britainiar Legebiltzarrak bere gehiengoa agertzeko Intolerable Acts delakoak ezarri zituen. Benjamin Franklin Britainiar Legebiltzarraren aurrean mintzatu zen eta hauxe esan zien: “azken gudan, koloniek ia hogeita hamar mila gizonezko prestatu, jantzi eta elikatu zituen eta milioi asko gastatu zuten.”

Britainiar Legebiltzarrean koloniek ordezkaririk ez zutenez, kolonoek arau horiek legez-kontrakotzat hartu zituzten, ingeles guztien eskubideak urratzen zituztelakoan baitzeuden. Britainiar Gobernuaren ustez, uste hori aho batekoa ez bazen ere, koloniek, iada, “ordezkaritza birtuala” gozatzen zuten.

1772an, kolono batzuk Committees of Correspondence (Posta-truke komiteak) antolatzen hasi ziren. Komite horiek, kolonia gehienetan, kongresu probintzialak bilakatu ziren. Bi urteren buruan, kongresu probintzialek edo antzekoek, britainiar legebiltzarrak eta aparatu politikoa ordezkatu zituzten. Hori horrela, 1774an Lehenengo Kongresu Kontinentala antolatu ahal izan zuten. Hala ere, britainiar legebiltzarra bere agintea ezartzen saiatu zenean, Bostonen istiluak sortu ziren eta britainiarrek armada bidali zuten eta aginte zuzena inposatu zuten.

Ondorioz, koloniek miliziak mobilizatu zituen eta borroka 1775ean piztu zen. Abertzaleek erregeren funtzionarioak kolonietatik egotzi zituzten eta kontrola hartu zuten. Hasieran, Jurgi III.aren alde agertu eta inperioaren barruan jarraitu nahi bazuten ere; erregeak ez zien Lehenengo Kongresu Kontinentalaren erreguei kasurik egin eta estatuak matxinoak eta kongresukideak traidoreak zirela aldarrikatu zuen.

1776an, Bigarren Kongresu Kontinentalak aho batez onartu zuen Independentzia Aldarrikapena. Aldarrikapenean, Britainiar Monarkia eta Legebiltzarra baztertzen zituzten, eta herrialde berriaren burujabetza ezartzen zuen Britainiar Inperiotik kanpo. Izan ere, Estatu Batu berriak konfederazio bat izango ziren gobernu berria ahul batekin. (Gehiago jakiteko vide: Bigarren Kongresu Kontinentala eta Konfederazioaren Kongresua)

Ideiak Iraultzaren atzean aldatu

Artikulu nagusiak: Amerikako Ilustrazioa, Liberalismoa Estatu Batuetan eta Errepublikanismoa Estatu Batuetan.

Amerikako Ilustrazioa deitutako mugimendu ideologikoa Amerikako Iraultzaren aitzindaria izan zen. Amerikako Ilustrazioaren ideia nagusienetako batzuk izan ziren: liberalismoa, errepublikanismoa eta ustelkeriaren beldurra. Ideia horiek kolonoen artean zabaldu zirenean inguru intelektual bat bultzatu zuen eta horrek identitate politiko eta sozial berri baten sentimendua piztu zuen.

Gizakiaren eskubideak eta errepublikanismoa aldatu

 
1772ko John Singleton Copleyren portret honetan, Samuel Adams Massachusetts estatu-gutunera seinalatzen ari da. Samuelek arau horiek jendearen eskubideak babesten zituen konstituziotzat hartzen zuen.

John Lockeren (1632-1704) askatasunari buruzko ideiek, iraultza bultzatzen zuen pentsamendu politikoan eragin handia izan zuten, batez ere, ingeles idazleen bitartez. Askotan “Amerikako Iraultzaren filosofoa” deitzen diote, amerikarrak gidatu zituelako kontratu sozial, gizakiaren berezko eskubide eta “berdin eta libre” ideietara. Lockeren 1689an argitaratutako “Gobernuaren gaineko tratatu bi” oso eraginkorra izan zen. Kontratu Sozialeko teoria horrek Ameriketako Estatu Batuetako sortzaileetako askoren artean eragina izan zuen. Izan ere,teoria horren arabera, buruzagiek ingelesen eskubideak urratzen bazituzten herritarrek kanporatu ahal zituzten. Estatuko eta nazioko konstituzioa idazteko orduan, amerikarrek askotan erabiltzen zuten britainiar konstituzio orekatuaren Montesquieu ren analisia.

Iraultza bultzatzen zuen ideia nagusietako bat 1775ean, kolonietan oso hedatuta zegoen “errepublikanismoa” zen. Ideia horrek, hala ere, Britainian ez zeukan garrantzi handirik. Herri hartan “ Country alderdiak” sustatzen zuen Errepublikanismoa, britainiar gobernua kritikatzen zuen ustelkeria zela eta. Amerikar asko britainiar gobernuaren ustelkeria Atlantikoa zeharkatzeko beldur ziren. Beraz, amerikarren errepublikanismoaren balioek eta euren eskubideen aldeko atxikimenduak iraultza indartu zuten, izan ere, Britainia erabat usteltzat eta amerikarren interesen aurkako mehatxutzat hartzen hasi ziren. Gero eta gehiago, ematen zuen Britainiak mehatxatzen zituztela amerikarren askatasunak. Koloniarrek ustelkeria luxuarekin lotzen zuten eta ,batez ere, oinordetzan hartutako aristokraziarekin.

Aita Sortzaileak errepublikaren balioaren aldeko sustsuak ziren, batez ere Samuel Adams, Patrick Henry, John Adams, Benjamin Franklin, Thomas Jefferson, Thomas Paine, George Washington, James Madison eta Alexander Hamilton. Balio horien arabera, herritar guztiek betebehar zibilak norberaren gainean jarri behar zituzten. Era berean, herritarren betebeharra zen herrikideen eskubideen eta askatasunen alde borrokatzeko prestatuta eta prest egotea. John Adams ados zegoen idazle greko eta erromatar klasiko batzuekin eta halaxe idatzi zion 1776an Mercy Otis Warreni: “bertute zibila ezin da izan bertute pribatu gabe, eta bertute publikoa errepubliken oinarri bakarra da”

“On publikoaren aldeko grina aktiboa izan behar da; Interes publikoa, Ohorea, Boterea eta Loria egon behar dira jendearen buruetan, bestela, ez da ez gobernu errepublikanorik, ezta benetako askatasunik izango. Eta grina publiko hori, grina pribatu guztien gainean egon behar da. Gizakiak prest egon behar dira, harro egon behar dira, plazer, grinak eta interes pribatuak bertan behera uzteko pozarren egon behar dira; are gehiago, euren laguntasun pribatuak eta loturarik maiteenak gizartearen eskubideen aurka egiten dutenean.”

Emakumeentzat, “amatasun errepublikanoa” eredu bilakatu zen eta Abigail Adams eta Mercy Otis Warren izan ziren ereduaren adibiderik garrantzitsuenak. Izan ere, emakume errepublikanoen lehen eginbeharra seme-alabei balore errepublikanoak irakastea eta luxua eta handikeria ekiditea zen.

 
Thomas Paineren panfletoa, Common Sense, 1776an argitaratuta

Errepublika batzuk historian zehar sortu baziren ere, esate baterako Erromatar Errepublika, printzipio liberaletan oinarritutakorik ez zen inoiz egon. Common Sense, Thomas Paineren panfletoa eta best-sellerra 1776ean argitaratu zen, Iraultza hasi eta gero. Liburu hori asko hedatu zen, jendeak elkarri mailegatu zizkion eta, sarri, tabernetan ozenki irakurtzen zuten. Hori guztia zela eta, errepublikanismoaren eta liberalismoaren ideiak bazterretara zabaldu ziren. Era berean, Britainiar Inperiotik askatzeko grina eta Armada Kontinentalean sartzeko asmoa piztu ziren.

Painek historiarekin erabat apurtu zuen eta jendeak gehien onartu zuen independentziaren aldeko argudioa sortu zuen. Common Sense etorkizunari begira idatzita dago jendeari alde baten ala bestearen aldeko berehalako aukeratzeko eskatzen baitio. Nagusikeriarekin nazkatuta eta kezkatuta zeuden amerikarrei irtenbide bat eman zien.

Lehen Esnaldi Handiaren eragina aldatu

Garai haietako eliza disidenteak (hau da, protestanteak, Ingalaterrako Eliza barruan ez zeudenak) “demokraziaren eskolak” izan ziren. New Jerseyko Unibertsitateko presidenteak, John Witherspoonek, Amerikako Iraultza eta Hebrear Biblia lotzen zituen asko hedatu ziren predikuak idatzi zituen. Kolonia guztietan, kongregazio protestante disidenteek (Kongregazionalistak, baptistak eta presbiterianoak) euren sermoietan Iraultzaren aldeko gaiak sartzen zituzten, Ingalaterrako Elizakoetan, alabaina, Erregearen aldekoak ziren nagusi. Nagusikeriaren aurka borroka egiteko motibazio erlijiosoek aberatsei eta txiroei, gizonei eta emakumeei, mugalariei eta hiritarrei, baserritarrei eta merkatariei eragin zien.

Bernard Bailyn historialariaren arabera, Bibliak gizaki guztiak berdinak zirela irakasten zuenez garai haietako ebangelismoak hierarkia naturalaren ideiaren aurka egiten zuen. Beraz, gizakiaren benetako balioa bere joera moralean datza, ez bere klasean. Kiddek esaten du, hierarkia erlijioso bakarra ez egoteak; gizakiaren eskubideak bermatzen zituen Jaungoiko batengan sinesteak; eta bekatuari, bertuteari eta Jaikoaren Probidentziari buruzko ideia bakarrak izateak ebanjelistak eta arrazionalistak elkartu zituzten eta Amerikarren Inperioaren aurkako borroka suspertu zuten.

Eztabaida sortu zuten britainiar legeak aldatu

Iraultza askotan Britainiar Legebiltzarrak egindako legeek xaxatzen zuten. Izan ere, arau horiek, amerikarren arabera, legez kanpokoak ziren, ezin baitzien eragin ordezkaririk ez zutelako hautatu gobernu eta legebiltzar hartarako. Britainiarren ustez, lege horiek ama herriaren mesederako ziren eta amerikarrei ia autonomia osoa izaten laga zieten denbora luzeegian; beraz, kolonoei eutsi behar zieten.

1733-1763: Nabigazio legea, melazaren gaineko legea eta Erregearen Aldarrikapena aldatu

 
Ekialdeko Ipar Amerika 1775ean.Quebeceko britainiar probintzia, kostalde atlantikoko hamahiru koloniak eta indiar erreserba 1763ko Erregearen Aldarrikapenean agertzen ziren bezala. 1763ko aldarrikapeko muga eremu larrosa eta gorrien arteko linea da; eta zonalde laranja espainarren erreklamazioa zen.

Garai haietako Britainiar Inperioan merkataritza-sistema bat zegoen; izan ere, salerosketa guztiak inperioaren barruan gertatu behar ziren, eta beste inperioekiko salerospenak debekatuta zeuden. Helburua, Britainia Handia aberastea zen, haren merkatariak eta gobernariak, hain zuzen ere. Londres ez zen kezkatzen politika hori ez bazen ona amerikarrentzat, baina kolonoak artega zebiltzan lege horiek zirela eta.

Britainiarrek merkantilismoa ezarri zuten amerikarrei frantses, espainiar eta nederlandar inperioekin salerosketak egitea debekatuz Nabigazio legeen bitartez. Amerikarrek, hala ere, ahal zutenean lege horiek ekiditen zituzten. Kontrabandoa gelditzeko erregeen funtzionarioen erantzuna atzemateko aginduak izan ziren (Writs of Assistance). 1761ean, James Otis Bostongo abokatuak writsak kolonoen eskubide konstituzionalak urratsen zituztela salatu zuen. Ez zuen epaiketa irabazi, baina John Adamsek esan zuenez: “bertan independentzia-semea jaio zen”.

1762an, Patrick Henryk Parsonen auzia abiatu zuen Virginiako kolonian. Bertan, legebiltzarrak arau bat onartu zuen eta Erregeak betoaz atzera bota zuen. Henryren arabera, “errege bat, horrelako arau ongarriak ezeztatzen dituenean haren herriaren aita izatetik, tirano bat izateraino endekatzen da eta euren subjektuen obedientzia galtzea merezi du.”

1763an, Frantsesen eta Indiarren Gerran garaitu ondoren, Britainia Handia, frantsesek Ipar Amerikan zeuzkaten lur guztiez jabetu zen, Karibeko uharteak izan ezik. Britainiarrek frantsesen aliatuak izan ziren indiarrekin adiskidetu nahi zuten, eta amerikarrengandik bananduta manten zitezen, azken hauei, 1763ko Erregearen Aldarrikapenaren bitartez Apalatxe mendietatik mendebaldean finkatzea debekatu zieten. Izan ere, alde guzti hori indiar erreserba bilakatu zuten. Aldarrikapenari kasurik ez eta kolono batzuek mendebalderantz jotzen eta bertan baserriak ezartzen jarraitu zuten. Aldarrikapena, berehala moldatu zuten eta ez zen gehiago izan oztopo bat kolonoen mugimenduarentzat, baina amorrua sortu zuen haiei galdetu gabe aldarrikatu zelako.

1764-1766: arau probokatzaile gehiago aldatu

Artikulu nagusiak: Azukrearen legea, Monetaren Legea, Hiruhilekoaren legea, 1765ko Zigiluaren legea eta Aldarrikapen legea.

Sakontzeko: ez legerik, ordezkaririk gabe eta ordezkaritza birtuala.

Britainiarrek ez zuten espero amerikarrek guden zorra osoa kitatzea, baina bai espero zuten kolonien defentsan Britainiak gastatutakoaren zati bat ordaintzea. Kontinenteko kolonien eta Mendebaldeko India Britainiarren defentsaren gastuak urtean gutxi gorabehera 200.000 liberatan balioztatu zen. Britainiarren helburua guda horren amaieran, koloniek 78.000 libera ordaintzea zen. Koloniarrak ez ziren kexatzen zergak handiak zirela eta(izan ere, nahiko baxuak ziren), baizik eta, esaten zutelako ez zutela inolako ordezkaririk Britainiar Legebiltzarrean. Azken hau, koloniaren onarpenaren gabe edozein lege onar zezakeen arrazoian tematu zen, batez ere, nabarmendu nahi zuelako autoritate osoa zeukala kolonien gainean.

Egungo ekonomista historialari amerikar batzuek zalantzan jartzen dute ikuspegi hori; hau da, Britainiak zama handia ezarri nahi ziela koloniei. Haien arabera, Ipar Amerikako koloniak Frantzia eta Espainiaren balizko inbasio batetik defendatzeko gastua 400.000 liberatakoa zen; alegia, inposatu ahal zieten zergak halako bost. Zergak gorabehera, amerikarrei gero eta gehiago iruditzen zitzaien britainiar armadaren egotea kolonietan zama handiegia zela. Batez ere, britainiar armadaren konfiskatzeko praktikak ziren amorrua pizten zutenak. Praktika horiek Frantsesen eta Indiarren Gerran sarritan gertatzen ziren, baina bakea egin zutenean britainiarrek konfiskatzen jarraitu zuten. Izan ere, armadakoek ez zuten Legebiltzarraren baimenik behar, guztiek onartutako ohitura eta legeen arabera komandanteek tokian tokiko merkatariei salgaiak eta aziendak konfiskatu ahal zizkietelako justua irizten zioten salneurria ordainduz. Praktika horiek guda garaietan guztiek onartzen bazituzten ere, Frantziarekin bakea sinatu zutenean bazterrak nahasten hasi ziren.

Kolonoek ez zioten uko egiten euren defentsan gastatutako ordaintzearen printzipioari (Izan ere, koloniako legebiltzarrek kopuru handiak ordaindu zituzten miliziak erreklutatzen eta hornitzen Frantsesen eta Indiarren Gerran). Hala ere, uko egiten zioten erregearen beharrari britainiar armadako tropak Ipar Amerikako kolonietan ezartzeko. Frantziaren mehatxu gabe, amerikarrek uste zuten koloniako miliziak (hauek koloniako legebiltzarrek ezarritako zergen bitartez ordaintzen zituzten) nahiko izango zirela mugako indiarrei aurre egiteko. Ofizial baten postuak tira handia zeukan britainiar aristokrazian; alegia, kapitain edo maior baten postua milaka liberatan leudeke, eta berriro sal liteke ofizial hark postu handiago bat saltzen zuenean.

Britainiarrek ofizial postu guztiak eurentzat nahi zituzten, eta ez zizkieten ofizial koloniarrei postu horiek eman nahi (ez zuten ezer ordaintzen-eta ofizial postu horien truke); are gehiago, esaten zuten ofizial koloniarrek britainiar ofizialei men egin behar zietela, edozein gradu izanda. Horrek euren buruak milizien bitartez defendatzeko kolonien aginte legalari uko egiten zion.Zazpi Urteko Gerraren ostean Londresek 1500 britainiar ofizial zeuzkan eta Ipar Amerikara ez bazituen bidaltzen zerbitzutik bota egin beharko zituen. Beraz, zergak inposatzeko Britainiar Legebiltzarraren arrazoi nagusia bere gailentasuna berrestea zen, eta zerga horien erabilpen nagusia britainiar ofizial handinahi horiei laguntzea zen. Londresek koloniek bitartekaritza birtuala zeukatela esaten zuen; alabaina, amerikar gehienek uko egiten zioten argudio horri.

1764an Britainiar Legebiltzarrak Azukrearen legea eta Monetaren legea onartu zituen, koloniarrak gehiago atsekabetuz. Kexek arma indartsu berri bat eragin zuten, britainiar salgaiei egindako boikota. Hurrengo urtean, britainiarrek Kuarteleratzeko legea ezarri zuen. Lege horren arabera, britainiar soldaduak kuarteleratu behar ziren leku batzuetan eta koloniarrek kuarteleratze horren gastuak ordaindu beharko zituzten. Koloniarrek lege horri ere oztopoak jarri zizkioten.

1765ean Britainiar Lehen Ministro George Grenvillek eta Britainiar Legebiltzarrak lehenengo zerga zuzena ezarri zuten kolonietan, alegia, Zigilu legea. Dokumentu ofizial guztiek, egunkariek, almanakek, panfletoek eta baita karta-sortek ere, zigiluak izan behar izaten zituzten. Koloniarrek oraindik, euren buruak britainiar koroaren subjektu zintzotzat hartzen zituzten. Izan ere, uste zuten britainiarrek zeuzkaten eskubide eta betebehar historiko berberak, eurek ere bazeuzkatela. Beraz, 13 kolonietako ordezkariek sutsu kexatu ziren, eta buruzagi ospetsuek, esate baterako Virginiako Patrick Henryk eta Massachusettseko James Otisek jendea batzartu zuten britainiarrei aurre egiteko. Talde sekretu bat sortu zen hiri askotan, Sons of Liberty (Askatasunaren semeak), eta zigiluak saltzen zituzten guztiak mehatxatu zituen; ez zituen inork saldu. Bostonen, Askatasunaren Semeek almiranteordegoaren gorteko dokumentuak erre zituzten eta Thomas Hutchinson Epaile Gorenaren etxea arpilatu zuten. Legebiltzar batzuek ekintza batu batera deitu zuten, eta bederatzi koloniak ordezkariak igorri zituzten 1765ko urriko New York Hiriko Zigilu Legeko Kongresura. Moderatuek, John Dickinson buruzagi zutela, Eskubide eta Arranguren Aldarrikapen bat idatzi zuten. Bertan, zergak onartzea ordezkaririk gabe Ingelesen eskubideak urratzen zituela esaten zuten. Koloniarrek bere asmoari eusteko gogoa britainiar salgaiaren boikotaren bitartez nabarmendu zuten.

Londresen, Rockingham gobernuak boterea eskuratu zuen eta Legebiltzarrean eztabaida sortu zen Zigilu legea baliogabetzeko ala armada bat bidaltzeko legea betearazteko. Benjamin Franklinek ezeztatzea defendatu zuen; esan zuen koloniek esfortzu handia egin zuela gizonetan, dirutan eta odoletan inperioa defendatzeko frantziar eta indiarren guda batzuetan, eta zerga gehiago ezartzea gerra horiek ordaintzeko ez zela zuzena eta iraultza piztu zezakeela. Legebiltzarra ados egon zen, baina 1766ko martxoaren Adierazpen legean Legebiltzarrak “edozein kasutan” kolonientzako legeak ezartzeko erabateko boterea zeukala azpimarratu zuen.

1767-1773: Townshend Legeak eta Te Legea aldatu

Artikulu nagusiak: Townshend Legeak eta Te Legea Sakontzeko: Massachussetsko Zirkularra, Bostongo sarraskia eta Bostongo Te Alderdia

1767an Legebiltzarrak Townshend Legeak onartu zituen. Legeon arabera, oinarrizko salgai batzuen gaineko zergak ezarri zituzten; hala nola: papera, beira eta tea. Zerga berriek jendea haserrarazi zuten eta koloniarrek boikota ezarri zuten britainiar salgaien gainean. 1770eko martxoaren 5ean Bostonen, jendetzak britainiar soldadu batzuk inguratu zuen. Jendetza gero eta mehatxagarriagoa zen eta soldaduei elur-bolak, harriak eta zaborra bota zien. Soldadu bat makilatu zuten eta erori egin zen.

Soldadu guztiek, batek salbu, su egin zuten; izan ere, 11 laguni tiroa eman zioten; hiru zibil hil zituzten lekuan bertan eta beste bi hil egin ziren geroago. Gertaerari berehala deitu zioten Bostongo sarraskia. Soldaduak epaitu eta absolbitu arren (John Adamsek defendatu zituen), zabaldutako deskripzioak berehala erabili zituzten koloniarrek briainiarren aurkako propaganda egiteko. Horrek guztiak beheranzko kiribila sortu zuen britainiarren eta Massachusettsko probintziaren artean.

1772ko ekainean (Gaspee istilua), koloniarrek onartu ez zituzten britainiar arauak inposatzen ibili zen guda-ontzi bat erre zuten abertzale amerikarrek. Urte bat geroago, argitaratutako gutun pribatu batzuetan Massachusettsko gobernadore Thomas Hutchinsonek koloniarren eskubideak mugatzeko eskatu zuen. Era berean, Andrew Oliver lotinant gobernadoreak kolonial ofizialen ordainketa zuzena eskatu zuen (gaitasun hori kolonial legebiltzarrena zen eta horren bitartez gobernadorea kontrolatzen zuen). Sortu zen haserreak Hutchinsonen erretiroa eragin zuen eta ordura arte adiskidetzearen aldekoa izan zen Benjamin Franklin kolonoen aldera betiko lerratu zen.

1773ko abenduaren 16an, gizon talde batek, Samuel Adams buru zutela eta Amerikako indiar jantzita, gobernuaren begiko Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiaren ontzi batera sartu ziren eta 10000 liberatan balioztatutako te karga bat kareletik bota zuten Bostongo porturako uretara. Istilu honi Bostongo Tearen Matxinada deitu zioten eta Amerikako abertzaleen folklorearen gertaera garrantzitsu bat da.

1776ko apirilaz geroztik, laguntza sekretu masiboa hasi zen, hainbat tona zama, Louisianako gobernadoreak (Luis Unzaga Amezaga 'le Conciliateur' emandakoak, 1770az geroztik merkataritza librean aitzindari izan zena) Mississippi ibaian zehar eta orain ere bolbora, irina eta sendagaiak egiteko laguntza eskaerei arreta eman zieten New Orleansetik Fort Pittera (Pittsburgera) Patrick Henryk, Charles Lee jeneralak eta abarrek. Nork, Unzagak, parte hartu ahal izan zuen Luis Unzaga Amezaga bere aitaginarrebaren Gilbert Antoine de Saint Maxent, Francisco de Estachería, Antoine Landry eta bere menpekoen laguntzarekin sortutako agente sekretuen (espioiak) sareari esker. Oliver Pollock bezalako merkatariak edo geroago Diego Gardoki, Unzaga gobernadorearen ahaidea, bere aitonaren aldetik, Thomás de Unzaga Gardoqui Bilboko zinegotzia. Agente sekretuen sare hori, aldi berean, George Washington espioitza sarearekin konektatu zen[2].

Erreferentziak aldatu

  1. https://www.historiasimple.com/2009/04/la-revolucion-americana.html
  2. Cazorla, Frank, G. Baena, Rosa, Polo, David, Reder Gadow, Marion (2019) The governor Luis de Unzaga (1717-1793) Pioneer in the birth of United States of America and in the Liberalism. Foundation, Malaga

Kanpo estekak aldatu