Informazio agentziak, albiste agentziak edo berri-agentziak informazioa bildu, egiaztatu, osatu, idatzi eta hedatzen dituzten enpresak dira, hedabideak albistez hornitzeko sortuak. Beren lana burutu ahal izateko, korrenpontsal edo berriemaileak dituzte. Berriemaileek notiziak jaso eta berehala bidaltzen dituzte egoitza zentralera, informazioa ahalik eta lasterren hedabide edo enpresei igortzeko. Agentziek harpidetza kontratua duten hedabideei bidaltzen dizkiete albisteak, baina noizbehinkako zerbitzuak kontratatzea ere posiblea da. Informazioaren jarioa kontrolatzen dute munduan.

XIX. mendeko bigarren erdialdean sortu ziren agentziak. Gizarteak gero eta informazio gehiago eskatzen zuen, ezagutzaren nahia asetzeko. Komunikabideek baliabide ekonomiko eskasak zituzten eta ez ziren gai leku ezberdinetan ematen ziren gertaeren berri emateko. Beraz, ez zegoen informazioa sortzen zen munduko leku guztietan egoteko baliabideak zituen egunkari, telebista edo irratirik.

Hori dela eta, beharrezkoa izan zen eremu zehatzetan gertatzen ziren albisteak biltzeko erakundeak sortzea. Agentziei esker, gaur egun edozein herritarrek berehala ezagutzen du toki ezberdinetako gertaera garrantzitsuak. Informazio-agentzia batzuk herri-alorrean mugitzen dira, eta beste batzuk tematikoki espezializatuak daude (ekonomia, politika, kirolak...). Era berean, egunero zirkulatzen den informazio-fluxua inoiz baino handiagoa da garapen teknologikoari esker.

Informazio agentziek bidalitako materiala abiapuntua da komunikabideek informazioa burutzeko eta horretan sakontzeko; hau da, John Hasling adituak esan zuen bezala, berridatzi egin behar dituzte agentziatik heltzen zaien informazioa datu gehiago lortuz eta informazioa bera egiaztatuz. Hortaz, nahiz eta agentzietatik datorren informazioa maiz heltzen zaien bezala argitaratu, komeni da material berriekin osatzea.

Lau informazio-agentzia nagusitu dira azken urteotan munduan: AP (Associated Press) eta UPI (United Press International) Estatu Batuetan, Reuters Erresuma Batuan eta AFP (Agence France Press) Frantzian. EFE da, bestalde, Espainiako Estatuko agentziarik garrantzitsuena. Gainera, EFE munduko laugarren agentzia da, informazio-kopuruari dagokionez (AP, Reuteres eta AFPren atzetik). EFE agentziaz gain badaude Estatuan aipatzekoak diren beste batzuk: Europa Press, Menchetta, Colpisa[1]

Zenbait adituk ez dute uste agentziak, berez, informazio-iturriak direnik. Horien arabera, agentziak ez dira informazio-iturriak, informazio-ekoizleak baizik, agentziek beraiek euren iturri propioekin lan egiten dutelako.

Erreferentziak aldatu

  1. «Zer dira informazio-agentziak? - hiru» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).

Kanpo estekak aldatu