Akaiarrak (latinez: Achaei; grezieraz: Ἀχαιοί, Akhaioí) Grezia klasikoko lau herri nagusietako bat ziren; eoliarrak, joniarrak eta doriarrak ziren besteak. Biblian akaiko izenaz aipatzen dira. Geroago, heleniar izena eman zitzaien denei .

Historia aldatu

Akaiar herria Balkanetatik zetorren herri indoeuropar bat zen. Greziara K.a. 1800ean joan ziren, Mizenas eta Tirintoko erresumak sortu zituzten, eta, K.a. 1400ean Kreta uhartea konkistatu zuten.

Akaiar herria da Greziar penintsulako biztanleen jatorria, Indiatik Europara etorritako hedapen demografiko handi baten ondorio.

Akaiarrek, Greziara heldu zirenean, konkista baketsu bat egin zuten, lurralde haietako biztanleen gizarte egiturak aldatu gabe, kultura minoikoaren loratzea gertatzen zen garai berean, ekialdeko zibilizazioak eta Europa mendebaldeko zibilizazioen arteko zubia zena.

Kultura mizenikoa (Mizenaskoa) eta minoikoa (edo kretarra, Minos errege mitikotik datorren izena), laster jarri ziren harremanetan, elkarren arteko eragina gertatuz, akaiarrek Kreta konkistatuz batera erabat batu ziren arte. Kretako jauregiek gotorlekurik ez zutenez, akaiarrek ez zuten etsi uhartea dominatzeko euren saiakeran, K.a. 1400ean konkistatzea lortu zuten arte.

Konkistaren ondoren, mizenastarrek uhartea gotortu zuten, artisau eta merkatarien etxebizitzak gotorlekuetatik gertu bilduz.

Mizenastar garaiko lurperatzeek, eliteak aberastasunari ematen zion garrantzia ikusten uzten dute, zerga eta arpilaketetatik lortua, eta armei ematen ziena. Ez da harritzekoa, beraz, ezaugarri nagusietako bat, kultura honen hedapen izaera izatea, baita bere merkataritza ibilbideak Asia Txikia, Egipto, Egeo itsasoa eta Italiar penintsulara zabaltzeko ere.

Akaiarrek Grezia kontinentalean izan zuten nagusitasunaren amaiera, eztabaidagai da. Tradizionalki, hau, doriarren inbasioagatik gertatu zela esan izan da, baina, berriki, baieztapen hau zalantzan jarri da, eta beste hipotesi batzuk proposatu dira: itsasoko herrien inbasioa, lurrikara mordo bat jarraian gertatu izana edo barne altxamenduak.

Ikus, gainera aldatu