Agur jaunak

euskal kanta herrikoia

Agur jaunak euskal abesti herrikoia da. Norbaiti harrera edo agurra egiteko abestu ohi zaio, baita omentzeko ere.

Agur jaunak
Jatorria
Egilea(k)ezezaguna
Sorrera-urteaXIX. mendea
Ezaugarriak
Genero artistikoaherri-kanta
Hizkuntzaeuskara
TonoaSol maior

Jatorria aldatu

Dirudienez, abesti hau XIX. mendean sortu zen. Izan ere, Antonio Peña Goñi musikariak Felipe Pedrell-i 1892an bidalitako eskutitz batean, Errenteriako jatetxe batean Urtxalle pelotari ospetsuarengandik jasotako doinuaren berri ematen dio. Hark 1892an bertan argitaratu zuen eskutitza eta "Euskaldun lotoskaria" partitura "Ilustración Musical Hispano Americana" aldizkarian.[1] Gipuzkoako Foru Aldundiak 1917ko abuztuaren 13an Mikeleten klarin-dei moduan onartu zuen.[2] Jose Olaizola Gabarain musikariak sortu zuen abestiaren lehenengo bertsioa "Lapurdiko aspaldiko ehiza-kanta bat egokituta". Abestia 1918ko abuztuaren 1.an aurkeztu zen lehenengoz Loiolako Santutegian San Ignazio jaialdirako. Oso ezagun bihurtu zen hilabete geroago Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzako Bilkuran.[3]

Halere, sortzailea nor izan ote zen, hainbat bertsio dago; badirudi Manuel Frantzisko Lekuona Urtxalle pilotari eta bertsolaria izan zela abestiaren sortzailea, zabaltzailea edo lehen omendu ezaguna.[4]

Jose Luis Ansorena musikariak 1955ean doinu bera zuen Vienako aspaldiko melodia baten berri jaso zuen.[5]

Hitzak aldatu

Agur, jaunak!
Jaunak, agur!
agur t'erdi.
Danak Jainkoak
eiñak gire:
zuek eta
bai gu ere.
Agur, jaunak!
Agur!
Agur t'erdi.
Hemen gire.
Agur, jaunak!

Beste bertsio bat aldatu

Bertsio tradizionalak emakumeak ez zituen aipatzen eta denak Jainkoak eginak garela adierazten zuen. EHUk 2015ean beste bertsio bat plazaratu zuen, ekitaldi berezietan kantatzen den abesti honetan ere emakumeak barne hartzeko asmoz.[6] Hartara, bertsio berriak jaunak ez ezik andreak ere aipatzen ditu; eta, aitzitik, jainkorik ez da aipatzen. Hona hitzak:

Agur Jaunak
eta Andreak!
Agur t'erdi.
Danak berdinak
einak gire.
Zuek eta
bai gu ere.
Agur jaunak
(e)ta andreak!
Agur t'erdi.
Hemen gire.
Agur danak!

Jatorrizko bertsio baten hitzen azalpen bat aldatu

Joxe Mari Mitxelena Oiartzungo pilota ikertzaileak, frogatzen duen dokumenturik ez izan arren, belaunaldiz belaunaldi transmititutako kontakizuna jaso du.[7][8] Horren arabera, 1851n, Maulen elkarri desafioa bota zioten Urtxallek eta Mauleko Errotariak, garaiko pilotari ezaguna, –desafioak buruz burukoak izaten ziren, eta gero bakoitzak bere taldea osatzen zuen–. Orduan, Iparraldeko lau lagun Oiartzungo hiruren aurka lehiatu ziren, eta orduan ere oiartzuarrak atera ziren garaile. Jokalari oiartzuarrak etxera bueltatu ziren, baina Urtxallek segituan hartu zuen Mauleko ostaturako bidea. Herritarrak gonbidatu eta gitarrarekin giroa berotu zuen. Erretiratzeko orduan, Mauleko Errotariari bota omen zion kanta famatua, jatorrizko hitzak denborarekin apur bat aldatu badira ere:

Agur Jauna,
(aurkariari zuzenduz, Mauleko Errotariari)
Jaunak agur,
(ostatuko gainontzekoei)
Agur t´erdi.
Denak Jainkoak
iñak gire
(“iñak” Oiartzunen esan ohi den moduan, “gire” zuberotarrez)
zuek eta bai ni ere.
(Urtxalle Jainkoa zela esan ohi zen, pilotan baldintza beretan beti irabazi egiten zuelako. Bera ere, gainontzekoen moduan, hezur eta haragizkoa zela esan nahi zuen horrela)
Agur, Jaunak, Agur
Agur t´erdi hemen gire.

Musika aldatu

 


Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz)"El "Agur Jaunak" nació en Rentería", Txistulari aldizkaria 102 (1980), orr. 15-17
  2. (Gaztelaniaz) Ezkurdia, Luis. (1968). Los miqueletes. Icharopena, 211-218 or..
  3. (Gaztelaniaz) Pérez-Aguirre, Ignacio. (1963-08-01). «Agur Yaunak. El estreno» El Diario Vasco.
  4. «Agur Jaunak abesti ospetsuaren jatorriaz hiru bertsio daude, eta denetan Manuel Franzisko Lekuona Urtxalle pilotaria dago tartean: batzuek diote Iparraldean entzun eta Hegoaldera ekarri zuela; beste batzuen esanetan Maulen jokatutako desafio batean beste pilotari batek berari kantatu zion; eta hirugarren bertsioari kasu eginez artista oiartzuarrak berak kantatu zuen lehen aldiz.»
    Mikel Garcia: «Pilotari bohemio bat boteretsuenen artean», Argia astekaria, 2155. zenbakia (2008ko urriaren 19a).
  5. (Gaztelaniaz) Ansorena Miranda, Jose Luis. (1999). «Procedencia de algunas melodías populares vascas (Euskal abesti herrikoi batzuen jatorria)» Txistulari 179 (orr.: 5-13).
  6. Goikoetxea, Garikoitz. «'Agur Jaunak' kantuaren hitzak aldatu dituzte EHUren ikasturte hasierako ekitaldian» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  7. Pilotari bohemio bat boteretsuenen artean, Argia astekaria, 2155. zenbakia (2008ko urriaren 19a).
  8. «Urtxalle. Pilotari bohemioa» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).

Kanpo estekak aldatu