Aesara

Idazle eta filosofo pitagorearra.

Aesara Lukaniakoa (grezieraz Αἰσάρα, aisara) K. a. III. mendeko idazle eta filosofo pitagorearra izan zen[1]. Joan Stobikoaren K. o. V. mendeko Antologia idazlaneko aipamen batengatik bakarrik dugu haren berri. Bertan, Stobikoak Aesara Giza Naturari buruz izeneko tratatu baten egilea dela dio, eta lanaren pasarte bat zitatzen du[2]. Duela gutxira arte, egile gehienek, Holger Thesleff filologo finalndiarraren teoriari jarraiki, Stobikoaren Aesara irakurketa Aresas Lukaniako gizonezko filosofo pitagorearraren izenaren korrupzio bat zela uste zuten, eta Aesara, beraz, ez zela sekula esistitu[3]. Stobikoaren eskuizkribuek, ordea, aho batez eskaintzen dute Aesara irakurketa, eta gaur egungo ikerlariek ez dute arrazoirik ikusten Aesara Lukanikoa benetan esistitu zen emakume filosofoa izan zela baieztatzeko[1].

Aesara
Bizitza
JaiotzaK.a. IV. mendea
HeriotzaK.a. III. mendea ( urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakantzinako greziera
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa eta idazlea

Giza naturari buruz aldatu

Aesararen lan ezagun bakarra Giza naturari buruz izenekoa da. Stobikoak transmititutako pasartean, Aesarak "lege naturalaren teoria bat aurkezten du. Teoria horren arabera, gizakion arimaren naturaren eta egituraren analisiaren bitartez giza lege ororen oinarri filosofikoak aurki daitezke, moralaren eta lege positiboaren oinarriak barne"[4]. Horretaz gain, etxea estatuaren mikrokosmoa dela dio, eta, beraz, emakumeek paper garrantzitsua dutela estatuaren funtzionamendu egokian[4]. Horrela dio pasarteak:

« Iruditzen zait Giza Naturak legearen estandar bat ezartzen duela etxearentzat eta hiriarentzat. Norbere barruko arrastoei jarraituz, bilatzen duen edonork hurrengoa aurkituko du: legea eta justizia, hots, arimaren antolakuntza ordenatua, bere baitan daude. Antolakuntza hirukoitza da, eta hiru funtziotan banatuta dago: pentsamendua eta arrazoiketari dagokiona gogoa da, indarra eta abileziari dagokiona borondatea, eta amodio eta maitasunari dagokiona desira. Hiru elementu hauek halako moduan daude elkarren artean antolatuta, non elementu onena den agintaria, apalena gobernatuz, eta tartekoak tarteko posizio bat okupatzen duen, gobernatuta eta gobernatuz aldi berean.

Jainkoak, beraz, gauzak printzipio berari jarraiki eraiki zituen gizakiaren bizitokiari dagokionez, gizakia bakarrik nahi baitzuen lege eta justiziaren gordailu, eta ez beste edozein animalia. Izan ere, loturan oinarritutako batasun konposatu bat ezin daiteke gauza bakar batetik eratorri, ezta oso antzekoak diren hainbat gauzetatik ere. Hain zuzen, beharrezkoa da, egin beharreko gauzak ezberdinak direnez, arimaren atalak ere ezberdinak izatea, gorputzaren kasuan ere ukimenaren, ikusmenaren, entzumenaren eta dastamenaren organoak ezberdinak diren bezala, ez baitute afinitate berbera gauza guztiekin. Bestalde, ez da posible halako batasuna ausaz ezberdinak diren hainbat gauzetatik eratorri izana, osaketa eta antolakuntza baten arabera osatu diren eta osotasun konposatu horretan bat datozen gauzetatik baino. Beraz, arima ez dago soilik osotasunarekin bat antolatutako atal ezberdinekin osatuta. Horretaz gain, atal horiek ez daude ausaz eta kaotikoki antolatuta, atentzio arrazionalaren arabera baizik.

Izan ere, arimaren atalek botere eta ohore berbera baldin balute, ezberdinak izanagatik (batzuk apalagoak, besteak hobeak eta beste batzuk tartekoak izanda), arimaren baitako atalen batasuna ezingo litzateke osatu. Eta, bakoitzak botere ezberdinak balitu, baina onenak ordez apalenak botere handiena balu, eromen eta desorden handia legoke arimaren baitan. Are gehiago, atal onenak botere handiena balu eta okerrenak txikiena, baina ez dagokion proportziona, ezinezkoa litzateke arimaren baitan batasuna, adiskidetasuna eta justizia egotea. Alta, atal bakoitza dagokion boterearen arabera antolatuta dagoenez, horrelako antolaketan datzala justizia baieztatzen dut. Hain zuzen ere, nolabaiteko batasun eta adostasun bat dator horrelako antolaketarekin. Antolaketa honi zuzenki deituko genioke ordena egokia, atal onenak apalena goberantuz bere bertutea gehitzen baitio antolakuntza mota honi. Adiskidetasuna, maitasuna eta amodia sortuko dira atal hautetatik, gogo zorrotzak konbentzitzen baitu, desirak maitatzen, eta borondateak indarra ematen. Garai batean gorrotoz gainezka zegoena desirari abegikor bihurtzen da.

Gogoak, berriz, atsegina dena mingarria denarekin adostasunean jartzen du, baita gogor eta indartsua dena ahul eta erlaxatua den arimaren atalarekin adiskidetu ere. Atal bakoitza bere naturaren eta dagokionarekiko arduraren arabera banatuta dago: gogoak zorrozki aztertzen eta jarraitzen ditu gertaerak; borondateak indarra eta animoa gehitzen dizkio gogoak aztertzen duenar; eta desirak, maitasunarekiko hurbila denez, gogoari jarraitzen dio, eta hausnarketa hausnartzen duen arimaren atalari uzten dio. Gauza horiek kontuan hartuta, iruditzen zait gizakientzako bizitza onena gozamena ontasunarekin eta bertutearekin nahastean datzala. Gogoa gai da gauza horiek bere buruari ezartzeko, hezkuntza sistematikoaren eta bertutearen bitartez maitagarri bilakatuz.

»

—Aesara Lukaniakoa[oh 1]


Oharrak aldatu

  1. Antologia, 1.49.27.

Erreferentziak aldatu

  1. a b Plant, Ian. (2004). Women writers of ancient Greece and Rome : an anthology. , 81 or..
  2. Joan Stobikoa. Antologia. , 1.49.27 or..
  3. Thesleff, Holger. (1961). An introduction to the pythagorean writings of the hellenistic period. , 77 or..
  4. a b Waithe, Mary Ellen. (1987). A History of Women Philosophers. Ancient Women Philosophers.. , 10 or..

Kanpo estekak aldatu