2014ko Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Giza Katea

2014ko Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Giza Katea Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea izan zen, 2014ko ekainaren 8an egina, Euskal Autonomia Erkidegoko erdigunea den Durango eta Euskal Herriaren hiriburu historiko Iruñea loturik. Gure Esku Dago erakundeak abiarazi eta antolatu zuen, eta gure ESKU bidea goiburua izan zuen. Ekimen nagusiaren inguruan beste hainbat ekitaldi ere egin ziren, aurreko asteetan, Euskal Herriko hainbat herritan, hala nola giza kate txikiagoak eta mendi ibilaldiak.

2014ko Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Giza Katea

2014ko Euskal Herriaren Erabakitze Eskubidearen Aldeko Giza Katea osatu zeneko unea.
Giza katearen ibilbidea.
Data2014ko ekainaren 8a
LekuaDurango eta Iruñea artean
 Euskal Herria
AntolatzaileaGure Esku Dago
HelburuaEuskal Herriaren Erabakitze Eskubidea bultzarazi eta ezagutaraztea
Goiburuagure ESKU bidea
Parte hartzaile kopurua150.000
WebguneaGureeskudago.net

Aurrekari historikoa aldatu

Testuingurua eta aurrekariak aldatu

Gure Esku Dago aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Gure Esku Dago»

Gure Esku Dago erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimendua da. Eskubide horren inguruan lanean diharduten hainbat eragile dira aitzindari, 2007an Gipuzkoako Goierri eskualdean sortutako Nazioen Mundua taldea, besteak beste. Oinarri demokratikoa duen aldarrikapen “pre-politiko” gisa definitu du erabakitzeko eskubidea, eta sentsibilitate ezberdineko herritarren atxikimendu pertsonala metatzea du helburu.

Giza katearen garapena aldatu

Izen ematea eta aurretiazko ekitaldi nahiz adierazpenak aldatu

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
GURE ESKU BIDEA manifestua
Giza Katearen iragarkia ikusgai.

2013ko azaroaren 16an aurkeztu zen Durangon.[1][2] Ekimen «zabal eta askotarikoa» egin nahi zuten Gure Esku Dago plataformakoek. «Ekimen kolektibo honetan, herritarrek hartuko dute protagonismo osoa, herri gisa gure etorkizuna guk geuk erabakitzeko eskubidea dugula eta eta erabakia herritarroi dagokigula baieztatzeko», adierazi zuten sustatzaileek.[3]

Abenduaren 9an, Gure Esku Dagok honako manifestua plazaratu zuen, giza katearen deialdiaren inguruan, erabakitzeko eskubidearekin konpromisoa aldarrikatuz.[4]

Urtarrilaren hasieran, Gure Esku Dagoren ekimena hainbat herritan aurkeztu zituzten: Zumaia, Gernika, Lasarte, Muskiz, Sestao, Arrigorriaga, Zornotza, Iruñea, Oiartzun, Galdakao, Legazpi eta Zaldibian. Horretaz gain, «Gureeskuklip» izeneko bideo lehiaketa abiatu zuten. Norbanakoek edota edozein talde edo kolektibok erabakitzeko eskubidearen aldeko mezuak zabalduko zituen ikus-entzunezkoak jaso nahi zituzten otsailaren 16a baino lehen.[5]

Martxoaren 29an Gure Esku Dagok giza kateari termometroa jarri zion: 5.000 lagun bildu zituen Bilboko La Casilla kiroldegian.[6]

Apirilaren 13an, dagoeneko 22.000 pertsonak eman zuten izena parte hartzeko. Ordurako, Kirmen Uriberen letrekin eta musikari nahiz abeslari ezagun andanaren laguntzarekin egindako bideoklipak 184.000 ikustaldi zituen. Egun horretako datuen arabera, 100 batzorde osatu dituzte herrietan: 9 Araban, 18 Nafarroan, 32 Gipuzkoan eta 41 Bizkaian.[6]

Apirilaren 23rako, ia 120 herritan zeuden Gure Esku Dago bultzatzeko taldeak.[7]

 
Aurretik Urbian burututako Euskal Herriaren Erabakitze Eskubidearen Aldeko Giza Katea.

Apirilaren 27an, giza katerako spota grabatzen hasi ziren. Bilbon 100 pertsona behar zituztela iragarri zuten antolatzaileek eta 500 inguru gerturatu ziren Guggenheim inguruetara. Hurrengo astean, grabaketa egiten jarraitu zuten Donostian, Iruñean, Bardean eta Gasteizen. Aurretik Bardean ere egin zuten grabaketa.[8]

Maiatzaren 8an, Òmnium Cultural elkarteak adierazi zuen Paris, Berlin, Brusela, Ginebra, Lisboa, Londres eta Bartzelonan giza gazteluak (katalanez: castells) egingo zituela ekainaren 8an, eta Iruñea Europako zortzigarren hiriburua izango zela egun horretan. Giza gazteluak eta giza kateak bi herrien aldarrikapenak batzeko egin zirela esan zuen.[9]

Bartzelonako Euskal Etxean egin zuten aurkezpena gure Esku Dago ekimenak, Òmniumek eta Sant Vicenç dels Horts elkartekoek. Katalanek Europako zazpi hiriburutan gaztelu bana egitea zuten pentsatuta, bada orain zortzigarren hiri bat ere izango zela iragarri zuten: Iruñea Europan kokatuko dute El Carallotseko ehunka castellersek.[9]

Maiatzaren 11ean, Gure Esku Dagok Juan Jose Ibarretxe, Floren Aoiz eta Gemma Zabaletaren arteko mahai-ingurua antolatu zuen. Ondorengo hauek esan zituzten, hurrenez hurren:[10]

« Prozesu batean gaude non halabeharrez herritarrari boterea itzuliko zaion. Hau geldiezina da, egunero ikusten ari gara eta euskal gizartean ere ikusiko dugu erabakitzeko eskubidearekin. [...]

Jabetu behar gara demokrazia dagoela eztabaidaren erdian, eta ez hainbeste nazioa. Herri honetan pertsona askoren proiektua legitimatzen du nazioaren proiektuak, baina erabakitzeko eskubideak askoz gehiago legitimatzen du. [...]

Gaur, politikaren arloan, mundua kontzeptu anglosaxoi batean oinarriturik dago: Voice or exit. Edo hitz ematen didazu, edo banoa. Edo erabakitzeko eskubidea, edo independentzia aldarrikapen aldebakarrekoa. Binomio horren ondorioz, munduan demokrazia gutxiagori independentzia gehiagorekin erantzuten zaio. [...]

Ez da kontu juridikoa, politikoa da, oinarrian gure menpe dagoena. Gehiengo natural indartsuak lortu behar dira, ez erabakitzeko eskubidearen alde, eskubideak eztabaidaezinak baitira; eztabaidatu dezakegu eskubide horiek praktikan jartzea ala ez, baina ez eskubidea bera.

»
« Inork ez du zalantza egiten non hasi eta non amaitzen den Eskozia. Gure herriaren kasuan egoera konplikatuagoa da, jokoan dagoen lurraldetasunagatik. Horregatik, oso garrantzitsua da erabakitzeko eskubidea azaldu eta gauzatzean konplexutasun horri erantzutea. Egin dezakegun azkeneko gauza da pentsatzea erdigune bat eta periferia bat dagoela. [...]

Politikan badago gauza handi bat: pasioak kontuan hartu behar direla. Sentimenduak eta emozioak. Agian laborategian pentsa dezakegu erabakitzeko eskubideak eman dezakeela; baina orain eta hemen baiezta dezakegu erabakitzeko eskubidea erabiltzeko aldarrikapenak zenbat jende bildu dezakeen, beste batzuetan elkarri kontra egin izan diogun jendea gainera. Herri honetan ez dago beste aldarrikapenik hainbeste jende eta indar biltzeko gai dena.

»
« Erabakitzeko eskubidea defendatu daiteke abertzale izan gabe, independentista izan gabe. Defendatu daiteke norbera egiazko berreskurapen politikoaren alde dagoenean. Horregatik nago hemen hau eztabaidatzen. [...]

Badago bidea egiteko? Badu erremediorik honek? Nik esango nuke baietz. Eta ez da beharrezkoa diskurtso berria asmatzea. Alderdi politiko nagusiek beste batzuetan egin duten lana ehundu besterik ez dugu egin behar, beste garai batzuetan egiteko kapaz izan direna josi. Hori besterik ez litzateke behar, ausardia eta borondate politiko hori.

»

Maiatzaren 14an, Erabakitzeko eskubideaz Hamaikak hasitako "Pausoan" telebista saioan Jesus Egiguren, Karmelo Landa ezker abertzaleko kidea eta Iñaki Zarraoa EAJko kidea eta Getxoko alkate ohia bildu ziren. Jesus Egigurenek hainbat aipamen egin zituen:

« Nik ez dut sinesten erabakitzeko eskubidea eta independentzian eta horietan, hemendik urtetara gauza hori diskutitzen jardungo gara, baina oraingo bidetik geldituko gara Extremadura, Andaluzia eta beste edozein autonomia bezala. Eta aldiz, ez dugu probatu bide posible eta berri hori, Europan nazio inportantea egiten gaituena. [...] »
 
Aireko ikuspegia.
« Erabakitzeko eskubide hori… gaurko marko politikoa aldatuz joatea kontsentsuaren bidez. Gaur erabakitze hori hartuko bagenu, herria zatitua geratzen da. Hori ez da ona. Aurrera joan behar dugu baina kontsentsua eginez. [...] »
« Independentzia % 80ra iristen bada, legeak edo konstituzioek gauza bat esan edo ez, independentzia lortzen da. [...] »
« Erabakitzeko eskubidea bera planteamendu zaharra da: soberania bakarra, nazio bakarra… gauza horiek kuestionatuta daude. Ertzainek txapelgorria eramaterik ez dute Europak galarazi duelako. Espainia ez da soberanoa, gauza askotan Europak agintzen du. Orduan, soberania konpartituetara goaz. Nik uste hobe dela gauzak ikustea errealitatean nola diren, ilusio batekin bizitzea baino. [...] »
« Guretzat bentaja bat da anbiguoak izatea, hor mugitzen gara ondo. Hori galtzea… Erabakirik hartu gabe eta nahasduran hobeto joaten zaigu erabakiak hartuta eta argitasunean baino. »

Bestalde, “Gure Esku Dagok abantaila bat izango du –esan zuen Zarraoak–: gehiago ezagutuko dugu elkar. Hemen bizikidetza konpondu behar dugula esaten dugu, bada ekimen honek ere egingo du bere lana horretan”. Karmelo Landak, berriz, “Bilbon era askotako jendea dago, kolore, ideologia, hizkuntza eta sinesmen askotakoa. Adostu behar dugu guztiontzako etxe bat, Euskal Herria izatea guztiontzako etxea” adierazi zuen.[11]

 
Giza Katea Sakanan.

Maiatzaren 16an, Gure Esku Dagok Nafarroan zuen egitura aurkeztu zuen.[12] Dinamika “indartsu” ari zela garatzen Nafarroan, dozenaka talde sortu zirela eta milaka lagunek eman zutela jada izena adierazi zuten. “Nafar guztion artean erabaki behar dugu biharko Nafarroak nolakoa izan behar duen –esan dute prentsaurrean hainbat lagunek–; gure esku dago eta ekainaren zortzian elkarren eskuei helduko diegu”. Euren esanetan “lur askotariko lurraldea” da Nafarroa eta herritar bakoitzaren abiapuntua eta proiektu politikoa ere ezberdina da: “Baina gertatu ez daitekeena zera da: beste batzuek gure ordez erabakitzea”. Euren esanetan, Gure Esku Dago dinamika “erabaki ahal izatearen izaera demokratikoan” oinarrituta dago: “Hau ez da abertzaleen afera. Dinamika honen erroetan ez daude ez bandera ez eta identitateak ere. Demokrazia dago; Nafarroa, Navarra edo Nabarra (deitu nahi bezala) nafarrok erabakitzen duguna izan dadin”. 30etik gora aurkezpen eta asanblada egin ziren lurralde osoan eta dozenaka herritan lan taldeak sortu zituzten: Bianan, Lizarra, Tuteran, Zangozan, Tafallan, Otsagabian, Altsasun, Basaburuan, Elizondon, Atarrabian...

Maiatzaren 26an, Gure Esku Dagok giza katerako spota aurkeztu zuen. Labrit Multimediak eta Gure Esku Dago herri ekimenak elkarlanean egin zuten spota. Aitor Ortizek zuzendu zuen, Gonzalo F. Berriri argazki zuzendariak lagunduta. Grabaketak apirilaren azken astean egin ziren Baionan, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Berriozarren eta Bardean. Ehunka herritarrek hartu zuten parte.[13]

Maiatzaren 29an, jada 50.000 lagunek eman zuten izena.[14] 700 autobusetik gora zeuden baieztatuta eta 2.500 boluntario zeuden antolakuntza lanetan.[15]

Maiatzaren 31ean, Ipar Euskal Herriko zenbait lekutan giza kateak egin ziren. Giza kateak Hendaian, Saran, Larrainen eta Izpegin egin ziren. Giza kate horietan 500 lagun batu ziren.[16] Egun horretarako, 60.000 lagunek eman zuten izena, hasieran jarritako kopurua baino 10.000 gehiagok. Gure Esku Dagok adierazi zuenez, azken egunetan beste 10.000k eman zuten izena.[17]

Ekainaren 4an, Gure Esku Dagok Internet bidezko eskariak bertan behera utzi zituen, eskaera uholdeagatik. Bertaratu nahi zuen orori galdegin zieten herrietan jarritako salgune eta informazio puntuetan eros zezaketela metroa edo igandean bertan kilometroz kilometro ezarriko ziren guneetara jo zezaketela. Dagoeneko 900 autobus bete zirela ere adierazi zuten.[18]

Egun berean, Argiak adierazi zuenez, aukera handiak zeuden 100.000 pertsonako giza katea egiteko, herri batzuetan hasiera batean behar zirenak baino jende gehiagok eman baitzuen izena.

Oñatin maiatzaren 29an 1.268 metro zeuden erosita, hiruzpalau egunetan ia 300 lagunek eman zuten izena eta 1.500eko erronka gainditu zuten. Sopelan egun gutxiren buruan beste bi autobus bete zituzten eta 15 autobus atera ziren. 400 pertsona behar zituzten eta 1.000 lortu zituzten egun horretarako. Zaldibarren 40 lagunek eman zuten izena egun bakarrean eta 149 ziren ekainaren 4an. Zestoan maiatzaren 28an 200 pertsona zeuden apuntatuta eta ekainaren 2an 300 zestoar ziren jada. Zarautzen 17 autobus bete zituzten eta 1.000 pertsonako erronka gainditzeko zorian zeuden. Hurrengo egunean, 1.000 pertsonako kopurua gainditu zuten. Txantrean 300 lagun behar zituzten, bada 450ek eman zuten izena ekainaren 4ra arte. Hernanin 600 pertsona behar ziren eta 1.200 batu zituzten. Getxo, Gorliz eta Plentzian apirilaren hasieran ez ziren 1.000 lagunera iristen, maiatzaren amaieran 2.000tik gora zeuden apuntatuta.

Zizur Nagusian 400 laguneko erronka betetzera zihoazen. Txorierrin 400 pertsona behar zituzten, bada zifra hori hirukoiztu egin zuten eta gutxienez 1.400 txorierritarrek hartu behar zuten parte. 22 autobus atera behar ziren. Antzuolan 600dik gora lagunek eman zuten izena. Hondarribian maiatzaren 31tik ekainaren 2ra ia 60 lagun gehiago apuntatu ziren eta 400eko langa pasa zuten. Aramaion 4 autobus bete zituzten. Tolosaldean 4.000 lagun joatekoak ziren giza katera. Azpeitian maiatzaren 30ean 1.207 ziren, bost egunetan 200 lagun batu zitzaizkien. Bilboko Miribilla auzotik 6 autobus irten ziren 55. kilometrora. Donostiako Amara Berrin 350 laguneko helburua bete zuten eta lau autobus irten ziren giza katera. Durangon, giza katearen ertzetako batean, 1.600 lagun konprometitu ziren; #2000baietz! erronka jarri zuten martxan.[19]

Ekainaren 6an, Gure Esku Dagok Donostian eman zuen hitzaurrekoan, 100.000 lagunek izena eman zutela adierazi zuten.[20]

 
Giza katea, Iruñeko Ate Berriaren parean.

Babesa aldatu

Alderdi politikoak aldatu

Giza kateak hainbat alderdiren babesa jaso zuen. EAJko Andoni Ortuzar, Joseba Egibar eta Markel Olanok parte hartzeko asmoa adierazi zuten. Koldo Mediavillak EAJko harreman instituzionalen idazkariak adierazi zuenez alderdiko kideek Gure Esku Dago plataformak ekainaren 8an erabakitzeko eskubidearen alde antolatutako giza katean parte hartu ahal zuten, hala nahi izanez gero. Giza katea alderdi bezala ez babesteko eskatu zieten, norbanakoen babesa bilatzen zutelako. Horregatik, nahi izanez gero, EAJko militanteek indibidualki giza katean parte hartzeko askatasuna izan zuten. EAJ beti egon zela erabakitzeko eskubidearen alde gogoratu zuen Mediavillak. Aste horretako ostegunean EAEko Legebiltzarrean onartutako autodeterminazio adierazpena 1990ean egindakoaren berrespena baizik ez zela esan zuen, eta autogobernu ponentzian kontuan hartu beharko zela.[21]

EH Bildu berak eta bere kideek ere babesa eta parte hartzeko asmoa adierazi zuten. Podemosek ere parte hartzeko deia egin zuen: "Herriek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea ez da abertzaleen eskakizuna, eskakizun demokratikoa baizik, estatuburu mota erabakitzeko eskakizuna bezalakoa". "Bigarren trantsizioa eta prozesu konstituziogilea" beharrezko zirela aldarrikatu zuten, eta Gure Esku Dagorekin dituzten antzekotasunak nabarmendu: "Politika letra handiz, politika garbia egin nahi duten herritarrak direlako, eskubide demokratiko baten aldeko adostasuna bilatzen ari direnak". "Espero dugu igandekoa eskubide demokratikoaren aldeko mugimendu anitz, zeharkako eta herritarraren hasiera izatea". Ezker Batuak ere bat egin zuen ekimenarekin.[22]

Ezker Anitzak eta Iratzarri-EKIk ez zutela parte hartuko adierazi zuten, «nahasgarria» zela iritzi baitzioten. Azaldu zutenez, «hamarkadetan ezagututako krisi politiko, sozial, ekologiko eta ekonomiko handienaren erdian, EH Bilduk eta EAJren parte batek babestutako ekimen hau nahasgarria da». Horien ustez, herritarrek ez zuten aukerarik izan erabakitzeko eskubidearen «etorkizuneko garapen» ezagutzeko: «zein baldintza zehatzetan proposatzen den erabakitzeko eskubidea». Zein lurralde zen erabakitzeko eskubidearen subjektu ere ez zuen zehazten ekimenak, Ezker Anitzaren eta Iratzarri-EKIren ustez.

PSE-EE eta PP hasieratik agertu ziren erabakitzeko eskubidearen eta Gure Esku Dagoren aurka. Bai, behintzat, beren ordezkari nagusien ahotan: «identitate arrazoiengatik bereizi» egiten duela leporatu zion dinamikari Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak: «Denen arteko kateak behar dira, ez batzuek besteen aurka eginak». Hala ere, PSEko Gemma Zabaleta giza katearen alde agertu zen.[23]

Erakunde publikoak aldatu

Alderdi politikoez gain, zenbat erakundek ere ekimena babestu zuten, tartean Gipuzkoako Batzar Nagusiek.[24]

Ordezkari sindikalak aldatu

Maiatzaren 21ean, 123 enpresetako langile ordezkariek (kilometroko bat) giza kateari babesa adierazi zioten.[25]

Norbanakoak aldatu

Gure Esku Dagok helarazitako zerrendaren arabera, hainbat jende ezagunek ekimena babestu eta bertan parte hartuko zutela adierazi zuten:[26]

Polemika aldatu

Maiatzaren 28an argitara eman zenez,[27] Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urquijok ohar bidez azaldu zuen Gipuzkoako Aldundiak Gure Esku Dagori 100.000 euroko laguntza emateko erabakiari helegitea jarriko ziola. Bere esanetan «sezesioa sustatzen» zuen eta hori ez zen foru erakundearen ardura.

Subentzioa Bilduk eta EAJk adostu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan 2013ko abenduan, aurtengo aurrekontuak onartzeko negoziazioen baitan. Aurrekontuak 2014ko otsailaren 4an argitaratu ziren aldizkari orokorrean, baina laudioarrak ez zuen ordura arte haren kontrako ekinbiderik hasi. Urquijok uste zuen erabakitzeko eskubidea «eufemismo» bat zela independentzia defendatzeko, eta argi utzi zuen «Espainiako zati batek, Euskadik kasurako, ez duela guztiaren gaineko "erabakitze eskubiderik"». Antzeko laguntzak eskaintzeko asmoz zebiltzan erakunde publikoei ere mehatxu egin zien, legea urratuko zuketela esanez.

Ekainaren 7an,[28] Carlos Urquijok «independentziarekin lotura duen edozein aldarrikapenek» porrot egingo zuela eta, beraz, erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimen horrek «frustrazioa» eragingo zuela deitzaileen eta parte hartzaileen artean adierazi zuen. «Bihar proposatuko dutena ez da erabakitzeko eskubidearen aldeko giza kate bat, independentziaren aldekoa baizik». Horren harira, erantsi zuen Espainiako Konstituzioa "nazio espainiarraren batasun hautsezinean" oinarritzen zela.

Kronologia laburra aldatu

Hona hemen, Gure Esku Dagok izan duen urtebeteko garapena laburbilduz:[29]

2013-06-08. Ficoba Giza katearen ekimena publikoki aurkeztu zuten Irungo Ficoban.

2013-09-04. Guardia Zibila zelatan. ANC eta Gure Esku Dago ikertzen ari zela esan zuen Guardia Zibilak, irailaren 11ko Via Catalanaren bezperan.

2014-01-18. Eskutik Eskura. Herriz herri konpromisoak lortzeko mugimendua martxan.

2014-03-30. Casilla. Milaka lagun bildu ziren dinamikak “bidearen erdia” egina zuen egunean. Ordurako 22.000 lagunen babesa jasota.

2014-04-23. Ekintzak azkartzen. Angel Oiarbide bozeramailearen esanetan 120 lan-talde zeuden osatuta herrietan.

2014-04-29. Ideia ezberdinetako politikariak hizketan. Floren Aoiz, Gemma Zabaleta eta Juan Jose Ibarretxe erabakitzeko eskubideaz aritu ziren EHUko Paraninfoan.

2014-05-06. Castellersak Iruñean. Katalanek ekainaren 8an castella egingo duten Europako zortzigarren hiriburua izango da Iruñea.

2014-05-16. Nafarroa. Erabakitzeko eskubideaz hausnarketa plazaratu zuten hainbat lagunek: “Zer izango da Nafarroa? Nafarrok nahi duguna. Ezin daitekeena da beste batzuek gure ordez erabakitzea”.

2014-05-18. Urbia. Herrietako ekitaldietan parte-hartze gero eta handiagoa. Urbian, esaterako, ehunka lagun izan ziren giza katean.

2014-05-21. Ordezkari sindikalak. 123 enpresatako ordezkari sindikalen babesa (ELA, LAB, ESK, EHNE, Hiru eta Eilas), giza katearen kilometro bakoitzeko bana.

2014-05-25. Gure Eskubidea spota. Euskal Herriko hiriburuetan, Bardean eta Berriozarren grabaturiko spot ofiziala sareratu zuten.

Ibilbidea aldatu

Azkenik, 150.000 bat lagunek parte hartu zuten giza katean.[30] Ibilbidea hau izan zen:[31]

Giza kateak Iruñeko Antoniutti parkea izan zuen abiapuntu. Bosquecillo kalera igaro zen katea, eta Gipuzkoa hiribidetik irten ziren herritarrak Iruñetik Berriozarrera. N-240-A errepideak zuzen eraman zituen Irurtzuneraino, Berriobeiti eta Itza atzean utzita. San Martin kaletik sartu zen katea Irurtzunen, eta NA-2410tik irten zen. Errepide horri jarraituz heldu ziren herritarrak Etxarren, Zuhatzu, Satrustegi, Hiriberri eta Irañetara. Eta bertatik, Uharte-Arakilera.

Zamartzetik sartu eta Uharte-Arakil gurutzatu zuen kateak, Ibaia kalea zeharkatuta. Estazioaren kaletik zuzen-zuzen irten ziren herritarrak Lakuntzaraino. Bertan, katea ez zen herriko erdigunera sartu, eta NA-2410 errepideari jarraituz egin zen aurrera, berehala Arbizura helduta. Iruñeko etorbidetik zeharkatu zuen kateak herria, eta NA-7520 errepidetik hartu zuen Lizarrustirako bidea.

 

Gipuzkoan sartu eta Ataunera jaitsi zen katea errepidetik. Hura atzean utzi, eta Lazkaoko Hiribarren kalea zeharkatu zuen, Beasainera helduz. Senperetik sartu eta Nafarroa etorbidean heldu zioten elkarri herritarrek, Igartza Oleta kaletik eta Salbatore auzotik hartuz Ormaiztegirako bidea. Bertan, San Andres eta Zumarralde kaleetan batu ziren herritarrak, hortik Zumarragarako bidean jarraituz. San Gregorio kaletik barneratu zen katea herrian, eta Secundino Esnaola eta Ipeñarrieta kaleak hartu zituen gero. Diseminados Barreiatuatik irten zen katea Zumarragatik, eta bidean jarraituz heldu zen katea Antzuolara.

Uzarraga auzotik aurrera, Urtegaka laketik sartu zen katea Bergaran, eta Ibargarai hiribidetik hartu zuen GI-627 errepidea. Elorregi auzoa pasatuta, Arrasaten izan zuen jarraipena. Gipuzkoa etorbidea eta Otalora lizentziaduna kalea bete zituzten herritarrek, eta Meatzerreka auzotik joan zen katea Elorriora.

Elorrion, Urkizuaran, Elizburu eta San Fausto kaleak zeharkatu zituen kateak, Apatamonasteriotik Abadiñora helduz. Alfredo Baeschilin kalea atzean utzi eta Durangora heldu zen katea, azken metroetara. Bertan, Zeharmendiarrieta eta Olleria kaleetatik igaroz heldu zen katea bere helmugara, Landako gunera.

0-25 kilometroak aldatu
25-50 kilometroak aldatu
50-75 kilometroak aldatu
75-100 kilometroak aldatu
100-123 kilometroak aldatu

Ibilbidearen ondorengoa aldatu

Durangon, Bergaran, Lazkaon, Etxarri Aranatzen eta Iruñea izan ziren giza katearen osteko Gure Esku Dagoren festaguneak.[32]

Landako Gunean (Durango), bertsolariak, ekitaldia, bazkaria, kontzertuak (Gozategi, Ze Esatek!, Oxabi erromeria), txosnak eta umeen txokoa egon ziren. Bergaran, ekitaldia, ume eta familien gunea (makarroi eta txokolate jana, Irrien Lagunak eta apar festa, Herrixa Dantzan erromeria eta Emon-en kontzertua), gazteen gunea (Gose-ren kontzertua, Esne Beltzaren kontzertua), Euskal Herriko Errekortari Txapelketa, katering zerbitzua eta haur jolasak eta musika egon ziren.

Lazkaon, Goierriko bertso eskolako gazteak, ekitaldia, bazkaria, Patxin eta Potxin pailazoak, Mutxiko dantzak, erromeria Guri5!-ekin, Eskuetan flashmob-az gain egunean zehar haur parkea eta trikitilariak egon ziren.

Etxarri-Aranatzen, ekitaldia, bazkaria, kontzertuak (Vendetta, Xaiko eta Tximeleta) eta egun osoan haurrentzat gune berezia, musika eta animazioa egon ziren.

Azkenik, Iruñean, Alde Zaharrean joaldunak, Kantuz, txistor jana, pintxo dastatzea, gazte bazkaria; katalanen giza gaztelua, Satelite & Josu raperoak, bazkaria, karaokea, Igande Txaranga, trikitilariak eta DJ Bull egon ziren. Egun osoa zehar, kale animazioa ere egon zen.

Gure Esku Dago nazioartean aldatu

Maiatzaren 18 eta 19ean, Eskoziako Edinburgh hiriburuan euskal diasporak euskal jaia antolatu zuen. Hainbat gairen artean, Gure Esku Dagoren giza katea izan zuten mintzagai. 130 lagunetik gora bildu ziren.[33]

Euskal Diasporak ere babesa erakutsi zion ekimenari.[34] Gainera, giza katea egingo zen asteburuan Mexiko, Buenos Aires, Boise, La Plata, San Frantzisko, Sydney, Londres eta New Yorken giza kateak egiteko asmoa adierazi zuten.[35]

Antolakuntza eta logistika aldatu

Gure Esku Dagok giza katerako gida atera zuen. Bertan, metroa aurretik eskuratu eta ahal den neurrian autobusez bidaiatzeko eskatu zuten. Giza katea Durangotik Iruñerako norabidean ezkerreko aldean egingo zela eta toki askotan errepidea ez zela autoentzat moztuta egongo adierazi zuten. Horregatik segurtasun arauak errespetatzeko eskatu zuten.

Adierazi zutenez, 10:00ak inguruan hasi behar zen jendea biltzen eta giza katea “modu animatu eta ordenatuan” prestatuko zen. 12:00etan kateari hasiera emateko soinu ozen bat entzungo zen, izan txalaparta, adar, kanpai edo beste soinuren bat. 2.500 lagun boluntario arduratu ziren giza katea antolatzeaz, kilometro bakoitzeko hamar lagun (arduraduna, bost laguntzaile eta informazio puntuan beste lau).[36]

Amaitu ondoren egun osoko jaialdiak antolatu zuten Durangon, Bergaran, Lazkaon, Etxarri-Aranatzen eta Iruñean.[37]

Hedabideak aldatu

Euskal Herrikoak aldatu

Herri ekimenetako hainbat komunikabidek giza katea jorratzeko asmoa adierazi zuten. Euren ustez, interes informatibo handia zuen ekimenak eta hedabideen elkarlana sustatzeko aukera egokia zela ikusi zuten. Sare sozialetan jarraipen koordinatua egin zuten eta giza kate osoko argazkiak bilduko zituen mapa interaktiboa osatu zuten. Giza katea dokumentatu zuten, argazkiz eta ikus-entzunezko formatuetan, lurretik eta airetik. Irrati bidez entzun ahal izan zen eta webguneetan streaming bidez zuzeneko irudiekin hornituko zuten ikus-entzunezko saioa. Gauean ordubeteko telebista saioa egin zuten, egunak utzi zuen onenaren laburpen gisa.

Elkarlan horretan hedabide hauek hartu zuten parte: Ahotsa.info, Aiaraldea Komunikazio Leihoa, Anboto Komunikabideak, Argia, Arrosa sarea, Barren, Berria, Goiena Komunikazio Zerbitzuak, GoierriTB, Guaixe, Hamaika Telebista, Hitza, Hitzondo, Info7, Librean Zuzenekoak, Naiz, Pil-pilean, Piztu, Tolosaldeko Ataria, Tokikom, Topatu.info, 25 Geltokia.[38]

EITBk ere jarraipen informatibo berezia egin zuen.[39] Telebistari zegokienez, 12:00etan albistegi aurrerapen berezia egin zuen ETB 1ek. Zuzeneko konexioak egin zituzten Durango eta Iruñearekin, giza katearen bi muturrekin. Albistegi horretan giza katearen irudiak erakutsi zituzten, hainbat puntutakoak, baita helikoptero bidez Gure Esku Dago ekimenak berak eskainitakoak ere.

Halaber, Gaur Egun eta Teleberri albistegiek tarte handia egin zioten giza kateari. Horretarako, giza katearen bi muturrekin zuzeneko konexioak egin zituzten, eta goizean zehar lantaldeak bildutako testigantzak eskaini ziren. Euskal Herria Zuzenean saio berezia eskaini zuen gaueko 22:50ean, egunak emandako nagusiena bilduko zuen programa honek.

Irratiari dagokionez, goizean zehar orduz orduko albistegietan eta Amarauna eta MQP saioetan konexioak egin ziren giza katerako prestatzen ari ziren puntuekin, bertaratutakoen hainbat testigantza bilduz. Eguerdiko 12:00etan zuzenean eskaini zen katea osatzeko unea bi irratietan. Durango eta Iruñearekin konexioak egiteaz gain, errepideko hainbat punturekin ere egin zituzten, unitate mugikorren bidez. Beste hainbeste egin zen 12:30ak aldera, giza katea desegiteko unean. Eguerdiko Goizak Gaur eta Crónica de Euskadi albistegietan goizak emandakoaren laburpena egin zen eta amaierako manifestuaren irakurketaren berri eman zen.

Berriak igandean paperezko edizio berezi bat argitaratu zuen.[40][41] Igande eguerdian egin zuten kazetariek egunkari monografiko hori, eta arratsaldean doan banatu zen Gure Esku Dagok ekitaldiak antolatu zituen tokietan: Durangon, Bergaran, Lazkaon, Etxarri Aranatzen eta Iruñean. Herri horietan ez ezik, Bilbon eta Donostian ere banatu zen. Asteartean, Berriaren harpidedunek eguneroko egunkariarekin batera jaso zuten edizio berezia.

Nazioartekoak aldatu

Euskal Herritik kanpo ere giza katea berria izan zen. Ingelesezko hedabideetan, New York Times estatubatuar[42] edo The Daily Wales galestar[43] egunkariek, msn.com[44] edo Yahoo! webguneek[45] eta baita Reuters agentziak ere[46] katearen berria argitaratu zuten. Italiako Corriere della Serak[47] eta beste hainbat nazioarteko egunkarik ere argitara eman zuten.

Frantzian, Parisko egunkariek, tartean Libérationek[48] edo Le Figarok,[49] berria aipatu zuten. Telebistan, TF1 publikoan[50] eta pribatuetan agertu zen.

Espainian ere argitaratua izan zen: Madrilgo El País,[51] El Mundo,[52] Público,[53] La Razón,[54] ABC,[55] Oviedoko La Nueva España,[56] Santanderko El Diario Montañés,[57] Zaragozako Heraldo de Aragón[58] egunkariek berria aipatu zuten. Televisión Española[59] telebista kate publikoan edo Antena 3,[60] Telecinco[61] edo La Sexta[62] pribatuetan ere agertu zen.

Katalunian Diari de Tarragonak,[63] Avuik,[64] La Vanguardiak,[65] El Periódico de Catalunyak[66] edo Diari de Gironak[67] euskal katea ere aipatu zuten. Lehen Diari Ara bezalako egunkariak prestaketak ere izan zituen kontuan.[68]

Eragina eta erreakzioak aldatu

Nazioartean aldatu

Nazioartean oihartzun handia izan zuen kateak.[69] Hainbat albiste agentzietan azaldu zen, baita Europa gehienean, Amerikan, Afrika, Asia eta Ozeanian ere.

Interneten aldatu

Berria.infok historian bisitari gehien izan zuen egunen artean hirugarrena da izan zuen.[70] Egun horretan, 36.461 bisita jaso zituen eta 24.791 erabiltzaile. Webguneko elementuen artean, aipagarria izan zen Berriak osatutako mapa interaktiboa. Bi egunean, 32.000tik gora ikustaldi jaso zituen. Airetik jasotako irudiekin osatutako bideoak ere arrakasta handia izan zuen: 8.000tik gora ikustaldi.

Twitteren aldatu

Twitterren ere Berriak mobilizaziori buruz zabaldutako txioen mugimendu handia izan zen azken egunetan. Ekainaren 8an, 115 txio sortu zituen egunean bertan, eta 969 bertxio jaso.[70]

Txio bertxiotuenak 70 bertxio jaso zituen, eta honako hau zioen: “Segalariek marraztu dute herri honen sentimendua #GureEskuBidea #GureEskuDago #BasquesDecide”, eta segalariek belarretan marraztutako «Gure eskubidea» leloa zuen argazkia ikusten zen, helikopteroko irudietatik hartua. Antzeko beste txio batek beste 78 bertxio jaso zituen.

Jendearen gustoko txioen artean, berriz, nabarmentzekoa zen bertxiotuena Berriaren kontutik bertxiotutako bat izan zela, Garikoitz Goikoetxea kazetariarena: “Erredakzioan lanean ari garenon giza katetxoa, erredakzio erdian. @berria #GureEskuDago”, eta atzo eguerdian Berriako langileek egindako giza katearen argazkia ageri zen. 23 lagunek gehitu zuten txio hori gustukoenen artera.

Hurrengo egunean, berriz, arrakasta handien izan duen txioa Pep Guardiolaren argazkiarena izan zen: Municheko Bayern futbol taldeko entrenatzailea Gure Esku Dagoren kartelarekin ageri zen, eta txioak sei orduan 270 bertxio jaso zituen. Facebooken ere 420 aldiz baino gehiagotan partekatu zuten.

«#GureEskuDago» eta «#BasquesDecide» traolek Twitter hartu zuten, biak Trending Topic edo joera nagusiak bihurtu ziren goizean zehar Espainian, eta eguneko traol nagusiak ere izan ziren euskaraz. Kilometro zehatzen traolak ere ugari izan ziren. Gure Esku Dago ekimeneko traolak izan ziren nagusi euskal twitterlarien artean, batez ere traola generikoak: #GureEskuDago, #BasquesDecide, #GureEskuBidea, #GureEskuBideaE8, eta abar.

Umapen jasotako informazioaren arabera, kilometro eta herri hauek izan ziren aktiboenak eta txio gehien bidali zituztenak (traol horrekin, behinik behin):[71]

  • «#100km» – Txorierriko lagunak (Arakilen) – 109 txio;
  • «#12km» – Lekeitiarrak (Elorrion) – 100;
  • «#42km» – Bilbotarrak (Urretxun) – 98;
  • «#120km» – Iruindarrak – 87;
  • «#1km» – Durango (abiapuntua) – 85;
  • «#85km» – Errenteriarrak (Arbizun) – 83;
  • «#80km» G asteiztarrak (Arbizun) – 63;
  • «#123km» – Iruñea (bukaera) – 58;
  • «#88km» – Oiartzuarrak (Uharte Arakilen) – 56;
  • «#49km» – Galdakoztarrak (Ezkio-Itsason) – 54.

Horiek ez ezik, eguneko zenbait unetan beste herri batzuetako traolak ere azaldu ziren zerrendako aurreneko lekuetan, besteak beste, #29km (Bergararrak), #20km (Portugaletekoak Arrasaten) edo #95km (Donostiarrak Arakilen). Inguru batzuetan ez zegoen telefono mugikorretarako estaldurarik, Lizarrustiko gainaren inguruan adibidez, Gipuzkoa eta Nafarroaren inguruan. #70km eta ingurukoak izan ziren, txiorik gabeak praktikan. Egunaren aktibitate bereziki handiaren dudarik ez dago: Umap-en euskarazko 17.379 txio bildu zituen atzo. Aurreko igandean, ekainak 1, konparaziorako, 5.895. Txio gehien ekarri zituzten traolak bi hauek izan ziren: #GureEskuDago (11.102) eta #BasquesDecide (6.179).

Erreferentziak aldatu

  1. «Une chaîne humaine pour le droit à décider» Le journal du Pays Basque 2013-11-19.
  2. «La cadena vasca por el derecho a decidir abre la inscripción de participantes» El País 2013/11/16.
  3. https://web.archive.org/web/20140606203519/http://paperekoa.berria.info/harian/2013-11-17/007/001/Eskuz_esku_erabakitzeko_eskubiderantz_.htm
  4. http://gureeskudago.net/eu/14-ged/27-gure-esku-bidea-manifestua
  5. http://www.argia.com/albistea/gure-esku-dago-ekimena-bolo-bolo
  6. a b http://www.argia.com/argia-astekaria/2411/gure-esku-dago
  7. http://www.argia.com/albistea/spot-jendetsua-grabatuko-du-gure-esku-dago-ekimenak-euskal-herriko-hiriburuetan
  8. http://www.argia.com/albistea/gure-esku-dagoren-spota-grabatzen-hasi-dira-asteburuan
  9. a b http://www.argia.com/blogak/urko-apaolaza/2014/05/08/irunean-ere-castell-bat-egingo-dute-ekainaren-8an-katalanek/
  10. http://www.argia.com/argia-astekaria/2414/gure-esku-dago
  11. Urko APAOLAZA AVILA: «Jesus Egiguren: “Erabakirik hartu gabe hobe doakigu”», Angelu itsua bloga, 2014-05-14.
  12. Urko APAOLAZA AVILA: «“Zer izango da Nafarroa? Nafarrok nahi duguna”», Angelu itsua bloga, 2014-05-16.
  13. Iera ARANBURU: «Gure Esku Dagok ekainaren 8rako spota aurkeztu du», Argia, 2014-05-26.
  14. «Más de 50.000 personas apuntadas a la cadena vasca por el derecho a decidir del 8 de junio» El Mundo 2014-6-8.
  15. «50.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena jada Gure Esku Dagoren giza katean», Argia, 2014-05-29.
  16. Kanaldude: Izpegiko lepoan Gure Esku Dago bideoa, Argia, 2014-06-05.
  17. (Gaztelaniaz) «Cadena humana por el derecho a decidir: Gure Esku Dago cuenta ya con el apoyo de 60.000 personas para "unir" Durango e Iruñea», Deia, 2014-05-31.
  18. «Internet bidezko eskariak bertan behera utzi ditu Gure Esku Dagok, eskaera uholdeagatik», Naiz, 2014-06-04.
  19. http://www.argia.com/albistea/100000-lagunetik-gorako-giza-katea
  20. http://www.argia.com/albistea/100000-lagunek-eman-dute-izena-giza-katean
  21. http://www.argia.com/albistea/eajko-kideek-askatasuna-izango-dute-ekainaren-8ko-giza-katean-parte-hartzeko
  22. https://web.archive.org/web/20140606211238/http://www.berria.info/albisteak/92611/ezker_batuak_bat_egin_du_igandeko_giza_katearekin.htm
  23. http://www.berria.info/albisteak/92562/gero_eta_babes_handiagoa_biltzen_ari_da_igandeko_giza_katea.htm[Betiko hautsitako esteka]
  24. http://www.berria.info/paperekoa/5001861/009/002/2014-06-05/gipuzkoako_batzar_nagusiak_erabaki_eskubidearen_alde.htm[Betiko hautsitako esteka]
  25. http://ccaa.elpais.com/ccaa/2014/05/21/paisvasco/1400701512_535625.html
  26. http://www.berria.info/albisteak/92590/jende_ezaguna_giza_katean.htm[Betiko hautsitako esteka]
  27. http://www.argia.com/albistea/urquijok-auzitara-eraman-du-gipuzkoako-aldundia-gure-esku-dago-diruz-laguntzeagatik
  28. http://www.berria.info/albisteak/92669/urkijo_giza_kateak_frustrazioa_eragingo_du.htm[Betiko hautsitako esteka]
  29. http://www.argia.com/argia-astekaria/2418/gure-esku-dagoren-urtebeteko-ibilbidea
  30. http://www.berria.info/paperekoa/1766/002/001/2014-06-08/mobilizazio_historikoa.htm[Betiko hautsitako esteka]
  31. http://gureeskudago.net/eu/14-ged/334-ibilbidea-metroz-metro
  32. http://www.berria.info/albisteak/92654/igandeko_festa_egitarauak.htm[Betiko hautsitako esteka]
  33. A. AGIRREZABAL: «Euskal doinuak Edinburgon», Albako Haizeak bloga, 2014-05-19.
  34. http://www.euskalkultura.com/noticias/la-convocatoria-de-2018gure-esku-dago2019-llega-tambien-a-la-diaspora-y-convoca-a-la-cadena-humana-del-8-de-junio?language_sync=1
  35. «100.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena giza katerako», Berria, 2014-06-06.
  36. http://www.argia.com/argia-astekaria/2418/gure-esku-dago
  37. http://www.argia.com/albistea/giza-katera-joateko-gida
  38. http://www.argia.com/albistea/giza-katearen-jarraipena-elkarlanean-hedabideok
  39. «Giza katearen jarraipen informatiboa EiTBn», EITB.com, 2014-06-06.
  40. «Igandean BERRIAk luze eta zabal emango du giza katearen berri»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2014-06-06.
  41. «Herria bidean»[Betiko hautsitako esteka], giza kateari buruzko edizio berezia, Berria, 2014-06-08.
  42. «Basques form 75-mile human chain calling for independence vote» New York Times 2014-6-9.
  43. Jobbins, Siôn T. (2014-5-30). «Human chain for self-determination in the Basque Country» The Daily Wales.
  44. msn.com. (2014-6-9). Basques form human chain in independence bid from Spain. .
  45. Yahoo News. (2014-6-10). Basques form human chain in independence bid from Spain. .
  46. Goyoaga. (2014-6-10). Basques form 123-km human chain calling for independence vote. .
  47. «Paesi Baschi, catena umana di 123 chilometri» Corriere della Sera 2014-6-10.
  48. «Une chaîne humaine pour l’autodétermination du Pays Basque» Libération 2014-6-8.[Betiko hautsitako esteka]
  49. «Pays Basque : immense chaîne humaine» Le Figaro 2014-6-8.
  50. «Une chaîne humaine pour l'autodétermination du Pays Basque» TF1 2014-6-8.[Betiko hautsitako esteka]
  51. «Gure Esku Dago: “Es un día histórico”» El País 2014-6-8.
  52. «Se han superado los 150.000 participantes en la cadena humana» El Mundo 2014-6-8.
  53. «La cadena por el derecho a decidir entre Durango y Pamplona se completa con 150.000 participantes» Público 2014-6-8.
  54. «La «cadena humana» reclama el derecho a decidir» La Razón 2014-6-8.
  55. «Bildu y PNV, de la mano de ERC en su cadena separatista vasca» ABC 2014-6-8.
  56. «Cadena soberanista de cien mil personas en el País Vasco» La Nueva España 2014-6-8.
  57. «Más de 100.000 personas forman una cadena humana por el derecho a decidir» El Diario Montañés 2014-6-8.
  58. «Decenas de miles de personas, en la cadena entre Durango y Pamplona» Heraldo de Aragón 2014-6-8.
  59. «Una cadena humana entre Durango y Pamplona reivindica el derecho de los vascos a decidir» Televisión Española 2014-6-8.
  60. «Una cadena humana en favor del derecho a decidir une Pamplona y Durango» Antena 3 2014-6-8.
  61. «Durango y Pamplona forman una gran cadena humana para reclamar el derecho a decidir» Telecinco 2014-6-8.
  62. «Cerca de 100.000 personas completan la cadena humana por el derecho a decidir en el País Vasco» La Sexta 2014-6-8.
  63. «La Via Basca reuneix més de 150.000 persones per reivindicar el dret a decidir» Diari de Tarragona 2014-6-8.
  64. «Euskal Herria també fa via» Avui 2014-6-8.
  65. «Más de 100.000 personas reclaman el derecho a decidir del País Vasco» La Vanguardia 2014-6-8.
  66. «La participación en la cadena humana de Euskadi desborda las previsiones» El Periódico de Catalunya 2014-6-8.
  67. «Més de 100.000 persones fan una cadena humana al País Basc pel dret a decidir» Diari de Girona 2014-6-9.
  68. «ERC i la CUP envien representants a la Via Basca de diumenge» Diari Ara 2014-6-6.
  69. http://www.argia.com/albistea/giza-katea-mundu-osoko-hedabideetan-jaso-dute
  70. a b «Internet, giza katearen bozgorailua»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2014-06-09.
  71. Umap.eu: «Herri eta kilometro txiolarienak Gure Esku Dago-ren giza katean», Sustatu, 2014-06-09.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu