2005eko Frantziako istiluak

2005eko Frantziako istiluak [1] 2005eko urriaren amaieran eta azaroan zehar Frantzia osoan eta bereziki hiri handietako "banlieue" izeneko auzo eta herri periferikoetan izandako kale borroka eta poliziarekiko istiluak biltzen ditu. 68ko maiatzaz geroztik izandako matxinadarik biziena da, baina arrazoi, motibazio eta ekintzaile guztiz ezberdinekin: hiri handietako auzoetako gazteak, gehienetan etorkinen semeak, dira protagonistak. Matxinada bi gazte, Paristik gertu dagoen Clichy-sous-Bois herrian poliziarengandik ihesi transformadore elektriko batera sartu eta elektrokutaturik hil zirenean piztu zen. Protesta moduan, hasiera batean inguruko herrietako gazteek ehundaka automobil eta instalazio anitz erre zituzten hurrengo egunetan. Matxinada areagotu egin zuen beste pizgarri bat orduko barne-ministroa zen Nicolas Sarkozyk urriaren 25ean, gaztetxoak hil baino bi egun lehenago, kaleetako "racaille" edo zikina garbituko zuela adierazi zuenean, bertako gazteei erreferentzia eginez, gehienak etorkinen semeak. Hurrengo asteetan, matxinada Parisko periferia osora eta Frantziako beste hiri handietako auzo txiroetara zabaldu zen, milaka automobil, eskolak, merkataritza-guneak eta administrazio-eraikinak errez eta polizarekiko borroka gogorrekin. Milaka atxiloketa ere gertatu ziren. Salah Gaham izeneko zaintzaile bat ere hil zen matxinatuek eragindako sute bati aurre egin nahian. Frantziako gobernuak salbuespen egoera ezarri zuen Frantzia metropolitano osoan azaroaren 8an. Azaroaren erdialdean, matxinadak bere indarra galdu zuen, baina gizartean eztabaida bizia sortu zuen hurrengo hilabeteetan etorkinen integrazio, arrazakeria eta "banlieue" edo auzo periferikoetako egoera sozioekonomiko larriari buruz. Beste zenbaiten ustez, istiluek izaera erlijioso eta etniko nabarmena izan integrazio-arazoa agerian jarri zuten, istiluetan parte hartu zuten gehienak arraza beltzeko eta magrebiar jatorriko gazteak izan baitziren.

Matxinatuen ekintza arruntena denetariko automobilen erreketa izan zen. Beste ezaugarri nabarmen bat: matxinadako gertakariak gauez garatzen ziren gehienetan. Irudian, kotxe bat sutan gauez eta kotxe berdina biharamonean.

Aurrekariak aldatu

 
Chêne Pointu auzoko etxebizitza-bloke bat, Clichy-sous-Bois herrian. Hildako bi gazteak antzeko etxebizitzetan bizi ziren beren familiekin. Horrelako blokeek osaturiko cité izeneko auzoak hiri handietako banlieue edo periferian kokatzen dira. Bertan, egoera sozioekonomikoa larria izaten da: langabezia handia, soldata baxuak eta gizarte-zerbitzu eskasak. Matxinada Bouna eta Zyed gazteen heriotzak piztu bazuen ere, auzo hauetako egoera sozioekonomikoa jotzen da sakoneko pizgarritzat.

2005eko matxinadaren lekua "banlieue" izenekoa da batik bat. Terminoa hiriko kanpoaldean zabaltzen den lur-eremuari aplikatzen zaio jatorri batean, baina 1960ko hamarkadatik aurrera gobernuaren ekimenez etorkin eta hirietako auzo popularretatik erauzitako herritarrentzat eraikitako urbanizazio erraldoi eta etxebizitza-poligonoak ("cités" edo "grands ensembles" izenekoak) biltzen ditu. Frantzia osoko hiri handietan zabaltzen diren auzo hauetako egoera sozioekonomikoa da larria izan da betidanik: langabezia tasak beste herrietan baino nabarmen altuagoak dira, herritarrentzako oinarrizko zerbitzu falta nabarmena da eta hezkuntza eta aisialdirako aukerak eskasak dira. Halatan, hainbat sektoreren aldetik gune hauek ghettotzat jo eta bertako bizilagunen esklusio edo bazterkeria indartzen dutela salatu da. Gobernuaren aldetik, auzo hauek ZUS edo "Zones Urbaines Sensibles" terminopean bildu dira, horietarako politika zehatzak definitu asmoz. 1999 urtean egindako ikerketa baten arabera 4 miliotik gora lagun bizi ziren auzo hauetan [2].

Auzo hauetako gazteen lehenengo matxinada 1979 urtean izan zen Vaulx-en-Velinen, Lyongo periferian, polizien aurka oldartu eta automobilak erre zituztenean. 1981 urtean "uda beroa" izan zen Minguettes izeneko urbanizazioan, hau ere Lyon hiritik gertu, non 10.000 etxebizitza biltzen zituzten 40 etxe orratz zeuden, kotxe erreketa ugari eta polizaren aurkako borrokekin. Hedabideetan oihartzun zabala izan zuten istilu hauek segurtasunaren aldeko diskurtso poliziala indartu zuten eta eskuineko indar politikoen immigrazioaren aurkako jarrerarako aitzakia zabaldu zuten. 1983 urteko udazkenean Paris helmuga duen ibilaldi bat egiten da, arrazakeriaren aurka eta berdintasunaren alde, auzo hauetako milaka gazte biltzen dituena. Aldi berean, arazoaz jabeturik, agintean dagoen gobernu sozialdemokratak auzo hauen berrikuntza eta garapen sozialerako plan bat definitu zuen eta auzo hauetako etxe orratzak eraisten hasten da [3]. Berrikuntza planek aurrera jarraitu dute XXI. mende arte [4]. Hala ere, "quartiers sensibles" eufemismopean bildu diren auzo hauetako sakoneko arazoa ez da konpontzen eta bertako gazteek, frantsesak jaiotzaz baina abizenagatik, azalaren koloreagatik edo auzo hauetan bizitzeagatik, jarraitzen dute bazterkeria pairatzen lana bilatzerakoan eta askotan delinkuentzia txikian soilik aurkitzen dute irtenbidea. Bandalismoa asperra eta frustrazioa kentzeko jarduera moduan sortzen da. 2005 urtean Clichy-sous-Bois herrian, langabeziaren tasa %23koa da eta bi gaztetatik bat lanik gabe dago[5].

Horren guztiaren ondorioz, 1980ko hamarkadan arazoa konponbidean zegoela iruditu arren, edozein unetan gerta daiteke matxinada pizten duen gertakaria izatea. 1990 urtean Vaulx-en-Velin herriko Mas du Taureau auzoan matxinada gogorra pizten da Thomas Claudio gazteak bere motorrean poliziaren kontrol bat jotzen duenean. Geroztik, matxinadak aldiro errepikatzen dira auzo hauetan, gehienetan poliziak hil edo zauritutako gazteren baten kasuak auzo hauetako gazteen ezinegona lehertarazten duenean. Aldi berean, gazte hauen kontzientzia osatzen joaten da, sistemaren bidegabekeria eta bazterkeria salatuz. Ildo horretatik, nabaria da 1990eko hamarkadatik aurrera arrakastaz ugaltzen diren rap musika taldeak, auzo hauetako jendearen egoera salatuz eta askotan matxinadarako deia eginez. Boterearen aldetik, rap taldeen aurkako diskurtsoa ere osatu zen, poliziaren aurka ekiteko mezuak zabaltzen zituztela argudiatuz[6]. Ildo horretatik, nabarmena da auzo hauetako gazteek politika ofizialarekiko erabateko mesfidantza, ordezkari eta alderdi politikoetatik at betiere, urtetako diskurto faltsuez gogaiturik. Adierazgarria da, ildo horretatik, auzo hauetako abstentzio-altua hauteskundeetan. Beste alde batetik, aipagarria da orobat auzo hauetako gazte talde bizitzaren irudi gordina azaltzen zuen 1995 urteko La Haine filma, gazte zapaldu hauen kontzientzia piztuz oihartzun eta eragin zabala izan zuena.

Beste alde batetik, matxinadaren adierazgarri nagusia izan den kotxe erreketa ez da kontu berria. 2004 urtean, 20.000 kotxe erretzen dira. 2005 urteko lehenengo 9 hilabeteetan, 28.000 izango dira[7]. Kopuru honetan, ordea, denak ez zaizkio bandalismoari egotzi behar: herenak asegurua kobratzeko asmoarekin burutu direla zenbatetsi da eta %15 lapurtutako kotxeak izan ziren, kotxean frogarik ez uzteko. Beraz, erdiak gutxi gorabehera bandalismoari edo hiriko indarkeriari egotzi behar zaizkio[8]. Kotxe erreketa erritu ere bilakatu da urtezahar gauean eta gazteek lagun-talde batean sartzeko froga moduan ere ezarri da.

Abiapuntua aldatu

2005eko urriaren 27an polizia gazte talde atzetik abiatzen da Clichy-sous-Bois herrian, bertako estadioan futbolean jolastu eta bertatik atera eta gero, arratsaldeko bostak aldera. Hasiera batean, estatuko agintariek, Nicolas Sarkozy orduko barne-ministroa kasu, gazteen atzetik poliziak obra batean izandako lapurreta bat dela adierazi zuten. Gerora, ordea, lapurreta izan zela gezurtatu eta poliziak bizilagun batek egindako dei baten ondorioz inguratu zirela plazaratu zen, gazteak obratik pasatzean izan bide zuten jokabide susmagarria dela eta. Poliziak heltzean, gazteek ihesari egiten diote eta horietako batzuk harrapatu egiten dituzte. Gazte hauetako hiru EDF enpresako transformadore batera sartzen dira. Poliziek badakite, arratsaldeko bost t'erdiak aldera, gazteak arrisku handiko instalazioetara sartu direla, euren irrati-mezuetan egiaztatu ahal izan zen bezala, baina ez dute gazteen segurtasunaren aldeko inongo neurririk hartzen. Seirak eta minutu gutxitara, transformadorean sartutako hiru gazteetatik bi, 15 urteko Bouna Traoré eta 17 urteko Ziad Benna hil egiten dira eta hirugarren bat, Muhittin Altun, zauriturik suertatzen da.

Alde batetik, poliziak gazteen atzetik joan izana leporatu zitzaien: sektore zenbaitetik gazteek korrika alde egiteak berez susmagarritzat jo behar dela aipatu bazen ere, auzo hauetako gazteen aurkako poliziaren gehiegikeria eta gazteek zuten ondoriozko beldurra nabarmendu ziren beste batzuen aldetik, etengabe kontrolak eta arrazoirik gabeko atxiloketak pairatzen baitzituzten aspalditik. Beste alde batetik, poliziak gazteak instalazio arriskutsuetara sartu zirela jakin arren, ezbeharra gerta ez dadin gazteei laguntzarik ez ematea salatu zen. Hurrengo egunetan plazaratutako bertsio ofizialek, kontraesankorrak eta gerora faltsuak zirela frogatu arren, ere kritika gogorrak jaso zituzten, argitu eta erantzukizunak eskatu baino, gertakariak estaltzea bilatzen baitzuten[9].

Nicolas Sarkozy orduko barne-ministroak gertakarien horiek baino egun batzuk lehenago aurretik egindako adierazpenek ere haserrea sorrarazi zuten auzo hauetako jendearen artean. Argenteuil herrian, Pariseko periferian, bere segurtasun-politika sustatzeko urriaren 25ean, bi gaztetxoak hil baino bi egun lehenago, egin zuen bisita batean, adierazpen hauek egin zizkion bertako bizilagunei, une batzuk lehenago bertako gazteek bere aurka protesta bizian aritu zirelarik[10]:

« "Vous en avez assez, hein ? Vous en avez assez de cette bande de racaille ? Eh bien, on va vous en débarrasser !" (Nahikoa daukazue, ezta? Jendaila zikin horrekin nahikoa al daukazue, ezta? Bada, garbiketa egingo dugu!) »


Gisa bereko adierazpenak ez ziren kasualak edo uneko estutasunak eragindakoak izan, segurtasun-estrategia zehatz baten ildotik plazaratutakoak baizik. Izan ere, 2005eko ekainean La Courneuve urbanizazio pobrean auzoa berehala "karcher" izeneko presio handiko garbiketarako tresna batez garbitzen hasi behar zutela adierazi zuen, horretarako baliabide guztiak eta denbora guztia hartuz, bertan Sidi-Ahmed Hammache haurra banden arteko borroketan jaurtitako bala galdu batek hil ondoren. "Voyous" (zitalak, alegia) eta bestelako irainak ere sarri entzuten dira Sarkozyren ahotik.

Matxinadaren bilakaera aldatu

 
2005eko azaroaren 4ra arte matxinaturiko herriak.

Hildako bi gazteen berria zabaldu bezain laster, Clichy-sous-Bois herriko gazte taldeak biltzen hasten dira, gertakarien lekuan eta bi gazteak bizi ziren Chêne Pointu auzotik gertu dagoen merkataritza-gunearen inguruan. Laster, kotxeei su emanez herriko kale nagusian barrikadak jarri eta polizarekiko borrokak hasten dira. Merkatal guneko kristalak hautsi, autobus bat udaletxearen aurrean erre eta eskola eta posta-bulegoak erasotzen dira. 300 polizia aritzen dira borrokan gazteen aurka goizaldeko ordubiak arte.[11]. Hurrengo bi gauetan, errepikatu egiten dira borroka gogorrak, ondoan dagoen Montfermeil herrira zabalduz eta CRSko polizien aurka bala-tiroak ere egiten dira[12]. Urriaren 29an, herriko meskita ordezkariek deituta manifestazio isil bat burutzen da, hildako gazteen familiekin batera, lasaitasunerako deia eginez eta aldi berean gertakarien argipena eskatuz. Buruko manifestariek "mort pour rien" ("hilak ezergatik ez") leloa duten kamisetak janzten dituzte. Halatan, urriaren 30eko gauean istiluak nabarmen gelditzen dira. Gau horretan bertan, ordea, poliziak Clichy-sous-Boiseko meskitara gas-granada batek jaurtitzen du inguruetan izandako istiluren bat dela eta [13]. Eraso honen berria zabaldu bezain laster, matxinada inguruko herrietara indar berriekin zabaltzen da, eta ondoren Sena Saint-Denis departamendu osora. Azaroaren 4ra bitarteko egun horietan gertatzen dira matxinadako borroka gogorrenak poliziarekin, gazteak poliziaren aurka zuzenean oldartuz, koktel molotovak jaurtiz eta su armak ere erabiliz[14]. Biztanleen etxebizitzetatik ere egiten zaie eraso[15]. Kotxeen erreketaz gainera, autobusak ere egiten dira, bidaiariak jeitsiaraziz. Enpresak eta eraikin ofizialak ere erre egiten dira. Adibidez, azaroaren 3ko gauean soilik 20 autobus erre zituzten batera autobus-geltoki batean eta auto kontzesionario bat eta ehungintza-enpresa (guztira 20.000 metro karratu) guztiz kiskalita suertatu ziren, besteak beste. Azaroaren 3an Salah Gaham gaztea hiltzen da Besançonen zaintzen zuen ikasleen aterpetxe batean nahita piztutako sua itzali eta bertako gazteak salbatu nahian. Aterpetxean zegoen taiwandar gazte bat erredura oso larriak pairatzen ditu.

Azaroaren 5etik 9ra matxinada Frantzia metropolitanoko hiri handietako periferia guztietara zabaltzen da, "embrasement" edo "su hartze" fenomeno bati jarraiki, hedabideek dioten bezala, batez ere Toulouse, Lyon, Estrasburgo, Marsella eta Lille hirietako inguruetara. Erretako kotxeen kopurua matxinadaren indarraren adierazle moduan harturik, matxinadak jatorri izan zuen Seine-Saint-Denis departamenduan azaroaren 4ean izan ziren kotxe erreketa gehien, baina hortik aurrera beste departamendu zenbaitetan gertatu ziren erreketa gehien[14]. Aldi berean, matxinatuen taktika aldatu egiten dela behatzen da: lehenengo egunetan eta Sena Saint-Denis departamenduko herrietan gazteek poliziaren aurka oldartzen ziren zuzenean, baina poliziak istiluen larritasuna ikusita hartutako neurri zorrotzen aurrean gazteek borroka zuzena ekidin eta kotxeak erre eta denetariko instalazioak birrindu eta berehala ihesari egiten diote[16]. Izan ere, lehenengo egunetako gertakarietan gobernuak eta poliziak erreakzio garbi eta koordinaturik izan ez bazuen ere [17], matxinada indartzean atxiloketa masiboak eta aparteko baliabideak erabili zituen: adibidez, 26.000 biztanle dituen Clichy-sous-Bois herrira 1000 polizia bidali zituen, gauez helikopteroek auzoen gainetik hegan egiten zuten, kaleak eta etxeak argitzen zituzten foko indartsuak erabiliz, eta eliteko tiratzaileak kokatu zituen puntu estrategikoetan[18]. Matxinadaren zabaltzea dela eta, gobernuak salbuespen egoera ezartzen du azaroaren 8an, prefetei jendeari etxeratzeko agindua emateko eskumea ematen diena. Salbuespen egoera beste hiru hilabetez luzatu zen azaroaren 21ean. Ildo horretatik, matxinadan bi aldi bereizi dira: lehenengoa, azaroaren 4ra arte, non istilu larrienak gertatzen diren, baina Parisko periferian soilik; eta hortik aurrera, istiluak Frantzia metropolitano osora zabaltzen diren, baina larritasun txikiagoekin eta gehienetan auto eta zabor edukiontzien erreketaz.

Azaroaren 10etik aurrera, matxinatuen ekintzak gutxitzen doaz. Poliziaren presioa, tenperaturaren jeitsiera (18 °C urriaren bukaeran eta 4 °C azaroaren erdialdean) eta mugimenduaren ahultzea bera, agian antolakuntza ezagatik, aipatu dira matxinadaren amaieraren arrazoi gisa. Azaroaren 17rako matxinada bukatutzat ematen dute hedabide gehienek: kotxeen erreketa kopuruak urte osoan zehar gertatzen diren mailara (egunero 90 bat) itzultzen dira.

Guztira 10.000 automobil gutxigorabehera erre ziren, ehundaka eraikin eta instalazio publiko zein pribatu erasotuak izan ziren, publiko (polizia-instalazioak, eskolak, liburutegiak, posta zerbitzuko eraikinak) zein pribatuak (enpresak, eraikin erlijiosoak). Azaroaren 30ean, Sarkozy barne-ministroak kale-istiluetan 4000tik gora atxiloketa eta horietan azkenean 763 gartzelaratze izan ziren. Egindako estmazioen arabera, txikizioen kostua 200 milioi eurokoa izan zen[19]. Sua itzali nahian hildako gazteaz gainera, zauritu anitz izan zen polizia, matxinatu zein zibilen artean.

Matxinadari buruzko datuak, egunez egun
Data Erretako ibilgailuak [20] Atxiloketak[20] Gertakari nabarmenak[21] Matxinada-eremua
Urriak 27-28 23 - Zyed eta Bouna gazteak hiltzen dira. Gau horretan bertan pizten da matxinada. Clichy-sous-Bois
Urriak 28-29 29 14 Poliziaren aurkako erasoak, su armak ere erabliz. Clichy-sous-Bois
Urriak 29-30 20 19 Gazteen omenezko manifestaldia, giro baketsuan. Gaueko istiluak gutxitzen doaz. Clichy-sous-Bois
Urriak 30-31 18 - Poliziak gas-granada bat jaurtitzen du meskita bateko ingurura. Clichy-sous-Bois
Urriak 31-azaroak 1 68 - Sarkozyren aurkako kritikak: "suhiltzaile piromano" bat izatea leporatzen zaio. Seine-Saint-Denis
Azaroak 1-2 228 - Sarkozyk atzerrirako bidaia ofizial bat bertan behera uzten du egoera dela eta.

Hildako gazteen familiekin bilera bat egiten du.

Frantzia
Azaroak 2-3 315 29 Salah Galam gaztea hiltzen da matxinatuek ikasle-egoitza batean piztutako sute bat itzali nahian.

Nanterren, molotov koktelak komisaldegi baten aurka. Bobignyn, prefetura parean auto bati su ematen zaio.

Andre gaigabetu bat erredura larriekin, bus bat erre ondoren.

Frantzia
Azaroak 3-4 519 78 Seine-Saint-Deniseko bus eta tranbia garraioa geldirik segurtasun arrazoiengatik, bezperan bi autobus erreta suertatu ondoren. Frantzia
Azaroak 4-5 897 253 Frantzia osotik su-hiltzaileak Île-de-Francera datoz, bertako su-hiltzaileei laguntzeko. Frantzia
Azaroak 5-6 1 295 349 Clichy-sous-Boisen kiroldegi bat guztiz erreta.

30 polizia zauriturik Grignyn, Essonne departamenduan, bi larriki su-armez egindako tiroengatik.

Muammar al Kadafi Libiako buruzagiak Jacque Chirac Frantziako presidenteari laguntza eskaintzen dio matxinadari aurre egiteko.

Frantzia
Azaroak 6-7 1 408 395 Parisen lau posta-bulego kiskalita, Toulosen autobus bat eta Yvelinesen eskola bat erreta, Évreuxen banku-bulegoak erasotuak.

Molotov koktelak jaurtikiak Seine-Saint-Deniseko herri bateko UMP alderdiko alkatearen etxearen aurka.

Frantzia
Azaroak 7-8 1 173 330 8000 polizia mobilizaturik gaueko istiluetan parte hartzeko.

Matxinatu batek eskua galtzen du poliziak botatako gas-granada bat itzultzerakoan.

Frantzia
Azaroak 8-9 617 280 Salbuespen egoera indarrean 25 departamenduetan.

Bordelen bidaiaririk gabeko autobus bat lehertzen da barrura molotov koktelak bota ondoren.

Marsellan 50 gazteko talde bat hipermerkatu bat erasotu eta bertan lapurreta egiten saiatzen dira.

Frantzia
Azaroak 9-10 482 203 Toulousen herritar zenbaitek kaleak okupatzen dituzte istiluak ekiditeko. Frantzia
Azaroak 10-11 463 201 Sarkozyk "voyous" eta "racailles" terminoak erabili izanaz damurik ez duela adierazten du.

Areago, berretsi egiten ditu.

La Courneuve herrian poliziak harrapaturiko gazte bati emandako kolpe zarrapadaren irudiak zabaltzen dira telebistan.

Frantzia
Azaroak 11-12 502 206 Larunbata. Parisko polizia-buruak pertsonen elkarretaratzeen aurka ekiteko eskumena hartzen du. Frantzia
Azaroak 12-13 374 212 Sarkozyk Champs-Élysées ibilbidean egindako agerpen batean erasoak eta irainak jasotzen ditu. Frantzia
Azaroak 13-14 284 115 Toulousen kotxe bat gauez eskola baten aurka bota eta su ematen diote.

Bi polizia Grenoblen zauriturik, gas-bonbona batez eragindako leherketa baten ondorioz.

Frantzia
Azaroak 14-15 215 71 La Courneuveko istiluengatik atxilotu eta poliziak jipoitutako gaztearen aurkako salaketa onartu egiten da.

Poliziak, ordea, beraien aurkako kargurik gabe geratzen dira.

Frantzia
Azaroak 15-16 165 44 Sarkozyk salbuespen-egoera beste hiru hilabetez luzatzeko proposamena egiten du parlamentuan. Frantzia
Azaroak 16-17 98 33 Marne departamenduan auto-kontzesionario bat guztiz erreta. Frantzia

Erreakzio politikoak aldatu

Erreakzio politikoak ezberdinak izan ziren ezkerretik eta eskuinetik. Eskuinetik, Nicolas Sarkozy barne-ministroa buruan, irmotasunezko diskurtsoa plazaratu zen, istiluak eragiten zituztenak Frantziar Errepublikak jazarri beharreko gaizkileak besterik ez zirela adieraziz. Errepresioaren bidea aukeratuz, zigorrak gogortu eta polizia gehiago eskatu ziren eskuineko gehiengoaren sektore zenbaiten aldetik. Front National eskuin muturreko alderdiak delituak, berriz, immigrazio-politikak sortutako kaosari egotzi zizkion istiluak eta "Frantzia kanpoko jendaila-saldoek erasotua" zela adierazi zuen. Dena den, orduko Dominique de Villepin eskuindar lehen ministroaren eskutik lasaitasun eta elkarrizketarako deia zabaldu zuen, istiluen atzetik sakonezko arazoak zirela ere onartuz. Gobernuan bertan istiluen kudeaketa kritikatu zutenak ere izan ziren; adibidez, Azouz Begag integraziorako ministroak Sarkozyren "guda-semantika" gaitzetsi zuen[21]. Orohar, eskuinetik auzo hauetako egoera sozioekonomikoa istiluetarako faktore gehigarri bat zela adierazi bazen ere, aldi berean immigrazioari, poligamiari, frantziarren aurkako rap musikari, ezkerraren utzikeriari eta "aitzaki sistematikoari" egotzi zitzaizkien istiluak, eskuinaren diskurtso bateratu eta koherentearen gabezia agerian utziz. Istiluak delikuente eta droga-trafikatzailek antolaturikoak eta atxilotutakoen %80ak delikuentzia-aurrekariak zituzten pertsonak zirela ere aipatu zen eskuinetik, gerora baieztapen horiek faltsuak zirela frogatu zen arren. Praktikan, eskuinak hartutako erabaki politiko garrantzitsuena salbuespen egoeraren ezarpena izan zen, ezkerretik gogor salatu zena, antzinako frantses kolonietan aplikaturiko neurri baten berreskurapena zela adieraziz. Auzo hauetarako proposaturiko neurri gehigarriak (14 urteko gazteentzako ikasketa-kontratuak eta ZEP izeneko hezkuntza-gune berezien erreforma, kasu) ere kritikatuak izan ziren ezkerretik arlo sozialean atzerako pausoa zirela adieraziz. Egindako inkesten arabera, ordea, frantziarren %75ak afera honetan gobernuak garatu zuen politikaren alde agertu ziren.

Frantziako Alderdi Sozialistatik istiluen indarkeria argi eta garbi gaiztetsi bazen ere, gobernutik aurretik egindako erroreak salatu ziren eta sakoneko arrazoiak aztertzeko deia egin zen. Salbuespen-egoeraren ezarpena onetsi egin zuen parlamentuan. Langabeziaz haraindi, gazte hauek frantziar errepublikako baloreekin zuten atxikimendu eskasari buruzko gogoeta egiteko deialdia egin zuen, eskuineko diskurtsoarekin bat eginez. PCF alderdi komunistak indarkeria guztien aurka agertu zen eta gobernuaren politika sozialaren porrota nabarmendu zuen; salbuespen-egoeraren ezarpenaren aurka agertu zen. Bere esanetan, "liberalismoa da egun seinalatu behar duguna, eta ez gure gizarte-eredua. Azken hau hondaturik badago, politikoena da errua, elkartasun guztiak birrindu dituen liberalismoa bultzatu baitute. Politika horiek zentzua kendu diete gure Errepublika eta bere baloreei."

Ezker muturretik Lutte ouvrière alderdi trotskistak matxinadaren indarkeria-modua gaitzetsi zuen, gazteen herra ulertzen bazuen ere. Langileen borroka indartzeko deia egin zuen, gazte horientzako aldaketa-itxaropena pizteko. Ligue communiste révolutionnaire alderdiak ere ezkerreko fronte bat osatzeko deia egin zuen, Sarkozyren dimisioa eskatzearekin batera. Federazio anarkistak mugimenduaren legitimazioa aitortu zuen, baina indarkeria-modua salatu zuen, "edonola borroka egiteak (...) identitate-itxiturak (nazionalistak zein erlijiosoak) sendotu" baino ez zuela egiten adieraziz. Ezkerretik ere matxinada isolatua geratu zen, beraz, eta horrek, matxinadaren antolakuntza eskasarekin batera, arrakastarako aukera eskasak ematen zizkion. Dena den, mugimenduak Frantziako politika gogor astindu zuen hurrengo hilabeteetan eta errepresio-modu eta auzo hauetako politika sozialari buruzko gaiak pil-pilean izan ziren eztabaidetan[22].

Sarkozy orduko barne-ministroak krisian zehar izan zuen jokabideaz gainera, bere ordura arteko kudeaketa ere gaitzetsi zen. Adibidez, 1998 urtean abiarazitako "police de proximité" edo polizia hurbila bertan behera utzi zuen, "polizia kirol-txapelketak antolatzeko ez zegoela, baizik eta gaizkileak atxilotzeko eta gizarte langileak ez direla" aipatuz. Beste alde batetik, istiluen ondorioz auzoen problematikan lan egiten zuten hiritar-elkarteak sortu ziren. Hedabideetan, AC Le Feu ("Assez le feu", "Su gehiagorik ez" alegia, PSFtik gertu) eta BBR Blanc Bleu Rouge elkarteek (UMPtik gertu) erakarri zuten arreta gehien[23], baina auzoetan elkarte txiki hurbilak ere sortu ziren, auzoetan sortzen diren gatazka-egoeretan bitartekaritza egiteko. Dena den, istilu garaian ere lan egiten zuten udal-bitartekarien lanaren eraginkortasuna oso mugatua izan zela baloratu zen gobernutik.

Matxinadaren interpretazioa aldatu

Istiluek "mobilizazio interpretatzaile" nabarmen bat zabaldu zuten. Eztabaida dago istiluak gaizkileen ekintzak edo gizartearen matxinada, antolatu gabeak edo auzoko banda eta mafiek zuzendurikoa, politika edo gertakari arruntak izan ziren. Eztabaida horietan, gainera, istiluetan parte hartu zuten gazteen jatorri, ezaugarri eta motibazioei buruzko gogoeta ugari egin ziren. Gobernuaren aldetik gaizkileen tesia zabaldu zen, atxilotutakoen portzentaia altu bat poliziak fitxaturiko pertsonak zirela adieraziz. Ikerketa soziologikoek askoz ere parte hartze zabalagoa eta batez ere adin txikikoen presentzia nabarmendu dute. Ikerketa hauen arabera, gobernuak aipatzen "caid" edo trafikatzaile buru edo hauen inguruko taldeen parte-hartzea ez zen nabarmena izan, 25 urtetik gorako gazte baztertu hauek matxinadan parte hartuz irabazi baino galtzeko arrisku askoz ere handiagoa baitzuten. Gazteak "bande" edo taldeetan antolatzen ziren: askoren ustez gazteen antolakuntza modu hau boterearen aurrean euren burua ikusarazi eta ekiteko modu bat da, politika polikoengandik at eginez. Frantziar aginteen aldetik "bande" terminoaz gazteak gaizkiletzat hartzen badira ere, auzo hauetako egoera sozioekonomikoak eragiten duen desafiliazioaren aurkako gune bat dela aipatzen da beste zenbait sektoretik, gizarte-heriotzari aurre eginez.

Gazte hauen motibazioak anitz izan ziren. Alde batetik, euren herra erakusteko modua izan ziren istiluak, poliziaren aurka (eguneroko polizia gehiegikerien zein bi gaztetxoen heriotza ekarri zuten ekitaldiaren aurka) edota pairatzen zituzten bizi-egoeraren aurka. Kasu askotan, gazteek euren ahotsa entzunarazi soilik egin nahi zuten, bestelako adierazbiderik ezean eta urtetako isilarazpenaren ondoren:

« Hau guztia egiten ez badugu, ez digute inoiz entzungo, ez digute inoiz serio hartuko. Eta gaur egun, entzunarazteko modu bakarra terrorea zabaltzea da. »


Istiluetan aurkako errepresio-moduak ere istiluak areagotu egin zituen:

« Auzoan CRS poliziak eta etxeen gainetik helikopteroa ikusi ditudanean, neure buruari esan diot: nahi dute gerra, izango dute. Txanoa eta zamarra jantzi eta atera egin naiz. »


Batzuek motibazio erlijiosoak ikusi zituzten istiluen atzetik, zehatzago islametik. Meskitetako buruek egoera baretzearen aldeko deia egin zuten, ordea, behin eta berriz.

Matxinadan erasotutako ondasunak denenak eta denetarikoak zirela ikusita, horien justifikazio-ezaren aurka, istiluen emozio-osagai indartsua eta "haine" edo herra agertzen da, "ras le bol" edo egoera jasanezin baten ondoren sortzen den gertaera tamalgarriak piztu zuena:

« Tamalgarria da, baina ez dugu beste aukerarik. »


Horrela, matxinadak ez du izera politikorik eta eremu infra-politikoan kokatzen dela adierazi da, baina irrazionaltasunetik urrun, istiluek ere bere logika dute: 2005eko matxinadaren kasuan, auzo horiek indarkeria historia luzea dute eta istiluek indarkeria hauen aldi biziago bat ez zen izango, protagonista, ekitaldi eta intentsitate ezberdinekin. Horien logika ez da matxinadako ekintzaileetan edo horien aldetik interpretatu behar, gizartean bertan baizik, istilua gizarteko egitura baten seinale edo arrasto bat besterik ez baita.

Polizaren aurka borrokatu edo sua piztearen zirrara, jolas moduan, ere izan zen arrazoia beste kasu batzuetan, giroak eta lagun-taldeak bultzaturik askotan:

« Baziren nik istiluetan imajinatzen ez nituen gazteak, bizilagunak eta (...) Azkenean, neure buruari esan nion, zergatik ez ni? Festa da, goazen! Egia da, hori esan nion neure buruari. »


« Beraientzat jolasa zen. Libertitu egiten ziren. 18etatik aurrera, korrika egingo dugu, sua piztu, polizia zirikatu!. Eta haientzat, poliziarekin jolastearena zen onena. Polizia eta lapurretan jolasten ziren, polizia eta matxinatuetan alegia. »


Beste batzuek ihauteria edo gizarte-arauak bertan behera uzten diren ekitaldi moduan ere interpretatu dute matxinada. Ildo horretatik, bere itxurazko porrota kolokan jartzen dute, "garaipena baino garrantzitsuagoa baitzen ekintza bera". Horrela, matxinadak ez zuen matxinadaz haraindiko helbururik[19][24][25].

Erreferentziak aldatu

  1. Kale istilu hutsak edo matxinada izan ote zen eztabaida dago. Batzuek injustiziaren aurka altxatutako pertsoen erreakzio bortitz moduan ikusi zituzten istiluak. Beste batzuek, beste muturrean, delikuenteen ekintzak besterik ez dira, poliziak eta justiziak zigortu beharrekoak. Edonola ere, istilu hauek bestelako bitartekoak ez duen jende multzo baten indarkeriazko adierazpena da. Ikus: (Frantsesez) Blum, Roland. (2008). «Les émeutes dans les villes européennes : leçons et réaction du Conseil du l’Europe» Europako Parlamentuko Asanblada..
  2. (Frantsesez) «Les zones urbaines sensibles» INSEE PREMIERE (835) 2002-04..
  3. (Frantsesez) Démolition d'une tour. Les Minguettes. 1983., www.ina.fr, 2010-10-22 kontsultatua.
  4. (Frantsesez) Les deux barres d'immeubles "Ravel" et "Pressov" de la Cité des 4000 de La Courneuve sont détruites à l'explosif, Jalons. Pour l'histoire du temps present., 2010-10-22an kontsultatua.
  5. (Frantsesez) Les émeutes dans les banlieues de Paris: Chronologie des événements, www.babnet.net, 2005-11-05.
  6. (Frantsesez) Lafargue de Grangeneuve, Loïc. (2007). Les enjeux politiques des émeutes urbaines.. ..
  7. (Frantsesez) Morice, Alain. (2005). «Les émeutes urbaines d’octobre-novembre 2005 en France : comprendre avant de juger» TERRA, Réseau scientifique de recherche et de publication..
  8. (Frantsesez) Plus de 40 000 voitures ont brûlé l'an dernier, www.lefigaro.fr, 2008-01-01.
  9. (Frantsesez) Maler, Henri; Lakhal, Jamel. (2005-11-29). «Le récit médiatique de la mort des deux adolescents de Clichy-sous-bois, par l’AFP» Observatoire des Médias ACRIMED (Action, Critique, Médias)..
  10. (Gaztelaniaz) Visite de Nicolas Sarkozy á Argenteuil, le journal de France2, 2005-10-26, www.ina.fr webgunean.
  11. (Frantsesez) Enquête après les émeutes de Clichy-sous-Bois, www.tf1.fr, 2005-10-28.
  12. (Frantsesez) Nuits d’émeute à Clichy-sous-Bois, 2010-10-24an kontsultatua.
  13. (Frantsesez) Les religions face aux banlieues, www.lacroix.com, 2005-11-06.
  14. a b (Frantsesez) Centre d'analyse stratégique. (2007). Les “violences urbaines” de l’automne 2005. Évenements, acteurs : dynamiques et intéractions. Essai de synthèse.. .
  15. (Frantsesez) Sixième nuit de tensions en Seine-Saint-Denis, www.lemonde.fr, 2005-11-02.
  16. (Frantsesez) Extension des violences urbaines, www.rfi.fr, 2005-11-05.
  17. (Frantsesez) Durand, Jacky. (2007-09-12). La police surprise par les émeutes de 2005. .[Betiko hautsitako esteka].
  18. (Frantsesez) Mouhanna, Christian; Mucchielli, Laurent. (2008). «La police de proximité : une réponse aux émeutes ?» http://groupeclaris.wordpress.com/ (Noiz kontsultatua: 2010-11-01)..
  19. a b (Frantsesez) Lapeyronnie, Didier. (2006). «Révolte primitive dans les banlieues françaises: Essai sur les émeutes de l’automne 2005» Déviance et société (30)..
  20. a b Behin-behineko datuak, egunez eguneko jarraipenean jasota.
  21. a b Egunez eguneko jarraipen zabal honetatik egindako aukeraketa: (Frantsesez) Les événements du lundi 14 novembre au mercredi 16 novembre, nouvelobs.com, 2005-11-17.
  22. (Frantsesez) Szecinski, Romain. (2006). «Une révolte salutaire délaissée par la gauche» Socialisme International.
  23. (Frantsesez) Menusier, Antoine. BBR et AC Le Feu, la Diversity Pride de Sarko-Ségo. (Noiz kontsultatua: 2010-11-01).[Betiko hautsitako esteka].
  24. (Frantsesez) Roché, Sébastian. (2006). Le Frisson de l’émeute. Violences urbaines et banlieues. Seuil..
  25. (Frantsesez) Centre d'analyse stratégique. (2006). http://www.strategie.gouv.fr/IMG/pdf/EtudeAulnaysousbois.pdf. .

Kanpo estekak aldatu