Txikipedia:Orfeo: berrikuspenen arteko aldeak

Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Orri berria: «'''Orfeo''' Greziar mitologiaren arabera, Orfeo izeneko heroia poeta eta musikaria zen. Hain polita zen jotzen zuen musika, non entzuten zuten denak liluratuta geratzen baitziren. Animalia, zuhaitz eta baita harkaitzak ere haren musikarekin batera mugitzen ziren. Orfeok lira jotzen zuen, Apolok emandako harparen antzeko instrumentu bat. Kondaira askoren arabera, Orfeoren ama Musetako bat zen. Gainera, horietako askoren arabera, Kaliope bera omen zen haren ama, poesia epik...»
(Ez dago alderik)

18:43, 15 iraila 2021ko berrikusketa

Orfeo


Greziar mitologiaren arabera, Orfeo izeneko heroia poeta eta musikaria zen. Hain polita zen jotzen zuen musika, non entzuten zuten denak liluratuta geratzen baitziren. Animalia, zuhaitz eta baita harkaitzak ere haren musikarekin batera mugitzen ziren. Orfeok lira jotzen zuen, Apolok emandako harparen antzeko instrumentu bat. Kondaira askoren arabera, Orfeoren ama Musetako bat zen. Gainera, horietako askoren arabera, Kaliope bera omen zen haren ama, poesia epikoaren ama. Haren aita, berriz, Eagro omen zen, Traziako erregea.


Euridize zen Orfeoren emaztea. Dena den, ezkondu eta gutxira suge baten hozkadak hil zuen. Atsekabeak jota, Orfeo azpimundura joan zen ausart, hildakoen erresumara, haren emaztea berriro ere berpizteko asmotan. Bere musika erabili zuen Karon, hildakoak Estigia ibaian barrena eramaten zituen txalupako gidaria, eta Zerbero, azpimunduko atea zaintzen zuen hiru buruko txakurra, liluratzeko eta, nola ez, pasatzen utzi zioten. Orduan, Orfeok Hades eta Pertsefoneri deitu zien, azpimunduko agintariei, berriro ere kantuan. Orfeok bere emaztearenganako zuen mirespena ikusita, eta musikak lagunduta, Euridize berriz ere berpiztea erabaki zuten. Baldintza bakarra zegoen: Orfeok ezin zion emazteari begiratu azpimundutik irten arte.


Orfeok Euridize ilunpetatik bizidunen erresumara eraman zuen. Ia iristear zeudela, Orfeok eguzki argia ikusi zuen kanpoko mundutik. Bulkada batek jota, burua biratu zuen Orfeok, Euridize oraindik bertan ote zegoen jakiteko agian edota bere poza emaztearekin partekatzeko beharbada. Momentu hartan desagertu egin zen Euridize, eta bigarren aldiz hil. Orfeo bakar-bakarrik gelditu zen haren mina ezin arinduta.  


Traziako emakume batzuek hil zuten ondoren Orfeo. Haren heriotzaren inguruko elezahar ugari daude. Batzuen arabera menade haserretu batzuek xiki-txiki egin zuten. Menadeak Dioniso jainkoarekin oso estuki lotuak zeuden eta erraz egin zuten Orfeoren kontra, honek Apolo nahiago baitzuen Dionisoren partez. Musek Orfeoren gorputz-adarrak erre zituzten eta haren lira zeruan jarri zuten, Lira izeneko izarren konstelazioa sortuz. Orfeoren burua, oraindik ere kantari jarraitzen zuena, Lesboseko irlara heldu zen uretan. Behin uharte hartara iritsita, Orfeoren buruak profeziak esan ostean Orfeoren orakulua bihurtu zen.


Esaten da Orfeo hainbat mugimendu erlijiosoren inspirazio izan zela antzinako Grezian. Haren jarraitzaileek errituak ezkutuan egiten zituzten, eta Orfeoren irakaskuntzetan eta kantuetan oinarrituta omen zeuden. Orfeotar erlijio misteriotsu horren kezka nagusia hil ondorengo bizia eta bekatuaren garbiketa ziren, besteak beste.


Orfeoren elezaharrak antzinako garaietatik inspiratu ditu artistak zein idazleak. Pertsonaia arte, literatura eta musika lan ugaritan agertu da, Claudio Monteverdi, Christoph Gluck eta Jacques Offenbachen operetan, besteak beste.