Txikipedia:Apolo eta Dafne: berrikuspenen arteko aldeak

Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Orri berria: «'''Apolo eta Dafne''' Apolo eta Dafne greziar mitologiako istorio bat da, hainbat egile greziar eta erromatarrek jasotakoa. Greziar mitologian, Apolo poesiaren eta musikaren jainkoa izateaz gain, arkularien jainkoa ere bazen, arma horrekin oso trebea baitzen. Hain zen ona arkuarekin, non berak bakarrik lortu baitzuen Parnaso mendian ezkutatzen zen Piton suge beldurgarria hiltzea. Piton piztia izugarria zen eta artalde, behi edota artzainak hiltzen aritzen zen, baita z...»
(Ez dago alderik)

18:34, 15 iraila 2021ko berrikusketa

Apolo eta Dafne


Apolo eta Dafne greziar mitologiako istorio bat da, hainbat egile greziar eta erromatarrek jasotakoa.


Greziar mitologian, Apolo poesiaren eta musikaren jainkoa izateaz gain, arkularien jainkoa ere bazen, arma horrekin oso trebea baitzen. Hain zen ona arkuarekin, non berak bakarrik lortu baitzuen Parnaso mendian ezkutatzen zen Piton suge beldurgarria hiltzea.


Piton piztia izugarria zen eta artalde, behi edota artzainak hiltzen aritzen zen, baita zelaietan korrika ibiltzen ziren ninfa ederrak ere. Jendeak beldurra zuen, lagunduko zien norbait behar zuten. Eta horrela, jainkoei laguntza eskatu eta eskatu ibili ostean, Apolok hil zuen piztia gezi-zaparrada batekin.


Baina ekintza gogoangarri hori eta gero, asko harrotu zen Apolo. Bere ausardiaz harro zegoen eta mundu guztiari erakusten zion momentu oro munduko arkulari onena zela eta inork irabazi ezin ziola.


Egun batean, basoan zehar paseatzen zebilela, Erosekin egin zuen topo, maitasunaren jainkoarekin. Erosek hegaldun haur txiki baten itxura zuen, baina arku eta gezi batzuk zeuzkan berarekin eta norbaiti gezia botaz gero, maiteminarazi egiten zuen Apolok iseka egin zion arku txiki bat zeramalako eta harrokeriaz esan zuen bera zela inoizko arkularirik onena eta, beraz, arku bat eramatea merezi zuen bakarra.


Erosek, gainontzeko jainko-jainkosen antzera nazkatuta baitzegoen Apoloren jarrerarekin, honela erantzun zion: “Ez egin isekarik gainontzekoei, egunen batean ikusiko duzu nola etorriko zaizun buelta … Agian nire geziek ez dute suge beldurgarririk hil, baina nik ere gauza harrigarriak lortu ditut gezi hauei esker, maitasuna jainko-jainkosa zein gizakiengana heltzea lortu baitut”.


Apolok iseka jarraitu zuen eta, azkenean, merezitako zigorra emango ziola esan zion Erosek; bere armarik onena erabili zuen horretarako: maitasuna. Egun hartan bertan bi gezi bota zituen: bata urrezkoa eta bestea burdinazkoa. Urrezko geziak puntan diamante bat zuen eta jendea maitemintzen zuen, eta puntan beruna zuen geziak kontrakoa eragiten zuen, maitasunaren kontrako jarrera. Erosek urrezko gezia Apoloren bihotzera bota zuen zuzen-zuzen eta burdinazkoa, berriz, Dafneri, ninfa politenetako bati. Berehala, Apolo Dafnez erabat maitemindu zen. Ordura arte Apolok ez zuen ninfa ederrarekiko interesik izan, baina egun hartatik aurrera ezin zuen burutik kendu. Egun osoa pasatzen zuen beregan pentsatzen, hainbesteraino, non bere zaletasunik gustukoenak alde batera utzi baitzituen.


Baina Dafnek ez zuen Apoloz ezertxo ere jakin nahi; ikusten zuen aldiro, korrika ihes egin eta zuhaitzen artean ezkutatzen zen. Hala ere, egun batean aurrez aurre egin zuen topo Apolorekin eta honek momentu hura erabili zuen berarekin ezkontzeko eskatzeko. Dafnek erantzun zion sekula ez litzatekeela berarekin ezkonduko libre jaio zelako eta libre izaten jarraitu nahi zuelako.


Apolok ez zuen esperantza galdu eta Dafneren maitasuna lortu arte saiatzen jarraitu zuen. Hori ikusita, ninfa beldurra sentitzen hasi zen eta basora ihesi joatea erabaki zuen. Horrelaxe hasi zen lasterketa, edo zehazki esateko pertsekuzioa: Apolo ninfaren atzetik. Dafne oso beldurtuta zegoen Apolok harrapatu egingo zuela uste zuelako eta Peneo ibaira hurbildu zen. Ibai hura izatez bere aita zen, eta laguntza eskatu zion.


Peneo bere alabarekin pixka bat haserre zegoen, ez baitzuen ulertzen Dafnek zer dela eta ez zuen inorekin ezkondu eta hari bilobak eman nahi; baina, hain kezkatuta ikusi zuen, laguntzea erabaki baitzuen.


Bat-batean, Dafnek korrika egiteari utzi zion. Haren gorputza zuhaitz baten enbor bihurtzen hasi zen, haren besoak adar, haren ilea hosto… Peneok pentsatu zuen alabari laguntzeko modurik onena gizaki itxura kentzea zela eta zuhaitz bihurtu zuen. Horrela, Dafne lurrean sekula izandako lehen erramu zuhaitz bihurtu zen.


Apolok gertatutakoa ikusi zuenean negar batean hasi zen. Jada ez zegoen aukerarik Dafnek berarekin maitemintzeko eta guztiz minduta, zuhaitzera hurbildu, besarkatu eta haren zuhaitz sakratua izango zela erabaki zuen, sinbolotzat hartu zuen eta koroa bat egin zuen zuhaitzeko adarrekin.


Egun hartatik aurrera erramua, grezieraz “dafne”, garaipenaren ikur bihurtu zen; ordutik aurrera horregatik erabili izan da erramu koroa gerrak irabazitako jeneralak eta atleta zein poeta nabarmenenak ohoratzeko.