Txikipedia:Lurraren zientziak: berrikuspenen arteko aldeak

Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Orri berria: «Lurra bera, lur planetan dagoen ura eta inguratzen duen airea aztertzen dituzten zientziei Lurraren zientziak edo geozientziak deritze. Talde horren parte dira zientzia geologikoak, hidrologikoak eta atmosferikoak, Lurraren beraren izaeraz eta portaeraz, uraz eta aireaz arduratzen direnak, hurrenez hurren. Lurraren zientziak, hitz gutxitan, matematikaren, fisikaren, kimikaren, eta neurri txikiagoan biologiaren, aurrerapenak erabiltzen dituzten zientzia fisikoak dira. Lurr...»
(Ez dago alderik)

15:36, 15 uztaila 2021ko berrikusketa

Lurra bera, lur planetan dagoen ura eta inguratzen duen airea aztertzen dituzten zientziei Lurraren zientziak edo geozientziak deritze. Talde horren parte dira zientzia geologikoak, hidrologikoak eta atmosferikoak, Lurraren beraren izaeraz eta portaeraz, uraz eta aireaz arduratzen direnak, hurrenez hurren.


Lurraren zientziak, hitz gutxitan, matematikaren, fisikaren, kimikaren, eta neurri txikiagoan biologiaren, aurrerapenak erabiltzen dituzten zientzia fisikoak dira. Lurraren zientzia gehienek mundu mailako behaketak erabiltzen dituzte eta hori dela eta, Lurraren zientzietako arazo asko lurrazalaren esplorazioa ondo aurreratuta zegoenean bakarrik hasi ahal izan ziren. Era berean, satelite bidezko behaketak erabili izan dira sarritan.


Lurraren zientzia nagusiak honela multzoka daitezke:


*Geografiak eta topografiak Lurraren ezaugarri fisikoak deskribatu eta interpretatzen dituzte, gauza bera egiten dute baita gizateriak ingurumenarekin dituen elkarrekintza ekonomiko eta sozialekin eta, bestalde, geodesia, Lurraren neurketaren zientzia.


*Geologiak hainbat zientzia ezberdin biltzen ditu bere barnean, horien artean geomorfologia, natura, inguruneko formen aldaketa prozesuen jatorria aztertzen dituena, hala nola kontinenteen eta mendien igoera eta jaitsiera. Geofisikak, aldiz, Lurreko fenomeno fisikoak aztertzen ditu, eremu magnetikoa, barneko bero-fluxua eta grabitatearen azterketa, mareak barne, besteak beste. Bestalde, sismologia lurrikarak aztertzen dituen zientzia da eta geokimikak Lurraren konposizio kimikoa eta elementuen barneko banaketa arautzen duten legeak ditu aztergai.


*Meteorologia atmosfera aztertzen duen zientzia da, gehienbat eguraldia aurreikusteko erabili ohi da eta Lurreko atmosferaren portaeraz eta ezaugarriez arduratzen den fisika atmosferikoaren adartzat har daiteke. Satelite bidez egindako behaketak oso baliozkoak bihurtu dira datu meteorologikoak jasotzerako orduan eta ordenagailu handiak erabiltzen dira horrela bildutako datu kopuru handiak aztertzeko. Klimatologiak, berriz, lehenaldiko nahiz orainaldiko klimak aztertzen ditu, meteorologoek ikertutakoak baino aldakuntza luzeagoez arduratzen da, eta bere garrantzi praktikoa frogatzen ari da basamortu eta glaziarren etorkizuneko hazkuntza posiblea adierazteko.


*Hidrologiak atmosferako zein lurrazaleko uraren zirkulazioa aztertzen ditu. Lurzoruan eta harkaitzetan dagoen urari lurpeko ura deritzo, eta aintzira eta ibaiekin batera gizateriarentzat eskuragarri dagoen ur gezaren erreserba nagusia da; gainontzekoa glaziarrek osatzen dute. Ozeanografia, itsaso zein ozeanoak aztertzen dituen zientzia, nabigaziorako eta arrantzarako laguntza gisa hasi zen lehen pausoak ematen.