Txikipedia:Sistema politiko: berrikuspenen arteko aldeak

Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Orri berria: «Sistema politikoak gobernu bateko mailak lurralde bateko erakunde politikoen bidez elkarreragiten diren modu guztiak dira. Jendea komunitateetan batera bizi den unetik, erkidego...»
(Ez dago alderik)

23:29, 17 ekaina 2021ko berrikusketa

Sistema politikoak gobernu bateko mailak lurralde bateko erakunde politikoen bidez elkarreragiten diren modu guztiak dira. Jendea komunitateetan batera bizi den unetik, erkidego horiek gobernatu dituzten gobernuak egon dira. Komunitateen formak handitu eta aldatu ahala, gobernuek erakunde asko garatu zituzten funtzionatzen laguntzeko.

Gobernu motak

Erregeek, erreginek, lehendakariek eta diktadoreek gobernatu baino askoz lehenago, herriak tribuetan antolatzen ziren. Tribuek senidetasunaren edo familia-elkarteen inguruan antolatzen zuten boterea. Buruzagiek taldearen ohiturak gordetzen zituzten eta euren historia ahozko tradizioaren bidez gogoratzen zuten, belaunaldi batetik bestera kultura mantentzen zuen narrazio motaren bidez.

Hainbat tribu talde handiagoetan batzen ziren heinean, herrixketako sistema politikoa garatzen joan zen. Herrixkak landa-lanen eta nekazaritza-bizitzaren inguruan antolatu ziren, eta euren gobernua demokrazia modu oinarrizko bat izan zen. Herrixketako kontseilu edo zaharrek aurrez aurreko eztabaidak egiten zituzten liskarrak konpontzeko eta interes publikoko gaietan elkarri laguntzeko.

Geroago, hiriak hazten hasi ziren. Herrixken tamainatik eta funtziotik bereizten ziren. Herrixken ekonomia nekazaritzaren menpe zegoen, eta hiriena, berriz, merkataritzaren eta industrien menpe. Lehen hiriak autonomoak ziren, hau da, gobernu propioa zuten, gobernu handiago baten parte izan gabe, herrialde bat balira bezala. Hiri horiek, Esparta eta Atenas adibidez antzinako Grezian, hiri-estatu izenez ezagutzen dira.

Munduko biztanleria hazi ahala, hiriak elkarren artean eta inguruko herriekin harremanak sortzen hasi ziren. Kasu batzuetan, mehatxu militar edo ekonomiko komunen bati aurre egin nahi izan zioten, euren indarrak batuz. Helburu horietarako ligak sortu zituzten, hiriak bananduta bazeuden ere, bakoitza bere gobernuarekin. Beste kasu batzuetan, eskualde bateko hiri eta herriak batasun politiko batean elkartu ziren, gobernu bakar batekin gobernatua. Sarritan, antzeko aurrekari erlijiosoak edo tradizioak zituzten.

Batzuetan, agintari batek bere kontrola eskualde handiago batera zabaltzea erabakitzen zuen. Gobernatzaile horiek herri batzuen lurren ardura hartu ahala, inperioak eratzen zituzten. Milaka urtetan zehar, inperioek munduaren zati handi bat kontrolatu zuten, bereziki Egipton, Txinan, Persian eta Erroman. Inperio horrek guztiak bukatu egin ziren azkenean, batzuetan ezezagunek eraso egin zietelako, eta beste batzuetan agintaria hil egin zelako, eta lurrak haren semeek banatu zituztelako. Erresuma txikienek, batzuetan, haren lekua hartzen zuten. XX. menderako, azken inperioak hautsi egin ziren, eta mundua herrialdeetan banatu zen.

Gobernu mailak

Herrialde modernoetan hainbat tamainatako gobernu mailak nahasten dira, tokikotik (herriak, herrixkak eta hiriak) eskualdekora (estatuak edo probintziak) eta nazionalera doazenak. Gobernu nazional handienak bere unitate txikienekin lan egin behar du. Oro har, bi modu nagusi egon dira gobernu nazional modernoek tokiko gobernuekin komunikatzeko sistema politikoak eratu daitezen: estatu unitarioa eta estatu federala.

Sistema politiko bateratu batean, gobernu nazionalak nolabaiteko boterea eman diezaieke tokiko gobernu txikienei, baina boterearen gehiengoa gobernu zentralari dagokio. Sistema unitario mota asko daude gaur egungo munduan. Batzuetan, Erresuma Batuan adibidez, tokiko eskualdeak Parlamentu nazionalerako aukeratu diren pertsonek ordezkatzen dituzte gobernu nazionalean. Beste batzuetan, tokiko eskualdeek ez dute askorik esateko gobernuan. Tokiko funtzionarioak herrialdeko buruzagiak ere izenda ditzake.

Sistema federaletan, boterea orekatuagoa dago gobernu nazionalaren eta tokiko gobernuaren artean sistema unitario batean baino. Gobernu nazionalak herrialde osoan erabiltzen du boterea, eta tokiko gobernuek unitate txikiagoak kontrolatzen dituzte, estatuak edo probintziak adibidez. Gobernu federalak munduko herrialde handi askotan daude: Argentinan, Australian, Brasilen, Kanadan, Indian, Errusian eta Estatu Batuetan, besteak beste.

Gobernatzeko moduak

Herrialde askok antzeko erakundeak dituzten arren, organo horien definizioa eta elkarrekin lan egiteko modua asko alda daitezke. Organo nagusiak honakoak dira: exekutiboa edo estatuburua, botere legegilea eta botere judiziala edo auzitegi-sistema. Sarritan, konstituzio batean definitzen dira. Demokrazietan, erakunde horien funtzioak argi zehaztuta eta neurri batean bereizita daude. Herrialde batzuetan, berriz, pertsona edo talde txiki batek kontrolatzen ditu guztiak. Herrialde horiek monarkiak edo diktadurak dira.

Demokrazia

Bi demokrazia konstituzional mota nagusi daude gaur egun: sistema presidentziala, Estatu Batuetakoa adibidez, eta sistema parlamentarioa, Erresuma Batukoa.

Bi sistemetan, alderdi politikoak funtsezko erakundeak dira. Horien bidez, herritarrek beren iritzia eman dezakete, kargurako hautagaiei botoa emanez. Alderdi politikoak gai garrantzitsuei buruzko antzeko iritziak dituzten pertsonen taldeak dira. Kargu politikoetarako hautagai gehienak alderdi jakin bateko kideak dira, nahiz eta alderdi bateko kide izateak gauza desberdinak esan nahi dituen herrialde batetik bestera.

Herrialde batzuetan, Erresuma Batuan adibidez, alderdiak nahiko zurrunak dira, hau da, kideek alderdiari beti bozkatzea espero da. Estatu Batuetan, ordea, alderdietako kideak libre dira nahi duten bezala bozkatzeko edozein gai partikularri buruz. Alderdi kopurua ere alda daiteke herrialde bakoitzean. Batzuetan, bereziki Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan, bi alderdi nagusi baino ez daude, eta beste batzuetan alderdi asko egon daitezke. Boterea talde gehiagotan banatuta dagoenez, ez da hain probablea talde batek gehiengo argia izatea gobernatzeko. Kasu horietan, hainbat alderdik elkarrekin lan egin behar dute boterea partekatzeko.

Sistema presidentziala

Sistema presidentzialetan botere exekutiboa, legegilea eta judiziala argi eta garbi bananduta daude. Herriak aukeratzen du presidentea, eta ez da botere legegileko kidea. Sistema horietan, presidentea gobernuko buruzagi politikoa eta estatuburua da aldi berean, baita zeremonia eta funtzio ofizialen buru ere. Presidenteak aukeratzen ditu bere kabineteko kideak. Hainbat departamentutako buruak dira, eta ez dira hauteskundeetan aukeratzen.

Botere legegilea bi organok osatzen dute. Espainiako Estatuan, Diputatuen Kongresua eta Senatua dira bi organoak. Bi erakundeetako kideak hautetsiak dira, aldi jakin batzuetarako hautatuak.

Ezarritako sistema judizialak sistema politiko aurreratu guztietan daude. Sarritan, auzitegi-maila bat baino gehiago dago. Auzitegirik altuena Auzitegi Gorena da.

Sistema parlamentarioa

Sistema parlamentarioetan, lehen ministroa buruzagi politiko nazionala da, eta beste pertsona batek estatuburu gisa balio du. Erresuma Batuan erregina da estatuburua, eta Espainian, erregea. Japonian enperadorea da. Herrialde batzuetan estatuburua presidente hautatua izan daiteke, baina lehen ministroak benetako boterea du. Lehen ministroa, oro har, legegintzaldiko kide bat da, bere legegintzaldiak berak aukeratzen duena edo automatikoki aukeratzen dena legegintzaldian kide gehien dituen alderdiko buru izateko. Lehen ministroaren kabinetea eta Gobernuko departamentuetako agintariak ere botere legegileko kide dira.

Botere legegileari legebiltzarra deitzen zaio oro har. Botere legegilea ganbera batek edo bik osa dezakete. Kideak hainbat modutan aukeratzen dira. Batzuetan, ganbera bat herriak aukeratzen du, eta beste ganberako kideak gobernariak edo eskualdeetako biltzarrek izendatzen dituzte. Beste kasu batzuetan, ordea, bi ganberetako kide guztiak aukeratzen dira.

Botere judiziala ere botere legegileak kontrolatzen du hainbat mailatan. Erresuma Batuan, epaile guztiak lord kantzilerrak izendatzen ditu, Lorden Ganberako presidentea denak. Herrialdeko auzitegi gorena Lorden Ganberako kide diren epaileek osatzen dute.

Beste sistema batzuk

Zenbait herrialde konstituzionalek, bereziki Frantziak, lehendakaritza eta parlamentuaren ikuspegien elementuak konbinatzen dituzten sistemak dituzte. Frantziako konstituzioak gobernu parlamentarioa ezarri zuen arren, Errepublikako presidentearen rola ere handitu zuen. Konstituzioak ahalmena ematen dio presidenteari lehen ministroa eta exekutiboko ministroak izendatzeko, kabineteko buru izateko, dekretu garrantzitsuenak sinatzeko, goi-funtzionarioak eta epaileak izendatzeko eta parlamentuko ganbera bat desegiteko. Xedapen hori dela eta, lehen ministroak eta presidenteak neurri bateraino partekatu behar dute boterea.

Monarkia

Monarkietan, pertsona batek, erregeak edo erreginak, gobernuaren zati guztien kontrola du. XXI. mendearen hasieran monarkia absolutu gutxi geratzen ziren. Monarka batek gobernatutako herrialde gehienak monarkia konstituzional bihurtu ziren. Kasu horietan, gobernua lehen ministro batek zuzendutako sistema parlamentarioa zen. Erregeak edo erreginak oso funtzio mugatua zuen estatuburu gisa.  Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Asiako herrialde gutxi batzuek bakarrik jarraitzen dute errege baten menpe.

Diktadura

Diktadurek hainbat forma har ditzakete. Kasu batzuetan, aukeratutako presidente eta lehen ministroek boterea hartzen dute, alderdi bakarreko gobernua ezarriz eta oposizio orori amaiera emanez. Herrialdeari errepublika deitzen jarrai dezakete eta erakunde batzuk mantendu, bote legegile bat bezala, baina, errealitatean, herrialdearen botere guztia kontrolatzen dute. Beste kasu batzuetan, militarrek dute kontrola.

Adolf Hitlerren Alemania nazia eta Joseph Stalinen Sobietar Batasuna hirugarren diktadura mota baten adibide izan ziren. Bi kasuetan, gobernua buruzagi indartsu batek zuzendu zuen, munduari buruzko teoria batean oinarritutako programa eta helburu zehatz batzuk zituenak. Bi diktadoreak saiatu ziren beren boterea zabaltzen eta beste batzuk beren ideiei jarraitzera behartzen. Herrialde askok gobernu komunistak ezarri zituzten Sobietar Batasunaren ereduan oinarrituta. Hala ere, XX. mendearen amaieran, gobernu komunista gehienak erori egin ziren, Sobietar Batasunekoa barne.

Demokrazien eta diktaduren arteko desberdintasun nagusietako bat alderdi politikoek duten zeregina da, diktaduretan ez baitago hauteskunderik. Zeregin hori aldatu egiten da gobernuaren arabera. Herrialde komunistetan Alderdi Komunista da legezko alderdi bakarra, nahiz eta alderdi barruan talde asko egon daitezkeen lehian boterea lortzeko. Alderdiak bizitzaren esparru guztiak kontrolatzen ditu. Herrialde horietan alderdia ez da existitzen hauteskundeak irabazteko, gizabanakoak hautatu eta prestatzeko baizik herrialdeko bizitza politikoan gida-postuetarako.

Diktaduretan, botere legegileak ere zeregin desberdina du. Batzarrek alderdi ahalguztidun bakarreko buruzagiek hartutako erabakiak onartzen dituzte. Ez dute legerik sortzen, eta ez diote buruzagiari aurka egiten. Afrika eta Ekialde Hurbileko herrialde askotan, adibidez, parlamentuko kideak agintean dagoen talde tribal edo erlijiosoak izendatzen ditu, normalean zintzoki zerbitzatu izanaren sari gisa. Herrialde komunistetan, aldiz, parlamentuak plataforma gisa erabiltzen dira Alderdi Komunistaren zuzendaritzak bere iritziak herrialdeari jakinarazteko.