Txikipedia:Pachycephalosaurus: berrikuspenen arteko aldeak

Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Orri berria: «= Pachycephalosaurus = Burukadak emateagatik ezaguna, Pachycephalosaurusa dinosauroen munduko mufloia da, askoren ustez. Pachycephalosaurus izenak "buru lodiko muskerra" esan nah...»
(Ez dago alderik)

00:33, 28 apirila 2021ko berrikusketa

Pachycephalosaurus

Burukadak emateagatik ezaguna, Pachycephalosaurusa dinosauroen munduko mufloia da, askoren ustez. Pachycephalosaurus izenak "buru lodiko muskerra" esan nahi du. Izena haren kupula formako burezurrari egiten dio erreferentzia. Pachycephalosaurusa hezurburuak deituriko dinosauro taldekoa da. Ornithischia izenez ezagutzen den dinosauroen ordenakoa ere da, edo “txori-aldakadun” dinosauroen ordenakoa.

Pachycephalosaurusa duela 98-65 milioi urte bizi izan zen, Kretazeoa deituriko garaian. Ipar Amerikan aurkitu dira Pachycephalosaurusaren aztarnak, batez ere Montana, Hego Dakota eta Wyoming estatuetan, baina Albertan (Kanadan) ere aurkitu dira. Dinosauro hau landaretza ugariko lekuetan bizi zen, beharbada basoetan edo haietatik hurbil.

Nolakoa zen?

Pachycephalosaurusa erraldoia zen beste hezurburu batzuekin konparatuta.  4,5 metro luze zen, eta haren burua 60 zentimetro luze. Buruaren goialdean zuen hezurrezko kupula handi eta sendoa 25 zentimetro lodi zen. Kupula hori biribil eta punta zorrotzez inguratua zegoen, eta koroa ematen zuen. Dinosauroak punta zorrotzak ere zeramatzan muturrean. Hortzak txikiak eta triangelu-formakoak zituen, lepo labur eta lodia, eta tamaina handiko gorputza. Atzeko bi hanken gainean ibiltzen zen, eta buztan gogor eta astuna zuen. Haren aurreko hankak atzekoak baino askoz laburragoak ziren.

Portaera

Seguruenik, Pachycephalosaurusak landare leunak, frutak, haziak eta intsektu batzuk jaten zituen. Zientzialari batzuek uste dute Pachycephalosaurus arrak ugalketa garaian elkarren aurka borrokan hasten zirenean burukadak ematen zizkiotela elkarri. Teoria horren arabera, bizkarrezurra eta buztana animalien talka arintzen laguntzeko diseinatu ziren bereziki, aurrez aurre talka egitean. Burezur lodia kasko moduko bat bezala erabiltzen zuen, garun txikitxoa babesteko. Beste zientzialari batzuek uste dute Pachycephalosaurusaren burezurra ez zela jokabide mota horretarako egokia, eta, aldiz, dinosauroak hegaletik jotzen zituela aurkariak. Beste batzuek uste dute dinosauro honek garezurraren diseinu berezia erabiltzen zuela kideak erakartzeko, seinale bisual gisa.