Txikipedia:Esplorazio: berrikuspenen arteko aldeak

Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Orri berria: «= '''Esplorazio''' = Historian zehar, jendea esploratzera joan da mundutik leku ezezagunei buruz ikasteko. XXI. mendearen hasieran, Lurraren azalera gehiena esploratuta zegoen. E...»
(Ez dago alderik)

01:27, 8 martxoa 2021ko berrikusketa

Esplorazio

Historian zehar, jendea esploratzera joan da mundutik leku ezezagunei buruz ikasteko. XXI. mendearen hasieran, Lurraren azalera gehiena esploratuta zegoen. Esplorazioak, ordea, norabide berrietan jarraitzen du, itsas mailatik milaka metrotara eta espaziotik kilometro askotara.

Lehen esploratzaile ezaguna Hannu izan zen, K. a. 2750ean bizi izan zen egiptoar bat. Gaur egun Etiopia eta Somalia diren lurraldeetatik altxorrak ekarri zituen. Beste esploratzaile handi askok jarraitu zioten. K.a. 300. urtean, Mazedoniako Alexandro Handiak koloniak egin zituen esploratu zituen lurretan, Indiaraino iritsiz. 1200. urtean Marco Polok Italiatik Txinara bidaiatu zuen Zetaren Bidea izenez ezagutzen den merkataritzarako ibilbide handian zehar.

Lurreko esplorazioa

Europarren itsaso bidezko esplorazioaren garai handi bat XV. mendean hasi zen. Itsasoz bidaiatzea errazago bihurtu zen zenbait instrumenturi esker, adibidez, astrolabioa eta, geroago, sestantea eta kronometroak. Marinelei non zeuden jakiteko balio zieten, eta ibilbide bat jarraitzen itsaso zabalean zeuden bitartean. Esploratzaile portugaldarrek Afrika, Arabia eta Indiako kostaldeetan zehar nabigatu zuten. 1492an Kristobal Kolonek mendebalderantz nabigatu zuen eta Amerikan lehorreratu zen. 1522an Fernando Magallaesen itsasontziak munduaren inguruko lehen bidaia osatu zuen. XVIII. mendean, James Cook esploratzaile britainiarra Australiara, Hawaiira eta Ozeano Bareko beste uharte batzuetara iritsi zen.

Esploratzaile askok kostaldetik lur barrenera bidaiatu zuten aberastasuna bilatzeko, kokalekuak eraikitzeko edo kristautasuna zabaltzeko. Prozesu hartan, bertako herriekin topo egin zuten eta sarritan borrokatu ziren. XVI. mendean konkistatzaile izeneko esploratzaile espainiarrek Mexiko eta Hego Amerikaren zati handi bat konkistatu zuten. 1804 eta 1806 artean, Lewis eta Clark espedizioak Ipar Amerikako mendebaldeko zatiak esploratu zituen. Beranduago, XIX. mendean, David Livingstone eta Sir Henry Morton Stanleyk europarrek inoiz ikusi ez zituzten Afrikako zati batzuk esploratu zituzten.

Esploratzaileak XIX. mendean iritsi ziren lehen aldiz Lurraren poloetara. Robert E. Peary eta Matthew Henson izan ziren lehenak Ipar Poloan egoten, 1909an. Hego Poloko lehen esploratzailea Roald Amundsen izan zen, 1911n.

Itsaspeko esplorazioa

1960an, Donald Walsh eta Jacques Piccard ozeanoko tokirik sakonenera iritsi ziren, 10.912 metroko sakonerara. Batiskafo izeneko ontzi batean zeuden. Orain ere, ozeanoaren zati handi bat ezezaguna da. Zientzialariak oraindik itsaspeko bizidun berriak aurkitzen ari dira.

Espazioaren esplorazioa

Espazioaren lehen esplorazioa 1961ean gertatu zen. Urte horretan, Yury Gagarin kosmonauta sobietarrak, Lurraren inguruan orbitatu edo bidaiatu zuen espaziontzi batean. 1969ko uztailaren 20an, Neil Armstrong eta Edwin Aldrin astronauta estatubatuarrak Ilargira heldutako lehen gizakiak bihurtu ziren.

Teknologia modernoari esker, inork deskubritu ez dituen lekuak esploratu daitezke oraindik. Tripulaziorik gabeko espaziontziak irrati bidez operatzen dira. Zunda espazial horiek espazioaren sakonera bidaiatu dezakete Lurrera itzuli behar izan gabe. Zunda espazialek planetei eta eguzki sistemako beste toki batzuei buruzko informazioa eta irudiak bidali dituzte.