Txikipedia:Drama: berrikuspenen arteko aldeak

Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Orri berria: «Drama kontakizun mota bat da ikusleen aurrean antzezten dena, sarritan antzoki batean. Dramak antzezlanak dira beraz. Beste literatura-forma batzuk, hala nola eleberriak eta ipui...»
(Ez dago alderik)

13:51, 10 otsaila 2021ko berrikusketa

Drama kontakizun mota bat da ikusleen aurrean antzezten dena, sarritan antzoki batean. Dramak antzezlanak dira beraz. Beste literatura-forma batzuk, hala nola eleberriak eta ipuin laburrak, irakurle bakoitzak bere kabuz irakurtzeko dira. Baina, antzerki moduan bidez dramak pertsona askorekin partekatzen dira.


Nola egiten dira?


Antzerkigile deritzon idazle batek idazlanaren testua idazten du. Drama baten elementu nagusiak pertsonaiak eta kontakizunak dira. Istorioan agertzen diren pertsonaiak edo pertsonak, sarri, zerbaitegatik sartzen dira elkarren artean gatazkan; adibidez, baliteke tronu bera, printzesa bera edo altxor bat nahi izatea. Draman kontatzen denari eta, halaber, gatazkak konpontzeko moduari trama deitzen zaio.


Antzezlan batean, pertsonaiek hitzak eta mugimenduak erabiltzen dituzte istorioa kontatzeko. Askotan, pertsonaiek euren artean hitz egiten dute. Haien hizketaldietako hitzak elkarrizketa bezala ezagutzen dira. Batzuetan, ordea, pertsonaia batek hitzaldi bat egiten du agertokian bakarrik edo beste pertsonaiekin isilik dagoen bitartean. Horrek ikusleek pertsonaiaren pentsamenduak entzuteko sentsazioa sortzen du. Diskurtso mota horri bakarrizketa deitzen zaio. Noizean behin, pertsonaia batek zuzenean hitz egiten die entzuleei. Horri aparte deitzen zaio.


Antzerkigileak naturala dirudien elkarrizketa bat idatz dezake, garai eta leku jakin bateko jendeak benetan hitz egiten duen bezala. Edo elkarrizketa oso formala izan daiteke. Adibidez, batzuetan pertsonaien hitzak poesian idatzita daude. Drama batzuetan, pertsonaiek beren poesiak errezitatzen dituzte edo abestu ere egiten dituzte.


Antzerkigileak jarraibide motzak ere idazten ditu testuan, akotazio deituak. Zenbait akotaziok aktoreei esaten diete zer egin, hala nola noiz eta non sartu agertokian. Beste batzuek pertsonaia baten itxura deskribatzen dute. Batzuetan, ekintzaren unea eta lekua ere adierazten dituzte. Obraren diseinatzaileek deskribapen horiek erabiltzen dituzte agertokia, jantziak eta argiztapena sortzeko.


Tradizio ezberdinak


Asiako eta Mendebaldeko (Europa eta Ipar Amerika) tradizio dramatikoak ezberdinak dira. Asiako kultura askotako drametan, dantza, keinuak eta musika hitzak bezain garrantzitsuak dira askotan. Asiako dramek, askotan, familiaren istorioak erabiltzen dituzte oinarritzat. Estilo formala ere izaten dute. Aktoreek istorioa kontatzeko erabiltzen dituzten aurpegi-adierazpenei eta gorputz-mugimenduei buruzko arau batzuk jarrai ditzakete.


Beste alde batetik, Mendebaldeko dramek elkarrizketaren bidez istorio bat kontatzeko joera dute. Tradizionalki, mendebaldeko dramak bi mota handitan banatu dira: tragediak eta komediak. Tragediak pertsona heroikoei buruzko istorio serioak dira eta amaiera tristea izaten dute. Komediak ez dira hain serioak eta amaiera zoriontsua dute. Komedia modernoak askotan dibertigarriak dira. Gaur egun, mendebaldeko drama askok tragediako eta komediako elementuak nahasten dituzte.


Historia


Antzinako dramak


Adituek drama lehen zibilizazioak bezain zaharra dela uste dute. Drama, ziurrenik, jaialdi eta zeremonia erlijiosoetan erabiltzen hasi zen. Kultura askotan izen zuten euren lekua, Antzinako Egipto, India eta Txinakoak barne.


Mendebaldeko dramak antzinako Grezian ditu sustraiak. Greziar dramaren urrezko garaia K. a. 400. urtean izan zen. Greziar drama bertsotan idatzi zen. Antzezle gutxi batzuek irudikatzen zituzten obrako pertsonaia guztiak. Greziar antzerkigileek, koru izeneko talde batentzako zatiak ere idatzi zituzten. Korua alde batean gelditu eta ekintza deskribatu eta azaltzen zuen. Greziar tragediek jende garrantzitsuari eta kondaira edo historiako gertaerei buruz hitz egiten zuten. Garai horretako komediek sarritan burla egiten zieten garaiko figura politikoei.


Erdi Aroan (K.o. 500-1500. urteetan) Europan drama gehienak kristautasunean oinarritzen ziren. Garai honetako lan batzuek Bibliako istorioak kontatzen zituzten. Beste batzuek kristau santuen bizitzak dramatizatzen zituzten edo lezio moral bat aurkezten zuten.


1300. urtean Japonian drama forma berri bat garatu zen, Noh izenekoa. Noh drama batek japoniar kondaira klasikoak aurkezten ditu mugimendua, musika eta hitzak erabiliz. Noh drama formako 230 istorio klasiko inguru antzezten dira gaur egun ere. Zeami izeneko gizon batek horietako 90 idatzi zituen. Noheko antzerkigilerik onena da.


1500 eta 1600. urteak drama egiteko urrezko garaia izan ziren Ingalaterran eta Espainian. Antzerkigileek estilo askotan idatzi zuten. Garai horretako antzerkigilerik handiena William Shakespeare ingelesa izan zen. Pertsonaia errealistekin ekintzaz beteriko lan konplexuak idatzi zituen.


XVII. mendean Jean Racinek eta beste antzerkigile frantziar batzuek antzinako Grezian girotutako lanak idatzi zituzten. Haien lanek gai handiak jorratzen zituzten hizkuntza poetikoa erabiliz. Molière antzerkigile frantsesak beste lan mota bat idatzi zuen. Haren komediak garaiko gizarte frantsesaren moda eta akatsez trufatzen ziren.


XVIII. mendean, Japonian, Bunraku izeneko txotxongilo antzerki mota bere adierazpen artistiko gorena lortu zuen. Chikamatsu Monzaemon izeneko gizon batek Bunraku motako lanak idatzi zituen, literatura eta entretenimendu gisa miretsiak izan zirenak. Erromantze historikoak idatzi zituen, baita haren garaiko jende arruntari buruzko tragediak ere.


Drama modernoak


XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, mendebaldeko antzezlan askok jende arruntean jarri zuten arreta, errege, gerlari edo heroi ospetsuetan jarri beharrean. Lan horiek pertsonaien barne borrokak esploratzen zituzten. Lan askok arazo sozialak ere jorratzen zituzten, hala nola gizarteko ustelkeria eta gutizia. Henrik Ibsen norvegiarrak eta Anton Chejov errusiarrak estilo errealista honetako lanak idatzi zituzten. Ingalaterran, George Bernard Shaw antzerkigileak umorea erabiltzen zuen gizartearen arazoei aurre egiteko. Eugene O'Neillek, Estatu Batuetan, antzinako tragedietako gaietako batzuk erabili zituen, baina garai modernoagoetan kokatu zituen, eguneroko pertsonaien artean.


Bigarren Mundu Gerraren ondoren, jende asko lur jota sentitu zen munduaren egoera zela eta. Europako antzerkigile batzuek zentzu gutxiko tramak eta elkarrizketak idatzi zituzten. Bizitza barregarria dela erakusteko egin zuten hori. Haien lanak Absurduaren Antzerkia izenez egin ziren ezagun.


Beste antzerkigile batzuek familiako gaiak aztertzen jarraitu zuten. Estatu Batuetan, Arthur Millerrek pertsonaia indartsuen barne bizitza eta familia gatazketan zentratzen ziren dramak idatzi zituen. Antzeko gaiak agertu ziren Tennessee Williamsen lanetan.