Euskal Herriko gazteluak: berrikuspenen arteko aldeak

Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
b
(Ez dago alderik)

22:36, 30 urria 2020ko berrikusketa

Euskal Herriko Erdi Aroko gazteluak epe luze horretan eraiki ziren era horretako defentsa egituren multzoa da. Garai hartan euskaldunen herri errealitateak egungo Euskal Herriaren muga geografikoak gainditzen bazituen ere, sailkapen helburuetarako egungo Euskal Herriko espazioan kokatzen dira.

Euskal Herriko Goi Erdi Aroko gaztelurik ez da geratzen, ezpada haien oinarrien aztarnak. Erdi Aroko gazteluek higadura, hausturak eta txikizioak eragin zituzten, suteak ez zirenean. Horregatik, geroztik hainbat aldaketa eta eranskin egin zaizkie Aro Moderno eta Garaikidean, jatorrizko forma ezkutatzeraino, batzuetan. Epe horretako gaztelu gehienak Nafarroako Erresumaren defentsa egiturak dira, euskal erresuma horrek egungo Euskal Herri ia osoan eta gehiagoan hedatzen zenekoa.

Goi Erdi Aroko gaztelu baten aztarna bakanetakoen artean dago Marutegiko gaztelua, Araia herritik Lizarratera bidean (X. mende ingurukoa). Nafarroako defentsa sarea Antso III. Handiaren garaian hasi zen eratzen. Nafar gaztelu horiek oso ezaugarri zehatzak zituzten: harkaitz baten gainean altxatzen ziren gehienetan, harresi lerro batez edo biz inguratzen ziren dorre nagusi bat erdian zutela, eta beste gaztelu baten bistan eraikitzen ziren. Era horretan, lurraldea zelatatu ez ezik, komunikazio sare bat osatu zezaketen, suaren eta kearen bitartez. Mota honetako gazteluak ziren Beloaga, Mendikute, Marañon, Zabalate, Arluzea, etab.

Behe Erdi Aroan, ugaldu egin ziren dorretxeak, bereziki Nafarroako Erresumaren 1199-1200eko inbasioaren ostean eta leinuetako jauntxoen goraldian: Mendoza, Gebara, etab. Horiek, ordea, eraikin feudalak ziren, bertan bizi zen leinuaren defentsa egitura eta bere kemenaren erakusgarri harroa. Aro Modernoaren hasieran, 1516an, Cisneros kardinalak Nafarroako Erresumako gazteluen dorreak mozteko agindu zuen, erresistentzia berririk eragozteko, 1512ko ekainean abiatutako Fernando Katolikoaren inbasioaren ondoren. Halaber, Gipuzkoan eta Bizkaian moztu egin ziren dorretxeak, jauntxoen kemena ahultzeko.