Igor Stravinski: berrikuspenen arteko aldeak

Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
tNo edit summary
Stravinskiren aldi estilistikoak gehitu ditut, gazteleratik eta ingeleratik itzuli ostean
12. lerroa:
 
Stravinskik estilo eta teknika ugari landu zituen bere musikan: errusiar artean eta kulturan oinarritutako musika, doinu, lerro eta erritmo errepikatuak eta musika tresnen moldaketa guztiz berria, [[jazz]]aren elementuak, [[neoklasizismo]]a, disonantzia eta serieko musika.
 
== Aldi estilistikoak ==
Stravinskiren ibilbide profesional eta musikala hiru aldi estilistiko handitan banatu ohi da eskuarki, bere lan gehienak hiru hauetako baten baitan koka daitezkelarik.
 
=== Aldi errusiarra ===
Stravinskiren lehen aldi estilistiko nagusia [[Nikolai Rimski-Korsakov|Rimski-Korsakov]] konpositorearen ikasle zela hasi zen. Urte haietan orkestrarako idazketan zeharo trebetu zen, ''Scherzo fantastique'' (1907–08) eta ''Feu d'artifice'' (1908) antzeko lan goiztiarretan argi ikus daitekeen moduan. Hala ere, aldi honen garaia [[Diagilev|Diagilevek]] enkargatuta konposatu zituen hiru balletei esker jo zuen: ''[[Suzko txoria]]''-k, ''Petruxka''-k eta ''[[Udaberriaren sagaratzea]]''-k zehazki. Ballet horiek hainbat ezaugarri komun dituzte: orkestra izugarri handientzat idatzita daude; bai gai argumentalak bai motibo musikalak errusiar folklorean oinarrituta daude; eta instrumentazioan bere maisu izandako [[Nikolai Rimski-Korsakov|Rimski-Korsakoven]] arrastoa nabari da.
 
Lehen bi balletek, [[Suzko txoria|Suzko txoriak]] (1910) eta Petruxkak (1911), arrakasta itzelaz gozatu izan zuten arren, Stravinskiren hirugarren balleta, [[Udaberriaren sagaratzea]] (1913), hartzen da bere aldi errusiarraren une gorenatzat. [[Paris|Parisko]] [[Eliseo Zelaien Antzerkia (Paris)|Eliseo Zelaien Antzerkian]] izandako estreinaldian izugarrizko iskanbila eragin zuen, bai Stravinskiren musikak baita [[Vatslav Nijinski|Nijinski]] dantzariak haren gainean burutu zituen koreografiak ere. Lan honetan, konpositorea Errusia paganoaren basakeriaz baliatzen da, obran zehar sentimendu hauek interpretazio oldarkorretan, harmonia politonaletan eta erritmo bortitzetan islatuz. Lan honetan hainbat pasarte ospetsu daude, baina bi dira benetan azpimarratzekoak: lehena obraren sarrerako fagotaren soloa, haren erregistrotik at daudela diruditen notekin hasten dena; eta bigarrena sarreraren ondoren datorren "Nerabeen dantza", non sokek akorde politonal bat (gainjarritako fa bemol maior eta mi bemol dominante zazpidun akordeek osatua) irregularki erasotzen duten (ikus ''[[Udaberriaren sagaratzea]]'' artikulua informazio gehiago lortu ahal izateko).
 
Garai honetako beste lan esanguratsuen artean ''Renard'' (1916), ''Soldadu baten istorioa (Histoire du soldat)'' (1918), eta ''Ezkontzak (Les Noces)'' (1914–17) nabarmendu daitezke.
 
=== Aldi neoklasikoa ===
Stravinskiren hurrengo garai estilistikoa ''Pulcinella'' (1920) balletaren eskutik hasi zen. Lan honek garai [[neoklasiko]] honetako bereizgarri izango zen ezaugarri nagusia eskaintzen du; Stravinskiren itzulera [[Wolfgang Amadeus Mozart|Mozarten]], [[Johann Sebastian Bach|Bachen]] eta haien garaikideen musika klasikora, hain zuzen ere. [[Erromantizismoko musika|Erromantizismo]] eta [[espresionismo]] alemaniarraren subjektibismoari aurre egiteko jaio zen estilo honek balletek eskatzen zuten orkestra erraldoien beharrari uko egitea ekarri zuen. Gutxi gora behera 1920 eta 1951 bitartean idatzitako lan berri hauetan Stravinskik haizezko instrumentuetarako, pianorako, korurako eta ganbarara musikarako idatzi zuen batez ere. ''Haizezko instrumentuen sinfoniak'' (1920) eta ''Oktetoa haizezko instrumentuetarako'' (1923) haizeei zuzendutako obrarik onenen artean daude.
 
Joera hau jarraitzen dute ''[[ Edipo erregea (opera)|Oedipus Rex]]'' (1927), ''[[ Apolonia (Stravinski)|Apolo]] (Apollon Musagète)'' (1928) eta ''Dumbarton Oaks'' (1938) lanek. Aldi berean, ''Apolo'' (1927–28)'','' ''[[ Persephone|Persefono]]'' (1934) eta ''Orfeo'' (1948) antzeko lanek Stravinskik gai klasikoen inguruan zuen interesa argi erakusten dute, [[Greziar mitologia|greziar mitologiaren]] inguruan zehazki.
 
Garai honetan nabarmendu beharreko lan nagusiak Stravinskiren hiru sinfoniak dira: ''Salmoen sinfonia (Symphonie des Psaumes)'' (1930), ''Sinfonia don'' (1940) eta ''Sinfonia hiru mugimendutan'' (1945). Bai sinfoniekin, bai sonatekin (''Pianorako Sonata,'' 1924; ''Bi pianotarako Sonata'', 1944) eta baita kontzertuekin (''Biolin kontzertua'', 1931; ''Bi pianotarako kontzertua'', 1935) ere aldi neoklasikoaren beste ezaugarri garrantzitsuenetako bat nabari da; musika forma klasikoetara itzulera alegia.
 
Aldi neoklasiko honetako puntu gorena ''[[ Rake's Progress|The Rake's Progress]]'' opera da, 1951an burutua. [[W. H. Auden|W. H. Audenek]] idatzi zuen, eta [[William Hogarth|William Hogarthen]] margolan eta grabatuetan oinarritzen da. Opera honek Stravinskik bere aldi neoklasiko honetako 30 urteetan zehar perfekzionatu zuen guztia biltzen du: musika zuzena eta ondo egituratua da, baina arraroa; [[Harmonia (musika)|harmonia]] tonal klasikoetan oinarritzen da, baina [[ disonantzia|disonantzia]] harrigarriak ere tartekatzen ditu; hain Stravinskiarrak diren desplazatutako zelula eta motibo erritmikoak ditu; eta [[Claudio Monteverdi|Monteverdi]], [[Christoph Willibald Gluck|Gluck]] eta [[Wolfgang Amadeus Mozart|Mozarten]] operen kutsua du.
 
Opera hau amaitu ondoren, Stravinski bide berri batean murgiltzen hasi zen, pixkanaka haren musikan teknika berriak aplikatzen hasirik azkenean bere estilo orokorra hirugarren aldiz guztiz aldatuko zuelarik.
 
=== Aldi dodekafonikoa ===
[[Dodekafonismo|Dodekafonismoaren]] aitzindari zen [[Arnold Schönberg|Arnold Schoenberg]] 1951. urtean hil ostean soilik hasi zen Stravinski teknika hau bere lanetan erabiltzen, bere lagun zen Robert Craft orkestra zuzendari amerikarraren laguntzaz. Ondorengo hamabost urteak, ia haren heriotzera arte, estilo honetako lanak idazten igaro zituen.
 
Stravinski hamabi tonuko teknika honetan pixkanaka hasi zen murgiltzen ''Cantata'' (1952), ''Shakespeareren Hiru Abesti'' (1953) eta ''In Memoriam Dylan Thomas'' (1954) bezalako lan bokal laburren bitartez, metodoa probatzen arituko balitz bezala. Ondoren, teknikaren erabilera zabaltzen hasi zen, haren fede kristau sakonak bultzatuta [[Biblia|Bibliako testuetan]] oinarritutako lanetan: ''Canticum sacrum'' (1955), ''Threni'' (1958), ''A Sermon, a Narrative and a Prayer'' (1961) eta ''The Flood'' (1962). Gainera, etapa honetan ''Orkestra eta pianorako'' mugimenduak (1959), ''Monumentum pro Gesualdo'' (1960) eta ''Requiem canticles'' (1966) antzeko izenburuak nabarmentzen dira, nahiz eta lan hauetako batek ere ez duen aurreko bi aldietako lanen onarpen maila lortu.
 
Garai honetan aipagarria da ''Agon'', Stravinskiren itzulera balletera, trantsizio-lantzat hartzen dena. 1954 eta 1957 artean hamabi dantzarirentzako idatzitako lana da, non argi nabari daitekeen Stravinskiren bilakaera musikala. ''Agon''-eko zenbait atalek garai neoklasikoaren adierazle zen "nota zurien" tonalitatea gogoratzen dute (sarrerako "Pas de quatre"-ak, adibidez); beste batzuek, aldiz, teknika serialak bere musikan aplikatzeko Stravinskiren lehenetariko saiakerak erakusten dituzte ("Bransle" dantzek, esate baterako). "Bransle Simple" eta "Bransle Gay" dantzetan konpositoreak hexakordo serial bana erabiltzen du, eta ondoren "Bransle Double" dantzean biak batzen ditu, honela serie dodekafoniko osoa eratuz. Ballet hau, beraz, Stravinskiren entziklopedia txikitzat har daiteke, haren bizitzan esploratutako estilo ezberdinak biltzen dituelarik; neoklasizismoa, dodekafonismoa eta baita aldi errusiarreko primitibismo apur bat ere.
 
== Lanak ==