Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Orri berria sortu dut
(Ez dago alderik)

12:31, 24 azaroa 2019ko berrikusketa

ELODIE BAFFALIO

Iparraldeko bakarkako pianojole inprobisatzailea. Xiberuako Urdinarbe herrian, 1986ko otsailaren 2an jaio zen.

FORMAZIO GARAIA

Zazpi urterekin abiatu zituen piano ikasketak Mauleko musika eskolan.

Ondoren, Baionarat abiatu zen eta bertan jarraitu zuen ikasketekin, BAIONAKO KONTSERBATORIOAN ikasle izan baitzen 2001eko irailetik 2007ko ekaina bitartean. Hortxe eskuratu zuen pianoko “CEM titulua”, alegia, musika ikasketen ziurtagiria. Zehatzago esanda, “UV” delako aipamena ( “baliozko unitatea”ren aipamena) lortu zuen ondorengo arloetan: inprobisazio sortzailean, “basse continue”, idazketa, analisia, musika formazioa, ganbara musika eta lagun-egitea.

Baionako garai honetan pianoaren errepertorio klasikoa Olivier Chauzurekin landu arren, anekdota erabakiorra Patrick Defossez irakaslearekin bizi izan zuen. Izan ere, musika garaikidea jorratzeko asmotan klasera joan eta bertan, ustekabean inprobisazioa entsegatu baitzuen. Norabide artistiko profesionala finkatu zion ipar orratz garrantzitsua bilakatu zen inprobisazioa une horretatik aurrera. Horregatik bide berri honetan sartzea erabaki eta Baionako Kontserbatorioko inprobisazio sortzailea edo generatiboan ikastaroak gauzatu zituen Angélique Fullin andre pianojolearekin.

Gero, 2007ko irailean Pariserako bideari ekin zion. Bertan, esperientzia anitz jorratu izan zituen pianoarekin lotuta. Esaterako, 2008ko ekaina bitartean Fontenay-Aux-Roses kontserbatorioan "oinarri jarraia" ( basse continue) eta klabezina sakondu zituen.

Horretaz gain, Pariseko egonaldian zehar, 2010eko ekaina arte, erreportorio klasikoa zein garaikidea landu zituen saio partikular bidez, hainbat piano jolerekin, besteak beste, Géraldine Dutroncy, Nathalie Bera-Tagrine eta Wieslaw Szlachta jaun eta andreekin.

Gainera, PARISKO ESKOLA CANTORUM-en formazio hauxe jaso zuen ondorengo jakintza ezberdinetan: armonia, kontrapuntua, orkestrazioa, konposizioa, orkestra zuzendaritza.

INPROBISAZIOA

Pianoarekin izandako esperientziarik aberasgarriena INPROBISAZIOA izanik, berau bilakatu da, hain zuzen ere, Elodieren lan ildo esanguratsuena. Honetara heltzeko bidelagun izan ditu jarraian zerrendatutako musikalariak.

Lehenik, Angélique Fullin pianojole andrea , 2007tik 2009 urte bitartean berarekin izandako klase partikularretan abiatu baitzen inprobisazioaren kontzeptuan.

Bigarrenik, Alex Grillo jauna, 2008 urtean zehar bere taldekako saioetan parte hartzearekin inprobisazioaren mundua sakondu baitzuen.

Hirugarrenik, Frédéric Blondy et Hélène Breschand musikalariak , izan ere, 2010 eta 2011 urtetan beraiekin egindako saio kolektiboak zinez azpimarragarriak izan baitziren inprobisazioaren ibilbidean zehar.

Azkenik, Joëlle Léandre, Evan Parker eta Jacques Didonato jaun-andreak lagungarri izan ziren erabat inprobisazioaren unibertsoan barnerazeko, beraiekin burututako tailerrak direla medio.

MUSIKA ESTILOA

Bere jatorriek, Euskal Herriak, izadiak edo naturak, musika klasiko eta esperimentalarekin egindako topaketa ezberdinek, eragin sakona dute Elodie Baffalio bakarkako pianojolearen baitan. Hauetatik abiatuz, bere unibertso musikal propioa sortu du. Elkarretaratzeen edo sorkuntzen arabera, bere musika melodiko-modala izan daiteke, edo zenbaitetan bruitista, ala aldi berean inpresionista, zein une batzutan espektrala.

Margolaritza, argazkigintza eta olerkigintza inspirazio iturri nagusi ditu.

KONTZERTUAK

2008az geroztik kontzertuak eman izan ditu Elodie Baffaliok bai Euskal Herrian ( Hendaian, Baionan, Angelun) bai Parisen , bai bakarka bai beste musikari batzuekin batera, hala nola Jesus Aured, Ronnie Lynn Patterson, Vianney Desplantes jaun-andreekin.

Halaber, artearen beste modalitate ezberdinetako artegileekin lankidetzan ere eskaini ditu kontzertuak, besteak beste, Gonzalo Etxebarria margolari jaunarekin, Maika Etxekoparr andre kantulariarekin ( “Harian” ikuskizuna).

LEHEN DISKA: “ MELLODI ”

Bakarka landu duen eskaintza originala da “Mellodi”: Diskaren azaleko margoan ageri den bezala, bi hegal dituzten melodiak entzungo dira bertan. Batetik, inprobisazioaren hatsaz eramanak dauden doinuak antzemango dira eta bestetik, oinak euskal koloreetan errotuak dituzten erritmoak nabarituko dituzu.

Ainitzineko eta oraingo euskal kantu ala dantza herrikoiak abiapuntu gisa hautatu ditu. Beraiengan musikaltasuna gailenduko da. Hitzen zentzua ahantzi gabe, elea emeki-emeki desagertu egingo da, eta bere ordez, bihotzaren musika mintzo den lekura joango dira doinuak.

Pianoaren adierazteko era ezberdin eta anitzak miatzen ditu Elodiek, soinu-tresnaren musika aberastasuna loratuz. Konposizioak gehitu eta aberastu egiten ditu, tradizioaz ala olerkiaz inspiratuak.

Musika herrikoia sentiberatasunez eta sotiltasunez arramoldatua ageri da diskan. Eta aldi berean, inprobisatua. Izan ere, inprobisazioari leku propioa eman nahi izan baitio Elodiek diska honetan. Horrela kontzertu bakoitzean uneko magia ager daiteke, eta nahiz eta eremu ezagututan izan, kontzertu bakoitza beti berria izanen da.

Laburbiduz, MELLODI izeneko lehen diska honetan, alde batetik tradiziozko musika ezagutu edo errekonozitu ahal izango da, baina beti ere ñabardura berritzaileekin orraztua Eta horrela tradizioa beste era batez atxemaiteko parada izanen da. Beste alde batetik, pianoa modu ezberdinez entzun eta gozatuko da, jakinez musika klasikoaren kolore armonikoak eta jazzaren inprobisazio izpirituak ere eragin dutela diskaren sorkuntzan.

KANPO ESTEKAK

* “Harian”, 2018ko martxoak 15, “Iparraldea bertan” zikloa, Koldo Mitxelena Kulturgunea, Donostia.

* Sudoest egunkarian elkarrizketa , 2019ko otsailak 27.

* Euskadi irratia, “ Arratsean” saioa, elkarrizketa, 2019ko maiatzak 20.

* “ Arrosasarea” irratian elkarrizketa, 2019ko ekainak 21.

* https://soundcloud.com/elodie-baffalio