Txikipedia:Konifero: berrikuspenen arteko aldeak

Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Orri berria: «{{Banner|Forest panorama4.jpg}} 400px|thumb|<center>Izeiak. '''Koniferoak''' orratz itxurako hosto ira...»
(Ez dago alderik)

17:45, 26 abuztua 2019ko berrikusketa

Izeiak.

Koniferoak orratz itxurako hosto iraunkorrak dituzten landareak dira, pinaburu formako fruituak ematen dituztenak. Konifero-mota asko daude, 500dik gora, batzuk zuhaitzak eta beste batzuk zuhaixkak; gure artean ezagunenak pinua eta izeia dira. Koniferoak beti berde agertzen dira, hostoak ez zaizkielako erortzen udazkenean, beste zuhaitz batzuei gertatzen zaien bezala. Lurrean dauden zuhaitzik garaienak eta zaharrenak, den-denak dira koniferoak, haien artean sekuoiak.

Ia mundu osoan aurkitzen dira koniferoak; konifero-basoak daude baita eskualde hotzetan, hala nola Europa, Asia eta Amerikako iparraldean. Beste mota batzuk, berriz, Asiako baso tropikaletan hazten dira, bai eta Afrika eta Australiako eskualde bero batzuetan ere.

Nola ugaltzen dira?

Koniferoak ez dira loreen bidez ugaltzen, pinaburuetan ezkutatuta egoten diren hazien bidez baizik. Pinaburuetako batzuk arrak dira eta polena dute, eta beste batzuk, berriz, emeak; azken hauetan garatzen dira haziak. Haizeak eta intsektuek eramaten dute polena pinaburu batzuetatik besteetara. Konifero batzuek pinaburu emeak eta arrak dituzte, baina adar desberdinetan; beste batzuek, aldiz, pinaburu emeak edo arrak bakarrik dituzte. Pinaburu emeak irekitzen direnean, haziak lurrera erortzen dira, eta horietatik sor daitezke landare berriak.

   Ba al dakizu    
Konifero hitzaren jatorria
Konifero hitza llatinetik dator eta, hitzez hitz, "konoak dituena" esan nahi du. Konoak, noski, pinaburuak dira.

Zertarako erabiltzen dira?

Gizakiak batez ere zura lortzeko erabiltzen ditu koniferoak. Ekonomiaren ikuspuntutik, interesgarriak dira nahiko azkar hazten direlako eta ondo moldatzen direlako nutriente gutxiko lurretara. Gainera, zuhaitz oso tenteak izaten dira, enbor oso zuzenak izaten dituztelako; beraz, oso egokiak izaten dira eraikuntzarako habeak eta oholak egiteko. Zur biguna eta arina izaten da, bestalde.