Euskal gramatika: berrikuspenen arteko aldeak

Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
t robota Erantsia {{HezkuntzaPrograma}}
→‎Izen-sintagmak: Sareko Euskal Gramatikako testuak baliatu
Etiketa: 2017 wikitestu editorearekin
1. lerroa:
{{HezkuntzaPrograma}}
'''Euskal gramatika''' [[euskara]]ren [[gramatika]] da. Kontzeptua [[euskara batu]]aren gramatikaz aritzeko erabiltzen da batez ere.
 
[[Euskararen jatorria|Ahaiderik gabeko hizkuntza dugu euskara]]. Baditu euskararen gramatikak zenbait bereizgarri nabarmen. Asko dira eta askotarikoak, ikuspuntua zein den, baina badira batzuk guztietatik bereziki gogoan hartzekoak. Atal honetan euskararen berezko ezaugarri funtsezko batzuk hartu ditugu aztergai, uste baitugu horiek ongi ematen dutela gure hizkuntzak dituen berezitasunen berri<ref name=tipologia>CC-BY-SA. Euskara Institutua, EHU, "Bereizgarri tipologikoak", ''Sareko Euskal Gramatika (SEG)'', www.ehu.eus/seg. ISBN: 978-84-693-9891-3</ref>.
 
== Bereizgarri tipologikoak ==
=== Ahaiderik gabeko hizkuntza ===
{{sakontzeko|Euskararen jatorria}}
Hizkuntzek desberdintasun handiak dituzte elkarren artean. Batzuetan, egitura dela eta, [[lexiko]]a dela eta, [[fonologia]] dela eta, elkarren artean hurbilago edo urrunago egon daitezke, baina bistakoa da hizkuntzek erakusten dizkiguten ezaugarriek berezitasunak markatzen dituztela elkarren artean<ref name=tipologia />.
 
Euskara, jakina denez, bakarrik dago munduan. Hizkuntza bezala ez du seniderik, ez zaio ezagutzen ez amarik ez aitarik, ez beste haurriderik ere, eta ezagutzen ditugun hizkuntzekin erkatuz gero, ez dago munduko beste batekin erlazionatzeko modurik. Jendaki ezagunik gabeko hizkuntza da. Ikerketa serio guztiek hori erakutsi digute orain arte.
 
Bakarrik egote horrek ez du esan nahi, jakina, ez duela inolako harremanik inguruko hizkuntzekin: hauek [[Indoeuropar hizkuntzak|indoeuroparrak]] dira jatorriz, baina ez da holakorik gertatzen euskararekin. Hiztegi mailan, esate baterako, [[Euskara eta hizkuntza erromanikoak|ehunka hitz hartu ditu euskarak latinetik]], eta egunero hartzen ditu hitzak [[gaztelania]]tik, [[frantses]]etik edo [[ingeles]]etik. Egun ere gertatzen da hori. Batzuetan egitura osoak hartzen ditu, eta hartu izan ditu historian zehar: “orain etorri da” esaten badugu, adibidez, latinaren eraginak sortutako egitura da hori. Etengabe gertatzen dira holakoak, eta ez gara konturatu ere egiten gertatzen den horretaz. Horrekin batera, esan behar da euskarak dituen ezaugarri nagusi batzuk beste hizkuntza batzuetan ere ikus daitezkeela: esaten denean, adibidez, egitura zenbait baduela euskarak hungarieraz edo japonieraz ere aurki daitezkeenak, ez gara gezurrik esaten ari. Baina ezaugarri horiek ez dute inolako familia loturarik erakusten. Azken batean hizkuntza natural guztiek baliabide jakin batzuk erabiltzen dituzte: hots batzuk, sistema sintaktiko batzuk, hizkuntza osatzen duten elementuen arteko lotura batzuk… eta hori hola izanik, ez da harritzekoa batere, ezaugarri horiek han-hemenka errepikatzea.
 
Egoera hau, euskararen bakartze hau esan nahi dugu, aski berezia da, baina ez da euskararekin bakarrik gertatzen, bai baitira munduan beste zenbait hizkuntza, euskara bezain isolatu ageri direnak, familiarik gabeak. Europan ere: [[suomiera]] (finlandiera), [[hungariera]] eta [[Kartveliar hizkuntzak|Kaukaso aldeko hizkuntzak]] ere ez dira indoeuroparrak. Arruntean munduko hizkuntzak familiaka sailkatzen dira, taldeka. Hizkuntzen arteko erlazioen berri dokumentu historikoek ematen dute, konparazio sistemek, zeharkako datuek… horietaz baliatzen dira filologoak hizkuntzen arteko erlazio eta harremanen berri emateko orduan. Hola, hizkuntza erromanikoak, adibidez, latinetik sortu direla esaten dugu. Horregatik deitzen ditugu latin hizkuntzak. Bada lekukotasun asko testuetan hori hala gertatu dela baieztatzeko.
 
=== Euskara, pro-drop hizkuntza ===
Askotariko [[komunztadura]] izan da aipatu dugun azken bereizgarria eta batzuen ustez, bederen, beste ezaugarri tipologiko batekin lot daiteke, hots, ''pro-drop'' hizkuntza izatearekin, nahiz eta bi ezaugarriak ez diren nahitaez uztartzen. Pro-drop deitura ''[[pronoun dropping]]''-en laburdura da, hots, [[izenordain]]a isiltzeko hizkuntza batzuek erakusten duten gaitasuna. Horrela ''nik hari liburuak ekarri dizkiot'' esaten dugu, baina berdin esan dezakegu, informaziorik galdu gabe, ''ekarri dizkiot''. Esan, horrela esaten da gainera, gehienetan, baldin testuingurutik badakigu ekarri ditugun zer horiek liburuak direla<ref name=tipologia />..
 
''Ekarri dizkiot'' [[adizki]] soileko [[perpaus]]a da, eta hor ez daude agerian ez [[subjektu]]ari ez zehar [[objektu]]ari ezta osagarri zuzenari ere dagozkien pertsona izenordainak, ''nik, hari'' eta ''haiek'', hurrenez hurren. Izenordain horiek guztiak isildu egin dira eta isildu arren, gramatikala da perpausa.
 
{{esaera2|Izenordainak isiltzeko gaitasuna duten hizkuntzei deritzegu '''''pro-drop''''' hizkuntzak: euskara eta japoniera dira bi adibide ezagun.}}
 
Beste hizkuntza batzuetan, isildu daitekeen izenordain bakarra subjektuarena baino ez da, eta halakoetan, ''subjektu isileko hizkuntz''ez hitz egiten dugu. [[Gaztelania]] edo [[katalan]]a dira halako hizkuntzak. Adibidez, ''vengo tarde'' ''berandu nator'' esan daiteke ''yo'' ''ni'' pertsona izenordaina isilduz eta perpausa gramatikala da erabat, baina hortik aurrerako osagarri zuzena edo zehar osagarria ezin daitezke isildu. Adibidez, *''traigo'' ‘dakart’ soila jasotzen duen perpausa ez da gramatikala da, hau da, dakardana agerian adierazi behar dugu pertsona izenordaina isildu gabe: ''lo traigo'' ‘dakart’. Beste hizkuntza batzuetan, aldiz, ezin daiteke subjektua ere isildu, eta ez bestelako argumenturik, noski. Hizkuntza erromanikoen artean hori gertatzen da frantsesez, adibidez, eta hizkuntza familia horretatik kanpo, ingelesez:
 
* nator
* *viens, *come
* Je viens, I come
 
Hizkuntza horietan hainbestekoa da subjektu ageriaren (“entzuten” den subjektua esan nahi dugu) premia, non ''izenordain espletibo''en bidez bete behar baita subjektuaren egongune hori.
 
* gaur euria egingo du
* *today will rain, *aujourd’hui pleura
* today ''it'' will rain, aujourd’hui il pleura
 
Subjektu betegarri bat eman behar da perpaus gramatikala izango bada.
 
=== Aditz laguntzailea txandakatzea ===
Ikusten denez, asko dira euskarak dituen bereizgarriak: besteak beste, [[SOA hizkuntza]] da, [[hizkuntza ergatibo]]a, baita pro-drop hizkuntza ere. Horiek guztiak euskararen ezaugarriak dira, eta beste hizkuntza asko guztiz desberdinak dira puntu horietan. Hizkuntzen arteko desberdintasunak parametroen bidez azaltzen ditugu, parametroak baitira hizkuntzen arteko aldakortasun ardatzak: adibidez, hitz hurrenkeraren parametroari zor zaio euskara SOA hizkuntza izatea (buru-parametroa da bere izen teknikoa), ergatibotasunaren parametroari hizkuntza ergatiboa izatea, pro-drop parametroari pro-drop izatea. Alabaina, aldakortasunaren parametroak ez dira nahikoa izan hizkuntzen alderdi bereizgarriak azaltzeko, eta parametro horietatik kanpo bilatu behar ditugu euskarak eta beste hizkuntza batzuek erakusten dituzten zenbait ezaugarri berezi. Horietako bat da, adibidez, aditz laguntzailea txandakatzea<ref name=tipologia />.
 
Bereizgarri horietaz (eta gainerakoez ere), ez gara jabetu ere egiten, baina esanguratsua da euskara beste hizkuntza batzuekin alderatzen dugunean. Ikus ondoko perpaus hauek, esate baterako:
 
* zu berandu etorri ''zara''
* zuk trena galdu ''duzu''
 
Izatez, bi perpaus ditugu hor, aditz iragangaitzekoa lehena (''etorri'') eta iragankorrekoa bigarrena (''galdu''), eta aditz mota bakoitzarekin aditz laguntzaile bat edo bestea darabilgu: ''izan'' laguntzailea ''etorri'' aditz iragangaitzarekin eta ''*edun'' laguntzailea ''galdu'' aditz iragankorrarekin. Ohartzen garenez, *''edun'' laguntzaileari aurretik izartxoa jartzen zaio, ez delako berez dagoen-dagoenean, forma horrekin, ager daitekeen aditza, ''izan'' ager daitekeen bezala (''etxean izan da / *arazoa edun du''): datu morfologikoen arabera berreraikitako forma da. Beraz, izan/*edun aditz laguntzaileen artean hautatzen du euskarak, aditz nagusia eta perpausa nolakoa den:
 
* txakurra etorri ''da''
* esan duena entzun ''dugu''
 
Kontura gaitezen, zer adierazi nahi dugun argi uzteko, ez dela hori gertatzen gaztelaniaz, adibidez:
 
* ''ha'' venido el perro
* ''hemos'' oído lo que ha dicho
 
Bietan ''haber'' aditza dugu, ez euskaraz bezala bi aditz.
 
[[Datibo]]a erants dezakegu batzuetan, eta aditz berak erabiltzen ditugu orduan ere:
 
* txakurra etorri zaigu
* esan duena entzun diogu
 
Batzuetan aditzek berez eskatzen dute datiboa:
 
* niri kakaoa gustatzen zait
* nik zuri katilua eman dizut
 
Adibidez, ''gustatu'' aditz psikologikoa dugu lehen perpausean, datibo eta absolutibo argumentuak hautatzen dituena, eta ''zait'' adizkian ikus daitekeenez, ''izan'' bera da aditz laguntzailea, nahiz eta datibo komunztadura ere biltzen duen. ''Eman'' aditz iragankor datibodunarekin ([[ditrantsitibo]] ere deituak), berriz, ''dizut'' adizkia dago. Adizki horretan ez dugu morfologikoki agerian *''edun''-en aditz erroa, hots, -''u''-, ''dut'' forma datibo komunztadurarik gabean ez bezala. Alabaina, printzipioz *''edun'' bera dela uste izan dute gramatikari batzuek. Beste batzuek, aldiz, kontuan izanik euskalkien arabera ''deutsut, dautzut, derautzut, deizüt''… bezalako adizkiak erabiltzen direla, -''i''- horretan (''dizut'') aditz baten erroa ikusi dute. Zernahi gisaz aditz laguntzailearen hautaketa, hemen ikusten den gisan, zabaldu egiten da datiboa gaineratzen duten egituretara ere. Azkenik, hautaketa hori are konplexuagoa gertatzen da: ''izan'' eta *''edun'' aditz laguntzaile iragangaitz eta iragankorraz gain, *''edin'' eta *''ezan'' aditz laguntzaileak ere erabiltzen baitira euskaraz, denbora eta modua zein den, geroago xehetasunez azalduko dugun bezala.
 
Italierak ere bereizten ditu aditz laguntzaileak, eta banaketa hori antzematen da baita aditza [[inakusatibo]]a edo [[inergatibo]]a denean ere, euskararen antzera:
 
* je ''suis'' venu
* j’''ai'' skie
* ''sono'' venuto
* ''ho'' sciato
 
Beste hizkuntza batzuek, ordea, [[aditz laguntzaile]] bakarra erabiltzen dute forma analitiko batzuetarako (adizki [[perifrastiko]]ak, esan nahi dugu): gaztelaniak, esaterako, ''haber'' aditz laguntzailea erabiltzen du predikatu iragangaitz (''he venido'' ‘etorri naiz’) zein iragankorrekin (''he leído un libro'' ‘liburu bat irakurri dut’). Baina egituraz aldatzean posible da beste aditz laguntzaile bat aukeratzea: berriz ere gaztelaniara itzuliz, ''ser'' aditz laguntzailea ageri da egitura pasiboetan, adizkietan (''fue arrestado'' ‘atxilotua izan zen’).
 
Beste hizkuntza batzuek, ordea, ez dute halako aditz laguntzaile hautaketarik erakusten: hori gertatzen da txekieraz edo bulgarieraz, adibidez, eslabiar hizkuntzen arteko bi aipatzeagatik.
 
Ondoko bi perpaus hauek dira, orain arte esana kontuan hartzen badugu, euskararen egitura arruntenak:
 
* jendea etorri da
* jendeak gezurrak esaten ditu
 
Iragangaitza lehenbizikoa, iragankorra bigarrena. Aditz laguntzailea ''izan'' da lehenbizikoan, eta ''edun'' bigarrenean. Aditz laguntzaileez ari garenez, aipa ditzagun beste zenbait kasu, non ikus baitaiteke laguntzailearen aldaketa hori beste egitura batzuetan.
 
* jendeak gezurrak esaten ditu
* orain gezurrak esaten dira (Izatez inpertsonala da, baina hemen egitura interesatzen zaigu)
 
Aurrekoarekin erkatuz, han objektu zuzena zena (''gezurrak'') orain subjektu bihurtu da. Ikus daitekeenez, honek pasiboen itxura hartzen du. Pasiboen eredu garbia duten hizkuntzetan (gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez…) gramatikariek aldaera horren berri eman dute: nolabait esateko, objektu zuzena subjektuaren tokira igo dela esaten da, eta aktiboan subjektu zena orain “por, par edo by” bezalako preposizioek osatutako sintagma batean biltzen dela: ''por el profesor; par le professeur; by the teacher''. Egia da ''gezurrak esaten dira'' bezalako perpaus batean ez dugula holako postposizio sintagmarik (*''gezurrak esaten dira jendeaz''), eta irakurketa beti inpertsonala dela, ez baitute egile gauzaturik onartzen. Argumentuen kopurua murriztu egiten da, eta haien nolakotasuna aldatu. Bestela, egitura pasiboen aski antzekoa dela esan daiteke. Hor ere laguntzailea aldatu da: *''edun =⇒ izan''.
 
Dakigun gisan, hala ere, euskal literaturan, batez ere ipar-ekialdeko idazleen lanetan, badira euskaraz beste hizkuntzetako pasibo “arruntak” bezalakoak:
 
* Jainkoa deabruak tentatu zuen
* Jainkoa deabruaz tentatua izan zen =⇒ pasiboa
 
Beste hauek ere parekoak dira:
 
* Nehork, tentatzen denean, ezterrala ''Jainkoaz tentatzen dela''; ezen ''Jainkoa ezin tenta daite gaizkiz'', eta nehor eztu tentatzen = ‘Inork ere, norbaitek tentatzen duenean ez dezala esan Jainkoak tentatzen duela; ezen Jainkoa ezin tenta dezake gaitzak, eta berak ez du inor ere tentatzen’.
 
''Jainkoaz'' (edo ''deabruaz'', gorago) postposizio sintagma sintaktikoki adjuntu bat da (''deabruak'' ez bezala), baina horrek ez ditu gauzak gehiegi aldatzen. Literatura tradizioko adibide gehienak (ez dira gehiegi) tankera horretakoak dira:
 
* deabruaz poseditua
* deabruaz tormentatua
* deabruaz tentatua…
 
Egitura hori duten perpausak ikus daitezke testuetan, batez ere testu klasikoetan, esan bezala, baina aise gutxiago hizkera mintzatuan. Ez dute gramatikarien artean izen ona izan holako egiturek, eta hizkuntza kalkotzat hartuak izan dira. Bestetik, ''Jainkoa deabruagatik tentatua izan zen'' gisako perpausak, itxuraz pasiboen beste aldaera bat, geroago ikusiko dira.
 
Egitura pasiboak haien kideak diren egitura aktiboekin daude harremanetan:
 
* Deabruak Jainkoa tentatu zuen ⇒ egitura aktiboa
* Jainkoa deabruaz tentatua izan zen ⇒ egitura pasiboa
 
Bi esaldi horiek esanahi bera dute, baina egituraz ezberdinak dira. Egitura aktiboan bi argumentu daude, subjektua eta osagarria; aldiz, egitura pasiboan, lehengo osagarria, hots, ''Jainkoa'' oraingo subjektua da eta lehengo subjektua, ''deabruak'', forma aldetik aukerakoa den (eta hortaz, isil daitekeen) adjuntu bat izatera igaro da. Kontuan izan behar dugu, esaten dugunaz jabetzeko, argumentuak (subjektua, osagarria eta zehar osagarria) perpauseko partaide nagusiak direla eta adjuntuak, ordea, sintaktikoki periferikoak. Esan nahi baita, aditzek ezinbestean eskatzen dituztela argumentu batzuk beren sare tematikoan: “norbait” etortzen da, “norbaitek” “norbaiti” “zerbait” erosten dio, “norbaitek” “norbait” tentatzen du, eta abar. Hori zehaztea ezinbestekoa dute ''etorri, erosi'' eta ''tentatu'' aditzek. Baina aditz horiek ez dute eskatzen “gaur” erostea edo etortzea edo tentatzea, “honenbestean” erostea, “diruarekin” edo beste zerbaitekin tentatzea, “norbaiten laguntzarekin” edo ez tentatzea, eta abar. Aditzek sare estu batean inguratzen dituzte beren argumentuak. Ordea, sare estu horretatik kanpo daude adjuntu deitzen ditugun sintagmak: ''gaur, adiskidearekin, goizik, hamar eurotan, deabruaz''… Horregatik, azkeneko horiek, muineko partaideak ez direnez, isil daitezke edo besterik gabe ez dute zertan agertu.
 
Pasiboen multzo honetan bada beste egitura bat ere aski deigarria:
 
* etxe hau deabrua''k'' egina da.
 
Aurrekoak bezalakoa da:
 
* etxe hau deabrua''z'' egina da
* etxe hau deabrua''gatik'' egina da
 
Komunztadura eta sintagmen kokapena berdina da: badugu subjektu bat (''etxe hau''), ''izan'' aditza (da), komunztadura arrunta (''etxe hau handia da'' esaten dugunean bezala), baina orain bada argumentu bat ergatiboan, berari legokiokeen laguntzailerik gabe: ergatiboak ''edun'' eskatzen du, baina hor ''izan'' dugu. Ohart gaitezen ''etxe hau deabruak egina da'' edo ''etxe hau deabruak egina du'', bietara esaten dugula. Ez gara hemen barneko egituraz ari: segur aski ere, egitura diferenteak daude hor perpausean, egitura konplexuak nolanahi ere, Trask-ek (1980:301), Brettschneider-ek (1979: 371-384), eta Wilbur-ek (1979) esan duten gisan, hori ere azalduko da. Hemen aditz laguntzailearen aldaketen berri eman nahi dugu, ez besterik. Eta, ikusten denez, aditz laguntzaile desberdinak ditugu.
 
Ez dira horietan bukatzen eredu hedatuenetik (iragangaitz/iragankor arruntak) urruntzen diren egiturak. Badira ''etorri naiz/etorria naiz'' bezalakoak, eta ''ikusi ditut/ikusiak ditut'' bezalako bereizketak. Baina perpaus horien egitura edozein dela ere, ez da hor aditz laguntzailea aldatzen, eta ez ditugu, hortaz, hemen azalduko. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, beste bikote honekin:
 
* (nik) gauza asko ikusi ''dut'' / (ni) gauza asko ikusia ''naiz''
 
Hor bai, aditza aldatu egin da. Rebuschik (1984:437-448) '''''antipasibo''''' deitu zituen holako egiturak, 1972an Silverstein-ek (1972) proposatutakoari jarraiki.
 
{| class="wikitable"
|Laguntzailea aldatu da baina komunztadura ez du abiapuntuko objektu zuzenarekin egiten (pasiboetan: objektu zuzena ⇒ subjektu), baizik lehenago ere subjektua zenarekin (antipasiboetan: subjektu ergatiboa ⇒ subjektu absolutibo)
|}
{| class="wikitable"
!Egitura aktiboa
!Egitura antipasiboa
!Egitura pasiboa
|-
|nik gauza asko ikusi dut
|ni gauza asko ikusia naiz
|etxea deabruak egina da
|-
|subjektu ergatiboa + objektua
|subjektu ergatiboa ⇒ subjektu absolutibo
|objektu zuzena ⇒ subjektu
|}
 
Hor aldaketa bat gertatu da, baina aldaketa hori ez da pasiboetan gertatzen dena bezalakoa. Horregatik deitu zitzaien “antipasibo” egitura hauei, pentsatzekoa da. Gero euskal gramatikariek ere terminologia hori erabili dute (EGLU 20012:18, lekuko, edo Zabala 2003: 431). Baina handik urte batzuetara Rudolf de Rijk irakasleak kritika egin zion Rebuschiri, kontzeptu hori beste zerbaitetarako –itxuraz antzekoa, ez ordea, edukiz–, proposatu baitzuen Silversteinek. De Rijkek egitura '''''parapasiboak''''' deitzen ditu holakoak: ''gauza asko ikusia naiz.'' Egiazko antipasiboak txuktxieraz eta maiar hizkuntzetan aurki daitezke.
 
Baina ''gauza asko ikusia naiz'' bezalakoak ez badira antipasiboak, badira, hala ere, egitura antipasiboak euskaraz? Bai, R. De Rijken ustez (2008: 766-769). De Rijkek dioenez, (Ortiz de Urbina 1989: 203, 15. oinoharra) izan zen lehenbiziko ikertzailea egitura hauek zuzen kokatu zituena. Holako egitura gutxi ditugu, egia da. Segur aski aditz iragankorretatik sortuak dira, baina prozesua ez da emankorra. Antipasiboak dira ''baliatu'' aditzarekin sortutakoak, adibidez:
 
* liburu horretaz baliatuko dira
 
Aditz hori erabili izan da historian, eta gaur ere Iparraldeko euskalkietan, aditz iragankor arrunta bezala:
 
* liburu hori baliatuko dute
 
Badirudi egitura iragankor arrunt horretatik sortzen dela ''liburu horretaz baliatuko dira'' egitura antipasiboa. Antipasiboak gertatzen dira beste aditz batzuekin ere:
 
* ''ahaztu'' › Andoni ahaztu dut / Andoniz ahaztu naiz
* ''gogoratu'' › Andoni gogoratu dugu / Andoniz gogoratu gara
* ''oroitu'' › oroituko zaitugu / zutaz oroituko gara
* ''gozatu'' › film hori gozatu dugu / film horretaz gozatu gara
 
Baina prozesua ez da egun emankorra, eta ezin da esan hortaz egungo euskaran egitura antipasibo hauek sistematikoki aditz iragankorretatik sortzen direla. Ikusten denez, hauetan guztietan ere gertatzen da aditz laguntzailearen aldaketa.
 
==Izen-sintagmak==