Titivillus: berrikuspenen arteko aldeak

Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Orri berria: «thumb|''Titivillus''en irudikapena, [[XIV. mendean.]] '''Titivillus''' Erdi Aroan zeuden usteen arabera, Belfegor, Lucifer edo [[Satanas]...»
(Ez dago alderik)

15:18, 8 apirila 2016ko berrikusketa

Titivillus Erdi Aroan zeuden usteen arabera, Belfegor, Lucifer edo Satanasen izenean jarduten zuen deabrua zen eta idazketa lanetan akatsak sartzen zituen.

Titivillusen irudikapena, XIV. mendean.

Historia

Lehen aipamenak

1285ean, Oxforden, Johannes Wallensis frantziskotarraren Tractatus de Penitentia lanean “Titivillus” izena idatzita agertu zen lehenengoz. “Fragmina verborum titivillus colligit horum / Quibus die mille vicibus se sarcinat ille”, zioen galestarraren testuak; alegia, Titivillusek hitz hauen zatiak biltzen ditu, eta horiekin mila aldiz betetzen du bere zakua, gutxi gorabehera itzulita. Hurrengo mendearen hasieran Petrus Palude Jerusalemgo patriarkak ere deabru berriaren izena aipatzen du[1].

Titivillusek bere zakua egunero mila aldiz bete behar zuen monje kopiatzaileek idaztean egiten zituzten akatsekin. Ondoren, Titivillusek Deabruari akatsen berri eman behar zion. Deabruak akatsa eta akatsaren egilea liburu batean jasotzen zituen, gero, Azken Epaian irakurtzeko. Monasterioko egunerokotasun errepikakorrean eta, bereziki, izkribuak eskuz kopiatzeko lanean arreta ez galtzea zaila zen monjeentzat eta ohikoak ziren akatsak[1].

Baina arreta galtzea bekatua zen. Horregatik Titivillusen mehatxua asmatu zuten, ahalik eta errakuntza gutxien egiteko motibazio moduan. 1325 eta 1328 urteen artean idatzitako The Cloisters Manuscripten, esaterako, hamabost santuren izenak idaztea ahaztu zitzaien eta beste hogeita hamarren izenetan akatsak zeuden. Baina Titivillusen presentziak eragina izan zuen, eta monje izutuak gero eta errakuntza gutxiago egiten hasi ziren[1].

Garapena

Titivillusen betebeharra aldatu egin zen XV. mendean, izan ere, ez zituen soilik akatsak bilduko, akatsak sortzen hasi zen. Betebeharra aldatzearekin aurreko mendeetako bekatu kopuru bera jasotzea lortu zuen zuen Deabruari eramateko. Hau da, unibertsitateen gorakada zela-eta, idazlariak lanez gainezka zebiltzan, eta baldintza horietan akatsen zakua nahigabe betetzen zen. Baina erantzukizuna ez zen kopiatzaileena; akatsen egilea Titivillus bera zen. Modu horretan, etsai izan zena idazlarien zaindari bihurtu zen; patroiak errua beregain hartzen zuen[1].

Gainbehera

Errenazimentuaren hastearekin, Titivillusen izena gutxiago agertzen hasi zen. Garai berrietara moldatu eta inprentako akatsen atzea bera zegoela uste izaten zen. 1561ean argitaratutako Anatomy of the Mass liburuak 172 orrialde zituen berez; bada, beste hamabost erantsi behar izan zizkioten hutsen zerrenda biltzeko[1].

Gaur egun, Oxford English Dictionary hiztegiak hainbat akats tipografiko izan ohi ditu bere ediziotan, baina azken 50 urtetako edizio guzti-guztietan, Titivillus aipatzen den orrialdean akats bana topa daiteke[1].

Erreferentziak

  1. a b c d e f Irazustabarrena, Nagore. (2007-07-01). «Titivillus» Argia CC-BY-SA lizentzia.