Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Atal berria:
Atal berria:
649. lerroa:
</div>
<!-- Message sent by User:Lydia Pintscher (WMDE)@metawiki using the list at http://meta.wikimedia.org/w/index.php?title=Global_message_delivery/Targets/Wikidata&oldid=12428987 -->
 
== "Gaztelania" artikuluko hitanoaz ==
 
Kaixo, Xabier!
 
Joan den astean, zenbait zuzenketa egin nituen euskarazko hainbat wikitan; besteak beste, "Gaztelania" izeneko artikuluan. Haietako batzuk "Hiztegi laburra" ataleko "tú" deiktikoei zegozkien: izan ere, "''Bien, ¿y tú?''" euskaratu behar banu (halaber, artikulugileak jarritako "''Eres muy guapo / guapa''" eta "''Te quiero''" esaldiak), neure senaren arabera hitanoa datorkit burura aurrena. Ez nuen halakorik egin "''No entiendo''" horrekin, esaldiak ez baitu bigarren pertsona singularreko deiktikorik (alegia, "''Ez diat ulertzen / Ez dinat ulertzen''" desegokiak izanen lirateke), baina gaztelaniazko hiztun gehienen egungo sistema (Hego Euskal Herrian, behintzat) bitarra denez, hots, "''tú''" eta "''usted''" bikotea argi-argi bereizten dugunez, proposatu nituenak hobeak direlakoan nago, hau da, hurrenez hurren, "''Ongi, eta hi?''", "''Oso ederra haiz''" eta "''Maite haut''".
 
Hain zuzen ere, zeuk ere ongi baino hobeto dakizunez, lehenagoko itzulpenak (bere hartara itzuli dituzunak) berez "usted" izenordeari dagozkio: tamalez, euskaldun askok eta askok, hizkuntza primeran jakin arren, zuka besterik ez dute erabiltzen, baina horrek ez du esan nahi gaztelaniazko "''tú''" guztiak emateko, "''zu''" bakarrik erabili behar denik, eta "''hi''" arbuiatu. "''Bien, ¿y tú?''" horrekin batera, aurrean solaskide bat badaukat, beste aukera "''Bien, ¿y usted?''" dut (ez naiz txiletarra, —guatemalarra, nikaraguarra, costarricarra...— "''Bien, ¿y vos?''" hirugarren aukera ote den ere gogoan edukitzeko!). Noiz bata, noiz bestea hautatzeko, betiko arrazoiak hartzen ditut kontuan: bion arteko harremana, gure arteko konfiantza, begirunea, haserre egotea ala ez, solaskidearen adina...
 
Zalantzarik ez dut: "H''oy, te descontamos el 10% de tus compras''" (adibide xinple bat ematearren) euskaratu behar banu, zuka erabiliko nuke, zalantza izpirik gabe, eta ez hika: "''Gaur, zure erosketen % 10eko deskontua duzu''"-edo esanen nuke, euskaraz horrela esaten zaiolako, printzipioz, bezero ezezagunari, egiaz "Hoy, le descontamos el 10% de sus compras" dela jakin arren, bezeroarekiko horrenbeste konfiantzarik agertzen ez duena. Edonola ere, inori zerrendakoak esaten zaizkionean ("''Bien, ¿y tú?''", "''Eres muy guapo / guapa''" eta "''Te quiero''"), bestelako harremana dago igorlearen eta hartzailearen artean, oso oker ez banago: hortaz, nire gaztelaniako "''Bien, ¿y usted?''", "''(Usted) Es muy guapo / guapa''" eta "''Lo / La quiero (a usted)''" baliokideak (baina ez erabateko baliokideak, arestian idatzitakoak direla-eta) ere sumatzen ditudanez, haien euskal ordainetarako, hika lehenetsiko nuke, gaztelaniazko deiktikoa zein den (eta zein ez den) ikusita. Erdibideko konponbidea euskal itzulpenean biak jartzea izan liteke: zukaren erabilpenak, ene ustez, ''Traduttore, traditore'' horren aurrean jartzen gaitu, esaldia halako begirunea gehitzen baitio; hika, aldiz, leialagoa da, tamalez askoz ere gutxiago erabilia bada ere, baina oraindik ere denek ulertzen dute.
 
Esango didazu; bitartean, segi ongi!
 
Edu