Isaak Babel: berrikuspenen arteko aldeak

Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
 
t Robota: Aldaketa kosmetikoak
3. lerroa:
Errusiako idazlea (Odesa, 1894 - Odesa, 1941). Judua zen jatorriz. Errusiako Iraultzaren alde egin zuen, eta Armada Gorriko zaldunerian sartu zen 1920an. ''Popuchiki'' (''bidaiako lagunak'') taldean parte hartu zuen. Sentiberatasun handiko idazlea izaki, zorroztasunez azaldu zuen bere garaiko bizimodua. Nobelak, ipuinak eta antzezlanak argitaratu zituen. Aipagarrienak hauek dira: ''Judu ipuinak'' (1917), ''Zalduneria gorria'' (1926), ''Odesako ipuinak'' (1931) eta ''Lehen maitasuna''.
 
=== Garapen-bideak ===
Bizitzea tokatu zitzaion iraultza-aldiak eta 1920ko hamarraldian Errusiak bizi izan zuen egoerak bi norabidetan baldintzatu zuten Babelen literatura-garapena. Kontuan izan behar da, alde batetik, errusieraz adierazten zen literatura judua erabat desagertu zela judu-errusiar aldizkariak ixtera behartu zituztenean -esparru horretan kokatzen da Babelek 1913an argitaratu zuen lehen lana: ''Staryj Slojme'' (''Salomon zaharra'', Kieveko ''Ogni'' aldizkarian argitaratu zen ipuina)-. Garai hartan, errusierazko literatura juduaren ordezkari asko sobietar literatura gaztean sartu ziren, eta Babel bilakatu zen denetan ezagunena. Bestalde, gizarte -eta literatura-irakinaldi hartan indarrean zen balio-sistemak bultzatuta, herriak ideal berriak beretu eta barneratuko zituen itxaropena jaio zitzaion idazleari. Sustrai juduetan eta sobietar abertzaletasunean oinarrituta idatzi zuen Babelek lanik onena, mundu osoko literaturan obra bakar izango zena: ''Konarmija'' (1926, ''Zaldieria gorria'').
 
=== ''Zaldieria gorria'' ===
Hogeita hamalau kontakizunez osatutako bilduma da (1933ko argitaralditik aurrera, hogeita hamabost), eta ez ditu ehun eta berrogeita hamar orrialde inguru baizik. Zortzi argitalpen izan zituen 1926tik 1933ra. Oro har, kritikak oso harrera ona egin zion liburuari, baina salaketa politikoak ere izan zituen hasieratik.
 
17. lerroa:
''Skaz'' formak (aho-hizkeraren estilizazioa, gizarte-maila apaletakoena, batik bat) eta Babelen hizkeraren berezitasunek oso ongi transmititzen dute kosakoen mundu basati hurbilgaitzak sortzen duen izua. ''Zaldieria gorria''ren narrazio-ehundura guztia elkarrekin nahasten diren hainbat gaiz osatua dago: hasidismoarekin zerikusia dutenetatik hasi, poloniar katolizismotik pasatu, eta kosakoen mundua islatzen dutenetaraino, ia hirurehun urtez elkarrekin izandako historia islatzen dute. Egilea hiru ikuspegietan jartzeak halako harmonia bat ematen dio testuaren antolaketa zorrotzari.
 
=== Bi kulturatako partaide ===
''Odesskie Rasskazy'' (1921-1932, ''Odessako ipuinak'') izeneko lanean, Ukrainako portu-hiri hartako unibertso berezia erakusten da. Horretarako, Odessako hizkera erabiltzen du egileak, ukrainerazko eta yiddishezko esaeraz jositako errusiera, alegia, hura baitzuen gogokoena, bere ama-hizkuntza baitzen. Gaiak juduak dira erabat, eta Odessako gaizkileen eta lapurren mundua deskribatzen du; egilea, ordea, ez da mundu horretako partaide. Gogo biziz eta inbidia pittin batez idatzitako ipuinak dira, kanpotik, betiere. Liburua irakurtzean, ozen entzuten da desagertzen ari zen juduen mundu hark Babeli sortzen zion galdu-mina eta pikaro jende harekiko sentitzen zuen halako erromantizismo moduko bat.
 
24. lerroa:
Alde batetik, ipuin horiek ez dute ziklo bat osatzen, eta, bestetik, tratatzen diren gertaerak eta egoerak ez dira idazlearen biografiatik ateratakoak, nahiz eta haren haurtzaroko giroa maisuki islatzen duten. Ipuin horietako elementu giltzarria, bestalde, haurraren ikuspegia da: begirada horrek ez ditu ezagutzen, ez bereizten, prozesu historikoetatik jaio diren gizarte-mailak eta erkidego nazionalak. Begirada hori bat dator neurri batean Babelek beti izan zuen posizio urrun eta inpartzialarekin. Besteetatik bakartuak bizi ziren juduen eguneroko bizimodua, pertsekuzioak eta pogromak bigarren planoan gelditzen dira haurraren bizitzako gertakari garrantzitsuagoen atzean: amodioaren aurkikuntza, lehen iruzurra, lehen maisua, etab. Hain zuzen ere, herriaren patu historiko gogorra bigarren mailan erakuste horrek ematen die ipuin horiei benetako kutsu tragikoa.
 
=== Antzezlanak ===
Bi antzezlan nagusi idatzi zituen Babelek: ''Zakat'' (1926-1927, ''Ilunabarra'') eta ''Marija'' (1935, ''Maria''). Lehenengoak paper berezia jokatzen du Babelen literatura-biografian. Antzezlanaren gaia Odessako ipuinetatik aterata dago, eta hangoak dira, orobat, obrako giroa eta pertsonaiak ere.
 
Epikaren generoan gertaera bitxi soil bat zena, ordea, gai jasoago eta seriosago bilakatzen da forma dramatikoan. Belaunaldien ordezkapenaren betiereko tragediaren gaia lehen ere erabilia zen errusierazko antzerkigintza juduan, baina Babelen lumak maisulan bilakatu zuen tragedia hori, zeren eta herri juduak Bibliako antzinako jakinduria historian zehar bereganatu eta eguneroko jakinduria bilakatu baitzuen. Bestalde, ilunabarraren sinbolismo zabalak juduen aro patriarkalaren eta antzinako bizimoduaren galera adierazten du. Babelek ez zion mundu hari negar egin, baina hari itsatsita geratu zen, eta ez espiritu soilez, baita gorputzez ere. Idazleak ez zekien egunsentia nolakoa izango zen eta zer-nolako mundu berria argituko zuen. Estutasuna eta goibeltasuna nabarmen antzematen dira antzezlan horretan, eta obra horrek markatuko zuen, hain zuzen, Babelen beraren ilunabarraren hasiera ere. Politikaren munduko beste gertaera askorekin batera (Stalinen diktaduraren hasiera, nekazarien hondamendia, industrializazio basatia), garrantzizkoa izan zen Babelek hain maitea zuen herri judu tradizionala Errusiatik aienatu izanak: idazle judu-errusiarra jaio eta hazi zen mundua betiko desagertzea ekarri zuen horrek.
 
=== Azken urteak ===
1930eko hamarkadan idatzitako zenbait kontakizun Babelen maisulanen artean sartu behar dira zalantzarik gabe, bai ikuspegiaren zorroztasunagatik, bai deskripzioen distiragatik, bai oharmen psikologiko zehatzagatik: ''Doroga'' (1930, ''Bidea''), ''Ulica Dante'' (1934, ''Dante kalea'') eta ''Di Grasso'' (1937).