Ruandako genozidioa: berrikuspenen arteko aldeak

Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
Orrialde berria: {{lanean}} thumb|300px|Indarkeria arrastoak dituzten biktimen burezurrak. '''Ruandako genozidioa''' 1994an gertatu zen. Gatazkan [[hutu]...
(Ez dago alderik)

16:40, 13 urtarrila 2010ko berrikusketa


Ruandako genozidioa 1994an gertatu zen. Gatazkan hutuen artean eman ziren joera desberdinek eta tutsiek hartu zuten parte.

Indarkeria arrastoak dituzten biktimen burezurrak.

K.A. IV. mendean, batwa etniako biztanleak (ehiztariak) Ruandako mendi oihantsuetan jarri ziren bizitzen. Mende batzuk geroago, XI. mendean, hutu etniako nekazariak eskualde berera heldu eta bertan bizitzen jarri ziren modu sedentario batean. Batwa etniako kideekin bizikidetzan bizi ziren hutuak. Hortik ehun urtera, XII eta XIII. mendeetan, abeltzain tutsiak gaur egungo Ugandako lurretatik mugitu eta Ruandara iritsi ziren. Azken hauek bertan bizitzen jarri ostean, batwa (ehiztariak), hutu (nekazariak) eta tutsi etniak (abeltzainak) elkarrekin bizitzen hasi ziren. Elkarbizitza hau sinbolikoa izan zen XVI. mendera arte. Une hartan, tutsi etniako buruzagiek kanpaina militarrak hasi zituzten hutuen aurka. Haien printzipeak hil zituzten, atal genitalak moztu eta hauek eskegi zituzten. Asmoa aurkariak umiliatzea zen, eta hala, tutsien menpe jarri ziren hutuak.

Tutsiek nagusitasuna izan arren, desberdintasun ekonomikoak ez ziren guztiz agerikoak. Etnia batekoa edo bestekoa izateak estatus soziala markatzen zuen arren, hutu batek posible zuen, adibidez, klasez igotzea, ondasunak baldin bazituen batez ere. Bestalde, inguru hartako gutxiengoa zen etnia tutsiak (biztanleriaren %14 inguru), basailutzari ekin zion.

XIX. mendean, errege tutsiek beren nagusitasuna finkatu zuten. Nyiginya izeneko klanak herrialdea menperatu zuen eta honek hasiera eman zion gatazka militar eta sozialari. Tutsiek hutu etniako gehiengoa baztertzen zuten. Egoerak hala bultzatuta, egitura sozioekonomiko klasista bat garatu zen, Europako kolonizazioarekin gehiago indartuko zena. Kolonizatzaileak alemanak izan ziren lehendabizi (1897-1916) eta ondoren belgiarrek hartu zuten Ruanda. Belgikako kolonizatzaileek nortasun agiria sartu zuten herrialdean (1934), eta honek aukera gehiago eskaintzen zieten tutsiei. Besteak beste, maila sozial hobea eta administrazio kolonialean toki hobeak eskuratzeko aukera ematen zituen agiriak. Horrek guztiak, desberdintasun sozialak erabat instituzionalizatzea ekarri zuen. Bitartean, batwa etniako kideek tratu on samarra jaso zuten tutsiengandik. Izan ere, piramide sozialean, hutuen gainetik ikusten zituzten mendiko ehiztariak.

Kolonizazio belgikarraren ondorioz sistema sozial eta politikoa estamentu nagusiaren mesedetan indartu zen, hots, tutsien mesedetan. Afrikaren kolonizazioa adostu zenean, Europako herrialdeen artean banatu zen kontinentea. Kolonizatzaileek talde jakin bati edo beste bati garrantzia handiagoa ematen zieten, betiere, interesen arabera. Belgikar administrazioak ikusi zuenean tutsien aldarrikapenak gehiegizkoak zirela, ordura arteko jarrera aldatu, eta hutuen alde egiteari ekin zion. Azkenik, etnia bien arteko lehiakortasuna zorroztu egin zen belgikarrek etnietan oinarritutako alderdi politikoak sortu zituztenean. Alderdi hauek sortu ziren nagusiki: Ruandako Batasun Nazionala (UNR), hutuen aurkako jarrera zuena, Ruandako Batasun Demokratikoa (RADER), Hutuen Askapenerako Mugimendua (Parmehutu) eta Masen Promozio Sozialerako Galdekapena (Aprosoma), tutsien aurkako jarrera zuena. Era berean, Europako misiolarien rolak ere kontuan hartzekoak dira, sistema soziala eta kolonizazioa legitimatu zutelako. Bidegabeko portaerak eta explotazioa neurtzeko neurriak erabaki ziren.

XX. mendearen erdialdean, 1958an, hutu talde batek aldaketa eskatzen zuen manifestu bat idatzi ostean, honakoa erantzun zen gorteetatik:


Hutuek ondare komuna banatzeko eskubidea nolatan eskatzen duten galdetu daiteke. Izan ere, gure (tutsiak) eta haien (hutuak) arteko harremanak beti egon dira basailutzan oinarrituta; ez dago, beraz, gure artean inolako senidetasunik. Gure erregeek herrialdea konkistatu, hutuen erregetxoak hil eta hutuak gure menpe jarri bazituzten, nola nahi dute gure anaiak izatea?


Tutsi gobernatzaileen jarrerari aurre eginda, Perraudin obispoa bezalako pertsonak erabakigarriak izan ziren hutuen askapenerako prozesuan. Bere 1959ko otsailaren 11ko gutun pastoralean honakoa dio:


Justizia eta karitatearen legeak herrialdeetako instituzioei eskatzen die oinarrizko eskubideak, aukera berdintasuna eta arazo publikoetan esku-hartzeko aukerak bermatu behar direla biztanle guztientzat. Gizabanako eta tade sozial batenganako pribilegioak, faboritismoa, edota babesa eskaintzen duten instituzioak ez dira moral kristauarekin bateragarriak.


Une honetatik aurrera tutsien botereari aurre egiten hasi ziren hutuak, pixkanaka-pixkanaka, aberastasunaren banaketa helburu izanda. 1959ko azaroaren 1an, gazte talde tutsi eta lider hutu baten artean izandako sesioak iraultza bati eman zien hasiera. Hutuek tutsien ondasunak erre eta haietako jabe batzuk hil zituzten. Bi urte iraun zuten maila baxuko erasoaldietan 74 hildako zenbatu zituen belgikar administrazioak. Haietako 61 tutsien milizia berriek eraildako hutuak ziren. Tutsien helburua zen hutuen iraultza hari amaiera ematea, baina mugimendu iraultzaileak indar handiagoz erantzun zuen ondoren. Hurrengo bi urteetan 20.000 tutsi inguru erail ziren. Indarkeria zurrunbilo haren aurrean, gauzak okertu eta tutsiak erbestera joaten ari zirela ikusita (150.000 inguru), Nazio Batuen Erakundeak amnistia aldarrikatu zuen 1961eko maiatzaren 31an, hala, urte hartan bertan Belgikarekiko independentzia eskuratu zuen Ruandak. Era berean, erreferenduma egin zedin eskatu zuen NBEk, eta horretarako begiraleak bidali zituen. Erreferendumaren emaitzak ezezkoa eman zion ordura arteko monarkia tutsiari, bozen %80arekin. Gobernatzaileek Errepublika onartu behar izan zuten eta hutuei boterea eman zitzaien. Une hartan erbesteratu ziren gazte tutsiek, Ruandako Fronte Abertzalea eratu zuten urteen joan-etorrian. Ruandako gerran rol garrantzitsua izan zuen, 1990tik 1994ra.

Ruandako egungo mapa.

Nagusitasun kolonialetik alde eginda, Grégoire Kayibanda izan zen Ruandako lehendabiziko presidentea. Hazkunde ekonomikoa eta egonkortasun soziala itxaropentsuak ziren. Mendeetan pilatutako desberdintasun handiak zeuden oraindik, baina tutsi eta hutuek ez zuten liskar handirik izan euren artean. Nekazariak hezkuntza zerbitzua izaten hasi ziren eta herrialdea garatzen hasi zen errekurtso handirik gabe ere. Alabaina, erbestean eta monarkiaren alde zeuden tutsiek Ruanda ondoko herrialdeetan antolatzeari ekin zioten. Ruandako gobernuaren aurkako erasoak hasi zituzten, arrakasta handirik gabe. Errepublikaren alde (hutuak gehienbat) eta aurreko erregimenaren alde (gehiengo tutsia) zeudenen arteko gorrotoak gorakada izan zuen, baina liskarrek ez zuten orduko 70eko hamarkadan indar handirik hartu. Halere, banatze soziala agerian gelditzen hasi zen eta horrek gatazka handiagoak ekarri zituen gerora.

1972an hilketa latzak izan ziren Ruandarekin mugakide den Burundi herrialdean: 350.000 hutu hil zituzten tutsiek, eta ondorioz, sentimendu anti-tutsia indartu egin zen Ruandako hutuen gehiengoan. Biztanleriak tutsien aurka gogor ekiteko eskatu zion Grégoire Kayibanda presidenteari. Presidenteak hartutako neurriek ez zituen biztanleak asebete eta gobernuan emandako ustelkeria kasuek estatu-kolpe bati eman zioten bidea. Habyarimana jeneralak eman zuen estatu-kolpea (hutu jatorrikoa) 1973ko uztailean.

Esku hartze antidemokratikoa izan arren, gobernuak egonkortasuna izan zuen 80ko hamarkadaren erdialdera arte. Frantziako laguntza logistiko eta militarra izan zituen horretarako. Ondoren, adiskidantza nazional bat lortzeari ekin zitzaion. Datu hauek guztiak Munduko Bankuak eta Amnesty Internationalek baieztatu zituzten. Batetik, Ruandaren garapen eredugarria nabarmendu zituen Munduko Bankuak (80ko hamarkada) eta bestetik, Giza Eskubideekiko zegoen errespetua Amnesty Internationalek (1990). Estatu-kolpearen atzetik etorri ziren 17 urteetan tentsioa mantendu egin zen arren, bi taldeak lasaitu egin ziren nolabait. Finantza kontuak kontrolatzea tutsiei zegokien Ruandak, eta honek erakusten du nolabait erbestean zeuden tutsiek bazutela botere bat bertan. Ruandako Fronte Abertzalea Ruandan sartu zen era klandestinoan eta herrialdeko hainbat gazte tutsi erreklutatu zituen. Hala, heziketa ideologiko eta militarrak jaso, eta brigada sekretuak eratu ziren, mendi muinoetatik masiboki barreiatu zirenak. Ruandako Fronte Abertzaleko ideologoa zen Tito Rutaremarak honakoa gogoratu zuen:


1987. urte amaierarako Fronteko 38 talde zeuden herrialdearen barruan.


Kafearen prezioa jaistea bezalako kanpo faktoreek (esportaziorako produktu nagusia) eta barruko beste zenbait faktorek, tentsio berriak sortu zituzten 80ko hamarkadako erdialdetik aurrera. Honi gehitu behar zaio ustelkeria kasuak eman zirela herrialdearen ipar partean. Era berean, egoera ekonomikoa okerrera zihoan eta erbestean zeuden tutsiek ez zuten jatorrizko herrialdera bueltatzerik. Faktore hauen guztien ondorioz Ruandako Gerra hasi zen.

Ikus, gainera