Berbelitzen hiztegia

Euskarazko saiakera

Berbelitzen hiztegia Anjel Lertxundik 2024ko amaieran plazaratu zuen saiakera liburuaren izenburua da. Itzulpenaren gaia da gogetagai nagusia liburuan. Gai horrekin bueltaka dabil Lertxundi azkenengo urteetan; horrela izan zen, esaterako, 2019ko Itzuliz usu begiak lanean. Alberdaniak plazaratu du liburua.

Berbelitzen hiztegia
Jatorria
Egilea(k)Anjel Lertxundi
Argitaratze-data2024
IzenburuaBerbelitzen hiztegia
Jatorrizko herrialdeaEspainia
ArgitaletxeaAlberdania
ISBN978-84-9868-890-0
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara

Argumentua

aldatu

Berbelitz, liburuko itzultzaile protagonista, gaztetatik hasi zen beste hizkuntzetako obrak euskarara itzultzen, beste munduak, beste begiradak, beste kulturetako sentiberatasunak euskarara ekartzen. Jakin-gose, apunteak hartzeko ohitura du bere itzultzaile lanaz bezala bere bizitza xumeko gorabeherez ere. Baina, urteari urte, apunteak pilatzen joan zaizkio, karpetak eta karpetak bete ditu ikusi eta bizi izan duenari buruzko apunteekin, bere baitako hausnarketekin, etxetik kanpora eta kanpotik etxera egindako bidaia benetakoekin eta mentalekin.[1]

Egitura

aldatu

Alfabetikoki ordenatuta daude liburuko testu laburrak, edo testu bakoitzari izenburua ematen dioten hitzak.[2]

Itzulpengintzaz gain, beste zenbait kontuz ere dihardu Lertxundik lan honetan: literaturaren irakaspenez, auzi artistikoez, hizkuntzaren erabilera askotarikoez eta bere ahalmen infinituaz, eta abar.[2]

Liburua, berez, ez da saiakera betea: fikzioaren eta saiakeraren arteko testu hibrido bat da emaitza. Narrazio kutsua ere badu. Berbelitz ezizeneko pertsonaia da protagonista, itzultzailea lanbidez. Lagun idazle bati agindu dio urtetan pilatutako idazkiak hiztegi itxurako batean atondu ditzan, lagunak berak atarian aitortzen duenez. Horrela, sarrera laburretako itzulpengintza zein bestelako auziei buruzko hausnarketetan tonu intimista ere igar liteke, narrazio molde batek lagunduta: Elene bikotekide zenduaren oroitzapena, Juan Garziarekiko lehia umoretsua edota Xujeto tabernariarekin izandako elkarrizketa biziak.[2]

Gaiak beren pisu abstraktuan hondoratu ez daitezen, etxeko ukitua ematen die autoreak, hurbileko ahotsez janzten. Hori horrela, ez dira gutxi haurtzaroa gogora dakarten gogoetak, norbere buruaren kritika ezkutatzen duten esaldi ustez inuzenteak.[2]

Estiloa

aldatu

Testu laburrak dira, irakurraldi batean leitzekoak. Prentsako artikuluen tankerakoak ematen dute. Asier Urkizaren hitzetan, maisua da Lertxundi laburrean, badaki gertaera zehatzetik abiatzen begirada zabalera eramateko, baita gaia orokorretik konkretura ekartzen ere, sarritan pasadizo umoretsu edo oroitzapen intimoetara joz. Idazkera aberats eta koloretsua du —hizkuntzaren kolorearen gaia sarritan azaltzen da testuetan—. Haatik, tarteka neka dezake Lertxundiren esakerak, hainbat ideia adierazteko modu erretorikoegiarengatik eta noizbehinkako trinkotasun gehiegizkoagatik, errepikapenek areagotua. Edozein kasutan, testuek banakako irakurketa eskatzen dute, patxadatsua eta egunetan luzatutakoa. Liburua ez da eserialdi batean irakurtzekoa, hasi eta buka irenstekoa.[2]

Liburuaren fitxa

aldatu
  • Egilea: Anjel Lertxundi
  • Izneburua: Berbelitzen hiztegia
  • Orrialdeak: 406 or.
  • Argitaletxea: Alberdania
  • ISBN: 978-84-9868-890-0

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu