Artikulu hau Gertaera historiko bati buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Beotibar (argipena)».

Beotibarko gudua 1321eko irailaren 19ean oinaztar gipuzkoarren (Gaztelako Erresumaren mende ziharduten) eta Nafarroako Erresumako armadaren arteko gudua izan zen.

Beotibarko gudua
Data1321eko irailaren 19a
LekuaBeotibar harana
 EH
Koordenatuak43°08′35″N 2°02′33″W / 43.14318773°N 2.04243194°W / 43.14318773; -2.04243194
EmaitzaGipuzkoarren garaipena
Gudulariak
Oinaztar gipuzkoarrak Nafarroako Erresuma
Buruzagiak
Gil Lopez Oinazkoa Ponce Morentaynakoa
Indarra
Kopuru ezezaguna
(800 inguru, Gaztelaren aldeko kronisten arabera)[1]
236[2], ≤500[3]

Aurretikoak

aldatu

1321 baino lehen, mugako liskarrak gertatzen ziren Gaztelako Erresumaren eta Nafarroako Erresumaren artean. Hartara, nafarrek, Lekunberri eta Gorrititik, Gaztelako Erresumaren mende zegoen Gipuzkoa eraso eta arpilatzen zuten. Era berean, gipuzkoarrek mugaz haraindiko eskualdeak ere erasotzen zituzten. Gipuzkoarrek Gorritiko gotorlekua berea zela aldarrikatuz Nafarroako erregeorde berriari itzultzeko eskatu zioten. Honek ezetz erantzun, eta gipuzkoarrek Gorritiko gaztelua hartu eta erraustu zuten.

Guduaren bilakaera

aldatu

Hori zela eta, Anayko bizkondea eta orduko Nafarroako Erresumaren erregeordea zen Ponce Morentaynakoak soldadu talde bat prestatu zuen Tolosaldea erasotzeko. Gaskoi eta nafarrez osatutako talde hark Berastegi hartu eta erre zuen. Hortik Tolosara jo eta Beotibar izeneko haranean Larreako jauna zen Gil Lopez Oinazkoa, oinaztar gipuzkoarren buruzagia, topatu zuten. Gipuzkoarrek inguruko mendietan posizioak hartuta zituztenez, harriak botaz abangoardia banatu eta etsaia eraso zuten.[4] Bururik gabe, nafarrek atzera egin zuten, eta galera asko izan zituzten. Erorien artean nafar noble asko zeuden, eta gipuzkoarrek Martin Aibarkoa erret-zutoihalaren alfereza harrapatu zuten.[1]

Gudularien kopuruak oso manipulaturik argitaratu izan dira Gipuzkoa aldean urte askoan: Gaztelako Erresumaren aldeko kronisten arabera, Gaztelako Erresumaren aldekoak 800 gipuzkoar ziren, eta Nafarroako Erresumaren aldekoak 70.000raino nafar, gaskoi eta frantses.[1] Hala ere, Nafarroako Erresumaren aldeko gudarien kopurua biziro puztu zuten Gaztelaren aldeko kronista haiek, Gaztelaren aldeko indarrek lortutako garaipenari loria eta aintza emateko asmoz[5]; Nafarroako Artxibo Nagusian gorde diren dokumentuen arabera, nafar indarrak 2 ibar-jaun, 19 zaldizko eta 215 oinezko ziren (guztira, 236 besterik ez, alegia).[2]

Gaur egun

aldatu

Gudua gogoratzeko, Tolosa aldean, San Joan Bataiatzailea bere zaindariaren egunean, bordon dantza eta erromeria egiten dituzte.[6] Tolosako Alardea ere esaten zaio ospakizun horri.

Klaudio Otaegi zegamarrak Beotibarko gudua olerkia osatu zuen 19. mendean[7].1974an Lourdes Iriondok[8] egokitu zuten olerki hori abesti gisa, geroago Aire Ahizpek ere kantatu zuten. 1981ean Benito Lertxundik Altabizkar/Itzaltzuko Bardoari diskoan grabatu zuen beste bertsio bat, Beotibar izenburuarekin.[9] Alabaina, lehen ahapaldian, Otaegik "etsaiak gure oinetan" idatzi zuen tokian (Beotibarko galtzaileak nafarrak izan zirela aipatu gabe uzteko), Lertxundik "frantsesak gure oinetan" kantatu zuen, beste esangura baten bila.

Abertzaleen artean, gudua «anaien arteko gudua» izan zela jotzen da, eta, beraz, Euskal Herriko lurraldeak banatzeko ekintzatzat.[10]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c Bernardo ESTORNÉS LASA: «Batalla de Beotibar», Auñamendi Entziklopedia.
  2. a b Luis ZAVALA FERNÁNDEZ DE HEREDIA: El castillo de Gorriti, egilea editore.
  3. Etxeberria, Aitor Garmendia. «Elezahar bihurtutako kronika» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-07-27).
  4. Jonathan. (2007-09-19). «La Batalla de Beotibar» Historia de Guipúzcoa (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).
  5. Irujo, Ariznabarreta. (2021). Beotibar Zazpi mende geroago. Editorial Vasca Ekin Argitaletxea ISBN 9780996781084..
  6. Gaztedi Dantzari Taldearen webgunea
  7. Bilketa. «Beotibarko gudua, Claudio de Otaegui, 1888» www.bilketa.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-23).
  8. «Lurdes Iriondo» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-10).
  9. musikazblai.com: Beotibar[Betiko hautsitako esteka]
  10. Tolosaldeko Hitza: 1321eko Beotibarko gudua gogoratuz[Betiko hautsitako esteka]

Bibliografia

aldatu

Kanpo estekak

aldatu