Animalien anatomian, bentrikulua[1], bihotzaren behe barrunbeei deritzo. Ugaztunen bihotza, gizakiarena barne, bi bentrikulu ditu, aldiz, beste animalia batzuk, arrainak edo anfibioak bezala, bakarra dute. Bentrikuluak odola hartzen dute bihotzaren alde bereko goiko barrunbeetatik, atrioak deituak. Bentrikulu bakoitza, sistole deituriko aldi batean uzkurtzen da. Periodo honetan, ezkerreko bentrikuluak gorputz osora bidaltzen du odola, aldiz, eskuineko bentrikuluak birikietara. Odola ezin da bentrikulu batetik bestera pasatu bien artean horma zelularra bat dagoelako.

Bentrikulua
Gizaki baten bihotzaren diagrama. Barrunbe handiak bentrikuluak dira.
Xehetasunak
Identifikadoreak
Latinezventriculus cordis
MeSHA07.541.560
TAA12.1.00.012
FMA7100
Terminologia anatomikoa

Egitura

aldatu

Bihotzak 4 ganbara ditu: bi atrio (ezkerrekoa eta eskuinekoa) eta bi bentrikulu (ezkerrekoa eta eskuinekoa). Atrioetan bezala, bi bentrikuluak bentrikulu arteko trenkadaren bidez banatuko dira. Honek giharrezko zatia dauka, aurrerantz proiektatuta, eta mintzezko zatia, oinalderantz proiektatuta, aortaren bestibuluaren eskuinaldean txertatuko dena. Bentrikuluen paretan haragizko trabekulak bereizi ahal dira eta hauetako batzuk espezializatuak izango dira eta papila-giharrak sortuko dituzte. Papila-giharrek atrio bentrikuluetako balben funtzionamenduan laguntzen dute. Papila gihar hauei loturik tendoi sokak izango ditugu eta hauek era berean atrio bentrikuluetako balbetako balbulen ertz libreei lotuko zaizkie. Azkenik, pasabideak daude eskuineko atriotik eskuineko bentrikulura, eta ezker atriotik ezker bentrikulura.

 
Eskuineko bentrikulua.

Eskuineko bentrikuluaren horma lodia da (5 mm ingurukoa) baina ez da ezkerreko bentrikuluarena bezain lodia. Eskuineko balba atriobentrikularra balba trikuspidea izango da, 3 balbulaz (aurrekoa, atzekoa eta trenkadakoa) osatuta dagoena. Horrez gain, trabekula espezializatu bat egongo da trenkada bazterreko trabekula, arku itxurako trabekula edo banda moderatzailea izenez ezagutzen dena. Bertatik eroapen sistemako atal bat pasatzen da, atrio bentrikuluaren faszikuluaren atal bat, hain zuzen ere. Azkenik, arteria konoa edo konus arteriosus aurkituko da. Bertan birika balba kokatuko da, 3 balbula (aurrekoa, ezkerrekoa eta eskuinekoa) ditu eta honen bidez, odola eskuineko bentrikulutik biriki enborrera abiatuko da helmuga birikiak izanik.

Ezkerreko bentrikuluak kono itxura du eta luzeagoa da. Bere horma eskuineko bentrikuluarena baino  lodiagoa da (10 mm-koa), baita leunagoa ere trabekulak ez baitira hain nabarmenak, finagoak baizik. Ezkerreko balba atriobentrikularra balba mitrala edo bikuspidea da eta honek 2 balbula (aurrekoa eta atzekoa) baino ez ditu. Kasu honetan odola ezker bentrikulutik aortara bideratuko da eta bertan, balba aortikoa kokatuko da 3 balbula (atzekoa, ezkerrekoa eta eskuinekoa) izango dituena. Aortatik odola gorputz osora bideratuko da.

 
Ezkerreko bentrikulua.

Bihotzak zuntzezko eskeletoa izango du eta batez ere, balbulak ezartzeko erabiliko du. Zuntzezko eskeletoak 4 eraztun ezberdin izango ditu: eskuineko zuntz-eraztuna (balba trikuspidea kokatzeko), ezkerrezko zuntz-eraztuna (balba mitrala kokatzeko), aorta balbaren zuntz-eraztuna eta birika balbaren zuntz-eraztuna. Eraztun hauek ezkerreko eta eskuineko hirukien bidez egongo dira lotuta. Ezkerreko hirukiak ezkerreko zuntz eraztuna eta aorta balbaren zuntz eraztuna lotuko ditu eta eskuineko hirukiak eskuineko, ezkerreko eta aorta balbaren zuntz eraztunak lotuko ditu. Gainera, arteria konoaren tendoiak birika balbaren zuntz-eraztuna eta aorta balbaren zuntz-eraztuna lotuko ditu,  balben ezarpenerako eta zurruntasuna emateko garrantzitsua izanik. Miokardio zuntzen jatorri bezala funtzionatzen du ere, bai bentrikulu zein atrioko miokardio zuntzen jatorri bat izan dezaten eskeleto baten antzera egiten du lan.

 
Bihotzaren zuntzezko eskeletoa.

Bentrikuluek azaleko geruzan luzetarako giharrak izango dituzte. Bitarteko geruzako zuntzak zirkularrak dira. Geruza hau izango da zuntz gutxien dituena, eskuineko bentrikuluan ia ez daude. Azkenik, sakoneko geruza endokardio azpikoa izango da eta luzetarako zuntzak izango ditu. Hemendik ere trabekula zuntzak eratuko dira.

 
Bihotz giharrak.


Garapen enbrionarioa[4][5]

aldatu

Enbrioiaren sistema baskularra garapen enbrionarioaren 3. astearen erdialdera sortzen hasten da, enbrioiaren nutriente beharra areagotzen denez, bellositateen bidez ez direlako behar diren nutriente guztiak lortzen.

13. eta 15. egunen artean zelula mesodermikoak enbrioi plakan zehar zabalduko dira hau inbadituz. Hala ere, inbasioa ez da plaka oralera ezta plaka kloakalera helduko leku horietan adhesibitatea mantentzen delako. 22. egunean plaka orala inbaditu ezin denez, plakaren alboan akumulazio berezi bat sortzen da, eremu kardiogenikoa. Eremu kardiogenikoa enbrioiaren gune berezi bat da, geroago bihotza bihurtuko dena, beraz lehen zirkulazio sistemaren planteamendua da. Akumulazio honek taupadak sortzeko gaitasuna eskuratzen du eta plazentatik datozen nutrienteen mugimenduak eragiten ditu, beraz esan dezakegu bihotzaren primordioa dela.

22. egunetik aurrera bihotza garatzen hasiko da. Eremu kardiogenikoak tutu itxura hartuko du. Hasieran bihotza tutu bikoiztua izango da, baina berehala tutu bakarra izatera pasako da. Gainera, garapenaren aldi horretan ematen ari diren tolestura  latero laterala eta tolestura zefalokaudalaren ondorioz bihotzaren posizioa aldatu egingo da.

Kokapen berrian tutu kardiakoa tolestu egingo da, kabitate perikardikoan sartu behar delako eta hau txikiagoa delako. Bihotzaren garapenaren hasieran bihotza mesodermoko zelula batzuetatik zintzilikatuta dago, mesokardio deiturikoak, baina oso denbora gutxian desagertuko dira. Desagertzean bihotza libreki geratzen da kabitate perikardikoaren barruan biratzeko gaitasun askea izanik.

Behin kabitate perikardikoaren barruan egonda bihotz tutuaren helburua bi atrio eta bi bentrikulu izatea izango da eta horretarako zenbait aldaketa eta tolesturak jasango ditu. Garapenaren hasieran atrio primitiboa bihotz tutuaren behealdean agertzen da eta bentrikulu primitiboa goiko aldean. Atrio primitiboaren aldera gorputz guztiko sistema benosoa iritsikoa da, bai plazentatik datorren odola bai enbrioitik datorrena. Bentrikulu primitibioen atalan aldiz, irekiera batzuk daude, eta bertatik arteriak aterako dira odola ehunetara garraiatzeko.

 
Bihotzaren tolesturak garapenean.

Atrio primitiboa eta bentrikulu primitiboa agertzen diren garaian geruza miokardikoa bereizten hasiko da eta bentrikuluetan atrioetan baino gehiago lodituko da. Bi kabitateen arteko mugan konstrikzioa agertuko da pasabidea estutuz. Hau atrio-bentrikulu komunikazioa izango da eta estutzea ematen den puntu horri bihotzaren gerria esaten zaio. Bihotza egitura jarraitua izatetik tolesturak izatera pasako da:

  • Bentrikulu primitiboaren goiko aldean zati berezi bat agertzen da bentrikulu hormatik desberdintzen dena eta bulbo kardiakoa deitzen zaio. Bentrikulu primitiboaren eta bulbo kardiakoaren arteko mugari ildo edo estugune bulbobentrikularra deritzo.
  • Atrioaren aldean beste egitura bat sortzen da, atrio primitiboa baino handiagoa izango dena, eta atrioaren aurreko aldean egongo dena. Egitura hori etorrera edo altzo benosoa deitzen da eta bertara zain guztiak iritsiko dira.

Bihotzaren garapena aurrera joaten den heinean tolestura gehiago jasango ditu.

Tolestura egiterakoan bulboa izango da mugituko dena eskuma, behekalde eta bentraldera. Bulboa mugitzean jarraian daukan bentrikulu primitiboaren aldea ezkerretara mugituko da. Bentrikulotik lotuta atrio primitiboa egongo da eta hau atzeraka, dortsaldera eta kraneal aldera mugituko da. Tolestura hauek 22. egunetik 28. egunera ermaten dira.

 
Tutu kardiakoaren garapena.
Odol fluxuaren norabide aldaketak:
22. egunean Odol fluxua behekaldetik goikaldera pasako da.
28. egunean Atrio primitiboa dortsalderantz eta gorantz mugitzen hasiko da eta odola dortsaldetik bentraldera eta goitik behera pasako da.
37. egunean Atrio primitiboa dortsaldean eta goian kokatuko da, hau bere kokapen arrunta izanik, eta odol fluxua goitik behera eta dortsaldetik bentraldera pasako da.


Bihotzaren tolesturak hainbat faktoreren menpe daude:

1.) Indar hemodinamikoak: Odolaren korrontearen indarrak eragindakoak. Tutu kardiako primitiboa garatuz doan heinean korrontea aldatuz doaz: Behekaldetik gora, dortsaldetik bentraldera eta goitik behera igarotzen da odola. Odol fluxuaren aldaketa hauek tolesturak eragiten dituzte.

2.) Berezko indarrak: Indar hemodinamiko hauez gain, bihotza isolatuz gero, berezko indarrek ere tolesturak eragingo dituzte.

 
Bulbo kardiakoa.

Tolesturaren bitartean, bulbo kardiakoa garatu egingo da eta 3 zati desberdinduko dira:

1. Bulbo primitiboa: bentrikulu primitiboaren jarraian

2. Kono arteriala edo bihotzaren infundibulua: kono itxura

3. Enbor arteriosoa: zuzenean alde arterialarekin kontaktuan

Bihotzak 2 barrunbe ditu momentu honetan, atrio bakarra atze-goialdean, eta bentrikulu bakarra, aurre-behealdean. Orain helburua 2 atrio eta 2 bentrikulu izatea izango da eta horretarako atrioen zein bentrikuluen tabikazio prozesuak eman behar dira.

Bihotzaren tabikazioa

aldatu

Bihotza tolesten ari den bitartean bihotzaren barnean tabikeak edo trenkadak sortzen hasiko dira, bat atrio komunaren erdian eta bestea bentrikulu komunaren erdian, 4 kamarako bihotza sortu arte. Tabikazio prozesua ertz neuraleko zelulek induzituko dute, mesenkimako zelulei aginduak bidaliko dietelako hauek aginduak jaso eta bete ditzaten. Mesenkimako zelulak mesodermo espezializatuko zelulak dira eta trenkadak osatuko dituzte.

Tabikazio prozesua simultaneoki ematen da atrio eta bentrikuluetan, baina atrioetan lehenago bukatzen da, 27. egunaren inguruan, eta bentrikuetan beranduago, 43. egunaren inguruan.

Tabikazio honetan ezinbestekoak diren egiturak almohadilla edo kojinete subendokardiokoak dira. Bihotz gerrian, miokardio hormetatik zulorantz agertzen diren bulto moduko batzuk dira, bertan sortuko diren tabikeak edo trenkadak apoilatzeko. Lau dira sortuko diren kojinete independienteak. Kontuan izan behar da nahiz eta tabikazio prozesua eman, kabitateen arteko komunikazioa ez dela guztiz itxiko jaio arte.

Bentrikuluen tabikazioa
aldatu

4. astean bentrikulu amankomunaren (primitiboaren) behekaldetik miokardiozko trenkada bat sortuko da bihotz gerrian dauden kojineterantz luzatuko dena: tabike miokardikoa (bihotz haragiz osatutako tabike lodia). Trenkada honek bi zati izango ditu; zati muskularra, handiena dena eta oinarrian kokatutata dagoena, eta mintzezko zatia edo pars membranacea, giharrezko zatiaren gainean ezartzen dena.

 
Bentrikuluen tabikazioa.

Muskuluko trenkada ez da guztiz kojineterantz iritsiko, izan ere, pars menbranacea deritzon mintz oso txiki eta transparante bat ezarriko baita sortu den miokardiozko trenkadaren gainean. Modu honetan trenkadaren eta kojinetearen arteko tartea itxi egingo da bentrikuluak guztiz bereiziz. Pars membranacea-ren ezarpen akatsa hainbat miokardiopatiekin erlazionatuta dago.

Tabikeak egituratzen diren bitartean atrioak eta bentrikuluak komunikatuko dituzten balba atriobentrikularrak sortzen dira:

  • Balba mitrala edo bikuspide balba: ezkerrekoa.
  • Balba trikuspidea: eskumakoa.
     
    Bihotz balbak.

Balba atrio-bentrikularrak bihotzaren trigonoan (atrio eta bentrikulu arteko plataforman) egongo dira. Balba atrio-bentrikularrak itxi edo ireki egingo dira miokardioa mugitzen den bitartean, hau da, bihotz-zikloaren arabera. Bentrikuluko miokardioak muskulu papilarrak garatuko ditu eta bertatik soka tendinotsuak irtengo dira. Soka tendinotsu hauek balbei lotuta daudenez, muskulu papilarrak uzkurtzean, balba horiek mugitu egingo dira.

 
Balben mugimendua.

Komunikazio atrio-bentrikularra desberdina da eskuin eta ezkerraldean:

  • Eskuinaldean balba trikuspideak 3 balbula eta beraz 3 muskulu papilar ditu.
  • Ezkerraldean balba mitralak 2 balbula eta beraz 2 muskulu papilar ditu.

Bentrikulua bitan banatzen den moduan, honen irteera hodia ere banatu egingo da. Irteerako tutu bakarra espiral forman garatzen diren bi hemipareten bitartez banatuko da, hodiaren barruaren erdialdean fusionatuko direnak tabike tronkokonala eratuz. Tabike tronkokonala ia osotasunean ertz neuraleko zelulez osatuta egongo da. Ondorioz, irteera bi zatitan banatuta geratuko da: ezkerreko bentrikulutik aorta-arteria eta eskuineko bentrikulutik birika-arteria.

 
Tabike tronkokonalaren eraketa.

Bentrikuluetatik ateratzen diren bi arterietan balba sigmoideoak garatuko dira. Beraz, 2 balba sigmoideo egongo dira, balba aortikoa eta birika balba, bakoitzak 3 balbula dituelarik. Balbula hauei erdi-ilargi itxurako balbulak deritze. Hauek odol fluxuaren arabera mugituko dira, ez muskuluaren bitartez. Odola igarotzean balbulak pareten kontra bultzatuak izango dira pasabidea liberatuz. Odola pasatu eta gero, balbulak zulorantz etorriko dira eta eten egingo dute pasabidea. Beraz presioaren arabera jardungo dute balbek.

Balba atrio-bentrikularren eta balba sigmoideoen kokapena hurrengoa izango da: balba atrio-bentrikularrak atzealdean eta bentrikuluen irteerak edo balba sigmoideoak (birika arteria eta aorta arteria) aurrealdean.

43. egunean tabikazioa anatomikoki bukatutzat emango da baina zenbait kortozirkuitoak mantendu egingo dira jaiotze momentura arte, edo jaio eta gutxira arte umetokian birikak kolapsatuta daudelako eta odol oxigenatua karenatik jasotzen delako. Beraz, tabikazioa ez da funtzionalki guztiz burutuko feto garaian.

Atrioen tabikazioa
aldatu

Atrioen tabikazioari dagokionez aipatu beharra dago aurikula arteko trenkadan foramen obala irekita geratzen dela jaio arte eta jaiotzean ixten dela birika zirkulazioa martxan jarri delako eta jada beharrezkoa ez delako. Beraz, aurikulen arteko komunikazioa mantentzen da. Hala ere patologia batzuetan foramen obala ez da ixten eta zianosia ematen da.  

 
Atrioen tabikazioa.

Zirkulazioa fetoan

aldatu

Feto garaian, odol benosoa eta arteriosoa nahastuta daude neurri batean, arterietatik doan odola ez da guztiz oxigenatua izango.  

  1. Zainen odol desoxigenatua eskumako atriora helduko da eta bertatik gehiena ezkerreko atriora pasako da. Helduetan odola eskumako atriotik eskumako bentrikulura pasako litzateke, hortik birika arteriaren bidez biriketara joateko eta berriz ere oxigenatzeko.
  2. Odol fluxuak biriketara igarotzeko sistema naturala ezin duenez erabili birikak kolapsatuta egotearen ondorioz, presioak bultzatuta odola eskumako atriotik ezkerreko atriora igaroko da foramen obalaren bidez. Honi bihotzaren lehenengo kortozirkuitoa esaten zaio eta bihotzean bertan gertatzen da.
  3. Odola ezkerreko atriotik ezkerreko bentrikulura igaroko da eta aortaren bitartez gorputz osoan zehar sakabanatuko da.
  4. Odola plazentara berriro heltzean berriro ere oxigenatuko da eta zirkuitua berriro hasiko da.

Hala ere, odolaren portzentai txiki bat eskumako atriotik eskumako bentrikulura pasatzen da eta hortik birika arteriatik ateratzen da. Odol hori biriketara joan beharrean hodi arteriosoaren bidez desbideratzen da aortara, handik berriz ere gorputz osora joateko. Honi bihotzaren bigarren kortozirkuitoa esaten zaio eta bihotzektik kanpokoa da.  Jaiotzean eta birika zirkulazioa martxan jartzean hodi arteriosoa kolapsatuko da eta lotailu arteriosoa bihurtuko da, horrela, bihotzaren bi kortozirkuitoak bukatzean odola ez da nahastuta egongo eta odol arteriala oxigenatua eta odol benosoa desoxigenatua izango da, zianosia ekidituz.

 
Zirkulazio fetala.


Fisiologia[6]

aldatu

Bentrikuluak odola arterietara ponpatzeaz arduratzen diren bihotzaren atala dira. Ezkerreko bentrikuluak odola ponpatuko du zirkulazio sistemikora aorta balbaren bitartez eta eskuineko bentrikuluak odola ponpatuko du birika zirkulaziora birika balbaren bitartez.

 
Bihotz zikloa.

Bentrikuluek odola ponpatzeko bi ekintza betetzen dituzte: Diastolea (erlaxazioa) eta sistolea (uzkurketa). Uzkurketa eta erlaxazio hauek  bihotz zikloaren parte izango dira. Diastolean bentrikuluak odolez beteko dira eta sistolean odola ponpatuko dute. Horiek  berdin ematen dira eskuin eta ezker bentrikuluan, ezberdintasun bakarra ezker bentrikuluan uzkurketa indar handiagoarekin emango dela da, miokardio eremua handiagoa delako.

Bentrikuluak uzkurtzeko behar den ekintza potentziala nodo sinusalean hasiko da. Nodo sinusaletik nodo atriobentrikularrera abiatuko da eta hortik His sistemara.

Azkenik Purkinje zeluletara hedatuko da seinalea eta bentrikuluak uzkurtuko dira. Zikloaren iraupena 0,8 segundukoa da. Diastole bentrikularrak 0,5 s irauten du, sistole bentrikularrak, aldiz, 0,3 s. Aipagarria da atrioen diastolea 0,7 s-tan gertatzen dela, sistole eta diastole bentrikularrak (biak) gertatzen diren bitartean. Atrioen sistolea 0,1s irauten du, diastole bentrikularrarekin hasten delarik.

 
Elektrokardiograma.

Bihotzaren aktibitate elektrikoa neurtzeko elektrokardiograma (EKG) erabiltzen da. EKG-n potentzial aldaketak agertzen dira, uhinen bidez adierazten direnak. Beraz, aldaketa elektrikoen uhinak jasota geratuko dira gure grafikan. Irudian ikus dezakegun bezala, hiru zati bereiz daitezke, EKG fisiologiko batean:

  • P uhina: Atrioen despolarizazioa irudikatzen du. Hauen uzkurketaren adierazle.
  • QRS konplexua: Bentrikuluen despolarizazioa irudikatzen du. Hauen uzkurketaren adierazle.
  • T uhina: Bentrikuluen birpolarizazioa adierazten du. Hauen erlaxazioaren adierazle.
 
Bihotz zikloaren grafikoa.

Atrioen erlaxazioaren uhina ez da ikusten, sistole bentrikularra eta atrioen diastolea

batera ematen direlako eta atrioen diastolearen uhina txikiagoa denez, QRS konplexuak

izkutatzen du.

Bihotz zikloaren faseak eta azpifaseak beraz hurrengoak izango dira:

  • Sistolearen azpifaseak:
    • Sistole isobolumetrikoa
    • Ateraldi bizkorra
    • Ateraldi geldoa
  • Diastolearen azpifaseak:
    • Diastole isobolumetrikoa
    • Betealdi bizkorra
    • Betealdi geldoa (diastasia)
    • Atrioen sistolea

Sistole bentrikularra

aldatu

Hasteko seinalea, QRS konplexua da. Bentrikuluen despolarizazioa ematen denez, hauek uzkurtzen hasiko dira. Presio bentrikularrak atrioena gainditzen duenean, balbula atriobentrikularra itxi egingo da, lehen bihotz soinua (S1) entzuten delarik. Lehenengo soinuak sistole bentrikularraren hasiera adierazten du. Momentu honetan, balbula guztiak itxirik daudenez, bihotzean ez da odol mugimendurik emango. Bentrikuluetako presioa handitu arren, odol bolumena egonkor mantentzen da. Hori dela eta, uzkurdura isobolumetriko aldia deritzo.

Behin presio bentrikularrak presio aortikoa gainditzen duenean, balbula aortikoa ireki eta odola presio handiz arterietara ponpatuko da. Horrela, bentrikuluen barneko bolumena jaitsi egingo da. Odola ponpatzean, bentrikuluen barneko odol bolumena txikitu arren presioak igotzen jarraituko du eta honekin batera, presio arteriala ere igo egingo da bertan odola mantentzen delako. Aldi honi ejekzio edo ateraldi bizkorra deitzen zaio.

Hau amaitzean, T uhina hasten dela ikusten dugu, hau da, bentrikulua birpolarizatzen hasten da. Momentu honetan, bentrikuluko odol bolumenak behera egiten jarraituko du eta honekin batera baita presioak ere. Odola arteriatik zirkulaziora bideratzen da eta horregatik presio arteriala jaisten da. Aldi honi, kanporaldi geldoa deitzen zaio.

Diastole bentrikularra

aldatu

Aldi honetan T uhina eman da eta bentrikuluen birpolarizazioa dugunez, erlaxazioan sartzen gara. Momentu zehatz batean, presio arteriala presio bentrikularra baino handiagoa denez, balbula sigmoideoak itxiko dira, bigarren bihotz soinua (S2) entzuten delarik. Soinu honek diastole bentrikularra hasten dela adierazten du. Bentrikuluak erlaxatzen ari direnez presio bentrikularra jaitsi egingo da; hala ere, balbula atriobentrikularrak oraindik itxita egongo dira presioagatik (presio bentrikularra atrioena baino handiagoa delako). Balbula guztiak itxita daudenez bolumena konstante mantenduko da, ez dago odol fluxurik ezta odol aldaketarik ere. Hortaz, aldi honi erlaxazio isobolumetrikoa deituko diogu.

Atrioko presioak presio bentrikularra gainditzen duenean (erlaxazioaren ondorioz presio bentrikularra jaisten jarraitzen delako) balbula atriobentrikularra ireki egingo da eta odola atriotik bentrikuluan sartuko da. Odol fluxu handia izango dugu, horregatik haurretan hirugarren bihotz soinua (S3) entzungo dugu, haurretan soinu fisiologikoa dena: betealdi azkarra.

Hirugarren aldi bat hasiko da, non zirkulaziotik atriora sartuko den odola segituan bentrikulura igaroko den. Bertan, odol fluxua ez da hain altua baina oso garrantzitsua da. Betetzearen %10a soilik; baina denbora-erreserba da, zikloaren iraupena gutxitu behar denerako maiztasuna handitu delako; bihotz maiztasuna handitzen denean gehien laburtzen den aldia betealdi geldoa izango da. Honela iraupena gutxitu arren aldi garrantzitsuagoen iraupen egokia mantenduko da. Aldi honi betealdi geldoa edo diastasia deritzo.

Diastole bentrikularraren amaierarekin batera, atrioak uzkurtzen dira eta ondorioz bentrikuluak guztiz betetzen dira. Honi hasiera ematen dion seinalea elektrokardiograman agertzen den P uhina izango da, atrioen despolarizazioa hain zuzen ere, beraz aldi honetan atrioak uzkurtuko dira. Hala ere, atrioa uzkurtu aurretik balbula atriobentikularra irekita dago, ondorioz, atrioan sartzen den odol gehiena zuzenean bentrikuluetara bideratuko da. Atriora sartzen den odolaren %20 baino ez da aktiboki ponpatzen (horregatik, sistole hau gertatu gabe, bihotzaren funtzio normala mantendu daiteke atseden egoeran). Aldi honi atrioen sistolea deritzo.

Patologiak[7][8]

aldatu

Bentrikulu arteko trenkada akatsa[9]

aldatu

Bentrikulu arteko trenkada akatsa bihotz patologia bat izango da eta bertan, bentrikulu arteko trenkadan zulo bat agertzen da. Horregatik, presioaren ondorioz, odola ezkerreko bentrikulutik eskuineko bentrikulura pasatuko da. Beraz, odol oxigenatua gorputz osora zabaldu beharrean, biriketara ponpatuko da berriro eta horrek bihotzaren lana handitzea eragingo du. Izan ere, ez da odol oxigenatu nahikorik helduko gorputzera eta horregatik, bihotzak lan gehiago egingo du egoera orekatzeko. Batzuetan, sortzen den zuloa txikia izaten da eta ez du arazorik ematen. Gainera, denborarekin, bere kabuz itxi daiteke. Hala ere, ertainak edo handiak direnak kirurgia beharko dute etorkizunean sortu daitezkeen konplikazioak ekiditeko.

 
Bentrikulu arteko trenkada akatsa.

Berez, jaiotzetiko bihotz eragabetasun bat izango da eta haien artean, arruntena izango da; agertzen diren jaiotzetiko bihotz eragabetasunen %25a suposatuko du. Ondorioz, bere agerrera 12/10.000koa izango da.

Sintomak

aldatu

Sintomak jaio osteko lehen egunetan, lehen asteetan edo lehen hilabeteetan agertzen dira eta honako hauek izaten dira:

  • Atzerapena jaioberriaren hazkuntzan eta garapenean.
  • Arnas azkarra edo arnasteko zailtasunak aurkeztuko dira.
  • Taupada azkarrak eta irregularrak hautemango dira.
  • Jaioberrian nekea oso azkar agertuko da; negar egin ondoren, jan ondoren edo pixka bat jolastu ondoren.
  • Estetoskopioa erabiliz bihotz soploa entzungo da.

Hala ere, akatsa txikia bada, gerta daiteke hasieran sintomarik ez eragitea edo jaioberriak ezer ez nabaritzea. Batzuetan, sintomak beranduago agertuko dira edo inoiz ez agertzea gerta liteke. Bestalde, zuloaren tamainaren arabera, sintomen larritasuna alda daiteke.

Bi mota nagusi egongo dira:

  • Akatsa trenkadaren goiko aldean gertatzea: Gehien agertzen den mota da, %75ko agerrera izanik. Berez, trenkada tronkokonala eratzen denean, endokardio kuxintxoek mintzezko atala eratzea eragiten dute. Ondorioz, endokardio kuxintxoetan akatsak ematen badira, trenkadaren mintzezko atalean akatsak sortuko dira. Mota hau batzuetan beste bihotz akatsekin batera agertzen da; balba akatsak (estenosia eta atresia), hodi nagusietako akatsak edo atrio arteko trenkada akatsak.
  • Akatsa trenkadaren beheko aldean gertatzea: Kasu honetan, odolak eragiten duen presioa oso handia denez, ezkerreko bentrikulutik eskuinekora pasatuko da eta horren ondorioz, eskuineko bentrikuluaren hipertrofia gertatuko da. Horregatik, jaio ostean birika hipertentsioa agertuko da.

Kausak

aldatu

Normalean, bihotz eragabetasunak bihotzaren garapen enbrionarioaren lehen aldietan agertzen dira eta bakarrik edo bestelako bihotz eragabetasunekin ager daitezke. Gainera, faktore genetikoek eta ingurumeneko faktoreek eragina izan dezakete. Hala ere, batzuetan ez da kausa zehatza aurkitzen.

Horretaz gain, akats honen jatorria hiru motatakoa izan daiteke: kuxintxo endokardikoen fusio akatsak, bentrikulu arteko trenkadaren goiko eta beheko zatiak gaizki fusionatzea eta trenkada tronkokonalean akatsen bat gertatzea. Izan ere, bertako akatsen ondorioz, bentrikuluen arteko trenkadan ere arazoak ager daitezke eta hau hodi neuraleko zelula mesekimalen akatsekin lotuta egongo da.

Bestalde, bentrikulu arteko trenkadaren akatsa giharrezko zatian, mintzezkoan edo bietan ager daiteke. Gainera, zuloak tamaina ezberdinak izan ditzake eta trenkadaren alde ezberdinetan ager daitezke. Batzuetan, bat baino gehiago ager daiteke.

Posiblea da patologia hau bizitzan zehar garatzea (heldutan) eta orokorrean, bere jatorria infartu baten ondoriozkoa da. Hala ere, bihotzeko kirurgia batzuetan agertzen den konplikazio ohikoa izaten da.

Arrisku faktoreak

aldatu

Patologia hau batzuetan hereditarioa da eta beste patologia genetikoekin ager daiteke (adibidez, Down sindromean).

Konplikazioak

aldatu

Lehen esan den bezala, baliteke akats txikiek arazorik ez sortzea, baina akats ertainak eta handiak hilgarriak izan daitezke. Denborarekin patologia honek konplikazio hauek sortuko ditu:

  • Gutxiegitasun kardiakoa: Akats hau agertzen denean, bihotzak lan gehiago egin beharko du gorputzera odol oxigenatu nahikoa ponpatzeko. Horregatik, patologia ez bada tratatzen gutxiegitasun kardiakoa ager daiteke.
  • Biriketako hipertentsioa: Odol fluxua biriketan handitzen denez, biriki arterietako presioa altua izango da eta luzarora, bertan, kalteak garatu daitezke.
  • Endokarditisa: Infekzio kardiakoa da eta ezohiko konplikazioa izango da.
  • Bestelako arazo kardiakoak: Esate baterako, ezohikoak diren erritmo kardiakoak eta arazoak balbetan.

Diagnostikoa[10]

aldatu

Bentrikulu arteko trenkadaren akatsak estetoskopioarekin entzun daitekeen soplo kardiako bat sortzen du. Kasu batzuetan, umekia jaio aurretik eragabetasuna detektatu ahal da ekografiaren bitartez. Horretaz gain, bestelako proba diagnostikoak egin daitezke patologia dagoela ziurtatzeko:

  • Ekokardiograma: Proba honetan, soinu uhinek bihotzaren bideo bidezko irudi bat sortzen dute eta horrela, akatsa dagoen edo ez baieztatzen da. Bere tamaina, kokapena eta larritasuna zehaztu daiteke. Gainera, garapen enbrionarioan egitea posiblea da (ekokardiografia fetala).
  • Elektrokardiograma (EKG): Proba honetan, bihotzaren aktibitate elektrikoaren erregistroa egiten da eta diagnostikoan lagundu dezake, bihotz erritmoaren arazoak hautematen dituelako.
  • Toraxaren erradiografiak: Proba honen bidez, bihotza eta birikiak ikus daitezke eta horrela jakin daiteke ea bihotza handituta dagoen edo birikiek normala dena baino likido kopuru gehiago duten.
  • Kateterizazio kardiakoa: Proba honetan tutu estu eta malgu bat besoko edo iztaiko odol hodi batean sartzen da, bihotzeko odol hodietara iritsi ahal izateko. Proba honen bidez, bihotz eragabetasunak identifikatu daitezke eta balben funtzioa behatu daiteke, bihotz kamarekin batera.
  • Pultsu oximetria: Atzamar batean jartzen den klip baten bidez, odolean dagoen oxigeno kopurua neurtzen da.

Tratamendua

aldatu

Tratamendu ohikoena kirurgia izaten da. Bertan, sortutako zuloa estaltzen edo petatxatzen da. Zulo txikia aurkezten duten jaioberriek normalean ez dute kirurgiarik behar eta hazkuntzan zehar zuloa bere kabuz ixten dela kontrolatu behar da. Horrekin batera, sortutako sintomak botiken bidez tratatu behar dira. Hala ere, gerta daiteke akatsaren kokapenaren ondorioz, kirurgia beharrezkoa izatea nahiz eta zuloa txikia izan. Azken batean, balben ondoan kokatzen bada, haietan kaltea ager daiteke.

Bestalde, kirurgia behar duten jaioberriek lehen urtea bete aurretik izango dute. Gainera, zuloa oso handia bada, jaioberriek elikadura gehigarria behar izango dute haien hazkuntza sustatzeko. Kasu batzuetan sonda bidezko elikadura behar izaten dute.

Horretaz gain, farmakoak ere erabil daitezke. Esate baterako, zirkulazioan eta birikietan dagoen likidoa gutxitzen duten farmakoak (horrela, ponpatu behar den odol bolumena gutxitzen da) eta bihotz-taupadak erritmo erregular batekin mantentzeko balio duten farmakoak.

Triskupide atresia[11]

aldatu

Trikuspide atresia bihotzean agertzen den jaiotzetiko eragabetasun bat da. Bertan, eskuineko atriotik eskuineko bentrikulura pasatzen den odol fluxua kontrolatzen duen balba ez da inoiz osatzen. Beraz, bihotzeko eta gorputzeko odol zirkulazioak era desegokian emango dira akats hau erakusten duten jaioberrietan.

Izan ere, odola ezin izango da pasatu eskuineko atriotik eskuineko bentrikulura eta hortik, biriketara. Ondorioz, ezingo da odol desoxigenatua oxigenatu. Gainera, patologia hau aurkezten duten jaioberrietan, eskuineko bentrikulua oso gutxi garatuko da eta birika enborra txikiagoa izango da. Azken batean, bertatik odol kantitate oso urria pasatuko da. Aldiz, ezkerreko bentrikulua asko garatuko da.

 
Trikuspide atresia.

Ez hori bakarrik, askotan odolaren zirkulazioa jarraitu ahal izateko, bentrikuluen arteko trenkadan akatsak agertzen dira (aurretik aipatutakoa, adibidez). Akatsak batez ere mintzezko zatian aurkeztuko dira eta horrela, odola birika arterietara igaroko da. Beste era batean esanda, bentrikuluen arteko trenkadan zuloak agertuko dira, eskuineko eta ezkerreko bentrikuluen arteko komunikazioa baimenduz. Horrekin, odol oxigenatua eta odol desoxigenatua nahastuko dira.

Bestalde, patologia hau aurkezten duten jaioberriek bestelako bihotz eragabetasunekin jaio daitezke. Esate baterako, odol hodi handien transposizioa. Bertan, bihotzaren odol hodi nagusiak alderantziz egongo dira kokatuta: birika enborra ezkerretik aterako da eta aorta, aldiz, eskuineko aldetik.

Sintomak

aldatu

Sintomak jaio ostean edo denbora gutxira ikusiko dira. Trikuspide atresiak sintoma hauek ematen ditu:

  • Zianosia egongo da eta beraz, larruazalak urdin kolorea hartuko du. Azken batean, odolak ez du oxigeno nahikorik eramango.
  • Arnasteko arazoak
  • Jateko arazoak
  • Muturreko logurea.

Kausak

aldatu

Jaiotzetiko eragabetasun honen kausa zehatzak ezezagunak dira jaioberri gehienetan. Batzuetan, geneetan eta kromosometan agertzen diren akatsen ondorioz ager daiteke. Bestalde, akats hau faktore genetikoen eta inguruneko faktoreen (esate baterako, amak jaten eta edaten duena edo hartzen dituen farmakoak) konbinazioaren ondorioz gertatzen dela uste da.

Konplikazioak

aldatu

Nahiz eta tratamendua jarri, konplikazioak ager daitezke gaixoaren bizitza osoan zehar. Gainera, trikuspide atresia oso konplexua bada edo denborarekin bihotza ahultzen bada, bihotz trasplante bat beharko da. Bihotz berri bat jasotzen duten umeek farmakoak hartu beharko dituzte betirako, bihotzaren errefusa ekiditeko.

Diagnostikoa

aldatu

Diagnostikoa haurdunaldian zehar edo jaio ostean egin daiteke.

Haurdunaldian zehar, adibidez, proba diagnostikoak egiten dira umekian arazorik dauden aztertzeko. Gainera, patologia hau ekografien bidez ikus daiteke. Horrela, trikuspide atresia dagoela ikusten bada, ekokardiograma bat (umekiaren bihotza eta odol hodi nagusien ekografia espezifikoa) egiten da diagnostikoa baieztatzeko.

Bestalde, jaio ostean sintomak ikustean diagnostikoa susmatu daiteke. Izan ere, zianosia begi bistaz ikus daiteke jaioberriaren azterketa fisikoan. Gero, estetoskopioaren bidez, bihotz soplorik dagoen azter daiteke. Normalean, txistu antzeko soinu bat entzungo da odola ez delako ondo zirkulatzen. Ondoren, diagnostikoa baieztatzeko, bestelako probak eskatu daitezke:

  • Ekokardiograma: Ohikoena izango da.
  • Kateterismo kardiakoa: Tutu mehe bat sartzen da odol hodi batean eta bihotzera eramaten da.
  • Elektrokardiograma (EKG): Bihotzaren erritmo elektrikoa neurtzen da.
  • Oxigeno mailak neurtzea: Pultsu oximetria bidez egiten da. Hau da, jaioberriaren larruazalean sentsore batzuk jartzen dira odolean dagoen oxigeno kantitatea neurtzeko.
  • Presio arteriala neurtzea

Tratamendua

aldatu

Trikuspide atresia hainbat eratan tratatu daiteke. Hala ere, ezingo da inoiz sendatu; bakarrik bihotzaren funtzio normala berreskuratu ahalko da.

Beraz, lehenengo, farmakoak egongo dira. Hainbat mota egongo dira: bihotz muskulua indartzeko balio dutenak, presio arteriala gutxitzeko erabiltzen direnak eta gorputzeko gehiegizko likidoa kentzeko balio dutenak.

Gero, elikadura egongo da. Hau da, jaioberri batzuk elikatzean nekatzen dira eta batzuetan, ez dute nahikoa jango, pisua irabaztea eragotziz. Horregatik, kaloria asko duen dieta bat jarri daiteke. Hala ere, kasu larrienetan, sonda bat beharrezkoa izango da.

Azkenik, kirurgia egongo da. Hainbat prozedura mota egongo dira eta bakoitza larritasunaren arabera eta beste bihotz eragabetasunen agerreraren araberakoak izango dira. Esate baterako, Glenn-en prozedura bidirekzionala egongo da. Hau jaioberriak 4 eta 6 hilabete artean dituenean egiten da eta bertan, komunikazio zuzen bat egingo da biriki enborraren eta goiko kaba zainaren artean. Horrela, odol desoxigenatua goiko kaba zainetik birika arterietara pasatuko da zuzenean, bihotza saltatuz. Berdina egin daiteke beheko kaba zainarekin (Fontanen kirurgia), baina prozedura hau umeak 2 urte dituenean egingo da. Horrela, odol oxigenatua eta odol desoxigenatua ez dira berriz nahastuko eta zianosia desagertuko da.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) «Ventrículo - EcuRed» www.ecured.cu (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
  2. Schünke, Michael.. (2015). Prometheus : texto y atlas de anatomía. (3ª ed., mejorada y ampl. argitaraldia) Médica Panamericana ISBN 978-84-7903-980-6. PMC 908137680. (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
  3. Eynard, Aldo R.. (2016). Histología y embriología humanas : bases celulares y moleculares con orientación clínico-patológica. (5ª ed. argitaraldia) Editorial Médica Panamericana ISBN 978-950-06-0680-6. PMC 962500724. (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
  4. Sadler, T. W. (Thomas W.). (2201). Langman embriología médica : con orientación clńica. (8a ed. argitaraldia) Editorial Médica Panamericana ISBN 950-06-1367-0. PMC 48232907. (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
  5. Flores, Vladimir.. (2015). Embriología humana : bases moleculares y celulares de la histogénesis, la morfogénesis y las alteraciones del desarrollo : orientada a la formación médica. Editorial Médica Panamericana ISBN 978-950-06-0092-7. PMC 974390982. (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
  6. Mulroney, Susan E.,. (D.L. 2016). Netter fundamentos de fisiología. (2a. ed. argitaraldia) Elsevier ISBN 978-84-458-2658-4. PMC 959729522. (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
  7. (Gaztelaniaz) «Cardiopatía congénita: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
  8. (Gaztelaniaz) «Tipos de Cardiopatías Congénitas. Web de Cardiopatías Congénitas» La web de las Cardiopatías Congénitas (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
  9. (Ingelesez) «Ventricular septal defect (VSD) - Symptoms and causes» Mayo Clinic (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
  10. (Gaztelaniaz) CDC. (2019-11-21). «Critical Congenital Heart Defects Facts | Congenital Heart Defects» Centers for Disease Control and Prevention (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
  11. (Gaztelaniaz) «Información sobre la atresia tricuspídea | Defectos cardiacos de nacimiento | CDC» www.cdc.gov 2020-07-06 (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).

Kanpo estekak

aldatu