Belatxinga mokohori

Mokoa motz samar eta horiko belatxinga. Goi-mendian bizi da.

Belatxinga mokohoria (Pyrrhocorax graculus) corvidae familiako hegaztia da. 36–39 cmko luzera izaten du, 70–85 cmko hego luzera eta 190-240 gramoko pisua. Lumadia beltz-beltza, distira metalkarekin, hanka gorriak eta moko horia ditu. Hegalari ikusgarriak dira, haize lasterrak xarmanki erabiltzen dituztelarik. Hots ohikoenak preep murmurioa eta sweeeooo txistu-hotsa dira. Taldekoiak dira.

Belatxinga mokohori
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaCorvidae
GeneroaPyrrhocorax
Espeziea Pyrrhocorax graculus
Banaketa mapa
Kumaldiaren tamaina4,2
Errute denbora19 egun
Pyrrhocorax graculus graculus

Hegazti orojalea da: ornogabeak (kakalardoak, barraskiloak, matxinsaltoak, beldarrak...), baiak, haziak, eta zaborrak (mendizaleen janari hondarrak barne) jaten ditu.

Palearktikoko mediguneetan bizi da, Marokotik Txinaraino: Alpeetan, Pirinioetan, Apeninoetan, Balkanetan, Korsikan, Atlas mendietan eta Afganistan eta Irango mendietatik Himalaiaraino. Mendi-larreetan bizi dira.

Habia leize edo harkaitz-arrakaletan egiten du. Europan (700)1000 eta 2,800 metro artean umetzen da, Himalaian, berriz, 3.500-5.000 metrotan. 6.500 metrotan habia egitera iritsi da, beste edozein txori espezie baino gorago.

Deskribapena aldatu

Belatxingak uso baten tamainako korbidoak dira, guztiz beltzak dira, ohitura kolonialekin, eta harkaitzetako malkarrei eta itsaslabarrei atxikita bizi direnak. Generoko bi espezieak itxura eta ohituretan oso antzekoak dira, batez ere mokoaren tamainan eta kolorean, eta oihuan desberdintzen dira.

Belatxinga mokohoriak moko laburragoa du (25 eta 34 mm bitarteko luzera) eta mokogorriak baino zuzenagoa, eta hori kolorekoa. Bere lumaje beltza nahiko matea da, berde eta urdinxka metaliko koloreko isla arin batzuk baino ez ditu. Hanken kolore gorri bizia ohikoa da bi espezieetan, baina beste korbido beltzetatik bereizteko balio du. Ez dago kolore edo tamaina desberdintasun nabarmenik sexuen artean, baina gazteak lumajearen tonu mateagatik eta moko edo hanka beltzaxkengatik bereiz daitezke.

Zertxobait txikiagoa izan ohi da, 38 cm-ko tamaina ingurukoa mokohoria mokogorria baino, baina hain txikia da aldea mendian ezin da hauteman. Ahotsa bereizteko irizpide ona da, baina zaila da transkribatzea. Beharbada esan daiteke mokohoria normalean ez dela hain zaratatsua, bere oihuak laburragoak eta sarkorragoak dira.[1]

Biologia eta ohiturak aldatu

Mokohoria oso lagunkoia da. Normalean kolonia txikietan ugaltzen dira eta ugaldu ostean talde handietan biltzen dira. Gure mendietan, moko gorriekin batera bizi dira, normala da talde mistoa ikustea mendiko larre eta txilardietan zehar jaten eta ibiltzen, oinez erraz mugitzen dira.

Funtsean, lurzoruan harrapatzen dituzten intsektu, barraskilo, bare, zizare eta lurrean aurkitzen dituen beste ornogabeez elikatzen dira. Baia txikiak eta beste basa fruitu batzuk ere jaten dituzte, hala nola elorrienak, ipuruarenak, otsalizarrarenak, ahabiak, marrubiak eta abar, eta mendizaleek atzean utzi ditzaketen janari-hondarrak ere ez dituzte gutxiesten.

Normalean, mendi garaietako harkaitzetan, horma aldapatsuetako zirrikituetan, leize-zulo barruetan eta haitzulo zabaletan egiten du habia, adar, sustrai eta belarrez osatuta.

Errunaldiak egiten apiril edo maiatza inguruan hasten dira. Normalean, 3-5 arrautza zurixka erruten dituzte orban arre eta gris kolorekoekin eta 18-19 eguneko inkubazioaren ondoren txitak jaiotzen dira. Hilabete geroago uzten dute habia.

Korbido batentzat arintasun eta bizkortasun harrigarriarekin egiten du hegan. Beraien akrobaziak eta piruetak, bat-bateko igoerak eta jaitsierak ugaltzen diren amilburuen ertzean, ikusgarriak dira. Benetako maisuak dira toki hauetan sortzen diren goranzko korronteak aprobetxatzen.

Banaketa, habitata eta estatusa aldatu

Mokohoria Paleartikoko erdialdeko eta Mediterraneoko goi-eremuetako espeziea da, Afrikako iparraldetik eta Iberiar penintsulatik Himalaiaraino. Iberian Kantauri mendilerroan eta Pirinioetan zehar hedatzen da.

Euskal Herrian, urak banatzen dituen mendilerroan banatuta dago, Aralarren, Aizkorrin, Durangaldean, Gorbeian eta Salbadan ugaltzen da, Pirinioen eta Kantauri mendilerroaren zubi izango zen populazioa. Apur bat hegoalderago kolonia txiki bat dago Arcena mendilerroan.

Gure mendietako kareharrizko substratua oso ondo datorkio espezie honi, zeinaren egiturak, oso higatuak, habia egiteko eta aterpetzeko behar duen arrail eta amildegi ugarirekin eskaintzen dion erliebe hautsiak. Aldiz, larre ireki edo landa-belardi zabalak izan behar ditu, normalean zoru alpinoan eta subalpinoan aurkitzen direnak, baina gure mendietan maila horietara iristen ez direnetan ere ondo moldatu da, 1000 metroko garaiera inguruan, alpetar pasaia egin dute deforestazioak eta artzaintzak.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomi Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A, 292 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak aldatu

Araozkon kontuak


  Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.