Begum Sumru

Begum Sumru (ca 1753-1836) Indiako 18. eta 19. mendeko politikari eta agintari militarra izan zen, Sardhana printzerriko nagusia. Farzana izena zuen jatorrizkoa, Farzana Zeb un-Nissa "emakumezkoen apaingarri" ohorezko izena jaso zuen Shah Alam II.a enperadorearengandik[1], Begum Sumru, Begum Sombre edo Begum Samru izenekin izan zen ezaguna politikan (Sumru anderea, senarraren Sombre izenetik), eta Joanna Nobilis Sombre edo Joanna Zibalnessa izenak ere erabili zituen kristau katolikoa bihurtu zenetik[2].

Begum Sumru
Portrait of Begam Samru.jpg
governance (en) Itzuli


Sardhana

Bizitza
Jaiotza Meerut (en) Itzuli, 1746
Heriotza Sardhana1836ko urtarrilaren 27a (89/90 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak Urdua
hindia
Jarduerak
Jarduerak politikaria
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa Islama
katolizismoa

BiografiaAldatu

Kaxmirrekoa jatorriz, dantzari gisa trebatu zuten haurra zela, eta amarekin mogol inperioaren Delhi hiriburuan ezarri zen. Dantzari nerabeak garaiko gizon boteretsuen zerbitzari taldeetakoak bihurtzen ziren, sarritan konkubina ere. Lan horretan, 15 urterekin ezagutu zuen senar bihurtuko zena, Walter Reinhardt Sombre mertzenario alemana, zeina Sumru edo Samru izenarekin zen ezaguna. Sumruk parte hartu zuen 18. mendeko Hindustaneko hainbat gerratan, printze eta gerrako jauntxo desberdinen armadak antolatzen[3]. Harem propioa zuen Sumruk, eta hara bildu zen Farzana. Bat gehiago izatetik, influentzia irabazten joan zen azkar.

Ezkondu zelarik Sumrurekin hartu zuen Farzanak Begum Sumru izena, Sumru anderea alegia. Senarrak botere base propioa eraiki zuelarik Sardhana hirian, haren ondoan gero eta partehartze politiko eta militar handiagoa izan zuen andereak[1].

Begum alarguna, Sardhanako nagusiAldatu

Walter Reinhardt hil zenean (1778), haren mertzenarioen armada eta Sardhanako printzerriaren agintea jaso zituen oinordetzan, eta urteroko errenta oso aberatsak ere bai. Begum Sumruk botere basea zabaldu egin zuen Sardhanatik, Uttar Pradesh eskualdeko eremu zabal bat gobernatu arte. Lurraldearen kudeaketa onuragarria egin zuela diote garaiko kronikek[4].

1779an, buruzagi militar berri bat zuelarik bere aginduetara, George Thomas irlandarra (Tipperaryko raja esaten ziotena); Shah Alam mogol enperadorea erreskatatzeko misioan parte hartu zuen Delhin, non Ghulam Qadir usurpatzailea menderatu zuten, enperadorea berriro bere postuan utziz[3].

 
Begum Sumruren gortea Sardhanan.
 
Begum Sumruren hilobi-monumentua, Sardhanako basilikan.

Berrogei urte inguru zituen 1781an, Begum Sumru Joanna Nobilis izenarekin bataiatu zutenean katolizismoan. Indiako agintari katoliko bakarra izan zen Begum Sumru, eta europarren presentzia handia zen arren bere gortean, horrek ez du esan nahi britainair kolonizatzaileen adar bat izan zenik.

Alargundutakoan, ez zen berriro ezkondu, baina harremanak susmatu izan zaizkio, batetik Begum Umdaa Sardhanako Jagirdar aristokraziako anderearekin, eta baita bere armadako ofizial mertzenario europar batzuekin, bereziki Le Vassoult frantziarrarekin eta George Thomasekin. Begum eta La Vassoult intzidente batean nahaspilatu ziren 1793an, ustez ezkontzeko ihes egin zutenean: tropak mutinatu egin ziren horren kontra egon zirelako eta egoera ez argietan Le Vassoult hil egin zen. Begum Sumruk aginteari eutsi zion, ustezko suizidio saio baten ondoren.

Britainiarrekin gerra eta konponketaAldatu

Indiako Maratha agintari militarren aliatua izan zen hurrengo urteetan, britainiarren kontrako gerretan. Assayeko guduan, marathek galera handiak izan zituzten, baina Begum Sumruren indarrek bere aldeari eutsi zioten, eta gudulekutik galera handirik gabe erretiratu ziren[5]. Baina Lord Lake buruzagi britainiarrak Aligarh fortea hartu ondoren, Hindustaneko erdialdearen nagusi bilakatu ziren britainiarrak 1803 urtearen amaieran, eta Sardhanako printzerria ere errenditu zen.

Subirautza nagusia britainarren esku egon arren, printzerriko nagusi izaten jarraitu zuen Begum Sumruk, britainiarrekin ondo konponduz. Zahartzaroan hil zen, eta Sardhanan eraikitako basilika katolikoan dago lurperatua[4].

ErreferentziakAldatu

  1. a b (Ingelesez) «From dancing girl to mighty ruler» The Friday Times 2018-03-09 . Noiz kontsultatua: 2020-06-03.
  2. Smart, Jupitus. (2017-03-25). English: Inscription on the Statue of Begum Samru at the Basilica of Our Lady Of Graces in Sardhana, India. . Noiz kontsultatua: 2020-06-03.
  3. a b Dalrymple, William,. The anarchy : the relentless rise of the East India Company. ISBN 978-1-63557-395-4 PMC 1076511649 . Noiz kontsultatua: 2020-06-02.
  4. a b [http://archive.indianexpress.com/news/a-queens-magnificent-church/996392/0 «A queen�s magnificent church - Indian Express»] archive.indianexpress.com . Noiz kontsultatua: 2020-06-02.
  5. Skinner, James, 1778-1841,. The recollections of Skinner of Skinner's Horse : James Skinner and his "Yellow Boys" irregular cavalry in the Wars of India between the British, Mahratta, Rajput, Mogul, Sikh and Pindarree forces. ISBN 978-1-84677-061-6 PMC 946243658 . Noiz kontsultatua: 2020-06-02.