Ireki menu nagusia

Begoñako Andra Mari Haur Kolonia

Begoñako Andra Mari Haur Kolonia Sukarrietako San Antonio auzoko eraikina da.

Begoñako Andra Mari Haur Kolonia
Pedernales Sukarrieta colonias BBK Bastida.jpg
Eraikin nagusia
Kokapena
Koordenatuak 43° 23′ 16″ N, 2° 41′ 28″ W / 43.38777778°N,2.69111111°W / 43.38777778; -2.69111111Koordenatuak: 43° 23′ 16″ N, 2° 41′ 28″ W / 43.38777778°N,2.69111111°W / 43.38777778; -2.69111111
Historia eta erabilera
Irekiera1925
Arkitektura
Estiloa Euskal estiloko arkitektura

2011ko martxoaren 28an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

DeskribapenaAldatu

Begoñako Andra Mari Haur Kolonia Sukarrietako kanpoaldean dago, Abiñako San Antonio auzoan. Zornotza-Bermeo errepidearen ondoan dago, Gernikako itsasadarraren bokalean, San Antonio hondartzaren alboan. 78.000 m²-ko lurzati bat okupatzen du, Busturia eta Sukarrieta artean, ekialdetik Gernikako itsasadarra bera muga duena, eta mendebaldetik Zornotza-Bermeo trenbidea eta bi herri horiek lotzen dituen errepidea. Koloniara iristeko hiru bide daude: errepide nagusitik, hondartza eta pasealekutik, edo trenbidetik, Sukarrietako tren-geralekua Koloniarekin lotzen duen bidetik.

Kolonia osatzen duten eraikinak zelai eta lorategiz osaturiko berdegune zabalek inguratuta daude. Bukaera aldean pergola bat duen mailadi batek lotzen du Kolonia pasealekuarekin eta hondartzarekin. Pergolaren alboan 38 m-tik gora duen eukalipto handia dago, Sukarrietako Koloniaren ikur bilakatu dena.

Gune fundatzaileko eraikin guztiak (jagolearen etxea, zuzendariaren etxebizitza eta eraikin nagusia) hegoaldera begira daude, horrela bi helburu betetzen baitituzte: ahalik eta argi-ordu gehien aprobetxatzea eta ingurune osasungarri, ongi aireztatua eta argitsua bermatzea, xede sanitario horretan oinarrituta altxatu baitzen.

Ricardo Bastidak proiektatu zuen Koloniaren eraikin nagusia, kaperarekin, Ramon de la Sotarentzat, 1925ean. Helburua arrantzaleen seme-alabei arreta ematea izan zen. Baina helburu hori alde batera utzi, eta Bilboko Udal Aurrezki Kutxari saldu zitzaion eraikina, zuzendariaren etxebizitzarekin eta jagolearen etxearekin batera, bai eta Busturiaren eta Sukarrietaren arteko inguruko lur-sail handia ere. 1925ean, Begoñako Andra Mari Haur Kolonia jarri zen bertan. Oinplano laukizuzena du, luzetara dagoena, eta fatxada nagusia alde handietako batean du, zehazki hegoaldera begira dagoenean. Oinplanoa hiru pabiloik osatzen dute, elkarren artean galeria terrazadunen bitartez lotuak. Laukizuzen honetan kaperaren atala nabarmentzean da, multzoarekiko perpendikularra, iparraldeko fatxadan irteten dena. Erdiko gorputzari atxikia, jatorriz museoa gordetzen zuen tokian, dorrea altxatzen da, zeinak jatorrizko bi pabiloiak eta 1928ko zabalkuntzatik bereizten baititu.

Eraikin osoa hormigoi armatuzko forjatuz egina dago, salbu eta kapera, zurezko egitura baitu. Itxitura-hormak kanpoaldetik paramentu leunez eta bistan dagoen harlangaitzez eginak daude, eta haien eitea bat dator Koloniako gainerako eraikinekin. Pabiloiak lau uretako estaldura batez eta hegalkin komun batez errematatuta daude, hormigoizko armazoi baten gainean eta zenbait teilatutxo perpendikularrez hornituta, zeinek estalkipeko solairuaren aireztapen eta agiztapenerako baoetarako tokia bermatzen baitute. Kaperak bi isuriko teilatua du, oktogonala absidean, barrualdetik igeltsuak estalia, ganga trenkatuaren tankeran. Dorrea, bestalde, estalki piramidal batez amaitzen da.

Eraikinaren kanpoko itxura, bere ezaugarri plastiko eta apaindurazkoei dagokienez, estilo neobaskokoa da, 1920ko hamarkadan eta Ricardo Bastidaren lanean ohikoak ziren parametroen bitartez bikain definitua. Oro har lau bao-erregistro ditu, solairuen banaketarekin bat datozenak. Fatxada nagusian oreka dago zuloaren eta hormaren artean, eta atzeko fatxadan eta alboetakoetan horma nagusitzen da. Baoen eraketa oso aldakorra da: arku eskartzanoak eta puntu erdikoak, batez ere sarbide eta eguteretan; bao karratuak pabiloiak elkartzen dituzten galerietan; ardatz bertikaleko bao laukizuzenak alboko pabiloietan, eta abar.

Kapera eraikin nagusian integratuta dago, eta perpendikularki kokatzen da mendebaldeko hegalaren eta erdiko pabiloiaren artean. Kanpoaldetik, kaperaren oinaldeak eraikinaren atzealdean duen proiekzioa nabaritzen da, absidea eta gela osagarriak begibistan daudelarik, eta burdina forjatuzko kanpai-horma bat ere ikus daiteke higiezinaren fatxada nagusian.

Barrualdean korua du, nabe nagusiaren oinaldean altxatzen dena, eta bertara iristeko lehenengo solairuan du sarbidea. Argiztapena hormetakoa da, alegia, gangako lunetoen artean (lau luneto, nabearen alde bakoitzean) ireki diren puntu erdiko bao zabaletatik sartzen da, beirate beruneztatuez ixten direnak. Eskuinaldeko alboko nabean arku eskartzanodun leiho zabal bat zabaltzen da, beirate beruneztatuarekin baita ere.

Kaperaren aurrean, mendebaldeko hegala eta erdiko pabiloia elkartzen dituen galerian, erdiko atala mendebaldeko hegalarekin lotzen dituen korridorea dago, elizkizunetarako gunearen atari gisa. Haren baoetan hiru beirate beruneztatu txertatu ziren 1960ko hamarkadan, eraikina eraberritu zenean: erdikoa, kaperaren sarrerari aurrez aurre, gai erlijiosoak dituena, eta albokoak, umeen gaiak dituena. Bilboko Vidrieras de Arte SA enpresak diseinatu eta fabrikatu zituen, 1964an.

Atezain edo jagolearen etxeak jatorrizko funtzioari eusten dio; Zornotza-Bermeo errepidetik Kolonian sartzeko bide nagusiaren ondoan dago, zehazki bidearen ezkerreko ertzean, Busturiako udalerriko lurretan.

Oinplano laukizuzena duen eraikina da, 75 m²-ko azalera duena, lurreko maldari egokituta altxatua. Malda hori dela eta, erdisotoa du -fatxada nagusitik ikusten ez dena- behe-solairua, lehen solairua eta ganbara. Zurezko egitura du, harlangaitzezko karga-hormak, eta zurezko armazoian bermatzen den lau isurialdeko estalkia. Estalkia teilatuko hegalean ikus daiteke, fatxaden gaineko hegalkin komun batean.

Gela guztiak bi orriko zurezko leiho atalburudunez hornituta daude eta, horri esker, ez dago aireztapenik gabeko logelarik.

Sarbidea fatxada nagusiaren erdialdean dago. Fatxada horretan bertan hiru mailako eskailera txiki bat dago, eguterara jotzen duena, eta bertatik etxebizitzaren barrualdera sartzen da. Egutera edo arkupe honetan, hormak azulejo txuri eta urdinez xaflaztaturik zeuden garaiera erdiraino, baina gaur egun behealdekoak baino ez dira geratzen.

Zuzendariaren etxebizitza oinalde apur bat laukizuzena duen eraikin exentu batean dago, gutxi gorabehera 110 m² dituena, lursailaren kanpoaldetik Kolonia inguratuz jagolearen etxetik hondartzaraino doan alboko bidetik gertu. Lorategiz inguratuta dago, bereziki garatuak fatxada nagusiaren aurrealdean.

Higiezinaren altxadurak lau solairu ditu: erdisotoa, behe-solairua, lehenengo solairua eta estalkipeko solairua. Solairuen arteko komunikazioa oinalde karratua duen zurezko eskailera baten bitartez egiten da, erdian zuloa duen eta solairuen atzealdean dagoena.

Zurezko egitura du, harlangaitzezko karga-hormak, eta zurezko armazoian bermatzen den lau isurialdeko estalkia, zeina hegalean ikus daitekeen, hegalkin komunean. Estalkian hiru teilatutxo daude, ardatzarekiko perpendikularrak, alegia, bat datozenak fatxada nagusiarekin, alboko eskuinaldekoarekin eta atzealdekoarekin.

Baoak ditu fatxada guztietan, nahiz eta hormak zuloek baino tarte handiagoa hartzen duen, salbu eta fatxada nagusian, zeina alde horretatik orekatuagoa den. Bi sarbide ditu: nagusia hegoaldeko fatxadan, eta alboko sarbide bat ekialdetik, erdisotora zuzenean jotzen duena.

Aurrealdeko lorategiak konposizio simetrikoa du, ardatza gaur egun igerilekura eta jolasgunera jotzen duen pasealekua duela. Malda arin bat duen lur-zerrenda estu bat dago, ekialdetik mendebalderako norantzan, zuzendariaren etxebizitzatik hondartzaren sarbideraino. Lorategi honek balio ordezkagarri berezia du, are eszenografikoa, halako lotura bat egiten duelako Bastidak eraikin nagusiarentzat diseinatu zuen arkitektura-moldearen eta zuzendariaren etxebizitzaren artean. Lorategiko altzariek indartu egiten dute lotura hori, batez ere hura eta hondartzarako eskailerak tokirik hurbilenean mugatzen dituzten hormigoizko hormatxoek.

Lorategia pergola txukun batean amaitzen da ekialdetik, hondartzarako sarbidearen buru gisa. Oinalde makotua duen eraikina da, hormigoi armatuzkoa, bistako adreiluz estalita dauden sekzio koadroko kolometan egituratua. Kolomak 3 m zabal den korredore baten alboetan daude. Kolomen gainean hormigoizko habexka-sare bat dago, zurezko parralen tankera imitatuz.

Atzealdeko lorategia, aldiz, oso bestelakoa da, parterrik gabe. Haren taxuketa bidezidor batean ardazten da, kaperaburutik sigi-saga doana lursailaren iparraldeko mugaraino, alboan apaindurazko floroiak dituzten eskailerak mantentzen direlarik. Bidezidorraren buruan begiratoki bat dago, alde batetik lotuta hondartzarako beheranzko bidearekin, eta, bestetik, multzoko eraikin modernoagoen aldearekin. Atzealdeko lorategi honetan bi ur-biltegi daude, Kolonia urez hornitzeko.

Lorategiok eraikinaren luzakin modukoak dira, hura osatzen duten elementuak, eta, horrenbestez, programa arkitektonikotik ezin bereiztuzkoak.

ErreferentziakAldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa