Befreiungsausschuss Südtirol

Befreiungsausschuss Südtirol edo BAS (Hego Tiroleko Askapenerako Batzordea, euskaraz) Sepp Kerschbaumer, Georg Klotz eta beste tiroldar aktibistek 1957an sortutako erakunde armatu klandestinoa izan zen, Hego Tiroleko autodeterminazio eskubidea eta bere independentzia Italiatik bilatzen zuena, Austriara itzultzeko. XX. mendeko 60ko hamarkadan, bereziki, jardun zuen, Italiako interesen aurkako ekintza bortitzak burutuz (15 polizia eta militar italiar hilez, tartean).

Befreiungsausschuss Südtirol
Datuak
Izen laburraBAS
Motaerakunde armatua eta erakunde terrorista
HerrialdeaItalia
IdeologiaHego Tirolgo nazionalismoa eta Separatismoa
Historia
Sorrera1956
Sortzailea

Testuinguru politikoa aldatu

Hego Tirol hizkuntza eta kultura alemaneko lurraldea da, Tirol austriar eskualdearen zati historikoa. Italiak Lehen Mundu Gerraren amaieran (1918an) anexionatu zuen. Anexionatu ondoren italiar jendearen inmigrazioa azkartu zen, eta kolono berriek lehenengo gune italieradunak sortu zituzten [1].

Benito Mussolini diktadoreak agintea eskuratu zuenean Hego Tiroleko italiazartze prozesua indartu zen, eskoletan alemanierazko hezkuntza debekatuz, toponimia aldatuz eta populazio-mugimenduak erabiliz (kolonoen bidez) lurraldeak bere jatorrizko hizkuntza eta kultura gal zitzan.

Bigarren Mundu Gerraren ostean Italiako errepublika berriak jarreraz aldatu eta nolabaiteko autonomia eman zion eskualdeari. 1946an, Südtiroler Volkspartei alderdi abertzaleak 155.000 sinadura bildu eta Austriako orduko kantzelariari (Leopold Figl) bidali zizkion, Italiaren menpeko Hego Tirola Austriara itzul zedin [2].

1961ean Austriak Hego Tiroleko afera Nazio Batuen Batzar Nagusira eraman zuen, eta urte hartan bertan NBEk Italiako Gobernua De Gasperi-Gruber ituna berraztertzera behartu zuen. Horren ondorioz, 1971ean Italiako Gobernuak, Austriarekin negoziatu ondoren, autonomia oso zabala eman zion Hego Tiroli (baita arlo fiskalean ere, Hego Euskal Herriaren antzekoa [3]).

Historia aldatu

 
Italiar faxismoaren monumentu baten aurkako leherketa Hego Tirolen, 1962an

Südtiroler Volkspartei (SVP) alderdi hego tiroldar abertzalearen pragmatismoaz atsekabetuta, alderdi horretatik aldendutako aktibista batzuek (Sepp Kerschbaumer, Georg Klotz, Jörg Pircher...) borroka armatuaren aldeko hautua egin zuten beren helburu politikoak lortu ahal izateko, 1957an [4]

Erakundearen historia bi etapatan bana daiteke. Lehen fasean, 1957tik 1961era, ekintzaileak helburu sinbolikoetan zentratu ziren, hala nola erregimen faxistaren sinboloetan, gizakien aurkako kalte zuzenak saihesten saiatuz. 1961eko ekainaren 12an, BASek Bozengo (Bolzano, italieraz) industrialdea energia hornitzen duten 37 elektrizitate dorre bonbardatu zituen, kaos handia sortuz. Ekintza beranduago Suaren Gaua (Feuernacht) bezala izendatu zen. Italiak erakundearen kide nagusi ia guztiak harrapatu eta espetxeratu ondoren, bigarren fase bortitzagoa hasi zen.

Atxilotutako abertzale tiroldarren artean Anton Gostner zegoen. Italiako poliziak 1962an atxilotu eta era basatian torturatu zuen, hil arte [5]. Honek mobilizazio eta protesta handiak sortu zituen Hego-Tirolen.

1964an BASek bere lehenengo hilketa egin zuen: Italiako militar bat, Bruneck-en (Brunico, italieraz). Hurrengo urteetan Italiako beste militar, polizia ("karabinieri") eta finantzari batzuk ere erailak izango dira. Garai honetan hego tiroleko aktibistez gain, Austriako eta Alemaniako neonazi gutxi batzuk ere erakunde armatuan sartu ziren. 1967an BASek inoizko atentaturik odoltsuena burutu zuen Italiako patruila bati eraso egin zionean Cima Vallonan (Porzerscahrte, alemanez): lau karabinieri hil ziren eta beste batek zauri larriak jasan zituen.

Hego Tiroleko autonomia sakontzeko negoziazioak aurrera egin ahala, 1960ko hamarkadaren amaieran, BAS ez zen hain aktibo bihurtu eta bere jarduera armatua nabarmen murriztu zen.

Bere historian zehar BAS-ek 361 ekintza bortitz burutu zituen, leherketak eta pertsonen aurkako atentatuen artean. Balantzea: 21 hildako (15 militar eta polizia italiar, 2 zibil eta erakunde armatuaren 4 kide) eta 57 zauritu.

Italiako justiziak 157 pertsona zigortu zituen: 103 hego tiroldar, 40 austriar eta 14 Mendebaldeko Alemaniakoak.

Erreferentziak aldatu

  1. Hego Tirol: Bozengo alkatearen aurreko protesta Naziogintza.eus (2017)
  2. Olgun Akbulut, Elçin Aktoprak Minority Self-Government in Europe and the Middle East: From Theory to Practice
  3. Bell, Bethany (2012ko abenduaren 7a) South Tyrol's identity crisis: Italian, German, Austrian...? BBC News
  4. Zubiria, Pello: https://www.argia.eus/astekaria/docs/2238/pdf/48-49.pdf Hego Tiroleko abertzaleen arbolak eta intxaurrak ARGIA (2010-07-11)
  5. Peter Kienesberger, Alois M. Euler: They called us terrorists. Südtirol-Informations-Zentrum, Vienna 1971, 112 orr. [1]

Kanpo estekak aldatu