Batzaile
Batzailea da webgune automatiko bat, eta horrek maiztasun jakin batez hainbat informazio iturri arakatzen ditu modu automatikoan, sarean argitaraturiko azken berriak jasotzeko; batzaileak modu automatikoan erakutsi eta antolatzen ditu informazio iturri horiek, erakusten baititu iturrien izenburua, paragrafo bat eta lotura bat. Batzailean informazio iturriak etengabe ari dira eguneratzen, modu automatikoan, robot bati esker.
Lehen batzaileak
aldatuInformazio batzaileak sortu ziren laguntzeko nabigatzaileei informazioa kudeatzen. Izan ere, jasotzen dituztenez RSS edo Atom duten informazio iturrien albiste-izenburuak edo testuak, erabiltzaileak ez du zertan bisitatu behar informazio iturri guztiak banan-banan, batzaileak informazio guztia leku bakar batean zentralizatzen duelako.
Denetan erabiliena Bloglines da, doako batzaile bat 2003an sortua eta erabiltzen dena informazio iturriak bilatu, harpidetu, sortu eta partekatzeko. Badira beste batzaile batzuk ere kontuan hartzekoak, hala nola, Google Reader, Feedmania, Google News eta Feedview, besteak beste.
Euskal Herrian
aldatuEuskal Herrian, Bloglines agertu eta bi urte geroago, 2005eko urtarrilean, Eibarko enpresa batek, CodeSyntaxek, Aurki.com berritua aurkeztu zuen, eta orduko haren berritasunik azpimarragarriena Jarioa izan zen, informazio batzaile bat, zeinek jasotzen baitzituen euskarazko blog askoren informazioak.
Izena euskaraz
aldatuLehen aldiz Anjel Lertxundi idazleak izendatu zituen aplikazio horiek (informazio) batzaile. Horrela arrazoitu zuen proposamena, Faroan utzitako erantzun batean: "Hona agregatzaile batek betetzen dituen lanak: aurkitu, jaso, bildu; elkartu; sakabanaturik zeudenak, antolatu eta elkarren ondoan jarri; erantsi… Hiztegian bada horiek guztiak biltzen dituen aditz bat: Batu: aurkitu. Batu: jaso, bildu. Batu: elkartu. Batu: sakabanaturik zeudenak, antolatu eta elkarren ondoan jarri. Batu: erantsi "Batzaile" hitzak, esanahiari dagokionez, primeran ordezka dezake "agregatzaile". Polita den ala ez, estetika gaitzetsi gabe ere, nik uste dut halako hitzek praktikoak eta argiak izan behar dutela. (…) Hor dauzkagu boto-batzailea edo ontto-batzailea bezalako hitzak. Udalakoak astaputz-batzaileak omen dira Azkuek dionez… "Nik egunero begiratzen diot aurki batzaileari". [1]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Lertxundi, Anjel Agregatzaile ala batzaile? url: https://blogak.goiena.eus/faroa/2007/07/17/agregatzaile-ala-batzaile/