Basektomia barrabilak semen-besikularekin komunikatzen dituzten hodi deferenteak moztean datzan teknika kirurgikoa da. Honi esker, barrabiletan sortutako espermatozoideek ezin dute aurrera egin eta horrek, gizonezkoaren antzutasun iraunkorra sortarazten du. Ebakuntza kirurgiko sinple, eraginkor eta segurua da, kasu gehienetan itzulezina.

Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Gizonezkoen organo sexualen funtzionamendua aldatu

Basektomia zer den eta ebakuntzaren ondorioak hobeto ulertzeko gizonezkoen organo sexualen oinarrizko funtzionamendua ezagutzea komenigarria da.

Barrabilak eskroto izeneko azalezko zorro batean bilduta daude. Bertan sexu hormona maskulinoak eta ugalketarako ezinbestekoak diren espermatozoideak sortzen dira.

Barrabilaren gainean kokatuta dagoen zona, txapelaren modukoa, epididimoa da. Honek espermatoziodeen gordailu moduan funtzionatzen du hauek heldutasunera iritsi bitartean.

Hodi deferenteak isurketarako alde bateko nahiz besteko barrabiletik zakileraino espermatozoideak eramaten dituzten tutu fin batzuk dira.

Prostataren funtzioa espermatozoideeei nutrienteak eta konsistentzia ematea da, eta beraz, berak ematen dio semenari bere itxura berezi hori.

Era horretan semena zakiletik uretran barrena kanporatzen da, pixa egiteko erabiltzen den bide bera jarraituz.

Prozedura aldatu

Basektomia egiteko, gizonezkoa ahoz gora etzan, eta nahikoa da zakila eta eskrotoaren zona agerian uztea. Anestesia erabiltzen da, eskrotoan, iztondoan eta inguruko zonetan injektatuz; gaixoa esna egongo da baina ez du inolako minik sentituko.

Bisturiarekin ebaki txiki bat egiten da, medikuak aurrez hodi deferentea ukitu duen zonan. barrabilak bi direnez, hodi deferenteak ere bi dira. Horregatik, bi ebaki egin beharko dira, hodi deferente bakoitzarentzat bana. Hala ere, badira ebaki bakarra egitea nahiago duten kirurgialariak. Ebaki horren bidez hodi deferentea pixka bat kanporantz atera eta ondoren moztu egiten da. Moztutako hodiaren bi muturrak josi egiten dira eta azakenik azala ixten da.

Ebakuntzaren iraupena faktore askoren menpe dago: aukeratutako teknika, kirurgialariak kasu bakoitzean aurkitzen dituen zailtasunak... Horregatik operazioak 10 minututik hasi eta ordubetetik gorako iraupena ere izan dezake.

Ebakuntza bukatu bezain laister, gaixoa ondo sentitzen bada, etxera joatea posible izango du. Operatutako zona eta barrabil-zorroa handitu egiten dira eta egoera honek hamar bat egun irauten ditu. Litekeena da barrabilen inguruan hematoma txiki bat agertzea, baina hau egun batzuen buruan desagertzen da.

Basektomiaren ondoren aldatu

Basektomia egin eta astebetera has daiteke berriro sexu harremanak edukitzen. Hala ere, hodi deferentearen zati sobrantean espermatozoideak gelditzea posible da. Horien erabateko desagerpena 15 isurketaren ondoren kalkulatzen da eta beraz, bien bitartean metodo antisorgailuren bat erabili beharko da.

Klinika eta mediku bakoitzak bere ohiturak izaten ditu, baina ebakuntza egin eta 3 hilabetera semen analisi bat egin ohi da, bertan espermatozoide bakar bat ere ez dagoela ziurtatzen da mikroskopioan. Une horretatik aurrera, ziur egon daiteke gizonezkoa, sexu harremanak seme-alabarik izateko arriskurik gabe edukiko dituela.

Basektomiak ez dio inola eragiten gizonezkoaren bizitza sexualari, ez maiztasun aldetik, ez potentzia aldetik eta ezta intentsitatearen aldetik ere. Kirurgia izan aurretik zituen erekzio edo zutitze bereberak izango ditu eta baita isurketak ere, prostatako eta semen-besikulako jariakinekin osatutako semena isuriz. Desberdintasun bakarra, semen horretan jadanik ez dela espermatozoiderik egongo da. Barrabilek espermatozoideak ekoizten jarraituko dute, baina hodi deferenteak moztuta daudenez, ez dute inolako irtenbiderik, bertan hiltzen dira eta gorputzak berak eliminatzen ditu.

Gizonezkoak eduki dezakeen gogo edo desira sexualari ere ez dio erasaten basektomiak. Hormonak lehen bezala sortzen baitira barrabiletan eta odolera zuzenean pasatzen direnez, ez da inolako aldaketarik gertatuko alde horretatik. Hala ere, esan beharra dago basektomiak ez duela sexu bidez transmititzen diren gaixotasunetatik babesten.

Askotan aipatu izan da basektomiak gerora gaitz batzuekin izan dezakeen harremana, batez ere prostatako minbiziarekin, baina oraingoz ez dago horrelakorik frogatu duen ikerketarik.

Basektomia itzulezina al da? aldatu

Teknikoki, badago hodi deferenteak berriro elkartzeko aukera mikrokirurgiako tekniken bidez. Gaur egun basektomia egin eta gero berriro ere emankor izatea erabakitzen duten hiru gizonetik bik lortzen dute. Aurrez egindako basektomia motak eta iragandako denborak baldintzatzen dituzte arrakasta izateko aukerak, baina oro har, hamar urte pasa ondoren ezinezkoa dela esan daiteke.

Aholkuak aldatu

Basektomia egin ondorengo hurrengo egunetarako zenbait aholku:

  • Etzanda egon ahalik eta gehien hantura gutxitzeko.
  • Izotz poltsa bat erabil daiteke handitutako zonan hantura gutxitzeko.
  • Galtzontzilo estuak erabili, slip modukoak, barrabil-zorro eta zakilari ondo eusten diotenak. Horrek hantura gutxitzen lagunduko du.
  • 24-48 ordu itxaron bainua hartu aurretik.
  • 1-2 eguneko atsedena gomendatzen da eta lanera ez joatea gaixoa ez bada ondo aurkitzen eta zona oso handituta badago. Horregatik, egokiena ostiral batean operatzea izaten da, astelehenean lanera itzultzeko.
  • Astebeteko epean ahalegin gogorrik ez egitea gomendatzen da.

Kanpo estekak aldatu