Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoa

museoa Bartzelonan, Katalunia

Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoa (katalanez: Museu d'Art Contemporani de Barcelona, MACBA), erabiltzen da bertan gaur egungo arte eta praktika kulturalak erakusteko.[1] Raval auzoan dago, Bartzelonan bertan, oso hurbil Bartzelonako Gaur Egungo Kultura Zentrotik. 1995eko azaroaren 28an ireki zen. Kataluniako gobernuak interes nazionaleko museo izendatu zuen.[2] 2015a ezkero Ferran Barenblit-ek zuzentzen du.[3]

Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoa
Map
Kokapena
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Katalunia
Probintzia Bartzelonako probintzia
Eremu funtzionalaBartzelonako metropoli eremua
EskualdeaBarcelonès
Kataluniako udalerriaBartzelona
Alde zaharCiutat Vella
Administrative quarter in BarcelonaEl Raval
Arkitektura
Deskribapena

Historia aldatu

Bartzelonan horrelako museo bat ezartzeko ideia zor zaio Alexandre Cirici-Pellicer idazle eta arte kritikariari,[4] zeinak 1953an Associació d 'Artistes Actuals (1956-1965) sortu eta zuzendu baitzuen. Artista, kritikari eta arte zaleek osatzen dute Associació d' Artistes Actuals, eta New Yorkeko Arte Modernoko Museoaren antzeko proiektu batean oinarritutako bilduma bat sortzen lagundu zuten. Hainbat erakusketa ibiltari egin zituzten, garai hartako artisten lanekin eta urteroko lehiaketekin, hala nola, maiatzeko Aretoa (1956-1969), Bartzelonan. Artea eta bakea erakusketa 1963an egin zen, eta frankismoaren aurkako eduki argia zuenez, Ciriciren ideiaren amaiera ekarri zuen. Ordura arte bildutako bilduma Víctor Balaguer Liburutegi Museoan utzi zen, Villanueva y Geltrún, eta bertan dago ikusgai gaur egun.

Ideia ez zen 1985era arte berreskuratu, orduan Bartzelonako Udala eta Kataluniako Generalitatea partaide ziren partzuergo bat sortu baitzen. Erabaki zen museo berria antzinako Karitatearen Etxean kokatzea. Urte bete geroago, 1986an, Pasqual Maragall orduko Bartzelonako alkateak eraikin berri baten eraikuntza enkargatu zuen, etorkizuneko museoaren egoitza izan zedin. Museoaren egoitza izango zenaren eraikuntza Richard Meier arkitekto estatubatuarrari enkargatu zitzaion.[5]

1987an Gaur Egungo Arte Museoa Fundazioa eratu zen, izaera pribatukoa, eta bi administrazio publikoek osatutako partzuergoarekin bat egin zuen. MACBA 1995eko azaroaren 28an ireki zen.

Arkitektura aldatu

Meierrek eraikin bat sortzeko ardura zaila hartu zuen, zeinak erakutsiko zituen artean arkitektoak ezagutzen ez zituen bere garaiko arte lanak. Museoa Plaça dels Angels eremuan eraikitzeko aukera bat dator Meierren ikuspegiarekin, eraikina kokatzeko Bartzelonako kale eta eraikin zaharrenetako batzuen artean, Raval ibaiaren espazio publikoa berreskuratzeaz gain.

35 milioi dolarreko eraikina burututa, tokiko komunikabideek "perla" deitzen zioten museoari, berau arkitektura zaharreko kale estuen artean baitzegoen, Bartzelonako erdigune gotikotik etxe-sail gutxi batzuetara. Eraikinaren estilo arkitektonikoak modernismoari egiten dio oihartzun. Eraikin zuri handiak (120 bider 35 metrokoa) beirazakoa du hegoaldeko altxaeraren zati handi bat, eta horrek plazaren inguruko bistak eskaintzen dizkio bisitariari, barruko galeriak argiztatzeko argi natural ugari eskainiz. Museoak hiru galeria nagusi ditu, zatitu daitezkeenak, baita beste bost galeria txikiago ere, horietako bat dorre batean dagoela.

Bilduma aldatu

Museoaren bilduma iraunkorra 5.000 artelanek osatua da (museoa ireki zenean, ostera, 1995ean, 1.100 artelan zituen) eta XX. mendearen bigarren erditik aurrerakoa da. Bertan arte modernoaren hiru aldi ordezkatzen dira: lehenak hartzen du 40. hamarralditik 60. hamarraldira; bigarrena doa 60. hamarralditik 70. hamarraldira; hirugarren aldia, berriz, gaur egungo arteak osatua da. Bildumak zentratzen dira 1945etik ondorengo arte katalan eta espainiarrean, nahiz eta bertan agertzen diren nazioarteko zenbait artistaren lanak ere.

2007an MACBA Ikerketa eta Dokumentazio Zentroa sortu zen, zeinak garatzen baitu bildumazaletasunaren alderdi bat, ohiko ondarearen osagarria.

2011n Philippe Méaillek utzi zizkion MACBAri 800 artelan Art & Language artista-talde kontzeptualistarena. 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren inguruan Katalunian sor zitekeen ezegonkortasun politikoaren beldurrez, eraman zuen bilduma Château de Montsoreauko Gaur Egungo Arte Museora

Hezkuntza, argitalpenak, ekitaldiak aldatu

2007ko abenduan, museoak Ikasketa eta Dokumentazio Zentroa ireki zuen. Bestalde, Liburutegiaren Irakurketa Gelak eta Bilduma Berezien Aretoak aukera ematen dio publikoari museoaren liburu, argitalpen bilduma eta artxiboetara doan sartzeko.

Museoak nagusiki bertako erakusketen katalogoak argitaratzen ditu, nahiz eta liburu monografiko eta saiakera kritiko batzuk ere argitaratu dituen. Baditu, halaber, hiru argitalpen digital: “Quaderns portàtils”, “Quaderns d'Àudio”, eta “Sèrie Capella MACBA”.

Museoak eskaintzen ditu hitzaldiak, mintegiak, bisita gidatuak, bideo proiekzioak eta gehiago, jendearentzako hezkuntza aukerak zabaltzeko.

Kokapena aldatu

Museoaren helbidea da Plaça dels Angels 1, Bartzelona. Metro geltokirik hurbilenak dira Catalunya eta Universitat.

Museo nagusiaren aurrean, Aingeruen Komentua dago, berau Erdi Arokoa, plazari izena ematen diona. Bertan kapera bat erakusketa-gune bihurtu da, MACBAren Kapera, eta bertan sarri bideo-arte performantzeak egiten baitira. Museoaren alde honetako sarrera doakoa da.

MACBAren alboan beste museo bat dago gaur egungo artea aterpetzen duena, Centre de Cultura Contenporània de Barcelona (CCCB), eta bertan sar daiteke bai kaletik eta baita barne-patiotik ere.

Museoaren aurreko gunea ezaguna da patinatzaileen artean, munduko kirol “lekurik” esanguratsuenetako bat delako. Kokapenaren 3D eredu bat agertzen da telefono adimendunentzako "skater" jokoan, eta Transworl Skateboarding aldizkariak toki seinalatua eskaini zion 2016an egin zen Go Skategoarding Day patinatzaileen egunean.

Kudeaketa aldatu

MACBA 1988an sortutako partzuergo batek kudeatzen du, erakunde hauek osatua: Kataluniako Generalitatea, Bartzelonako Udala eta Espainiako Kultura Ministerioa. 2015eko martxoan, Bartomeu Marí i Ribasek dimisioa eman zuen museoaren zuzendari gisa, zentsura-liskar baten ondorioz, Ines Doujak austriar artistaren instalazio polemiko batengatik. 2015eko uztailean, Ferran Barenblit izendatu zuten zuzendari.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. (Katalanez) «Missió | MACBA Museu d'Art Contemporani de Barcelona» www.macba.cat (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  2. A Guide to the museums of Catalonia.. (1. ed. argitaraldia) Generalitat de Catalunya, Departament de Cultura 2001 ISBN 84-393-5437-1. PMC 48639478. (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  3. (Katalanez) Ara. (2015-07-24). «Ferran Barenblit, nou director del Macba» Ara.cat (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  4. (Katalanez) «Exposició - Volum! | MACBA Museu d'Art Contemporani de Barcelona» www.macba.cat (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  5. (Gaztelaniaz) Holo, Selma. (2002-04-29). Más allá del Prado. Ediciones AKAL ISBN 978-84-460-1529-1. (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).

Kanpo estekak aldatu