Ireki menu nagusia
USAFeko F-4 Phantom II bonbardari batek 500 lb bonbak botatzen 1990ean.

Bardeako tiro eremua Espainiako Aire Armadaren tiro eremua da, Nafarroako Errege Bardean dagoena. 1951ko ekainaren 9an eratu zen. 2001ean Teruelgo probintziako Caudén zuen eremua eraitsi eta Ciudad Realgo probintziako Anchurasen eremu berria eraikitzeri uko egin ondoren, Espainiako Aire Armadak duen tiro eremu bakarra da. Honek ez ezik, NATOko beste herrialdetako armadak ere erabiltzen dute, urtero 2.000 gauzatze eginez[1].

Guztira 1951ko ekainaren 9an eratutako guneak 2.222 hektarea ditu. Valtierrakoa zen José Daniel Lacallek, orduan Aire-Estatu Nagusiaren bigarren buruzagia eta gero Aire ministroa izango zena, proposatu eta Eduardo González-Gallarzak aire-ministroak ezarri zuen. Lehendabiziko errentamendu-kontratua 25 urterako sinatu zuten, urtero Espainiako Gobernuak Errege Bardeako Batzarrari 20.000 pezeta ordainduz.

Bardea 1999an parke natural eta 2000ean biosfera erreserba bilakatu zenez, Espainiako Defentsa Ministerioak defentsarako interes gune izendatu zuen 2000eko abenduan[2], etorkizunerako desjabetzea prestatuz.

Nafarren protestak etengabeak izan dira eremuaren historian zehar. Urtero ekainaren lehendabiziko astebururo tiro-eremuaren kontrako martxa egiten dute[3] eta Nafarroako Parlamentuak kontratua ez berritzeko eskakizunak egin ditu, azkena 2008ko martxoaren 13an[4]. Hala ere, Espainiako Gobernuak beti eman du ezezkoa eta Defentsa ministroa zen Carme Chacónek 2008ko maiatzean "ezinbestekoa" zela esan ondoren[5], urte hartako abenduaren 22an komunitatearekin kontratua berritu zuen beste hamar urterako, hogei urterako zabal daitekeenak.

ErreferentziakAldatu