Barazkizaletasun
Barazkizaletasuna edo begetarianismoa osasuna eta jakien inguruko bizi-filosofia bat da. Haren oinarri nagusia haragia ez jatean datza; haien hitzetan "begiak dituzten izakiak ez jatea". Begetarianismo barruan kontzepzio eta planteamendu desberdinak ematen dira baina, orokorrean, animaliekiko errespetuan oinarritzen dira. Horren arabera, begetarianoek ez dute animalien erabilera onartzen ez jateko baina ezta ere dibertsio iturri moduan. Dena dela, badira begetariano asko bizimodu hori osasun argudioengatik hartzen dutenak beste konnotaziorik gabe. Beste hainbat kasutan erlijio arauak egon daitezke horren jatorrian. Esaterako, budismoak eta jainismoren aginduetan animaliekiko errespetua ezinbestekoa da. Mendebaldeko gizarteetan begetarianismoa gehiago lotzen da ideologia ekologistekin edo animalien defentsarako ideologiekin.
HistoriaAldatu
Begetarianismoa oso ideia zaharra da. Indian eta Antzinako Grezian aurkitzen dira lehenengo testigantzak.[1] Esaterako Pitagorasen jarraitzaileek dieta begetarianoa jarraitzen zuten; horregatik batzuetan "dieta pitagorikoa" ere deitu izan zaio[2].
Erromatar garaietatik XIX. mende arte ideologia hau desagertu zen, batez ere haragiaren kontsumoa oso mugatua zelako batez ere herri xehe artean. Begetariano kontzeptua 1842an erabili zen lehenengo aldiz; urte horretan, irailaren 30an, Manchesterren, Vegetarian Society sortu zen, munduan ezagutzen den lehenengo elkarte begetarianoa. 1906an horrelako elkarteak koordinatu ziren International Vegetarian Union (IVU) sortuz[3].
XX. mendean naturismoak, higienismoak eta anarkismoak begetarianismoa bultzatu zuten.
Barazkizaletasun barruko joerakAldatu
Begetarianismoaren barruan joera asko daude. Hona hemen joera nagusien ezaugarri dietetikoak:
- Esne-begetarianismoa: Haragia edo arrautzak ez dituzte jaten baina bai esnekiak. Esnekien artean gaztak eta mamiak daude baina produktu horiek askotan animalien gatzagiz egiten dira eta horiek ez dituzte jaten. Historikoki Pitagorasen jarraitzaileek horrelako dieta eramaten zuten.
- Arrautza-esne-begetarianismoa: Hauek arrautzak eta esnekiak jaten dituzte baina ez animaliak. Gure artean nahiko ohikoa da horrelako dieta baina barazkizale askorentzat ez da benean begetarianoa.
- Arrautza-begetarianismoa: Hauek arrautzak onartzen dituzte.
- Api-begetarianismoa: Hauek dietan eztia sartzen dute. Aurreko guztiek ere eztia onartu dezakete; kasu horretan "api" aurrizkia gehitzen zaie.
- Erabateko begetarianismoa: hauek ez dituzte ez arrautzak ezta ere esnekiak edo eztia onartzen.
- Beganismoa ("vegan" hitzatik, ingelesez "barazkizale"). Erabateko begetarianismoarekin bat egiten dute baina gainera ez dute animalietatik ateratako inongo produkturik eguneroko bizitzan, ez arropetan, ezta ere etxeko altzarietan edo edozein erabileretan. Haien ustez erabilera horiek guztiak animalien esplotazioaz baliatzen dira. Beganismo zale batzuek barazki gordinik bakarrik jaten dituzte.
- Gordinzaletasuna: Tendentzia honen jarraitzaileek bakarrik gordinik edo zertxobait berotuta dauden barazkiak jaten dituzte. Haien ustez barazkiak egosteak haien propietateak galtzea dakar, bereziki entzimak. Batzuen ustez zertxobait berotu daitezke, entzimen asimilazioa gorputzean hobetzeko baina inoiz 46° gorago. Ideia berarekin bestetzuk uretan sartzen dituzte jan baino lehen.
Dietaren izena | Animaliak | Arrautza | Esnekiak | Eztia |
---|---|---|---|---|
Arrautza-esne-begetarianismo | Bai | Bai | Bai | |
Esne-begetarianismo | Ez | Bai | Bai | |
Arrautza-begetarianismo | Bai | Ez | Bai | |
Beganismo | Ez | Ez | Ez |
Zergatik barazkizale izan?Aldatu
Osasuna | 32% |
Haragian hormonak eta gehigarriak daudelako | 15% |
Haragiaren zaporea gustukoa ez delako | 13% |
Animaliekiko maitasuna | 11% |
Animalien eskubideak | 10% |
Erlijioak sortutako kezka | 6% |
Lurraren inguruko kezka | 4% |
Pisua galtzeko | 3% |
Munduan gosea gutxitzeko | 1% |
Asko izan daitezke barazkizaleak izateko arrazoiak. Batzuk, osasuna dela eta, nahiago dute haragirik ez jan. Argudio honen jatorria batetik haragiak duen kutsaduran egon daiteke: ezaguna da ekoizpena handitzeko mota askotako botikak eta hormonak erabiltzen direla. Produktu horiek, haragiaren bitartez, giza-gorputzetara igarotzen dira. Honekin lotuta, esaterako, behi eroen gaitza dugu baina maila horietara heldu gabe garbi dago gehiegizko animalien koipea jatea osasuntsua ez dela. Beste pertsonek argudio ekologistak defenditzen dituzte: Lurrak ezin du jasan egungo populazioa eta guztiak haragiaz elikatu. Animaliak handitzeko energia eta elikagaien beharrak handiak dira. Badira ere argudio etikoak, bereziki animaliekiko errespetua. Azkenik, zenbait erlijiok haragiaren kontsumoa debekatzen dute; horien artean jainismoa izan daiteke muturrekoena: jainistek ez dute ezta intsektu bat hil.
Barazkizaletasunarekin lotutako beste tendentziakAldatu
- Makrobiotika: Dieta makrobiotikoek, nahiz eta begetariano ospe izan, haragia ez dute debekatzen. Berez. makrobiotika pentsamendu mota bat da eta horren arabera pertsonak jaten duenaren inguruko hausnarketa egin behar du. Ondoren, lortu nahi dituen emaitzen arabera, jaki batzuk hobetsi egingo ditu eta beste batzuk baztertu.
- Frugibismoa: Arthur Merrheim, lehen gizakien ustezko elikaduran oinarrituz, fruituak bakarrik jatearen aldekoa zen. Merreheimen ustez lehen gizakiek hori jaten zuten bakarrik, zerealak eta barazkiak ezagutzen ez zituztelako. Fruitujale batzuk landaretatik eroritako produktuak ere jaten dituzte, esaterako tomateak, kalabazak... Lur azpian hazitakoak, aldiz, patatak eta abar, ez dituzte onartzen.
- Biodinamikoak edo Rudolf Steinerren jarraitzaileak: Steinerrek lurraren kalitateari garrantzi handia ematen zion eta hori bultzatzeko biodinamika sortu zuen. Lurrak, egiten diren uzten poderioz, elikagaiak galtzen ditu eta horiek berreskuratzea beharrezkoa da, bestela jaten dugunaren propietateak gero eta kaskarragoak izango dira.
- Sasibegetarianoak: Haragi gutxiago jaten duten pertsonak dira, nahiz eta ideologikoki horrelako betebeharrik ez sentitu. Hemen koka ditzakegu, adibidez, mediterranear dietaren jarraitzaileak.
ErreferentziakAldatu
- ↑ Spencer, Colin. The Heretic's Feast: A History of Vegetarianism. Fourth Estate Classic House, 33–68, 69–84.
- ↑ http://www.animalrightshistory.org/animal-rights-antiquity-bce/pythagoras/abstinence-from-animal-food.htm
- ↑ http://www.ivu.org/
- ↑ Inkesta Time/CNN: «Reasons for choosing a vegetarian lifestyle»: ‘razones para eligir un estilo de vida vegetariano’ (Time.com).
BibliografiaAldatu
- Karmen Sobejano: Sukaldaritza begetarianoa etxean erraz prestatzeko. Andoain: Berria, 2007. ISBN: 978-84-934179-7-0
- (Gaztelaniaz) Frances Moore Lappé: La dieta ecológica. Bartzelona: Integral, 1997. ISBN: 9-788479-012748.
- (Gaztelaniaz) Vic Sussman: La alternativa vegetariana. Bartzelona: Integral, 1993. ISBN: 9-788479-010645.
Ikus, gaineraAldatu
Kanpo estekakAldatu
- (Ingelesez) http://www.ivu.org/ International Vegetarian Union.
- (Ingelesez) http://www.vegetarianismo.net/nutricion/ada.htm American Dietetic Association.
- (Ingelesez) http://www.euroveg.eu/ European Vegetarian Union.
- http://www.bizkaie.biz/old/index.php?sec=9&id=1789&ed=94&desa=1 Bizkaie aldizkariaren artikulua.