Bandera faltsuko operazio

Bandera faltsuko operazioak gobernuek, korporazioek eta beste erakunde batzuek egindako ezkutuko operazioak dira, beste erakunde batzuek egingo balituzte bezala agertzeko diseinatuak. Konspirazioaren teorien aldekoek askotan erabiltzen dute terminoa isilpeko operazioak deskribatzeko.[1]

Douglas A-26 C Invader estatubatuar hegazkina 1961eko apirilean Kubako Aire Armadaren kolorez margotu zuten Cochinos badiako inbasioan parte hartzeko.

Historian zehar hainbatetan erabili izan den bandera faltsuko operazioa, gaztaka politiko-militar bateko momentu zehatz batean programatu eta burutzen den operazio mediatikoa da.[2]

Izena kolore faltsuak jasotzearen kontzeptu militarretik dator; hau da, norberarena ez den beste herrialde bateko banderatik. Eraso terroristak, batzuetan, bandera faltsuko operazioak izaten dira. Adibidez, Italiako tentsio-estrategia kasu (Europa mailan, Gladio operazioaren barruan kokatu zena), 1970eko hamarkadan ezker muturreko erakundeei, anarkistei eta komunistei leherketa batzuk egotzi zitzaizkien,[3] eta, egitaz, eskuin muturreko erakundeek egin zituzten, Italiako zerbitzu sekretuekin lankidetzan, mugimendu sozialak gaitzesteko eta errepresioa justifikatzeko.

Espioitza arloan, askotan erabiltzen dituzte bandera faltsuko teknikak, espioitzarako agenteak biltzeko edo dokumentu sentikorrak lapurtzeko. Hauek gobernu lagunentzat edo gobernu propioarentzat lan egiten dutela sinetsita daude.

Itsas gerretan, praktika hau onargarritzat jotzen dute, borroka aurretik bandera faltsu erriatu eta bandera nazional egokia altxatzen baldin bada. Gurutzaontziek horrela jardun zuten bi Mundu Gerretan. Britainiar q-boatak nabarmenak izan ziren teknika hau erabiltzean. Alemaniak itsaspekoak erabili zituen erantzun gisa. Adibide nabarmenenean, 1941ean Kormoran gurutze-ontzi laguntzaile alemaniarrak HMAS Sydney gurutze-ontzi laguntzailea ezustean harrapatu eta hondoratu zuen, Australiako gerraontzi batean inoizko bizi galera handiena eraginez.[4]

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Usckinski, Joseph. (2018/10/27). «Five things to know about ‘false flag’ conspiracy theories» The Washington Post.
  2. Trebiño, Ibai. (2015/02/12). «Laugarren belaunaldiko gerra (II): Kramatorsk-eko sarraskia eta Poroxenkoren bake faltsua» Argia CC-BY-SA lizentzia.
  3. (Gaztelaniaz) Albiac, Gabriel. (2002/07/11). «Valpreda muere» El Mundo.
  4. (Ingelesez) ABC TV. (2004-9-19). Searching for HMAS Sydney. .

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu