Bakartxo Tejeria

Eusko Legebiltzarreko mahaiburua

Miren Bakartxo Tejeria Otermin (Larraul, Gipuzkoa, 1971ko martxoaren 28a) gipuzkoar abokatu eta politikari jeltzalea da. Zuzenbidean lizentziatua; politikan sartu aurretik abokatu eta bake-epaile gisa egin zuen lan. Gaztetatik sartu zen politikan, aurrena Villabonako zinegotzi gisa, eta gerora bertako alkatea izatera iritsi zen. 2001 urteaz geroztik EAJko eusko legebiltzarkidea izan da, eta 2012az geroztik Eusko Legebiltzarreko lehendakaria da.

Bakartxo Tejeria

(2019)

Diputatua Eusko Legebiltzarrean

2024ko maiatzaren 14a -
Barrutia: Gipuzkoa
Hautetsia: 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Diputatua Eusko Legebiltzarrean

2020ko abuztuaren 3a - 2024ko maiatzaren 14a
Barrutia: Gipuzkoa
Hautetsia: 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Diputatua Eusko Legebiltzarrean

2016ko urriaren 21a - 2020ko abuztuaren 3a
Barrutia: Gipuzkoa
Hautetsia: 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

7. Eusko Legebiltzarreko mahaiburu

2012ko azaroaren 20a -
Arantza Quiroga Cia

Diputatua Eusko Legebiltzarrean

2012ko azaroaren 20a - 2016ko urriaren 21a
Barrutia: Gipuzkoa
Hautetsia: 2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Diputatua Eusko Legebiltzarrean

2009ko apirilaren 3a - 2012ko azaroaren 19a
Barrutia: Gipuzkoa
Hautetsia: 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Diputatua Eusko Legebiltzarrean

2005eko maiatzaren 16a - 2009ko urtarrilaren 6a
Barrutia: Gipuzkoa
Hautetsia: 2005eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Villabona-Amasako alkate

2003ko ekainaren 14a - 2007ko ekainaren 16a
Maixabel Arrieta - Maixabel Arrieta
Hautetsia: 2003ko Espainiako udal hauteskundeak

Diputatua Eusko Legebiltzarrean

2001eko ekainaren 8a - 2005eko otsailaren 22a
Barrutia: Gipuzkoa
Hautetsia: 2001eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Villabona-Amasako zinegotzi

1999ko uztailaren 4a - 2011ko ekainaren 11
Hautetsia: 1999ko Espainiako udal hauteskundeak
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMiren Bakartxo Tejeria Otermin
JaiotzaDonostia1971ko martxoaren 28a (53 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
BizilekuaDonostia
Familia
Ezkontidea(k)Joanes Labaien  (2001 -
Familia
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
(1989 - 1994) Zuzenbidean lizentziatua
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, abokatua eta bake-epailea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

2012ko azaroaren 20an izendatu zuten lehen aldiz Eusko Legebiltzarreko lehendakari, X. legealdian. Kargua berritu zuen 2016ko urriaren 21ean XI. legealdirako, 2020ko abuztuaren 3an XII. legealdirako, eta 2024ko maiatzaren 24ean XIII. legealdirako. Eusko Legebiltzarreko lehendakari postura iritsitako hirugarren emakumea da, baita karguan lau legealdiz jardun duen lehen pertsona ere. 2020ko eta 2024ko hauteskundeetan EAJren Gipuzkoako zerrendaburua izan zen.[1]

Lehen urteak

aldatu

Familia jeltzale batean jaioa, bere aitona eta aita Larraulgo Larrola baserrian bizi ziren. Herri txikia izanik auzolanean lan egin izan da, eta bertako alkate izan ziren bere aitona Lazaro, baita aita, osaba eta neba ere.[2][3] Bakartxoren gurasoak Lazaro Tejeria Amonarriz larrauldarra eta Joxepa Otermin Saralegi nafarra dira.[4] Bikoteak beste bi alaba eta seme bat izan zituen.[5]

Bere bizitzako lehen urtea Larraulen igaro bazuen ere, Bakartxo Villabonan hezi eta hazi zen. Bertako ikastolan ikasi zuen. Ikastolan abesbatzako kidea izan zen, eta zenbaitetan bakarlari gisa ere aritu zen. Txikitan Villabonako Oinkari dantza taldeko kidea ere izan zen, 3 urte zituenetik 11 bete arte.[6]

Tolosako Orixe institutuan egin zituen UBI eta Batxilergoa.[7] Zenbait uda Irlandan igaro zituen, ingelesa ikasteko.[6] Bere ikasketa guztiak zientzietara zuzendu bazituen ere, azkenean Zuzenbidea ikastea erabaki zuen Euskal Herriko Unibertsitatean.[8] Ikasketa horiek euskaraz egin zituen lehenengotariko belaunaldia izan zen, eta harekin batera ikasi zuten Eneko Goiak eta Joanes Labaienek (gerora bere senarra izango zena). Unibertsitateko garaietan Eneko Goiarekin batera ibili zen Lurgorri Ikasle Elkartean, eta egun bere lagun onenetarikoa da.

Lizentziatu berritan Donostiako bulego batean egin zituen praktikak, eta ondoren Tolosako Uzturre abokatu-bulegoan hasi zen lanean, EAJko eta EAko lau kiderekin batera.[9] Lan horretan zenbait eraso jasan zituen; lankideetako bati (Pilar Zubiarrain) baserria erre zioten eta bulegoan pintaketa batzuez gain lehergailu txiki bat ere jarri zieten.[10][11] 1997an Villabonako bake epaile titular postua eskuratu zuen, eta abokatu lanarekin uztartu zuen bi urtez, 1999an politikan sartu eta bateraezintasunengatik kargua utzi zuen arte.

Hastapenak politikan

aldatu

Zuzenbidea ikasten ari zela hasi zen politikan, Xabi Zabala alderdikideak eskatuta Villabonako udalerako zerrenda osatu zuen, jende gaztea behar zela eta.[12] Pixkanaka hautagaitzan gora egin zuen, eta 1999an EAJko kide egin zen.[13] 1999ko hauteskundeen ondoren zinegotzi bilakatu zen, 28 urte zituela.[14] Zinegotzi postuak zekartzan bateraezintasunak zirela eta bake epaile kargua utzi behar izan zuen. Villabonako udalean jarraitu zuen 2011ra arte, 2003 eta 2007 bitartean alkate gisa. EAJren Villabonako Uri Buru Batzarreko kide izandakoa da.

Villabonako alkatea (2003-2007)

aldatu

2003ko udal hauteskundeak EAJ-EA koalizioak irabazi zituen Villabonan, Bakartxo Tejeria zerrendaburu zela. Hauteskunde horietan ezker abertzalea legez kanpo zegoen, eta aurreko alkatea, Maixabel Arrieta, ezin izan zen aurkeztu. Era horretan alderdi guztiek zegozkienak baino zinegotzi gehiago zeuzkaten, baliogabeko botoak kontuan hartuz. EAJ-EAren kasuan 10 zinegotzi lortu zituzten, zegozkienak baino 2 gehiago. Hala ere, EAJ-EA koalizioak gehiengo absolutua eskuratu zuen, baita 2 zinegotzi gutxiagorekin ere, udal bilkura 13 zinegotzik osatzen baitzuten.

Legealdian zehar tentsio handia bizi izan zen, egoera politikoak baldintzatua. Legealdi hasieran ez zioten Maixabel Arrietaren (Euskal Herritarrok) eskutik jaso beharreko aginte-makila pasa. 2004ko udan erraustegiaren aurkako talde bat udal bilkurara sartu zen eta protesta gisa bertan itxi zituzten zinegotzi guztiak, gaueko bederatziak arte irtetea galaraziz, Bakartxo iraintzen zuten bitartean.[15]

Bere agintaldian, besteak beste, 700 etxebizitza berri eraiki ziren (ia erdia babes ofizialekoak), industrialde berri bat eraiki zen eta alde zaharreko paper-fabrika lekualdatu zen, bertan frontoi estalia, udalarentzako bi lokal eta etxeak eraikiz.[8]

2007ko udal hauteskundeetan ANVk sei zinegotzi eskuratu zituen, eta EAJ atzean geratu zen 5 zinegotzirekin. Era horretan Maixabel Arrietak alkatetza berreskuratu zuen, eta Bakartxo Tejeriaren eskutik jaso zuen alkatearen aginte-makila. Tejeriak oposizioan lanean jarraitu zuen. Arrieta alkatearen aurka zentsura mozio bat aurkeztu zuen EAJk, baina ez zen aurrera atera. 2011ko hauteskundeen ondoren zinegotzi izateari utzi zion Tejeriak.

Eusko legebiltzarkidea (2001-2012)

aldatu

2001eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundetan legebiltzarkide hautatua izan zen Gipuzkoako zerrendatik. Ordutik sei legealdiz jardun du Eusko Abertzaleak taldeko legebiltzarkide gisa, azken hirurak legebiltzarreko lehendakari lanetan.

VII. legealdia (2001-2005)

aldatu

2001eko maiatzaren 13ko hauteskundeetan EAJ-EA koalizioaren Gipuzkoako zerrendan 11. postuan aurkeztu zen, eta legebiltzarkide hautatua izan zen, koalizioa lehen indarra izan baitzen eta 12 jarleku eskuratu baitzituen. Bere lehen legealdian batzorde hauetako kide izan zenː Industria, Merkataritza eta Turismo Batzordea; EITBren Legebiltzar Kontrolerako Batzordea (bi batzorde horietan 2001eko urriaren 16an Eider Mendozak ordezkatu zuen arte); Lurralde Antolamendu, Garraio eta Ingurumen Batzordea eta Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordea (azken bi horietan 2002ko otsailaren 12an Edurne Egañak eta Eider Mendozak ordezkatu zuten arte, hurrenez hurren). Horietaz gaian Nekazaritza eta Arrantza Batzordean ere aritu zen 2002ko otsailaren 12az geroztik (Nerea Antia ordezkatuz).

Legealdi osoan zehar Lan eta Gizarte Gaietarako Batzordeko eta Erakunde eta Herrizaingo Batzordeko kidea izan zen. Hala nola, Emakume eta Gazteria Batzordeko lehendakariordea izan zen, paper garrantzitsua izan zuen beraz 2005eko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen garapenean.

VIII. legealdia (2005-2009)

aldatu

2005eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ-EA koalizioaren Gipuzkoako zerrendan hirugarren postuan joan zen (Joseba Egibar eta Unai Ziarretaren atzetik, EAJri esleitutako postuetan bigarrena), beraz legebiltzarkide kargua berritu zuen, koalizioa lehen indarra izan baitzen berriz, 10 jarlekurekin.

 
Bakartxo Tejeria hauteskunde ekitaldi batean, 2012an

Legealdi honetan zehar Lan eta Gizarte Gaietarako Batzordeko zein Erakunde eta Herrizaingo Batzordeko kide izaten jarraitu zuen. Horretaz gain Nekazaritza eta Arrantza Batzordeko idazkari izendatu zuten, eta Osasun Batzordeko kidea ere izan zen. Lan eta Gizarte Gaietarako Batzordeko kide izanik 2008ko Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen arduradunetako bat izan zen.

2008an EAJren Gipuzko Buru Batzarra berritu zen, eta Tejeria bertako kide izendatu zuten. Postu horretan Donostialdeko uri batzarren koordinazioaz arduratu zen. 2012an GBB berritzerakoan berriz hautatu zuten, baina alderdiak ezarritako bateraezintasunengatik kargua utzi zuen legebiltzarreko lehendakari izendatu zutenean.[16][14]

IX. legealdia (2009-2012)

aldatu

2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ eta EA bananduta aurkeztu ziren, hortaz Bakartxo EAJren Gipuzkoako zerrendako bigarren postuan aurkeztu zen. EAJk irabazi zituen hauteskundeak bai Gipuzkoan (10 jarleku) bai Araban eta Bizkaian, baina PSE-EE eta PPren arteko itunak Jaurlaritzatik kanpo utzi zuen.

Aurreko legealdietako ildoa jarraituz Osasun eta Kontsumo Batzordeko; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Batzordeko eta Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordeko kidea izan zen. Lehen aldiz Erregelamendu eta Gobernu Batzordeko kidea ere izan zen. Legealdi honetan, gainera, Eusko Abertzaleak taldearen koordinazioaz arduratu zen 6 legebiltzarkideetako bat izan zen. Oihartzuna izan zuen, halaber, 2010ean Patxi Lopez lehendakariarekin legebiltzarrean izan zuen eztabaidak.[14]

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria (2012-)

aldatu
 
Eusko Legebiltzarraren eraketa, 2012an

2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJren Euzkadi Buru Batzarrak Bakartxo Tejeria proposatu zuen legebiltzarreko mahaiburu izateko hautagai, eta alderdikideek oniritzia eman zioten. Zenbaitek proposamenaren atzean karguan GBBko presidente Joseba Egibarren ildoko norbait jartzeko ituna ikusi zuten, EAJren baitako bi sektoreen zein Bizkaia eta Gipuzkoako zuzendaritzen akordioaren emaitza.[17]

Horren aurrean, Bakartxo Tejeriak ez du ezkutatzen Joseba Egibar ideologikoki gertukoa izateaz gain laguna ere baduela, eta hark jakinarazi ziola hautagaitzarako bere izena dantzan zebilela. Hala ere bere hautagaitzaren atzean zer nolako negoziaketa egon zen ez duela ezagutzen eman du aditzeraː "Exekutibetan gertatzen direnak bertan geratzen dira. Nik ez dut inoiz arazorik izan ez batzuekin ez besteekin eta alderdiaren buru batzarrak proposatutako nire hautagaitza, batzokietan berretsi zen. Ez dut sekula, inondik, ezer txarrik sumatu.", adierazi zuen.[2]

X. legealdia (2012-2016)

aldatu

Hauteskundeen ondoren PSE-EE eta PP-k gehiengoa galdu zuten, eta EAJ-k 27 legebiltzarkiderekin irabazi zuen. 2012ko azaroaren 20ko eratze-bilkuran bigarren bozketan eskuratu zuen kargua, aurkeztutako hautagai bakarra izan arren bere alderdiko 27 botoak baino ez baitzituen eskuratu.

XI. legealdia (2016-2020)

aldatu
 
2016an legebiltzarreko lehendakari kargua berritu zuen

2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan bere alderdiaren hautagai izaten jarraitu zuen legebiltzarreko lehendakaritzarako, Gipuzkoako zerrendan bigarren postuan joanaz. 2016ko abuztuaren 25ean Luka eta Ander bikiak erditu zituen, beraz ez zuen hautagaitzaren aurkezpenean parte hartu, baina hitza hartu zuen kanpainan aurrerago egindako ekitaldi batzuetan.[18][19] 2016ko urriaren 21ean egindako eratze-bilkuran legebiltzarreko mahaiburu kargua berritu zuen, berriz ere bigarren bozketan, baina EAJren 28 botoez gain PSE-EEren 7 boto ere eskuratu zituen oraingoan (37 guztira).[20][21][22]

2020ko urtarrilaren 13an EAJren Euzkadi Buru Batzarrak urte bukaeran egitekoak ziren hauteskundeetarako Legebiltzarreko lehendakarigai gisa proposatzea adostu zuen, eta Tejeriak onartu egin zuen.[23] Hala ere, hauteskundeak apirilaren 5era aurreratu ziren eta honenbestez Eusko Legebiltzarra otsailaren 11n desegin zen. Otsailaren 24an EAJren Aberri Batzarrak apirilaren 5eko hauteskundeetarako zerrendak onartu zituen, Tejeria legebiltzarrerako lehendakarigai gisa baieztatuz eta Gipuzkoako zerrendaburu izendatuz.[24]

XII. legealdia (2020-2024)

aldatu

2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJren Gipuzkoako zerrendaburua izan zen, baita legebiltzarreko lehendakari izateko EAJren hautagaia ere.[24] EAJren garaipenaren ondoren, abuztuaren 3ko eratze-bilkuran hirugarrenez berritu zuen kargua. Amaia Martinez legebiltzarkidearekin lehiatu zen, eta lehen bozketan hautatu zuten EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosen arteko akordioaren ondorioz, aldeko 41 botorekin.[25][26] Era horretan, Tejeria legebiltzarreko lehendakari postuan hiru legealdiz jardun duen lehen pertsona da.

XIII. legealdia (2024-)

aldatu

2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ere legebiltzarreko lehendakarigai izateko proposatu zuen EAJk, laugarren aldiz.[27][28] 2024ko maiatzaren 14ean egindako eratze-bilkuran berea izan legebiltzarreko lehendakari izateko hautagaitza bakarra, eta aldeko 39 boto jaso zituen (EAJ eta PSE-EE). Beraz, XIII. legealdian ere legebiltzarreko lehendakaria da, eta kargu horretan legealdi gehien egin dituen pertsona izaten jarraitzen du.[29] XIII. legealdian, gainera, legebiltzarkide beteranoena ere bada.[30]

Ideologia

aldatu
 
2020ko hauteskunde kanpainan

EAJko sektore soberanistenarekin identifikatu dute zenbait komunikabidek, ideologikoki Joseba Egibarren gertukoa dela adierazita.[17] 2012an, legebiltzarreko buru izendatu ondorengo hitzaldian zazpi herrialdez osatutako Euskal Herriari keinua egin zionː "Euskal Herriaren parte hau (lau euskal herritarretatik hiru) ordezkatzen duen Ganbera honek gehiengoz hartzen dituen erabakiak bete daitezela begiratuko dut", adierazi zuen.[31] Era berean, Lauaxetari eta Mixel Labéguerieri erreferentzia egin zien.[32]

Euskal Autonomia Erkidegorako estatus juridiko politiko berri baten aldeko defentsa egin du, muga bakar gisa "euskal herritarron borondate libre eta demokratikoa" izanik.[33][34] 2016ko hauteskunde ekitaldi batean adierazi zuenː “Herri hau adinez nagusia da, eta bere etorkizunaren jabe izan nahi du; Euskadiren aitortza juridiko-politikoa lortu behar dugu nazio gisa”. Haren ustez “hemen bizi garenok eskubidea dugu libre eta demokratikoki gure etorkizuna erabakitzeko" eta "eskubidea da, gure eskubidea, guztiona, abertzaleona eta abertzale ez direnena”.[35] Ildo horretan, Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformari babesa erakutsi dio eta hark antolatutako zenbait ekimenetan parte hartu du. 2018ko ekainaren 10eko giza katean parte hartu zuen, Legebiltzarrean bertan amaitu zena.[36][37] 2018ko azaroan zenbait herritan, tartean Donostian, egindako kontsultak babestu zituen eta botoa eman zuen.[38]

Kataluniako prozesu independentistaren harira, Kataluniaren erabakitzeko eskubidea babestu du, elkarrizketaren alde egin du eta politikaren judizializazioa gaitzetsi du.[39][40] Bereziki Carme Forcadelli (Kataluniako Parlamentuko lehendakaria, 2015-2017) erakutsi izan dio babesa, eta haren espetxeratzearen aurkako Free Forcadell manifestua sinatu zuen.[41][42] 2019an, buruzagi independentistei egindako epaiketaren ondoren epaiaren aurkako manifestazioan parte hartu zuen Donostian.[43] Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko lehendakariarekin bildu zen 2019an, eta Agirre lehendakariaren "Beti Kataluniarekin" hitzak gogora ekarriz, Kataluniako mugimendu abertzaleari babes osoa adierazi zion.[44]

Bere burua euskal herritartzat soilik du.[45] Legebiltzarreko jardunean ia beti euskara da erabiltzen duen hizkuntza (2022ko datuen arabera, osoko bilkuretan %97,1ean erabiltzen du euskara, eta kontrol-saioetan %100ean).[46][47][48] Zezenketen aurka dago.[49]

Bizitza pertsonala

aldatu
 
2016ko hauteskunde kanpainan paper mugatua izan zuen, bikiak izan berria zelako

2001eko udan Joanes Labaien abokatuarekin ezkondu zen, eta ordutik Donostian bizi da.[50] Bien arteko harremana unibertsitatean hasi zen, batera ikasi baitzuten. Joanes Ramon Labaien Donostiako alkate eta kultura sailburu zenaren semea da.[51] Bikoteak lau seme-alaba dituː Libe (2005), Maddi (2009), Luka eta Ander. Bi semeak bikiak dira eta 2016ko abuztuan jaio ziren Gasteizen.[52]

Bizitza pribatua eta intimitatea zaindu ohi ditu.[7] Goi kargu instituzionala eta familia ugariko ama izanik, lana eta familia bateragarri egiteko zailtasunak dituela aitortu du.[53] Haren zaletasunen artean irakurketa, igeriketa eta moda daude. RACVNko (Real Automóvil Club Vasco Navarro) kidea da.[54]

Hauteskundeak

aldatu
Bakartxo Tejeriak lehiatutako hauteskundeak
Hauteskundeak Hautagaitza Barrutia Postua Emaitza
1999ko udal hauteskundeak EAJ Villabona-Amasa 2.a (13tik) Hautetsia
2001eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAJ-EA Gipuzkoa 11.a (25etik)[a] Hautetsia
2003ko udal hauteskundeak EAJ-EA Villabona-Amasa 1.a (13tik) Hautetsia
2005eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAJ-EA Gipuzkoa 3.a (25etik)[b] Hautetsia
2007ko udal hauteskundeak EAJ Villabona-Amasa 1.a (13tik) Hautetsia
2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAJ Gipuzkoa 2.a (25etik) Hautetsia
2011ko udal hauteskundeak EAJ Villabona-Amasa 5.a (13tik) Ez hautetsia
2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAJ Gipuzkoa 2.a (25etik) Hautetsia
2015eko udal hauteskundeak EAJ Donostia 3. ordezkoa Ez hautetsia
2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAJ Gipuzkoa 2.a (25etik) Hautetsia
2019ko udal hauteskundeak EAJ Donostia 27.a (27tik) Ez hautetsia
2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAJ Gipuzkoa 1.a (25etik) Hautetsia
2023ko udal hauteskundeak EAJ Donostia 3. ordezkoa Ez hautetsia
2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAJ Gipuzkoa 1.a (25etik) Hautetsia
  1. Koalizioko zerrendan EAJren postuetan 7.a
  2. Koalizioko zerrendan EAJren postuetan 2.a

Karguen zerrenda

aldatu
 
EAJko goi karguak Gernikan 2015ean, alderdiaren 120. urteurrena ospatzeko

Kargu instituzionalak

aldatu
  • Villabonako Udaleko zinegotzia (1999-2011)
    • Hauteskundeakː 1999, 2003 eta 2007
  • Villabonako alkatea (2003-2007)
  • Eusko Legebiltzarreko kidea (2001-gaur egun)
  • Eusko Legebiltzarreko lehendakaria (2012-gaur egun)

Kargu politikoak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. EAJ-PNV. «Imanol Pradalesek eta Bakartxo Tejeriak bigarren hautespen aldia gainditu dute eta hurrengo hauteskundeetarako Lehendakarigaia eta Eusko Legebiltzarreko presidentegaia izango dira hurrenez hurren» EAJ PNV (Noiz kontsultatua: 2024-03-22).
  2. a b Euskal Irrati Telebista. «Bideoa: Jakoba Errekondo eta Bakartxo Tejeria. Berandu baino lehen | TB | Telebista online | EITB nahieran» www.eitb.tv (Noiz kontsultatua: 2019-02-07).
  3. «Irudia 23025901.jpg - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-28).
  4. «Tejeria Amonarriz, Lazaro - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-28).
  5. Herritarren Txokoa. (2010-12-02). «Larrolako Lazaro Tejeria» Aiurri (Noiz kontsultatua: 2019-02-07).
  6. a b «Bihotzeko Fonoteka: Bakartxo Tejeria | Arratsaldekoa (2012-2013) 2013/07/22 | Irratia nahieran | Irratiak EITB» www.eitb.tv (Noiz kontsultatua: 2020-07-30).
  7. a b (Gaztelaniaz) «Repetidora y con carácter» El Correo 2016-10-21 (Noiz kontsultatua: 2020-02-28).
  8. a b Batzarra, Gipuzko Buru. «BAKARTXO TEJERIA, VILLABONAKO ALKATETZARAKO EAJ-PNVren HAUTAGAIA» Gipuzko Buru Batzarra (Noiz kontsultatua: 2020-02-28).
  9. «Bakartxo Tejeria: "Independentziaz hitz egiten dugunean, galdera da ‘nola?’"» Irutxuloko Hitza 2012-10-09 (Noiz kontsultatua: 2020-02-28).
  10. Miranda Labaien, Jon. (2017). ««Gauzak erradikaltzen direnean, ez zait batere gustatzen»» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2019-02-07).
  11. [https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/pdfa/?data=2001-09-06&orria=006&zenb=NVpWcjh4eTQwNlhIbk9jZys5OXBFUT09 «Tolosako Uzturre abokatu bulegoari molotov koktelez eraso diote»] (PDF) Euskaldunon Egunkaria 2001-09-06.
  12. «Entrevista a Bakartxo Tejeria Otermin | Muévete e innova» web.archive.org 2018-01-28 (Noiz kontsultatua: 2020-02-28).
  13. (PDF) Eusko Legebiltzarreako hauteskundeak 2020 - EAJ-PNVren ordezkari izateko hautagaiak. EAJ-PNV.
  14. a b c (Gaztelaniaz) Ormazabal, Mikel. (2012-11-20). «Abogada trabajadora y muy dialogante» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-02-28).
  15. (Gaztelaniaz) «Bakartxo Tejeria, discreta y con carácter» El Correo 2012-11-20 (Noiz kontsultatua: 2020-02-28).
  16. Batzarra, Gipuzko Buru. «GBB BERRIA AUKERATU DUTE GIPUZKOAKO ALDERDIKIDEAK» Gipuzko Buru Batzarra (Noiz kontsultatua: 2020-08-01).
  17. a b (Gaztelaniaz) LaInformacion. «Bakartxo Tejería, una presidenta con experiencia política ligada a Egibar» La Información (Noiz kontsultatua: 2020-02-28).
  18. Batzarra, Gipuzko Buru. «EAJ-PNVK proiektu progresista duen hautagai-zerrenda abertzalea aurkeztu du, Euskadik Aurrera egiten segi dezan» Gipuzko Buru Batzarra (Noiz kontsultatua: 2020-02-28).
  19. Batzarra, Gipuzko Buru. «Aukera bi baino ez daude gobernatzeko: Urkullu-EAJren buru argitasuna edo EH Bildu-Podemosen nahasmena» Gipuzko Buru Batzarra (Noiz kontsultatua: 2020-02-28).
  20. Berria. «Legebiltzarreko mahaiko presidente izendatu dute Tejeria, aldeko 37 botorekin» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-02-28).
  21. «Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidente - Larraul» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2020-02-28).
  22. (Gaztelaniaz) «Tejería llama al diálogo y a alcanzar acuerdos para «dotarnos de un nuevo estatus jurídico-político»» El Correo 2016-10-21 (Noiz kontsultatua: 2020-02-28).
  23. EAJ-PNV. «EAJ-PNV - Euzkadi Buru Batzarrak Iñigo Urkullu proposatuko du Lehendakarigai eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentegai» Euzkadi Buru Batzarra (Noiz kontsultatua: 2020-01-14).
  24. a b EAJ-PNV. «EAJ-PNV - Iñigo Urkullu aho batez Lehendakarigai apirilaren 5eko Euskadiko Hauteskundeetarako» Euzkadi Buru Batzarra (Noiz kontsultatua: 2020-02-24).
  25. Izagirre, Gotzon Hermosilla Andoni Rekondo. «Legebiltzarreko Mahaia osatzeko akordioa lortu dute EAJk, PSEk eta EPk» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-08-03).
  26. Telebista, Euskal Irrati. (2020-08-02). «Tejeria berriro aukeratu dute Legebiltzarreko presidente, hirugarren aldiz jarraian» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-03).
  27. «Bakartxo Tejeria izango da jeltzaleen hautagaia Eusko Legebiltzarreko presidente izaten jarraitzeko» EITB 2023-12-11 (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
  28. EAJ-PNV. «Euskadiko Hauteskundeetarako proposamena bidali die EBBk alderdikideei: Imanol Pradales eta Bakartxo Tejeria dira, hurrenez hurren, Lehendakarirako eta Eusko Legebiltzarreko presidenterako hautagaiak» EAJ PNV (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
  29. «Bakartxo Tejeria aukeratu dute berriro Legebiltzarreko presidente» EITB 2024-05-14 (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  30. «Nolakoa da hemiziklo berria? Aurpegi berri ugari, 50 urte batez beste, eta gehienak emakumeak» EITB 2024-05-14 (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  31. Eusko Legebiltzarra, Bilkura egunkaria. (2012). (pdf) 2012ko azaroaren 20an egindako bilkura. Eusko Legebiltzarra, 14 or..
  32. (Gaztelaniaz) Elorza, Ania. (2012-11-20). «Tejeria abre la legislatura vasca del “encuentro entre todos para la paz”» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-07-31).
  33. Eusko Legebiltzarra, Bilkura egunkaria. (2016). (pdf) 2016ko urriaren 21ean egindako bilkura. Eusko Legebiltzarra, 12 or..
  34. Berria. «Legebiltzarreko mahaiko presidente izendatu dute Tejeria, aldeko 37 botorekin» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-31).
  35. Batzarra, Gipuzko Buru. «Aukera bi baino ez daude gobernatzeko: Urkullu-EAJren buru argitasuna edo EH Bildu-Podemosen nahasmena» Gipuzko Buru Batzarra (Noiz kontsultatua: 2020-07-31).
  36. Telebista, Euskal Irrati. «Giza kate historikoa, erabakitzeko eskubidearen alde» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-31).
  37. Telebista, Euskal Irrati. «Bakartxo Tejeria: 'Honek adierazten du herri bizirik bat dagoela'» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-31).
  38. Berria. «EAJk "autokritika" eskatu dio Gure Esku Dago-ri» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-31).
  39. (Gaztelaniaz) «PNV, EH Bildu y Podemos guardan cinco minutos de silencio en honor a Forcadell» abc 2017-05-08 (Noiz kontsultatua: 2020-07-31).
  40. «Bakartxo Tejeria: "Biktima askok enpatia politikariok baino hobeto landu dabe"» bizkaiairratia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-01).
  41. (Gaztelaniaz) «La presidenta del Parlamento Vasco sale en defensa de Carme Forcadell» ELMUNDO 2017-11-11 (Noiz kontsultatua: 2020-07-31).
  42. (Katalanez) «INICI» FreeForcadell (Noiz kontsultatua: 2020-07-31).
  43. (Gaztelaniaz) «Multitudinaria manifestación en San Sebastián contra la sentencia del procés» La Vanguardia 2019-10-19 (Noiz kontsultatua: 2020-07-31).
  44. (Katalanez) Ràdio, Catalunya. «Bakartxo Tejeria: "La causa catalana és la basca. Agirre ja deia: 'Sempre amb Catalunya'"» CCMA (Noiz kontsultatua: 2020-07-31).
  45. (Gaztelaniaz) «Bakartxo Tejeria: "Yo sí apoyo el 'derecho a decidir' y respeto a las mayorías"» ELMUNDO 2016-10-22 (Noiz kontsultatua: 2020-08-01).
  46. Berria. «Eusko Legebiltzarreko presidentea, euskara hutsean» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-10-08).
  47. «https://twitter.com/gasteiztar1/status/1529766931078725632» Twitter (Noiz kontsultatua: 2022-05-26).
  48. «https://twitter.com/gasteiztar1/status/1529766946710900737» Twitter (Noiz kontsultatua: 2022-05-26).
  49. «Bakartxo Tejeria: "Independentziaz hitz egiten dugunean, galdera da ‘nola?’"» Irutxuloko Hitza 2012-10-09 (Noiz kontsultatua: 2020-07-31).
  50. «Bihotzeko Fonoteka: Bakartxo Tejeria | Arratsaldekoa (2012-2013) 2013/07/22 | Irratia nahieran | Irratiak EITB» www.eitb.tv (Noiz kontsultatua: 2020-02-28).
  51. (Gaztelaniaz) «El lehendakari visita la capilla ardiente de Ramón Labayen en San Sebastián» ELMUNDO 2013-12-15 (Noiz kontsultatua: 2020-08-01).
  52. Tejeria Otermin, Bakartxo. (2016). [https://www.facebook.com/Bakartxo.Tejeria/posts/1200194216706071 «Luka eta Ander jaio dira. Ondo daude, eta familia, oso, oso pozik !»] www.facebook.com (Noiz kontsultatua: 2019-02-09).
  53. (Gaztelaniaz) «La política no concilia» El Diario Vasco 2018-11-05 (Noiz kontsultatua: 2020-08-01).
  54. (Gaztelaniaz) Crisiscreativa. «Bakartxo Tejeria, Presidenta del Parlamento Vasco» RACVN (Noiz kontsultatua: 2020-07-30).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bakartxo Tejeria