Azterketa (ebaluazioa)

Azterketa (hezkuntza)» orritik birbideratua)

Hezkuntzan eta beste zenbait arlotan, azterketa, proba edo etsamina ikasle nahiz beste pertsonen ezagutzak eta trebeziak ebaluatzeko erabiltzen den proba mota bat da, normalizatua eta uniformea azterketa burutzen ari diren guztientzat. Hezkuntzaz gainera, azterketak lanpostuetarako lehiaketetan (Enplegu Publikorako Eskaintza batean, esaterako) eta zertifikazio-arloan ere (EGA azterketa, esaterako) erabiltzen dira.

Ikasle batzuk azterketa bat egiten.

Gehienetan, galdera edo atal desberdinetan banatzen da eta ikasle edo hautagai bakoitzak galdera horiek zuzen erantzun edo lortutako gaitasunak erakutsiz garatu behar ditu. Pertsonak proba amaitutakoan, irakasleak edo azterketa ebaluatzeko aukeratutako pertsonak azterketa zuzendu, ebaluatu eta kalifikazio bat jartzen dio, bere jakite mailaren eta gaitasunen erakusgarri dena. Ohikoa da, kalifikazio kuantitatibo batekin batera, azterketa gainditua edo gainditu gabe erara ebaluatzea eta gainditu gabe izanez gero ikasleak berriz ere azterketa errepikatu beharko du, beste momentu batean, halako batean bere jakite maila egiaztatzeko.

Azterketa motak aldatu

Azterketak ahozkoak, ikasleak irakasleak planteaturiko galderei ahoz erantzun edo gai bat ahoz garatu behar duenean, zein idatzizkoak izan daitezke. Ahozko azterketak hizkuntza arloan erabiltzen dira batez ere, ikaslearen mintzamena ebaluatzeko. Idatzizko azterketak, berriz, askoz ere zabalduago daude eta abantaila gisa ikasleak azterketan zehar bere erantzunak zuzendu eta gerora euskarri fisikoan gorde ahal izatea da. Idatzizko azterketetan, galdera objektiboak dituen azterketa edo testa eta galdera irekiak dituzten azterketak bereizten dira.

Galdera objektiboak aldatu

ClozeTest edo "Hutsuneak bete" ariketa adibide bat.

Test erako azterketetan —galdera objektiboak dituzte—, erantzuteko zenbait aukera (hiru eta bost artean, gehienetan) ematen zaizkio galderako. Ikasleak aukera horietatik zuzen bakarra asmatu behar du. Adibidez,

Zenbat da 66 zati 6?
Zein da erantzun zuzena?: a) 6 b) 11 c) 0.5 d) 2

Hutsuneak bete ariketa, erantzun anitzezko galdetegia edo ClozeTest erako azterketetan baliteke erantzun bat edo batzuk, jakin gabe, ausaz, zoriz, asmatzea. Hori saihesteko erantzun okerrengatik puntuazio totala murrizteko formulak asmatu egiten dira. Horrela, ikasleak nahiago izango du, askotan, galdera hutsean utzi, jakin gabe erantzutea baino. Testeko galderak laburrak eta azkarrak izanik, irakasgai osoa laburbil daiteke azterketa batean, galdetu gabeko hutsunerik utzi gabe. Ebaluatzailearentzako beste abantailak zuzenketa azkarra eta kalifikazio "objektiboak" dira. Eragozpenetan buruz ikasita erantzuten dela eta galderak testuingurutik kanpo kokatzea hautematen dira. Hori dela eta, galdera objektiboen azterketa tresna egokia izan dadin garrantzitsua da galderen diseinuan hutsalkeriak baztertu eta edukiaren alderdi nagusienak planteatzen dituzten galderak jartzea. Ebaluazio-tresna moduan, testa fidagarritasun edo zehaztasun handikoa da, baina zalantzazkoa da haren baliozkotasuna edo neurtu nahi duen aldagaia benetan neurtzen duen.

Testak edo proba objektiboak oso azkarrak izaten dira, askotan erlojuz kontra, askok behar dituzten baino minutu gutxiagotan egin beharrekoak, eta erantzuna zuzena zein den hausnartzeko denbora gutxi eskaintzen dute. Horregatik, ikasleak gai guztiak buruz ongi ikasita izatea gomendatzen da, pentsatu gabe lehenbailehen erantzuteko. Erantzunak oso antzekoak izaten dira askotan eta horregatik galdera eta aukerak ongi irakurtzea komeni da. Bukaeran, eta denbora izanez gero, komeni da erantzunak birpasatzea, baina ez da gomendatzen erantzunak behin eta berriz aldatzen ibiltzea, horrekin denbora galdu, urduri jarri eta kontzentrazioa galdu besterik ez baita egiten.

Irakurtzerakoan azkar irakurtzen dutenek abantaila izaten dute honelako probetan, lehiatzen direnean; irakurtzeko lastertasun eskasa daukatenek, dislexia daukatenek-eta, desabantaila dute.

Galdera irekiak aldatu

Galdera irekietan, berriz, ikasleak idatziz ematen du erantzun zuzena. Galdera hauen erantzunak ez dira testekoak bezain laburrak izaten eta definizioak azaldu, kontzeptuen arteko erlazioak ezarri edota gai orokor bat garatzea eskatzen da, enuntziatuan edo izenburuan jarritakoari jarraituz. Test motako azterketetan ez bezala, erantzuna ez da zuzena ala okerra eta galdera ebaluatzeko orduan zuzentasun-maila ezberdinak daude. Galdera irekiak malguak dira, edozer gai galde baitaiteke horietan, baina galderak argiak eta zehatzak izatea komeni da, ikasleak zer erantzun behar duen zehaztasunez jakin dezan. Horrela, XVIII. mendea izenburu hutsa duten galdera irekiak baztertu eta ahalik eta xehetasun gehien eman behar dira ikasleak eman beharreko erantzunari buruz, ikasleak zer galdetzen zaion jakiteko eta ebaluatzerakoan zuzenketa objektiboagoa izan dadin. Bestalde, galdera irekien bitartez ikasleak gaiari buruz duen jakite maila ebaluatzeaz gainera, ikasleak garatu beharreko beste konpetentzia zenbait ere erakutsi behar ditu, idazketa egokia eta ahalmen analitikoa, besteak beste.

Galdera irekiek eragozpenak ere badituzte:

  • test motako azterketetan baino galdera gutxiago ezar daitezke, ikasi beharreko edukiari buruzko hutsuneak utziz;
  • galdera ezberdinak jarrita, kalifikazioa oso ezberdina izan daiteke;
  • ebaluatzaile ezberdinek kalifikazio ezberdinak emango dituzte edota ebaluatzaile berdinak kalifikazio ezberdinak emango ditu une desberdinetan;
  • test motako azterketetan bezalaxe, zoriak badu eraginik, ikasleak gaiak sakontasun maila ezberdinekin ikasten dituelako.

Ikasleek galdera irekiei ihes egiteko duten ohitura dela eta, ebaluatzaileak guztiz baztertu behar ditu zerbait idazteagatik bakarrik osaturik dauden erantzun eskasak (galderak zehazten duen gaiaren garrantzia behin eta berriz aipatuz, adibidez) eta beste gai bati buruz aritzen diren erantzunak.

Eskuarki, ordea, galdera irekiekin osaturiko azterketek ikaslearen ikasketa sakonagoa eskatzen dutela frogatu da, buruz ikastea exijitzen duten test motako azterketen aldean [1]. Ebaluazio tresna moduan, baliozkotasun handikoa da, neurtu nahi dena neurtzen baita gehienetan, baina fidagarritasun edo zehaztasun txikikoa, testa ez bezala.

Ahozko azterketak aldatu

Orokorrean, pertsona baten komunikazio gaitasuna, analisi- eta sintesi-ahalmena ebaluatzeko erabiltzen dira. Hizkuntza batean pertsona batek duen mintzamena eta ulermena ebaluatzeko ere erabiltzen dira ahozko azterketak. Aldi berean, ez dira informazioaren ezagutza edo oroimen hutsa ebaluatzeko egokienak. Lanpostu baterako hautaprobetan ere egiten dira, elkarrizketa moduan. Unibertsitate mailan maiz erabiltzen dira, tesiak, karrera amaierako lanak edo gai bat jorratzeko aurkezpenak baloratzeko. Kasu hauetan, ohikoa da gainera ahozko azterketa epaimahai baten aurrean egitea eta ikasle edo hautagaiaren aurkezpena bukatzean epaimahaikideek ikasleari edo hautagaiari galderak egitea.

Ahozko probaren abantaila moduan,

  • gai bati buruzko ezagutza sakonaz gainera, ahalmen kritikoa eta gaitasun komunikatiboa egiaztatzen ditu;
  • iruzurra egiteko aukerarik ez dago;
  • ikasleak galderak argitzeko eska dezake;
  • epaimahaiak erantzunak zehaztu eta sakontzeko eska dezake eta galdera osagarriak ere egin ditzake.

Eragozpenak baditu:

  • ikasle edo hautagai anitz direnean ebaluatu beharrekoak, denbora luzea eskatzen duen ebaluazio metodoa da;
  • ebaluatzailearen eta ebaluatuaren arteko harreman zuzenak subjektibitate eta zilegitasun arazoak izan ditzake ebaluatzaile bakarra dagoenean;
  • proba baliogabeturik gera daiteke, ikaslea edo hautagaia oso urduri dagoenean, orduan egindako lana edo bestelako gaitasunak erakusteko aukerarik ez baitu izango;
  • hitz egiteko erraztasunak eta atsegina izateak gaiaren ezagutza eskasa ezkuta dezake;
  • antolatzen zailagoa da [2].
  • ahozko azterketa "berrikusteko" ikaslearen ahozko ekoizpenaren grabazioa beharrezkoa da. Ikasleek esandakoen audioak grabatzeak, ikasle batzuentzat, aparteko estresa sor dezake.
  • audio grabaziorik gabe, entzun beharrekoak behin bakarrik entzunda, ebaluazio eta kalifikazioa azkar egin behar da. Azkarregi aukeran. Irakasle bakar batek denbora gutxi kontuan hartu beharreko elementu guztiak behar bezala baloratzeko. Irakasle gehiago jardunez gero, prozesua garestiago bihurtzen da eta askotan, adostasunetara iristeko, denbora asko luza daiteke.

Trikimailuak azterketetan aldatu

 
Azterketa batean txuleta ateratzen.

Ohikoa da ikasleak trikimailuak egitea, ikasleak erantzunak ez dakizkien galderak ongi erantzuteko. Hona hemen zerrenda bat:

  • Ikasi beharreko gaiei buruzko liburu edo apunteak mahai azpian edo lurrean prest izatea, behar denean hartu eta zabaltzeko.
  • Txuleta paper txiki batean letra txikiz idatziriko testu bat da, ikasita eduki beharreko gaiari buruzkoa. Txuleta ezkutatu egiten da azterketa hasi baino lehen eta behar denean atera.
  • Inguruko ikaskideei ahopetik galdetu, ahopetik zilegi ez diren laguntzak eskaini, ikasle tranpatiak ados jarrita beraien azterketari begiratu edo azterketak trukatu...
  • Azterketan galdetuko diren galderak aldez aurretik ezagutuz gero, honelako ebaluazio tresnarekin, ikasleek lan gutxiago egiteko beharra izango dute.

Erreferentziak aldatu

  1. Scouller, K. : The influence of assessment method on students’ learning approaches: Multiple choice question examinations versus assignment essay. Higher Education, 35 (1998), 453-472.
  2. (Gaztelaniaz) Los exámenes orales[Betiko hautsitako esteka]. 2010-03-22an kontsultatua.

Kanpo estekak aldatu