Aurora Abasolo

Soprano euskalduna

Aurora Abasolo Diaz (Durango, Bizkaia, 1894ko apirilaren 23a[1] - Zarautz, Gipuzkoa, 1971ko abuztuaren 15a)[2] sopranoa izan zen, opera abeslaria.[3]

Aurora Abasolo

Bizitza
JaiotzaDurango1894ko apirilaren 23a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaZarautz1971ko abuztuaren 15a (77 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakabeslaria
Ahots motasopranoa
Musika instrumentuaahotsa
Frantzian Eresoinkarekin 1939an
Eresoinkarekin erbestean.

Bizitza aldatu

Jose Maria Abasolo Larrinaga eta Segunda Diaz Olaldek izandako seme-alabetan hirugarrena izan zen Aurora. Txiki zirela oraindik hil zitzaizkion lau neba-arreba, Durangon jaio eta zendutakoak izan ere. Ume zela, Argentinako Buenos Aires hirira joan zen Abasolo-Diaz familia eta bertan egin zituen Aurorak piano eta kantu ikasketak. Euskal Herrian zein atzerrian hainbat kontzertu eman zituen. Oholtzarik erretiratu ondoren, musika irakasle jardun zuen.

Atzerrian aldatu

Aurorak Italiako Brescia herrian egin zuen abeslari debuta 1915ean. Ondoren Chiarin eta Orzinuovin abestu zuen. Saio guztietan arrakasta lortu zuen, bai entzuleen aldetik, baita hedabideen aldetik ere. Handik bi urtera Greziako Teatro Comunale de Corfúk kontratatu zuen. Bertan, Rigoletto opera abestu zuen Egileor eta Ibarra euskal baritonoarekin batera.

Lisboako Teatro Coliseu-n udaberriko opera denboraldian Verdi, Puccini eta Bizet-en obrak interpretatu zituen 1918 urteko maiatzean. Hurrengo urtean, Schiparen konpainiarekin Sevillako San Fernando antzokian abestu zuen. 1920an Parisera joan zen, Bizkaiko Foru Aldundiaren beka bat baliatuz, errepertorioa eta ikasketak hedatzeko asmoz.

Buenos Aires hiriko Colón antzokian abesteko kontratatu zuten 1921ean; bertan Verdiren Un Ballo in Maschera kantatu zuen, Giovanni Martinell italiar tenorearekin batera. Ondoren Maria Barrientos sopranoarekin, Clement tenorearekin eta Carlo Galeffi baritonoarekin abestu zuen, Héctor Panizza eta Rafael Terragnoloren zuzendaritzapen. Colon Antzokiko emanaldi baten ondoren kritikak Maria Barrientosen oinordeko gisa ikusi zuen.

Argentinan beste kontratu bat sinatu zuen 1923rako, baina lehenago Milanera joan zen eta gira bat egin zuen Italian eta Europako hainbat hiritan zehar. Parisen 20 kontzertutik gora eman zituen. Berriro itzuli zen Buenos Airesera, hango kontratua betetzera. Agertokietatik erretiroa hartu ondoren ere, errezitaldiak ematen jarraitu zuen Parisen, han bizi izan zen bitartean.

Euskal Herrian aldatu

Bilboko Coliseo Albiako opera denboraldia inauguratzeko Rigoletto abestu zuen 1917an, Tito Schipa (Raffaele Attilio Amedeo Schipa) italiar tenorearekin y Mariano Stabile baritonoarekin batera. José Palet e Ibarrarekin, berriz, Lucia de Lamermor abestu zuen. Urte berean Micaela pertsonaia interpretatu zuen Carmen operan eta lehen aldiz Edmond Clement tenore frantsesarekin Lakmé operan hartu zuen parte. Biharamunean Eguilleor, Ibarra y Artaberekin abestu zuen berriro Bilboko Coliseo Albian, Erruki Etxearen aldeko kontzertu batean. Abenduan agurtu zituen Bilboko entzuleak, berriz ere Lakmé opera eskainiz.

1918an bere jaioterrian Variaciones de Proch abestu zuen, Durangoko Tabira antzokian. Bilbon ere Juventud Vasca elkarteak antolatutako Ibarra baritonoaren aldeko kontzertuan Variaciones de Proch eskaini zuen eta Puritani eta La Flauta Mágicaren zatiak. Urte bereko irailean, berriro ere, Tito Schipa italiar tenorearekin abestu zuen Donostiako Victoria Eugenia antzokian El Barbero de Sevilla interpretatuz.

Hurrengo udan, Bilboko Trueba antzokian Rigoletto interpretatu zuen. Irailean "Cocherito de Bilbao" ezizenez ezagutzen zen Castor Jauregibeitia Ibarrari eskaini zioten errezitaldi-omenaldian parte hartu zuen. 1924an Zumaiako Amaya antzokian abestu zuen Vicente Arregik piano-jotzailea lagun zuela.

Erbestean gerra garaian, Eresoinka abesbatzarekin aldatu

Espainiako Gerra Zibilaren garaian Eresoinka abesbatzarekin erbestean ibili zen, Europan zehar Euskal Herriaren aldeko propaganda artistiko eta politikoa eginez. Izan ere, Eresoinka eratzen aritu zen artistetako bat izan zen Gabriel Olaizola haren zuzendariaren laguntzaile gisa, zeinek Agirre Lehendakariaren enkargua jaso zuen kultura eta artearen bidez Euskal Herriaren aldeko abesbatza sortzeko.

1939ko udan, Eresoinka desegin ostean, Hegoaldera itzuli zen.

Irakasle Bilbon aldatu

Emanaldietatik erretiratu eta Durangora itzultzean kantu irakasle jardun zuen. Bere hainbat ikaslek zona ere lortu zuten. Haiei oholtzarako aukera eskaini asmoz, 1945ean Bilboko Arriaga antzokian ongintzazko kontzertua antolatzen lagundu zuen; bertan bere hainbat ikaslek abestu zuen, besteak beste, Armendáriz, Ramos Sagarzazu, Olaizola eta Bengoak. 1948an beste kontzertu bat antolatu zuen Arriaga antzokian bere ikasle berriak aurkezteko: Adelaida Lekuona, Augusta Saalmann, Ofelia Larrinaga edota Begoña Idoiaga. 1954an Bilboko Elkarte Filarmonikoak antolatutako "Conciertos Juventud" izenekoei hasiera eman zien, musika munduan etorkizuna zuten gazteei bultzada emateko asmoz.

 
Aurora Abasolo parkea Durangon.

Omenaldiak aldatu

  • Durangoko Kontserbatorio eta Musika Eskolako parkeari Aurora Abasolo durangarraren izena eman zioten ofizialki 2017ko ekainean eta Durangoko Udalak bere omenezko plaka jarri zuen. Andereak talde feministaren ekimenez, Udal Berdintasun Kontseiluak udalari egindako proposamenetik hartutako erabakia izan zen. [4]

Zarautzen zendu zen bihotzekoak jota eta 77 urteko zela.

Erreferentziak aldatu

  1. «Búsquedas Sacramentales» dokuklik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
  2. Español: Certificado de defunción. 2021-10-08 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  3. (Gaztelaniaz) Abaunza, Fernando. (PDF) Diccionario de músicos vascos. Scribd (Noiz kontsultatua: 2021-09-27).
  4. «Gehi Zazpi taldeagaz inauguratu dute Durangoko Aurora Abasolo plaza - Durango» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2021-09-27).

Ikus, gainera aldatu

  • Aurora Abasoloren argazkiak [1]